Chung Ling Soo
William Ellsworth Robinson, izen artistikoz Chung Ling Soo, txinera tradizionalez: 程連蘇; pinyinez: Chéng Liánsū (1861eko apirilaren 2a, Westchester konderria, New York estatua – 1918ko martxoaren 24a, Londres), estatubatuar ilusionista bat izan zen, nahiz eta bere burua txinatar gisa aurkeztu eta jende askok halakotzat hartu zuen.
Chung Ling Soo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | William Ellsworth Robinson |
Jaiotza | New York, 1861eko apirilaren 2a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Londres, 1918ko martxoaren 24a (56 urte) |
Heriotza modua | istripuzko heriotza |
Jarduerak | |
Jarduerak | magialaria |
Bala harrapatze magia antze ikuskizun batean zehar istripuz hil zen, benetako bala batek biriketan zauritu ondoren.[1]
Lehen urteak
Robinson Westchester konderrian jaio zen, New Yorken. Gurasoak, James Campbell Robinson eta Sarah Titus eskoziar jatorrikoak ziren; hiru seme-alaba izan zituzten. Familia Manhattanen bizi izan zen, aita ikuskizunen munduan batetik bestera zebilen bitartean. Imitazioak, kantak, hipnotismoa, sabel-hizketa eta magia antzeak egin ohi zituen. Aitari ikasi zizkion William Robinsonek lehen magia trikimailuak.[2]
Ibilbidea
Robinsonek 14 urterekin egin zuen lehen aldiz jendaurrean magia erakustaldi bat; handik pixka batera hasi zen modu profesionalean, antzoki txiroetan barrena. Hasierako urratsetan, «Robinson, Misterioaren Gizona» izena erabili zuen. Magia erakustaldi haiekin ogibide bat lortzeko adina diru irabazten bazuen ere, urrun zen oraindik antzoki saioetako buru izatetik. 1887an, magia trikimailu sorta berri bat egiten hasi zen, «Achmed Ben Ali» izena erabilita. Eskaintzen zuen ikuskizunak antza handia zeukan Max Auzinger alemaniar aztiak «Achmed Ben Bey» izenaz egiten zuenarekin, baina Auzinger ez zenez inoiz Estatu Batuetara joan, inor ez zen kopiaz ohartu.[3]
Beste artista eta ekoizle batzuen ikuskizunetan partaide izan ondoren, bere kasa hastea erabaki zuen 1896an, jakin zuenean Ching Ling Foo izeneko txinatar azti batek dema jarri ziela gainerako azti eta magia egileei: 1.000 dolarreko saria eskaini zuen inork errepikatzen bazituen beraren aztikeria guztiak. Robinsonek apustua onartu nahi izan zion, ikusia baitzuen txinatarraren ikuskizuna, Estatu Batuetan ibili zenean, eta antza hartua baitzien haren aztikeriei. Alabaina, Fook ez zuen Robinsonekin elkartu nahi izan, esanez aurretik ere beste dema bat galdua zuela berarekin; horrek asko nahigabetu zuen Robinson.[3] 1898an Spirit Slate Writing and Kindred Phenomena liburua idatzi zuen, mediumek hildakoen izpirituekin ustezko harremanetan jartzeko erabiltzen zituzten trikimailuen berri emanez.[4]
1900ean, Robinsonek jakin zuen ikuskizun antolatzaile bat txinatar azti baten bila zebilela, Pariseko Folies Bergère kabaretean aritzeko. Lana onartu zuelarik, Robinson txinatar jantzi tradizionalekin janzten hasi zen, aurpegiko ile guztia kendu zuen, eta garondoan, berriz, motots luze bat utzi zuen luzatzen. Aurpegiko azala pixka bat iluntzeko, koipeaz igurzten zuen egunero. Irudia benetakoago izan zedin, txinatar izen bat hautatu zuen: «Hop Sing Soo». Arrakasta hain izan zen handia ikuskizun berriarekin, ezen Londresera deitu zutenean erabaki baitzuen ez bakarrik antzeak eta trikimailuak hobetzea, baizik behin betiko txinatar izen bat asmatzea: «Chung Ling Soo» izena hartu zuen, hau da, Ching Ling Foo benetakoaren aldaera bat. Fantasiaz betetako iragan bat asmatu zuen: esaten zuen eskoziar misiolari bat zuela aita, Guangzhouko emakume batekin ezkondua, eta gurasoak 13 urte zituela galdu zituenez, «Arr Hee» izeneko txinatar azti batek aterpetu zuela; harekin hasi omen zen txinatar aztikeriaren trikimailuak ikasten, Europako trikimailu modernoagoekin batera, eta aita-ordekoa hil zenean hasi omen zen haren lekuan ikuskizunak egiten.[5]
Izen berria hartuta, txinatar izaerari zorrotz eutsi zion Robinsonek handik aitzin. Agertokiaren gainean ez zuen inoiz hitz egiten, edo esaldi guztiz traketsez egiten zuen, esanez ez zekiela ingelesez, eta kazetariekin hitz egin behar bazuen, interprete bat erabiltzen zuen.[5] «Suee Seen» emaztea ere, ikuskizunetan laguntzaile izaten zuena, txinatarra zela esaten zuen. Ez zen egia, ordea: Olive Path ipar-amerikarra ez zen Robinsonekin inoiz ezkondu, hura dibortziatu gabe baitzegoen lehen emazte Bessie Smithekin.[6]
Chung Ling Soo Europako azti ezagunenetako bat bilakatu zen berehala, vaudevilleko antzoki zirkuituetan diru gehien irabazten zuenetako bat.[5]
Ching Ling Foorekin izandako auzia
Londresen zelarik 1905eko urtarrilean, hipodromoan ikuskizun bat egitera deitu zuten; alboan, Empire antzokian, Ching Ling Foo aztiak zeukan bere ikuskizuna. Ordurako, Fook sobera zekien Chung Ling Soo, benetan, William Robinson zela, eta ikuskizuna ia osorik kopiatua ziola. Jendaurrean salatu zuen gezurtitzat, eta egia esaten ari zela frogatzeko, iragarri zuen Chung Ling Sooren trikimailuen erdia edo gehiago errepikatuko zituela, argi uztearren bera zela benetako «jatorrizko txinatar aztia».[7][8] Sook, jakina, berehala onartu zion dema, eta azaldu zion berarekin elkartuko zela The Weekly Dispatch aldizkariaren bulegoetan, prentsaurreko bat emateko. Kazetariek, baina, ez zuten inolako jakinminik agertu Chung Ling Sooren benetako nortasuna jakiteko; lotsatuta, Ching Ling Fook atzera egin behar izan zuen.[7]
«Boxerrek heriotzera zigortua»
Sooren aztikeriarik ezagunena ―ziurrenik, hura egiten ari zelako, hil zenean― izan zen «Boxerrek heriotzera zigortua». Trikimailu honetan, Sooren laguntzaileak, batzuetan Boxer gisara jantzirik, bi arma eskutan zituztela igotzen ziren agertokira. Arma haietako batek barruan zeraman bala bat markatzeko eskatzen zioten ikusleren bati. Laguntzaileek tiro egiten zutenean armarekin Sooren aurka, hark, itxuraz, bala airean eskuaz harrapatu eta plater baten gainera botatzen zuen. Benetan, ordea, markatutako balak eskuartean ezkutaturik gordetzen zituen aurrez Sook, emazteak ematen baitzizkion, diskrezio handiz; armak muturretik kargatuak zeuden, eta kamera ezkutu bat zeukaten, bolbora han barruan leher zedin, eta benetako bala ez zedin inoiz armatik atera.
Bizitza
1883ko otsailaren 23an bere laguntzaile Bessie Smithekin ezkondu zen Robinson. Handik pixka batera, abenduan, Robinsonen gurasoentzat lan egindako emakume batek haur bat izan zuen, dirudienez, Robinsonekin izandako harreman batetik sortua. Robinsonen gurasoek hartu eta hazi zuten Annie izeneko neskatxa hura.[9] Geroago, Robinsonek eta Smithek mutiko bat izan zuten, Elmore, 1885eko otsailean.[6] Haurra jaio zenetik aurrera, amak ez zuen jarraitu Robinson laguntzen ikuskizunetarako joan-etorrietan. Laster ezagutuko zuen Olive Path (benetako izena, Auguste Pfaff) eta handik aurrera hura izango zuen laguntzaile.[10] Dibortzioa gaizki ikusia zegoenez garai hartan katolikoen artean, Robinson eta Smith ez ziren inoiz dibortzio paperak egitera iritsi.[11]
Robinson eta Path senar-emaztetzat aurkeztu izan ziren hurrengo hogei urteetan; ezkontza zibil bat ere egin zuten 1906ko martxoan, baina lege baliorik gabea, Robinson ezkondua baitzegoen oraindik Bessie Smithekin. Handik pixka batera, Plymouth-eko Janet Louise Mary Blatchford izeneko emakume batekin harremanetan hasi zen Robinson, 1907ko maiatzean. Pathen haserrea eragin bazuen ere, ikuskizuna aurrera ateratzeko, senar-emaztetzat aurkezten jarraitu zuten, hau da, «Chung Ling Soo» eta «Suee Seen».[12] Londresen bizi zenez Blatchford, noiz-behinka elkar ikusten zutenez, izandako harreman hartatik hiru haur sortu ziren: Ellsworth James (1908ko otsailean), Hector (1909ko abenduan) eta Mary (1911ko martxoan).[13]
«Chung Ling Soo»-ren grabazio bakar bat gordetzen da, Lehen Mundu Gerran ibilitako soldaduen omenezko ekitaldi baten sarreran, 1915ean.[14]
Heriotza
1918ko martxoaren 24an hil zen Robinson, Londreseko Wood Green Empire antzokian, ikuskizunaren trikimailu arriskutsuena egiten ari zelarik. «Boxerrek heriotzera zigortua» izeneko trikimailuan, gau hartan, balak ongi aztertu eta markatzeko eraman zizkien ikusleei Suee Seenek; asmoa zen, ohi bezala, markatutako balak ordeztea, agertokirako bidean; han, beste bi ikuslek arma kargatu eta tiro egin behar zuten Chung Ling Sooren aurka. Hala egin zutenean, eskuetan zuen platera airean atera zen eta aztia lurrera erori zen, esanez: «Oh my God. Something's happened. Lower the curtain» (Ene Jainkoa, zer edo zer gertatu da, jaitsi oihala!). Txinatar irudia hartu zuenez geroztik, ordura arte ez zuen inoiz ingelesez hitz egin jendaurrean.[15]
Bibliografia
- James Randi (1992) Conjuring. New York, St. Martin's Press. ISBN: 978-0312097714.
- Frank Cullen et al. (2004). Vaudeville Old & New: An Encyclopedia Of Variety Performances In America. 1. Oxford, Psychology Press. ISBN 978-0415938532.
- William Kalush, Larry Sloman (2006) The Secret Life of Houdini: The Making of America's First Superhero. New York, Atria Books. ISBN 978-0743272087.
- Jim Steinmeyer (2006). The Glorious Deception: The Double Life of William Robinson, Aka Chung Ling Soo, the Marvelous Chinese Conjurer. Boston, Da Capo Press. ISBN 978-0786715121.
- The New Yorker, 84. zk. New Yorker Magazine, 2008.
Erreferentziak
- Randi (1992), 78. or.
- Steinmeyer (2006), 26-28. or.
- Cullen et al. (2004), 224. or.
- Kalush eta Sloman (2006), 220. or.
- «Mystery of the magician who spent his life dodging bullets» in scotsman.com. 2005-07-11.
- Steinmeyer (2006), 425. or.
- Cullen et al. (2004), 225.
- Randi (1992), 84. or.
- Steinmeyer (2006), 51-52. or.
- Steinmeyer (2006), 66. or.
- Steinmeyer (2006), 78. or.
- Steinmeyer (2006), 286-287. or.
- Steinmeyer (2006), 319. or., 325. or.
- Chung Ling Soo, YouTube.
- New Yorker Magazine, 2008, 65. or.
Kanpo estekak
- William Ellsworth Robinsonen eta Olive Pathen pasaporte argazkiak, 1916.
- Chung Ling Sooren Spirit Slate Writing and Kindred Phenomena liburua Project Gutenbergen.