Castejón

Castejón[3] Nafarroa Garaiko hegoaldeko udalerri bat da, Tuterako merindadekoa. Iruñea hiriburutik 78 kilometro hegoaldera dago, eta itsas mailatik 278 metro gorago. Ebro ibaiak zeharkatzen du udalerria. 2023. urtean 4.435 biztanle zituen.

Artikulu hau Nafarroako herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Castejón (argipena)».
Castejón
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Castejóngo bandera
Bandera

Castejóngo armarria
Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Tutera
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofiziala Castejón
AlkateaDavid Álvarez Yanguas
(NEB)
Posta kodea31xxx
INE kodea31070
Herritarracastejondar
Geografia
Koordenatuak42°10′04″N 1°41′26″W
Azalera18,07 km²
Garaiera278 metro
Distantzia78 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria4.435 (2023:  124)
alt_left 2.073 (%46,7)(2019) (%47,1) 2.090 alt_right
Dentsitatea239,73 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 45
Ugalkortasuna[1] 55,62
Ekonomia
Jarduera[1]% 75,24 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 17,51 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1][2]% 1,70 (2018: %1)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.castejon.com

Geografia

Ebro ibaiak eta Lodosako ubideak zeharkaturik, herria ibaiaren gorabeheren menpe egon da historian zehar. Horrez gain, gurutzabide garrantzitsua da, Nafarroako gainerako lurretatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik datozen pertsonen igarobide naturala izanik.

Ingurune naturala eta klima

Castejónek klima mediterraneo kontinentala dauka, uda oso idorrak, eta tenperatura aldaketa handiak dira klimaren ezaugarri nagusietako batzuk. Bataz-beste 400-450mm euri jausten da urtean zehar, normalean 50-60 egunetan botatzen du euria. Urtarrileko batez besteko tenperatura 5 °C-etakoa da, uztailekoa 30 °C-etakoa delarik.

Jatorrizko landaredia ia erabat desagertu da mendeetako nekazaritza eta gizakiaren eragina dela eta.

Mugakideak

Castejóngo udalerriak Valtierrako udalerriarekin egiten du muga iparraldean, Tuterarekin ekialde eta hegoaldean, Corellarekin hegoaldean, eta Errioxako Alfaroko udalerriarekin mendebaldean.

Historia

Castejonek historiaurreko hainbat aztarnategi arkeologiko daude, Cerro de la Brea, Cerro del Soto, El Castillo eta el Montecillo izenekoak. Horrez gain, udalerriaren mugetan eginiko indusketetan, erromatarren garaiko brontze eta keramikazmo txanpon eta objektu ugari aurkitu dituzte. Castejonen historiako lehen aipamena, 1229. urtekoa da. Jada XII. mendean bazen gaztelu bat Ebro ibaiaren eskuinaldeko herri hontan. Leku estrategikoa izan da bere historia osoan, Iruñea eta Madril arteko errege-bidean eta ibaiaren ondoan egoteagatik, defentsarako tokia izanik. Antzina, ibaia zeharkatzeko txalupa bat zegoen.

Sortu zenetik, herria nobleziaren jabetza izan zen, XV. mendean esaterako Beaumontarren familiarena. 1672an Tuterak Castejonen lurretan zegoen La Barca izeneko gunea saldu zion Arguedasko herriari. 1802an Castejonek ez zeukan laborantza lurrik, lur guztiak larre lurrak zeuden. 1850. urtean Castejonek biztanle bakarra zeukan, herrian bizi zen artzain bat. XIX. mendearen erdialdeko erreforma administratiboarekin batera Castejón Valtierrako udaleko kontzeju bihurtu zen, eta ondoren Corellakoa.

XX. mendearen hasieran Irunerako eta Bilborako burdinbideak eraikitzearekin batera, Castejón aukeratu zuten bi trenbideak bat egiteko herritzat. 1927ko urriaren 4an udalerri bihurtu zen, Corellatik banatzean.

Ekonomia

Castejóngo zentral termikoak.

Nekazaritza izan da hainbat mendez Castejóngo ekonomia jarduera nagusia, baina, Udalak emandako datuen arabera,[4] gaur egun 12 lagun baizik ez dira bizi osorik nekazaritzatik. Eraikuntzak, aldiz, 256 laguni ematen die lan (enpresa nagusiak: PRECOM, S.A. eta Mateo Mesa, S.L.); zerbitzuek, 224 laguni (enpresa nagusiak: RENFE eta ADIF); industriak, 216ri (enpresa nagusiak: EKINSA eta Sociedad Cooperativa Riberal de Navarra); eta energiak, 110i (enpresa nagusiak: Hidrocantábrico eta Iberdrola).

Dena dela, nekazaritza da udalerrian lur gehien hartuak dituen jarduera, alde handiz gainera.

Nekazaritza

Castejóngo nekazaritza lur ureztagarrien ustiapen intentsiboan oinarritzen da. Lur ureztagarriak nekazaritzarako erabilitako lurren %76 inguru dira, eta batez ere zereal eta bazkagaiak landatzeko erabiltzen dira. Sekain-lurrak zerealak landatzeko erabiltzen dira, garia eta garagarra besteak beste. Mahastiak, lur ureztagarri zein sekainetan lantzen da, nahiz eta beti ez den horrela izan, historikoki sekain-lurrak nagusi izan direlarik.

Olibondoa ez da sekula garrantzizko landaketa izan Castejónen. Arbendolondoek 20 hektarea hartzen zituzten 1983. urtean eta 7.000 zuhaitz inguru zeuden udalerri osoan zehar sakabanaturik. Abeltzaintzak garrantzia gutxi dauka, beti izan da bigarren mailako iharduera herritarrengan. 1950eko hamarkadatik aurrera, animalien indarra albo batera utzi eta makineria sartzean, abelburuen kopurua are gehiago gutxitu zen.

Hirigintza

Herriak gaur duen hirigintza eta kaleen antolamendua modernoa da, eta eraikuntza gehienak azken hamarkadetan altxatu dira. Dena den, eraikuntza berrien artean 1675ean egindako Quiros bizkondeen jauregia nabarmentzen da.

Demografia

1930. urtea baino lehenagoko daturik ez dago, Castejón Corellaren mendeko herria baitzen.

1930eko hamarkadatik aurrera hazkunde nabarmena izan zuen herriak 40 urtez, 1970eko krisialdi ekonomikoa iritsi zen arte. Une horretan gainbehera hasi zen, eta 20 urtez populazioaren % 20a galdu zuen.

XXI. mendearen lehen hamarkadan, suspertze ekonomikoarekin batera, populazio hazkunde handia gertatu zen immigrazioaren ondorioz, eta 4.000 biztanleen langa gainditu zuen Castejónek.

Castejóngo biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 889 etorkin bizi dira herrian, biztanleriaren % 22,43a (Nafarroako Foru Erkidegoko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago).

Politika

Udal hauteskundeak

1999tik 2007ra Castejóngo alkatea PSN alderdiko Francisco Javier Sanz Carramiñana izan zen. 2007an Udaleko hamaika zinegotzietatik sei lortu zituen Nafarroako Alderdi Sozialistak eta hortaz gehiengo absolutua. UPNk (4) eta NEBek (1) ere ordezkaritza lortu zuten; Kastejondarren Herri Batza Sozialistak (KHBS, ezkertiarrak[5]), ordea, ez. Baliogabeko botoak 24 izan ziren (emandako guztien %1,12a) eta zurizko 46 boto izan ziren (botoen %2,16a). Abstentzioa %24,20koa izan zen.

2011n PSNk boto asko eta gehiengo osoa galdu zituen, zerrendarik bozkatuena izateari eutsi bazion ere; 4 zinegotzi eta alkatetza (Ana Yolanda Manrique Albo) lortu zituen. UPNk beste lau erdietsi zituen; bai NEBek (bi zinegotzi) bai Kastejondarren Herri Batza Sozialistak (zinegotzi bat, NEBeko parlamentarioa izandako Pablo Lorente) botoetan igo eta udalbatzan ordezkaritza izatea lortu zuten, ez ordea PPk.

Castejóngo udalbatza

Alderdia

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE))
4 / 11
681 (% 33,40)
Nafar Herriaren Batasuna (UPN)
4 / 11
588 (% 28,84)
Nafarroako Ezker Batua (NEB)
2 / 11
382 (% 18,73)
Kastejondarren Herri Batza Sozialistak (KHBS)
1 / 11
205 (% 10,05)
Datuen iturria: 2011ko hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean
Alderdi politikoa 2011 2007
BotoakZinegotziakBotoakZinegotziak
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) %33,40 4 %47,97 6
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) %28,84 4 %29,88 4
Nafarroako Ezker Batua (NEB) %18,73 2 %13,15 1
Kastejondarren Herri Batza Sozialistak (KHBS) %10,05 1 %6,83 0

Alkateen zerrenda

2011Ana Yolanda Manrique Albo (PSN)
2007Francisco Javier Sanz Carramiñana (PSN)
2003Francisco Javier Sanz Carramiñana (PSN)
1999Francisco Javier Sanz Carramiñana (PSN)
1995Francisco Javier Sanz Carramiñana (PSN)
1991Juan José Paredes (PSN)

Udaletxea

Udaletxea.

Udaletxea XX. mendean eraiki zen, inongo estilo arkitektonikorik jarraitu gabe. Inguruko eraikinen estilo bera dauka. XX. mendean erabat berritu zen eraikina, bai kanpoaldean zein barrualdean.

  • HELBIDEA: Foruen Plaza, 1

Kultura

Sarasate Kultugunea.

Jaiak eta ospakizunak

Castejóngo jaiak ekainaren 27tik uztailaren 2ra arte antolatzen dira, Ama Birjinaren omenez. Horrez gain, Frantzisko Xabierren omenezko jaiak (neguko jaiak) ere antolatzen dira, abenduko lehen astean.

Urtarrilaren 6an, Zangozan bezala, Errege Magoen erlijiozko antzerkia ospatzen da.

Udaberrian, martxoan edo apirilean (Aste Santuaren ospatze dataren arabera, "Gazteriaren Jaiak" antolatzen dira, Erriberako hainbat udalerritan bezala.

Aldizkariak

Castejóngo udalak "Cuatro Caminos" izeneko udal aldizkaria kaleratzen du hiru hilabetero. Bertan, herriko albisteak eta udalak burututako egitasmoak zehazten dira.

Taldeak

  • Castejón de la Barca: 2000. urtean sorturiko antzerki taldea da, sortu zenetik honako lanak antzeztu dituzte taldeko kideek: "Cómeme el coco, negro", "Contigo llegó la primavera", "La piedra en la sopa", "Las tres hijas del Rey", "La Corbata", "Estando contigo me siento feliz", "Aquellos días de radio" (Castejón Corellatik banatu zela eta 75. urteurrena ospatzeko antzeztua), "Las ondas de tu vida", "Monolocos.com", "La Venganza de Don Mendo", "That's Entertainment" eta "Cabaret (Berlinera ongietorria)".
  • Tirik Titá: Castejóngo musika eskolako ikasle batzuk 2007an sorturiko perkusio musika taldea da

Euskara

Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Castejón eremu ez-euskalduneko udalerria da. Hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldan, herritarren % 0,69k zekien euskaraz hitz egiten.

Castejongo museoa

Sakontzeko, irakurri: «Castejongo museoa»

Ondasun nabarmenak

Frantzisko Xabierkoaren eliza.

Frantzisko Xabierkoaren eliza

Erdi Arokoko itxura irudikatzen saiatzen den eliza modernoa da. 1944. urtean eraiki zen arren, barruan Ollogoiendik ekarritako erretaula txiki manierista bat dago, 1776ko zilarrezko kopoi batekin batera. Zilarrezko objektuak, Mexikotik ekarritako eskuziriak dauzka, ustez Diego Gonzalez de la Cueva, egile mexikarrak egindakoak.

Castejongo gaztelua

Castejongo herrixka eraikitzearekin batera, Nafarroako Erresumaren mugak defendatzeko gaztelua eraiki zuten XI. mendean. XV. mendetik aurrerako utzikeriak, gaztelua kaltetzen joan ziren, erabat eraitsi behar izan zen arte.

Antso Nagusia zubia

Ebro ibaia zeharkatzen duen AP-15 autobideko zubia da. Carlos Casado Javier Armisen eta Leonardo Troyano ingeniariek diseinatu zuen 1978an. Zubiak, tirantedun hutsal bakarra dauka. Zubiko hutsalak 59,8 metroko altuera dauka.[6]

Bestelakoak

  • Irin fabrika zaharra, eraikin industriala, gaur egun upelategi baten egoitza da.
  • Quirosko bizkondeen jauregia, 1675an eraiki zen Corellako Francisco Monje, maisuaren gidaritzapean.

Castejondar ezagunak

Ikus, gainera

  • Nafarroa Garaiko udalerrien zerrenda

Erreferentziak

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.