Chirigota

Chirigota edo txirigota inauterietan kantatzen eta musika jotzen diharduen pertsona talde bat da. Abestien eta antzerkiaren arteko nahasketa egiten dute, umorea egiteko eta partaideek ondo pasatzeko helburuz. Nagusiki kaleetan zehar abesten da, kopla umoretsuak herriari eskaintzen. Era berean, chirigota edo txirigota deritze talde horiek antzeztu eta kantatutako abestiei. Jatorriz Andaluziakoak izanik, gaur egun Euskal Herrian ere zabaltzen ari dira (Gipuzkoako iparraldeko Errenteria eta Orio herrietan, adibidez); horregatik, gaztelaniazko jatorrizko chirigota idazkeraren ondoan, txirigota[1][2][3] idazkera euskaratua ere zabaltzen ari da.[4][5]

Los Borrachos txirigota, 1992an

Chirigota taldeek kopla errezitatibo eta bakarrizketatuak abestu ohi dituzte. Forma musikal oso sinpleak dituzte: pasodoblea, runba, sevillana, tangotxoa, seguidilla, jota... Doinu eta tradizio horietako batzuk Kanariar Uharteetatik datoz. Hitzak asmatu eta musikarekin bateratu egiten dituzte. Hitzen gaiak askotarikoak izaten dira, gaurkotasunekoak gehienetan, bai politikako bai bihotz-aldizkarietako albisteak oinarri hartuta.

Munduko inauteri askotan txirigota lehiaketak egiten dituzte. Nagusiki hiru alderdi balioztatzen dira: jantziak (itxura), ahotsen kalitatea eta hitzen irudimena (umorea).

Chirigotaren helburu nagusia parte hartzaileek ondo pasatzea eta entzuleek barre egitea izaten da. Horretarako guztion erreferente diren kontuen kritika satiro-umoristikoak egin ohi dira.

Cadizko chirigotak

Cadizen (Andaluzia) garrantzi eta ospe berezia dute chirigotek. Hauek, Inauterietako Taldeen Lehiaketa Ofizialean (COAC) parte hartzen dute, Falla Antzoki Handian jokatzen dena, inauterietako koroak, konpartsak, eta aratuste laukoteekin batera. Talde bakoitzak modalitatearen arabera taldekide kopuru ezberdina izan ohi du. Antzezterakoan, gutxienez bi ahotsetan banatzen dira taldekideak.

Chirigota taldeetan gehien erabiltzen den ahotsa tenorrarena izan ohi da. Oro har, tenor bat izaten da melodia nagusiaren zama daramana. Ahots horrek bigarren ahots baten laguntza izaten du ia beti, eta batzuetan hirugarren edo laugarren batena ere bai. Ahots horiei laguntzeko musika tresnei dagokienez, ohikoak izaten dira bonboa, kaxoia, bi gitarra eta güiroa.

Txirigotan —konpartsetan eta inauterietako koruetan ez bezala— puntu gehien ematen dutenak bi cupletak eta errepika dira.

Erreferentziak

  1. Erostarbe Leunda, Gorka. «'Manhâ de carnaval'» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  2. Iriarte 'Bikila', Joxe. «Ongi etorri, Correscales» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  3. Senar, Joxerra. «Polizien presentzia itogarria dela salatu dute Altsasuko PSN, Bildu eta NaBaik» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-02-25).
  4. «Cadiztik datorren parranda», Herri Bizia Errenteriako udal komunikabidea, 2015-06-26.
  5. «Gazte Festak antolatzeko bilera izango da Kultur Etxean», Karkara, 2012-07-16.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.