Castejon Gaineko herrixka
Castejon Gaineko herrixka[1] edo Castejón Muinoa herrixka (gaztelaniaz: Poblado de Alto de Castejón) , Nabaridasen dagoen aztarnategi arkeologikoa da, Arabako Errioxan. Eremu arkeologiko babestua da, kultur ondasuntzat kalifikatua monumentu-multzoa kategoriarekin[2].
Castejon Gaineko herrixka | |
---|---|
Datuak | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Navaridas |
Koordenatuak | 42°32′17″N 2°37′34″W |
Garaia | Neolito, Lehen Burdin Aroa, Azken Brontze Aroa eta Antzinaroa |
Historikoki, erromatarrek deskribatutako Beroien lurraldean egon bide zen herri hau[3].
Ingurune geografikoa
Herrixkaren aztarnak muino ordokituaren gainean daude, Toloño mendilerroaren oinaren eta Ebro ibaiaren artean, Riomayor ibaiaren inguruetan. Alto de Castejón edo Castejon Gaina muino bat da, ingurutik nabarmen gailentzen dena, izan ere, gailurrean 540 metro ditu, inguruak, ordea, 500 bat. Beraz, goiko puntutik primeran ikusten dira ingurumari guztiak.
Gainak oinplano angeluzuzena du, 200 bat metro ditu luzeran eta 40 bat zabaleran. Hego-mendebaldeko muturrean goragune bat du, talaia gisa. Barrualdea aipatutako neurrietako ordeka bat da, guztiz erregularra eta lau-laua. Naturalki ondo babestua dago. Barrualdeko kubeta horren amaieran, amildegi sakon bat dago. terrenoaren morfologia dela eta bertara iristea ere zaila izaten da.
Begi bistan zenbait harresi ikusten dira, zalantzarik gabe gotorlekuaren babesgarri, horietako batzuk nagusiak eta besteak, aurrerago eraikiak, herria defendatzeko sistemaren osagarri. Muinoaren behealdean, terrenoa leundu egiten da, baina baliteke mahastien artean ezkutatuta, aurreratutako babeski horien edo gotorleku-eremuari atxikitako eraikuntzen aztarnak egotea.
Gaur egun, barrualdeko eremua eta maldarik malkartsuenak ez dira ezertarako erabiltzen. Behealdean, ordea, mahastiak daude eta, horiek sartzeko, muinoaren toki batzuetan terrazak egin dira. Ondorioz, gaur egun lekuz kanpo dauden harri-egiturak ikusten dira inguruan[4].
Indusketak
Guneak Neolito, Brontze Aro, Burdin Aro, Erromatar garaiko eta Erdi Aroko aztarnak eman ditu[4].
2009. eta 2014. urteen artean egin ziren esku-hartzeari esker jakin ahal izan da ezen, nahiz eta gizakien kokaleku izan zelako lehenbiziko frogak Neolitoraino eraman, Azken Brontze Aroan eta Lehen Burdina Aroan okupatu zirela erabat gailurra, hegiak eta muinoaren ondoko lautada, herrixka aski handia eratuz.
Arkitektura eta urbanismoa
Lehen garai batean, etxeak oin biribilekoak ziren, eta, ondoren, beste hirigintza eredu bat finkatu zen, eremu zabal terraza gisakoak oin laukiko etxebizitzekin betez eta hartara, espazioa hobetu profitatuz eta etxeen arteko igarobidea erraztuz.
Etxeek, oraindik ere, badauzkate horma batzuk zutik, harlangaitz eta adobez eginak; baita su plakak ere, jarleku jarraituak, sabaiari eusteko zutoin zuloak, eta, ondoz ondoko geletan, labeak, ogia egiteko eta beste artisau lan batzuetarako, hala nola zeramika edo hezur lanketa.
Une honetan, herrixkak baditu hiru defentsa barruti eta haitzean landutako patin bat milaka litro ur hartzeko modukoa.
Ekonomia
Horrez gain, badira aztarnak erakusten dutenak zereala lantzen zela, abeltzaintzan aritzen zirela eta natur ingurua ehizaren eta arrantzaren bidez ustiatzen zutela.
Kronologia
Bost bat mendez iraun zuen herrixkak bizirik, gure aroaren aurreko 1000. urtetik 500. urtera arte, gutxi gorabehera.
2019. urtean, eta aurreko urteetan, José Manuel Martínez Torrecilla eta Quark arkeologia taldeak indusketa berriak egin zituen eta aurreko kanpainatan aurkitutako materiala aztertu zituzten[5]. Muinoa berriz okupatu zen erromatar garaian, eta ondoren, ez zen berriz bizitoki moduan erabili[6].
Babes legala
Gaur egun, Monumentu Multzo kategoria izendapena du eta babes maila sailkatua. 2013ko ekainaren 12ko EHAAn argitaratu zen Eusko Jaurlaritzaren izendapena jasotzen zuen agindua[4].
Hedapena
Navaridasen aztarnategiaren interpretazio zentro bat ireki da Soduperen etxe jauregian, eta aztarnategia bera bisitagarria da[7].
Erreferentziak
- «01 22 Castejon Gaineko herrixka» Geoeuskadi.
- «Alto del Castejón Herrixka» web.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- Castro Portolés, Francisco. (2018). «Aproximación al estudio territorial de los Berones» Arqueología y Territorio (Granadako Unibertsitatea) 15: 71-85..
- «Castejon Muinoa herrixka. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- Martínez Torrecilla, José Manuel. (2020). «Castejón Garaia herrixka» Arkeoikuska 20: 99-102..
- (Gaztelaniaz) «Nuevas excavaciones en el Poblado del Alto de Castejón» www.qark.es (Qark Arkeologia) 2020-01-20 (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- «Navaridasko interpretazio zentroa» turismoa.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza.) 2018-05-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).