Cimabue
Cenni di Pepo Cimabue (Florentzia, 1240 aldean - Pisa, 1302) italiar margolari eta mosaikogilea izan zen, Giottoren maisua eta Italiako pinturaren eraberritzailea. Ordura arteko ohiko estiloa alde batera utzi zuen eta errealismo handiz landu zituen bere irudiak.
Cimabue | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Florentzia, 1240 aldean |
Heriotza | Pisa, 1302 (61/62 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | Trecento (en) |
Bizitza
Cenni di Pepo zuen izena, baina Cimabue deitzen zioten goitizenez. Itzal handiko artista izan zen bere garaian, hartaraino, ezen Dantek Jainkotiar komedian aipatu baitzuen (Purgatorioa XI, 94-96); baina Giotto ere aipatzen zuen bertso berean, eta Cimabueren gainetik jartzen[1]:
Credette Cimabue nella pintura
Tener lo campo, ed one ha Giotto il grido
Si che la fama di colui s' oscura [2].
(Cimabuek pintore handiena zela uste zuen, Giottok ospea kendu zion eta orain ahazturik dago)
Giorgio Vasarik Le vite de' più eccellenti pittori, scultori e architettori[3] liburua idatzi zuenean, Cimabue jarri zuen zerrendako lehen tokian, eta hona zer zioen Florentziako pintoreaz:
« | Cimabue izan zen pinturaren berritzearen lehen arrazoia | » |
Nolanahi ere, oso dokumentu gutxi daude haren bizitzari eta obrari buruz. Horietako baten arabera, 1301-1302an, Pisan, katedraleko absideko mosaiko baten eta Santa Klara ospitalerako egindako Maestà baten (egun desagerturik) ordain diruak kobratu zituen. Data horietatik berehala hil zela uste da.
Lan nagusiak
Kristoren gurutziltzatzearen gaia Cimabueren obran askotan errepikatu zen. 1265-1268 inguruan Arezzoko Gurutziltzatua pintatu zuen: tentsio gehieneko unean harri bihurtuta dagoela dirudi. Oso bestelakoa da Florentziako Santa Crocekoa: 1287 aldera margotu zuen, eta beste sentiberatasun bat adierazten du. Asisko San Frantzisko elizako gurutziltzatze dolugarriak, berriz, bizantziar eskematismo orotik aldendurik daude.
Florentziako Santa Trinita elizarako margotu zuen Maestà-n (egun Uffizi Galerian dago), bizantziar ikonoen finkotasunari -artean nabarmena aurpegietan eta keinuetan- adierazgarritasun handiago bat kontrajarri zion, eta espazioaren zentzua eta gorputzen bolumena bereziki landu zituen, aingeru eta profeten irudietan, batez ere.
Garrantzi handikoa izan zen Cimabueren esku hartzea Asisko San Frantzisko elizako lanetan. 1277tik 1288ra bitartean, goiko elizako koruko eta transeptuko freskoak pintatu zituen, bere laguntzaile taldearekin batera -Duccio eta Giotto taldekoak zirela uste da-, eta baita Apokalipsia, Apostoluak eta Andre Maria gaitzat zituen ziklo handi bat ere. Horiez gainera, ez dira ahaztuta uztekoak Gurutziltzatzea eta gangako Lau ebanjelariak, denak arrisku larrian, gaur egun, hormetako materialen egoera txarra dela-eta.
Cimabueren ekarpena
Cimabue Italiako bizantziar tradizioko azken margolari handitzat hartzen da. Garai hartako artean eszena eta irudi lauak eta oso estilizatuak izaten ziren. Cimaburen pintura bizantziarra bada ere, arte gotikoaren elementuak sartu zituen, hala nola pertsonaien espresioak. Alde horretatik errealismorantz jo zuen lehenbizikoetakoa izan zen. Giottoren irakaslea izan zen.
Lan zerrenda
- Gurutziltzatua (1265-1268), San Domenico eliza (Arezzo)
- Gurutziltzatua (-1272), Santa Croce (Florentzia). 1966ko uholdeek azkarki hondatu zuten eta zati batean baino ez da lehengoratu
- Ama Birjina eta Umea maiestatean, sei aingeruz inguraturik edo Maestà (1280 aldean), Pariseko Louvre museoan dago.
- Santa Trinitateko Maestà (1260-1280), Uffizi Galeria (Florentzia)
- Maestà, Saubada Galeria (Turin)
- Asisko Basilikako freskoak (1277-1279). 1997ko lurrikarak kalte handiak egin zituen.
- San Frantzisko Asiskoa, Santa María degli Angeli (Asis)
- Pisako Duomoko mosaikoak egiten parte hartu zuen.
Iruditegia
- Gurutziltzatua, 1265-1268, San Domenico eliza, Arezzo
- San Joan apostolua, Mosaikoa, Duomo, Pisa
- Maestà, 1270, Louvre museoa, Paris
- San Frantzisko Asiskoa, 1280ko-1290eko hamarkada, Asisko basilika
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/02/17 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Cimabue |