Zetazeo
Zetazeoak (Cetacea) plazentadun itsas ugaztunak dira. 88 espezie bereizten dira, 42 generotan eta 11 familiatan sailkatuta. Arnasketa biriken bitartez egiten dute.
Zetazeo | |
---|---|
Eozeno-Gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Infraordena | Cetacea Brisson, 1762
|
Azpibanaketa | |
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | Zooplanktona |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Lumera |
Habitat | ur gorputza |
Gorputz fusiformea dute, hidrodinamiko egiten dituena. Aurrealdeko hankak hegats bilakatu dira, eta atzekoak berriz, galdu, nahiz eta oraindik hainbat hezur bestigial dituzten. Isats-hegatsa horizontala da eta bi lobulutan banatuta dago. Oro har, ez dute ilerik, eta gantz ugari izaten dute, isolamendu termiko egokia eskaintzen diena.
Gaur egungo zetazeoak bi subordenatan banatzen dira: mistizetoak (bizardunak) eta odontozetoak (horzdunak). Hala eta guztiz ere, dagoeneko galduta dauden arkeozetoen hirugarren subordena bat ere ageri da sailkapenetan.
Mistizetoen taldearen barnean, balea izen arruntarekin adierazten direnak daude sailkatuta, munduko animaliarik handienak; esate baterako, balea urdina inoiz Lurrean izan den animaliarik handiena da, dinosauroak baino handiagoa. Odontozetoen taldean, Delphinidae familiako izurdeak eta orkak sailkatzen dira, besteak beste, baina baita kaxaloteak edo mazopak ere.
Taxonomia
- Archaeoceti subordena
- Mysticeti subordena:
- Chaeomysticeti infraordena:
- Balaenidae familia
- Eschrichtiidae familia
- Balaenopteridae familia
- Neobalaenidae familia
- Chaeomysticeti infraordena:
- Odontoceti subordena:
- Physeteridae familia
- Ziphiidae familia
- Platanistidae familia
- Delphinidae familia
- Kogiidae familia
- Monodontidae familia
- Iniidae familia
- Phocoenidae familia
Moldaera anatomiko eta fisiologikoak
Zetazeoen arbasoak lehortarrak zirenez, hainbat aldaketa garatu zituzten ur-ingurunea kolonizatu zutenean:
- Arrainen moduko gorputz fusiforme eta hidrodinamikoa
- Hegats dortsala bizkarrean, ehun konektiboz osatua
- Aurrealdeko hankak hegats pektoral bilakatuta eta arraun forma hartuta
- Isatsaren amaiera laua da eta bi lobuluz osatua
- Atzeko hankak desagertutakoan iraun duten hezur batzuk soilik geratzen zaizkie
- Espirakulu bat buruaren goialdean
- Ilerik gabeak lehen hilabeteetatik aurrera.
- Ez dute belarri-pabiloirik
- Ugaltze-aparatua ziskuen barnean gordeta
Habitata eta banaketa
Mundu osoko ozeano eta itsasoetan bizi dira zetazeoak, nahiz eta gutxi batzuk Ipar Amerikako, Hego Amerikako eta Asiako laku eta ibaietan ere aurki daitezkeen. Orka (Orcinus orca) bezalako espezieak kosmopolitak dira: mundu osoan zehar da, baina Kaliforniako mazopa, esate baterako, Kaliforniako golkoko iparraldean soilik bizi da.
Zetazeo batzuk kostatik gertu bizi dira, gune neritiko deritzon zonan, eta beste batzuk, ordea, itsaso zabalean, alegia, gune ozeanikoan. Badira estuarioetan edo ur gezatan bizi direnak ere.
Elikadura
Zetazeo guztiak harrapakariak dira eta kate trofikoaren gorenean kokatzen dira. Mistizetoak organismo planktonikoez eta arrain txikiez elikatzen dira, krillaz esate baterako. Odontozetoak, berriz, zefalopodo eta arrainez elikatzen dira nagusiki. Orkak ugaztun urtarrez elikatzen diren zetazeo bakarrak dira; fokak edo mazopak jaten dituzte, esate baterako.
Komunikazioa
Zetazeoek soinuak erabiltzen dituzte komunikatzeko. Hala eta guztiz ere, gorputz-hizkuntzak eta ukimenak ere garrantzia dute zetazeoen arteko komunikazioan. Odontozetoek ekolokalizazioa erabiltzen dute eta mistizetoek, berriz, frekuentzia baxuko soinuak.
Ikus, gainera
- ZerrendaːBalea espezieak
- Balea arrantza eta Nazioarteko Balea Batzordea