Cassini-Huygens
Cassini-Huygens Saturno planeta eta bere ilargiak aztertzea helburu duen tripulatu gabeko misio espazialari deritzo. NASA, ESA eta ASI espazio agentzien arteko proiektu bateratua da.
Cassini-Huygens | |
---|---|
Historia | |
Espazio jaurtiketa | 1997ko urriaren 15a |
Kudeatzailea | NASA, Europako Espazio Agentzia eta Italian Space Agency (en) |
Masa | 5.712 kg |
Zundak bi zati ditu. Lehenak Cassini izena du, amerikarrek egin dute eta behatoki espaziala da. Bere egitekoa Saturnori, haren eraztunei eta haren sateliteei argazkiak egitea da, eta beren eremu magnetikoa, argi espektroa eta atmosfera analizatzea. Huygens moduluaren egitekoa, berriz, Titani argazkiak ateratzea, eta materia bizigabean biziaren eragile diren nitrogenoa, hidrogenoa eta karbonoa agertzen ote diren frogatzeko erreakzio kimikoak egitea da.
Jaurtiketa 1997ko urriak 15ean egin zen eta Saturnoren inguruan orbitatzen 2004ko uztailak 1ean hasi zen. 2004ko abenduak 25ean zunda ontzitik banandu zen gutxi gora-behera 02:00 UTCetan. Zunda Saturnoren ilargirik handiena den Titanera 2005eko urtarrilak 14an iritsi zen, une horretan ilargiaren lurrazalera jaitsi zelarik informazio zientifikoa biltzeko asmoz. Saturno orbitatzen duen lehen ontzia da, baita planeta hau bisitatzen duen laugarren giza gailua ere.
Cassini ontziaren helburu nagusiak jarraian aipatzen diren hauek dira:
- Saturnoren eraztunen portaera dinamikoa eta egitura tridimentsionala zehaztea.
- Ilargien lurrazalaren konposaketa eta objektu bakoitzaren historia geologikoa zehaztea.
- Japeto satelitearen lurrazaleko material ilunaren jatorria eta izaera zehaztea
- Magnetosferaren portaera dinamikoa eta egitura tridimentsionala neurtzea.
- Saturnoren atmosferaren portaera dinamikoa aztertzea.
- Titanen aldakortasun atmosferikoa aztertzea.
- Titanen azalera xehe-mehe kartografiatzea.
Historia
Izena
Galileok 1610ean ikusi zuen Saturno, lehen teleskopioaren laguntzaz. Baina Christiaan Huygens nederlandarrak identifikatu zuen 1655ean eta berak marraztu zuen planeta inguratzen duen eraztuna. Urte berean hauteman zuen gainera Titan, Saturnoren lehen satelitea. Jean-Dominique Cassinik, Luis XIV.a Frantziakoa erregealdiko astronomorik onenak, berriz, Japet, Rhea, Tethys eta Dione aurkitu zituen 1671-1684 bitartean. Cassini izan zen, era berean, 1675ean eraztunean bere izena duen gune ilun bat aurkitu zuena. Zunda horrek Saturnoren ikerketan aitzindari izan ziren bi gizonak omentzen ditu, beraz.
Proiektua
Frantses bati eta austriar bati bururatu zitzaien 1982an proiektu honen ideia, Daniel Gautierri eta Wing Ip. Emiseri. 1984an proposatu zioten NASAri eta 1989an onartu zuten Europako eta Estatu Batuetako gobernuek.
Cassini-Huygens ontzia 1997ko urriak 15ean aireratu zen Cañaveral Lurmuturreko estaziotik bi etapako Titan IV B suziri baten bidez.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.