Chūya Nakahara

Chūya Nakahara (japonieraz: 中原 中也 Nakahara Chūya, Yamaguchi, Japonia, 1907ko apirilaren 29a - Kanagawa, Japonia, 1937ko urriaren 22a) japoniar idazle eta poeta izan zen, Shōwa enperadorearen garaian idatzi zuena. Bizirik zela ez zuen arrakasta handirik lortu, baina gerora jarraitzaile ugari izan ditu, eta, gaur egun, eskolan ikasi beharreko poeten artean dago Japoniako hezkuntza-sisteman. Haikuak eta tankak bere kasa egokitu zituen, efektu erritmiko eta musikal bat erantsiz; hala, bere poema ugari musikatuak izan dira. Bizimodu bohemioa izan zuen, eta gazterik hil zen, 30 urterekin, garuneko gaitz baten ondorioz.

Chūya Nakahara

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakChūya Kashimura
JaiotzaShimounorei (en) Itzuli, 1907ko apirilaren 29a
Herrialdea Japonia
Lehen hizkuntzajaponiera
HeriotzaŌgigayatsu (en) Itzuli, 1937ko urriaren 22a (30 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
meningitisa
Familia
AitaKensuke Nakahara
Familia
Hezkuntza
HeziketaQ11466740 Itzuli
Athénée Français (en) Itzuli
Chuo University (en) Itzuli
Nihon University (en) Itzuli
Yamaguchi Prefectural Yamaguchi High School (en) Itzuli
Ritsumeikan Junior & Senior High School (en) Itzuli
Tokyo School of Foreign Languages (en) Itzuli
Hizkuntzakjaponiera
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea, tanka poeta eta itzultzailea

Lehen urteak

Nakahara 1907ko apirilaren 29an jaio zen, gaur egungo Japoniako Yamaguchi hirian. Kansuke eta Fuku Nakahararen seme zaharrena, aita armadako medikua zuen, kondekorazio asko jasotakoa. Lehen haurra jaio zenean, aita etxetik urrun zegoen lanean, Port Arthur-en, eta, eskutitz baten bidez, Chūya izena eman zion semeari; hurrengo urtean ezagutu zuen, Yamaguchira itzuli zenean. Denbora horretan, haurra amak eta amamak hazi zuten.

Nakahara txikia zelarik, aita zirujau izendatu zuten, eta lehenengo Hiroshimara eta gero Kanazawa-ra bidali zuten; orduko hartan, Kansuke 1914an itzuli zen etxera. 1915ean, Nakahararen anaia txikia meningitisak jota hil zen. Haren heriotzagatiko tristurari bide emateko, Nakahara poesia idazten hasi zen. Gurasoek garrantzi handia ematen zioten Nakahararen hezkuntzari, eta, 1918an, Yamaguchiko Unibertsitatera bidali zuten. Ikasle ona zen, eta oso emaitza onak lortu zituen.

Lehen hiru olerkiak emakumeei zuzendutako aldizkari batean eta hiriko egunkari batean argitaratu zituen, 1920an, artean lehen hezkuntzako ikasle zela. 1923an, Kioto-ko Ritsumeikan Middle School ikastetxera joan zen. 1924ko apirilean, Yasuko Hasegawa aktorearekin bizitzen jarri zen.

Literatura-ibilbidea

Hasiera batean, Nakaharak Japoniako tanka poesia tradizionalarekiko interesa agertu zuen. Nerabezaroan, ordea, hainbat estilo moderno aztertu zituen; esate batera, bertso askea, Shinkichi Takahashi poeta dadaistak eta Tarō Tominaga-k hagitz laudatua.

Tokiora aldatu zenean, Tetsutaro Kawakami eta Shōhei Ōka nobelagile eta poetak ezagutu zituen, eta, haiekin batera, Hakuchigun [Ergelak] izeneko poesia-aldizkaria argitaratzen hasi zen. Geroago, Hideo Kobayashi izeneko itzal handiko literatura-kritikariaren lagun egin zen, eta, hark gidaturik, Arthur Rimbaud eta Paul Verlaine frantziar idazle sinbolisten lanak ezagutu zituen, zeinen poemak japonierara itzuliko baitzituen. Alabaina, Rimbaudek Nakahararengan izan zuen eragina poesiaz haragokoa izan zen, eta bera ere bizimodu bohemioak egin zuen ezagun.

Nakaharak haikuan eta tankan ohikoak diren bertso tradizionalak egokitu zituen. Normalean 5-7-5 morako hiru lerroz osatzen badira ere (mora: silaba baino maila txikiagoko hizkuntza-unitatea), berak askotan aldatzen zuen mora-kopurua, efektu erritmiko eta musikal bat lortzeko. Eta, izan ere, Nakaharak idatzitako hainbat poema abesti bihurtu ziren gerora, beraz, izan liteke musika-efektu hori hasieratik bilatu izana.

Hainbat argitaletxek uko egin zioten Nakahararen lanak kaleratzeari, eta batez ere literatura-aldizkari txikietan aurkitu zuen babesa, nagusiki Yamamayu aldizkarian, Hideo Kobayashirekin batera argitaratzen zuena. Behin edo behin Shiki eta Bungakukai aldizkarien bidez ere zabaldu zituen bere poemak.

1927ko abenduan, Nakaharak Saburō Moroi konpositorea ezagutu zuen, zeinak geroago idazlearen poesia batzuk musikatuko baitzituen.

1931ko apirilean, Tokioko Kanda auzoko Foreign Language College ikastetxean onartu zuten frantsesa ikasteko, eta 1933ko martxora arte han ikasi zuen.

1933ko abenduan ezkondu, eta 1934ko urrian Fumiya semea jaio zen. 1936ko azaroan, seme bakar izan zuena hil egin zen, eta Nakaharak nerbio-krisialdi bat izan zuen, inoiz erabat gaindituko ez zuena. Orduz geroztiko poema askotan bizipen horrek eragindako samina apaltzeko saiakerak suma daitezke.

1937ko urtarrilean, ospitaleratu egin zuten, Chiba prefeturan. Hurrengo urteko otsailean alta eman zioten, eta Kamakurara itzuli zen, bere lanetako asko Kobayashiren eskuetan utzita.

1937ko urrian, Yamaguchira itzultzeko prestaketatan zebilela, meningitis zerebral batek jo zuen, eta berehalakoan hil zen, 30 urte zituela. Sorterrian hilobiratu zuten.

Ondarea

Chūya Nakahararen omenezko monumentua, Yamaguchi sorterrian.

Artean bizirik zela, 1934an, ordura arteko poesia-lanen antologia bakarra argitaratu zuen, Yagi no Uta; berak autofinantzatu zuen, eta berrehun ale atera zituen. Hil aurretxoan beste bilduma bat ere apailatu zuen, Arishi Hi no Uta [Iraganeko poemak]; Kobayashiren ardurapean utzi zuen, eta hura arduratu zen lana argitaratzeaz. Hil ondoren, Shōhei Ōka-k Nakahara Chūyaren obra osoa apailatu zuen, poemak, egunerokoak eta hainbat gutun jasotzen dituena.

Bizi zen artean, japoniarrek ez zuten herrialdeko poeta handienekotzat hartu, nahiz eta jarraitzaile ugari izan dituen beti, baita gaur den egunean ere. Orain, ordea, eskola-ikasleek Nakahararen poesia aztertzen dute, eta bere argazki ezaguna, begirada hutseko gazte kapeladunarena, ondo ezaguna da japoniarren artean.

Herri-kultura

  • 1996an, Yamaguchiko Udalak Nakahara Chūya Saria sortu zuen, Seidosha eta Kadokawa Shōten argitaletxeen babesarekin.
  • Kazuki Tomokawa folk-abeslariak Nakahararen hitzekin osatutako abestiak biltzen dituzten bi disko grabatu zituen: Ore no Uchide Nariymanai Uta eta Nakahara Chuya Sakuhinnshu.
  • Yamato 2199 Espazioko Gerraontzia animean, Shiro Sanada zientzialari-burua Nakahararen poesia-bilduma batekin agertu ohi da.
  • Bungō Kale Txakurrak animean, pertsonaietako batek Nakahara izena du, poetaren omenez.

Euskaraz

Erreferentziak

  1. «Xabi Bordak Seamus Heaneyren poesia euskaratu du Munduko Poesia Kaierak egitasmorako» Urola Kostako Hitza 2017-09-04 (Noiz kontsultatua: 2017-09-22).
  2. [|Ugalde Pikabea, Iraitz]. «MPK» Uzta Erradioaktiboa.

Artikulu hau euskarara ekartzeko, ingelesezko orria hartu da kontuan, non erreferentzia hauek erabili baitiren:

  • Nakahara, Chuya. (Beville, Ry. itz.), Poems of Days Past (Arishi hi no uta) (2005)
  • Nakahara, Chuya. (Beville, Ry. itz.), Poems of the Goat (2002)
  • Nakahara, Chuya, (Paul Mackintosh, Maki Sugiyama. itz.) The poems of Nakahara Chūya (1993)
  • Kurahashi, Ken’ichi. Shinso no jojo: Miyazawa Kenji to Nakahara Chuya (Miyazawa Kenji ron sosho). Yadate Shuppan; (1992)
  • Thunman, Noriko. Nakahara Chuya and French symbolism (1983)

Kanpo loturak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.