Chitwan Parke Nazionala
Chitwan Parke Nazionala (nepaleraz: चितवन राष्ट्रिय निकुञ्ज) Nepalgo Narayani Gunean kokaturiko Parke Nazionala da, Terai ordokian, Indiarekin mugan. Parkerako sarrera Kasara herrixkan dago, Bharatpur hiritik gertu.
Chitwan Parke Nazionala1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Mota | Naturala |
Irizpideak | vii, ix, x |
Erreferentzia | 284 |
Kokalekua | Nepal |
Eskualdea2 | Asia-Pazifikoa |
Izen ematea | 1984 (VIII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Etimologia
Parkeari ezezik, kokatuta dagoen ibarrari dagokio Chitwan izena eta oihanaren erdigunea esan nahi du nepaleraz.
Historia
XIX mendean Nepal hegoaldean sartzea zaila zen, oihan itxia baitzen eta bertara oinez baino ezin baitzitekeen ibili. Horregatik agintarien ehiza eremu gustukoena izaten zen. Orduan zituen 2.600 km²-tan Tigreak, errinozeroak, lehoinabarrek eta hartz beltzak ehizatzen zituzten batez ere.
Chitwan ibar ertzeko mendietako biztanlean jeisten hasi eta hainbat eremu lantzen hasi ziren. Herrixkak sortuz joan ziren bertako basabizitzaren kaltetan. DDTaren bidez oihanaren %70a soildu zen eta errinozeroen kopurua 800etik 95era jaitsi zen. 1957an errinozeroak babesteko lehenengo legea ezarri zen ibarrean.
1959an Edward Pritchard Gee naturalista ospetsuak bere ardurapean hartu zuen eremua eta Rapti ibaiaren iparraldean basabizitzaren erreserba sortzea aholkatu zuen. 1963an erreserba handitu egin zen eta 1973an Chitwan Parke Nazionala sortu zen 544 km²-ko azalera zuena.
1977an gaur egungo azalera eskuratu zuen, 932 km², eta 1984ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
Flora eta fauna
Himalaiako baso hostozabal subtropikala da nagusi Chitwan Parkean. Sal zuhaitzak (Shorea robusta) osatzen du oihanaren %70a eta ibaiaren ertzetan belardiak dira nagusi.
700 animalia espezietik gora aurkitzen dira parkean. Hala nola:
- 113 arrain espezie.
- 19 narrasti espezie: Kobra, Indiako harkaitzetako piton sugea, Indiako dordoka luzea, baranoa, zingira-krokodiloa eta iraungitzear dagoen gabial krokodiloa besteak beste.
- 543 hegazti espezie: Nepalgo beste eremutan baino askoz espezie gehiago daude, eta Nepalez iraungitzeko arriskuan daudenen bi heren bertan bizi dira. Bereziki garrantzitsua da Chitwan basoilo txikiarentzat, priniarentzat eta hainbat benarriz espezierentzat.
- 43 ugaztun espezie: Tigrea, errinozeroa, hainbat lehoinabar mota, Asiako hartz beltza, txakalak, azeriak, azkonar eztizalea, Asiako lepahoria, hiena marratua...
Turismoa
Nepalgo turismo leku garrantzitsua bihurtu da azken urteetan. 1989an 31.000 bisitari izan zituen eta hamar urte beranduago 77.000 inguru etorri ziren. Elefantearen gainean txangoak, jeepetan safariak eta oinez ibilbide gidatuak egin daitezke baita rafting ere.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Royal Chitwan National Park - Wikivoyage