Carolina Beatriz Ângelo
Carolina Beatriz Ângelo (Guarda, São Vicente, 1878ko apirilaren 16a – Lisboa, 1911ko urriaren 3a) portugaldar medikua eta feminista izan zen. Portugalen lehen emakume zirujaua izateaz gain, herrialde horretan 1911n, Batzar Konstituziogileen hauteskundeen harira, bozkatu zuen lehen emakumea ere izan zen.[1]
Carolina Beatriz Ângelo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Carolina Beatriz Ângelo |
Jaiotza | São Vicente (en) , 1878ko apirilaren 16a |
Herrialdea | Portugal Portugalgo Erresuma |
Lehen hizkuntza | portugesa |
Heriotza | Lisboa, 1911ko urriaren 3a (33 urte) |
Hobiratze lekua | Cemitério dos Prazeres |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Hezkuntza | |
Heziketa | Lisbon Medical-Surgical School (en) |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | zirujaua, ginekologoa, medikua eta sufragista |
Alarguna izanik eta bere alaba Maria Emília Ângelo Barretoren (1903-1981) ardura zuelarik, auzitegietan "familia-burutzat" onartua izateko eskubidea galdegin zuen eta onartu egin zioten. Horri esker, 1911ko maiatzaren 28ko hauteskunde konstituzionalen kariaz, Portugalen bozkatu zuen lehen emakumea izan zen. Berriz ere halakorik gerta ez zedin, hurrengo urtean Portugalgo hauteskunde-kodearen legea aldatu zuten, botoa emateko eskubidea familia-buru gizonezkoek bakar-bakarrik baliatu zezaketela zehaztuz.[2]
Biografia
Jaiotza eta familia
Carolina Beatriz Ângelo 1878ko apirilaren 16an jaio zen bere familiaren etxean, São Vicenten, Guarda udalerrian. Aita Viriato António Ângelo (1850-), kazetaria eta Distrito da Guarda aldizkaria inprimatzen zuen tipografiaren jabea izan zen, eta ama Emília Clementina de Castro Barreto (1849-), etxekoandrea eta, Viriato bezala, Guardakoa.[3] Aitaren aldetik, Manuel Ângeloren eta Maria Tecla de Jesusen biloba zen, eta amarenetik, Pedro Augusto Pereira Barreto, Udal Administrazioko idazkaria, eta Firmina Augusta de Melo e Castro Barreto lehengusu-lehengusinen biloba. Carolina Beatriz sei senidetan bigarrena izan zen. Bere neba-arrebak Viriato (1876-1877) eta Mariana (1879-1880), umetan hil zirenak, eta Viriato (1881-1940), bere aitaren eta hildako anaiaren izena hartu zuena, Corina da Soledade (1884-1933) eta Eurico Ângelo izan ziren.[4] São Vicente da Guardako Parroki elizan bataiatu zuten, hilabete bat besterik ez zuela eta aita-ama pontekoak Afonso Barreto Pereira de Campos doktorea eta bere emaztea Carolina Cândida de Campos Barreto izan zirelarik.
Hezkuntza akademikoa
Txikitan, Beatrizek, familiak eta lagunek deitzen zioten moduan, familia-giro liberala ezatutu zuen. Bere aitak eta amaren aldeko aitonak, Portugalgo Alderdi Progresistaren aldekoak eta eskualdeko kazetaritza munduan integratuak, 1891n Liceu da Guarda ikastetxean ikaseko aukera eman zioten, eta han lehen eta bigarren mailako ikasketak egin zituen.
1800eko azken hamarkadan familia Lisboan finkatu zen. Portugalgo hiriburuan bere ibilbide akademikoa jarraitu zuen eta hango Eskola Politeknikoan eta Eskola Mediko-Kirurgikoan sartu zen. 1902an mediku ikasketak amaitu zituen. Bere klaseko emakume bakarra izan arren, Beatriz Ângelok harrera ona izan zuen bere ikaskideen aldetik, eta aurrerago zirujau izango ziren Fernando Matos Chaves, Jorge Marçal da Silva eta Senna Pereirarekin adiskidetasuna mantendu zuen bere bizitzaren amaiera arte. Ikasle garaian, bere senarra izango zen Januário Barreto lehengusu eta lankidea ere ezagutu zuen. Beatrizen irakasleak José António Serrano, José Curry da Câmara Cabral, Manuel Vicente Alfredo da Costa, Francisco Augusto de Oliveira Feijão, Ricardo Jorge eta Miguel Bombarda izan ziren, geroago haren lankide ere izango zirenak.[5]
Ezkontza
1902ko abenduaren 3an, 24 urte zituela, Beatriz Ângelo Januário Gonçalves Barreto Duarterekin (1877-1910) ezkondu zen Lisboako Santa Justa eta Santa Rufina elizan. Januário Gonçalves, Covilhã udalerriko Aldeia do Soutokoa, sendagilea, errepublikar aktibista eta Portugalgo Futbol Ligaren sortzaileetako bat izan zen.[6] Handik gutxira, Beatrizen neba Viriato Ângelo ere bere lehengusinarekin ezkondu zen, Januárioren arreba Maria José Barreto Duarterekin, hain zuzen ere.
Senar-emazteek alaba bakarra izan zuten: Maria Emília Ângelo Barreto (1903-1981). Urte batzuk geroago, Maria Emília filosofia irakaslea izango zen Maria Amália Vaz de Carvalho Lizeoan eta, 1932ko irailaren 26an, Angra do Heroísmon jaiotako Humberto de Matos Fagundes irakaslearekin ezkonduko zen. Jorge Humberto Fagundes (1936-2010) abokatu eta ekintzaile antifaxistaren gurasoak izan ziren.
Ibilbide profesionala
1903an Prolapsos Genitaes (Apontamentos) (Prolapso genitalak. Oharrak) hasierako tesia aurkeztu zuen, eta horrela, hasiera eman zion bere ibilbide profesionalari zirujau gisa. Portugalen lanbide horretan jardun zuen lehen emakumea izan zela nabarmendu behar da, kontuan hartuta garai hartan arlo horretan zegoen joera biziki sexista. Geroago, Sabino Maria Teixeira Coelhoren zuzendaritzapean, São Joséko ospitalean operatu zuen lehen portugaldar emakumea ere izango zen. Handik gutxira, Rilhafoles Ospitale Psikiatrikoan hasi zen lanean, Miguel Bombardaren gidaritzapean, eta Ginekologia espezialitatera dedikatu zen. Horrez gain, Lisboako erdigunean kontsulta pribatua izan zuen, Rua Nova do Almada kalean hain zuzen.
Errepublikanismoa eta Feminismoa
XIX. mendearen azken urteetako eta XX.aren hasierako giro antimonarkikoak ideologia errepublikano, masoniko eta feministen susperraldia eragin zuen Lisboako burgesia liberalaren artean. Carolina Beatriz Ângelok aktiboki hartu zuen parte giro politiko horretan.[7] Beatrizen militantzia emakumeen eskubideen aldeko erakundeetan 1906an hasi zen, Frantziako La Paix et le Désarmement par les Femmes elkartearen Portugalgo batzordean. Elkartearen helburua gerra gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzea zen. 1907an, Ana de Castro Osório buru zuen Grupo Português de Estudos Feministas (Portugalgo Ikasketa Feministen Taldea) elkartean sartu zen. Azkenik, Masonerian ere partaide izan zen, Humanidade Logian, Lígia izen sinbolikoarekin.[8][9]
1909an, Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (LRMP) (Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoa) sortu zuen emakumeen taldearen kide izan zen. Talde horrek ideal errepublikarrak defendatzen zituen, eta baita emakumeen hainbat eskubide: sufragioa, dibortzioa, haurren hezkuntza eta gizonen eta emakumeen eskubide eta betebeharren berdintasuna.[10] Urtebete beranduago, bere senarra Januário Barreto tuberkulosiak jota hil zen, Monarkiaren amaiera ikusi gabe, berak hala nahi zuen bezala, eta Carolina Beatriz beren alaba txikiarekin bakarrik utziz.
1910eko urriaren 5ean Errepublikaren Ezarpena gertatu zen. Carolina Beatriz Ângelok parte aktiboa izan zuen jazoera horretan: Adelaide Cabeterekinbatera, iraultzaren arrakasta sinbolizatzen zuten bandera gorri eta berdeak isilpean josi eta zabaldu zituen. Handik gutxira, Propaganda Feminista Elkartearen (APF) sorreran parte hartu eta taldea kudeatu ere egin zuen. Elkarte berria Liga Republicana das Mulheres Portuguesas-en zatiketatik sortu zen, emakumeen boto-eskubidearen inguruan izan ziren iritzi kontrajarriengatik. Propaganda Feminista Elkartearen esparruan, erizainentzako eskola bat sortzea aurreikusi zuen. Proiektu horretan ere ikus daiteke emakumearen emantzipazioaz zuen kezka.[11]
1911ko Batzar Konstituziogilearen hauteskundeak
Europa osoan eta munduko hainbat herrialdetan, sufragistek urteak zeramatzaten emakumeen botoa emateko eskubidea ozen aldarrikatzen. Zelanda Berrian, 1893an, erdietsi zuten lehengoz boto eskubidea. Europan, berriz, 1911n, Finlandia zen emakumeen sufragioa aitortzen zuen Europako herrialde bakarra. Portugalgo Errepublikako lehen hauteskunde legeak botoa emateko eskubidea aitortu zien «irakurtzen eta idazten zekiten eta familia-buru ziren 21 urtetik gorako portugaldarrei». Carolina Ângelok legearen idazketa aprobetxatu zuen bere alde baliatzeko, izan ere, portugesez, gramatikalki, hitzen plural maskulinoak maskulinoa zein femeninoa biltzen ditu.[12] Alargun eta alaba adingabe batekin, 21 urte baino gehiago eta ikasia izanik, Lisboako 2. barrutiko errolda batzordeko presidenteari eskaera egin zion bere izena «egin behar den hautesle-erregistro berrian sartzeko”. Errolda batzordeak erreklamazioa atzera bota zuenez, epaitegietan helegitea jarri zuen, legeak emakumeak espresuki baztertzen ez zituela argudiatuta.[13][14]
1911ko apirilaren 28an, João Baptista de Castro epaileak, Ana de Castro Osórioren eta Alberto Osório de Castroren aitak, historiara pasatuko zen epaia eman zuen: «Emakumeak baztertzea (…) emakumeak izateagatik bakarrik (…), zentzugabekoa eta maltzurra da, besterik gabe, eta Alderdi Errepublikarrak aldarrikatzen dituen demokrazia eta justiziaren ideien kontrakoa. (…) Legeak bereizten ez badu, epaileak ezin du bereizi (…) eta erreklamatzailea hautesle-erregistroan sar dadila agintzen dut».[15]
Horrela bada, 1911ko maiatzaren 28an, Batzar Konstituziogilerako hauteskundeetan, Carolina Beatriz Ângelo izan zen bozkatzeko eskubidea gauzatu zuen lehen portugaldar emakumea. Oihartzun handiko gertakaria izan zen, baina ezusteko txiki bat ere izan zuena. Carolina Beatrizek berak haren berri eman zion A Capital egunkariari: «Lehenengo deialdiaren amaieran, hauteskunde mahaiko presidenteak, Constancio de Oliveira jaunak, mahaiburuari kontsulta egin zion nire botoa onartu ala ez onartzeko; kontsulta bitxi bat, izan ere, ebazpen judizial baten bidez inskribatuta egonik, berak ez zuen gaian nahasteko eskumenik ”. Albisteak hedapen handia izan zuen Portugalen eta munduko hainbat herrialdetako elkarte feministek beren poza adierazi zuten.[16]
Heriotza
1911ko uztailean eta abuztuan, Carolina Beatriz Ângelo kexu zen izugarrizko nekea zuelako, “lan handia egin dut...”, borrokan, eztabaidetan eta hausnarketan emandako egun luzeengatik. Agian horregatik egin zuen “zibilki lurperatua izateko adierazpen idatzia, zeina hurrengo urtean publiko egin zen hileta-elizkizunetan ”. Maria Emília Ângelo Barretok bere zortzi urteko alabaren etorkizunerako ere neurriak hartu zituen, eta bera hil ostean bizirik jarraitzen zuten senitartekoei "ohiko lutoa baztertzeko" eta "alabatxoa bere amagatik negar egitera ez behartzeko" eskatu zien.[17]
1911ko urriaren 3an, goizeko ordu bietan, botoa eman eta 4 hilabete eskasera, Carolina Beatriz Ângelo miokarditis batek eragindako sinkope kardiakoz hil zen, bere etxean, 33 urte zituela.[18] Garai hartako adierazpenek diote Propaganda Feminista Elkarteko beste feministekin bilera politiko batean parte hartu ostean, tranbian zihoala ondoezik sentitu zela bere etxera, São Jorge de Arroios auzuneko António Pedro kalean, itzultzean.
Prazeres hilerriko hilobi pribatu batean lurperatu zuten. Ondokoentzako testigantza gisa, Errepublikaren eta errepublikarren aurkako kritika gogorrak utzi zituen: «A não ser o nosso Afonso Costa, o resto não vale dois caracóis» (Gure Afonso Costa salbu, gainerakoak hutsaren hurrengo).[19]
Ondarea
Carolina Beatriz Ângeloren ekimenak berehalako atzerakada eragingo zuen legean: 1913ko Hauteskunde Kodeak zehazten zuen ezen «lege-karguetako hautesleak dira 21 urtetik gorako edo erroldatze-eragiketak amaitutakoan adin hori betetzen duten Portugalgo gizonezko hiritarrak, eskubide zibil eta politikoez erabat gozatzen ari direnak, portugesa irakurtzen eta idazten dakitenak eta Portugalgo Errepublikako lurraldean bizi direnak.». Portugalgo emakumeek 1931. urtera arte itxaron beharko zuten botoa emateko eskubidea lortzeko, eta hala ere, murrizketekin. Gizonezkoek botoa emateko irakurtzen eta idazten jakitea nahikoa zuten; emakumeek, berriz, beharrezkoa zuten erdi- edo goi-mailako ikasketak izatea hautesleak izan ahal izateko.
1946ko maiatzeko hauteskunde-legeak botoa emateko eskubidea zabaldu zuen. Gizonezkoa, analfabetoa izan arren, hautesle izan zitekeen Estatuari, zergetan, gutxienez 100 eskudo ordaintzen bazizkion. Emakumeak, ordea, ezkondua eta familia-burua izan behar zuen, irakurtzen eta idazten zekiena, bere ondasunak zituena eta Estatuari zergetan, gutxienez, 200 eskudo ordaintzen zizkiona.
1968ko abenduan emakumeei botoa emateko eskubidea aitortu zitzaien, hala ere, Parrokia- edo Auzune-Kontseiluetarako hauteskundeetan etxe-buruek bakarrik bozka zezaketen gizonezkoak baziren, eta gainerako hauteskundeetan ikasketarik ez zuten emakume guztiak bazterturik gelditu ziren. 1974an, apirilaren 25etik aurrera, herritarren sexuaren araberako hauteskunde-gaitasunaren murrizketa guztiak kendu ziren.
Nahiz eta bere herrian sufragio unibertsalaren ezarpenaren lekuko ez izan, Carolina Beatriz Ângelok Portugalgo gizartearen arau kontserbadoreei aurre egin zien, eta Portugalen botoa eman zuen lehen emakumea izateko balentria egin zuen; horregatik, XX. mendeko portugaldar sufragistarik aitortuenetako bat da, eta oraindik ere gogoan dute Portugalgo eta nazioarteko hainbat mugimendu feministak.
Esker onak
- Portugalen, hainbat herritako toponimian aurki daiteke Carolina Beatriz Ângeloren izena, adibidez, Almada, Amadora, Barreiro, Guarda, Moita, Oeiras, Odivelas, Sesimbra, Setúbal, Sintra eta Tavira udalerrietako kale eta etorbideetan.
- Guarda hirian, 'Carolina Beatriz Ângelo' Eskola dago. 2020an oinarrizko ikastetxeen ranking nazionalean bere barrutiko onena sailkatua izan zen. [20]
- Loureseko ospitalari ere Beatriz Ângelo izena jarri zioten haren oroimenez eta omenaldiz.
- 2019an, “E contudo, elas movem-se! Mulheres e ciência” (Eta hala ere, emakumeak mugitu egiten dira! Emakumeak eta Zientzia) erakusketa antolatu zen Portoko Unibertsitateko Errektoretzan. Bertan, XIX. mendearen amaieratik zientziaren alorrean egindako lanagatik eta eginkizunagatik nabarmendu diren hamabi portugaldar emakume omenduak izan ziren. Haien artean, Adelaide Cabete ginekologoa (1867-1935), Leopoldina Ferreira Paulo (1908-1996), Portoko Unibertsitatean doktoretza lortu zuen lehen emakumea, eta Carolina Beatriz Ângelo bera (1878-1911) zeuden. [21]
- 2020an, Josefinas luxuzko marka portugaldarrak, emakumeek bakarrik kudeatzen dutena eta bere oinetakoengatik ezaguna, 'Carolina' izeneko emakumezkoentzako bi poltsa modelo aurkeztu zituen Carolina Beatriz Ângeloren omenez. [22]
Carolina Beatriz Ângelo herri-kulturan
Antzerkia
- Pela mão de Carolina Beatriz Ângelo (Carolina Beatriz Ângeloren eskutik - 2012), Maria Antonieta Garciak idatzitako antzezlana;
- O Livre Pensamento (Pentsamendu askea - 2019), Paula Pais eta Filipe Velezek zuzendutako antzezlana, Companhia Sincera Teatrok ekoiztua; [23]
- As Três Sozinhas (Hiru bakarrak - 2019), Anabela Almeida, Cláudia Gaiolas eta Sílvia Filipek zuzendutako antzezlana , D. Maria II Antzoki Nazionalean, Lisboan; [24]
- Antiprincesas: Carolina Beatriz Ângelo (2020), Cláudia Gaiolasek zuzendutako haurrentzako antzezlana, Teatro São Luiz, Lisboan; [25]
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Template:Carolina Beatriz Ângelo» artikulutik itzulia izan da, 2021-10-04 data duen 62179015 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2021-10-04 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- (Portugesez) De Jesus, Isabel. Carolina Beatriz Ângelo (1878 – 1911). Centro de Documentação Elina Guimarães (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Guimarães, Elina. (1989). Mulheres portuguesas, ontem e hoje. Comissão da Condição Feminina ISBN 978-972-597-033-1. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Prata, Manuel Alberto Carvalho. (2002-06-01). A Academia de Coimbra (1880-1926): contributo para a sua história. Imprensa da Universidade de Coimbra / Coimbra Universiy Press ISBN 978-972-8704-06-3. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Samara, Maria Alice. (2007). Operárias e burguesas: as mulheres no tempo da República. A Esfera dos Livros ISBN 978-989-626-064-4. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Cordeiro, Mário. (2020-05-08). Príncipes da Medicina. Leya ISBN 978-989-637-916-2. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Gabriel, Miguel;Letria. (2013-03-11). Histórias Curiosas da nossa História. Leya ISBN 978-989-741-037-6. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Portugal, da Monarquia para a República. Editorial Presença 1991 ISBN 978-972-23-1420-6. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Esteves, João. (1998). As origens do sufragismo português: a primeira organização sufragista portuguesa, a Associação de Propaganda Feminista (1911-1918). Editorial Bizâncio ISBN 978-972-53-0042-8. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Coelho, Mariana. (2002). A evolução do feminismo: subsidios para a sua historia. Imprensa Oficial do Paraná ISBN 978-85-88190-32-0. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Esteves, João Gomes. (1991). A Liga Republicana das Mulheres Portugueses: uma organização política e feminista (1909-1919). Comissão para a Igualdade e para os Direitos das Mulheres (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Oliveira, Lopes d'. (1947). História da República Portuguesa: A propaganda na Monarquia Constitucional. Editorial Inquérito (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Santos, António Pedro Ribeiro dos. (1990). A imagem do poder no constitucionalismo português. Instituto de Relações Internacionais, Instituto Superior de Ciências Sociais e Políticas (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Marques, António Henrique R. de Oliveira. (1982). História de Portugal, desde os tempos mais antigos até à presidência do Sr. General Eanes: manual para uso de estudantes e outros curiosos de assuntos do passado pátrio. Palas Editores (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Ingelesez) Morgan, Robin. (1996). Sisterhood is Global: The International Women's Movement Anthology. Feminist Press at CUNY ISBN 978-1-55861-160-3. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Moura, Maria Lacerda de. (1919). Renovação. Bello Horizonte (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Illustração portugueza. 1911 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Leituras: revista da Biblioteca Nacional. A Biblioteca 1997 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Ribeiro, Armando. (1912). A revolução portugueza. J. Romano Torres (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- (Portugesez) Faces de Eva. Edicões Colibri 2004 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
- Craveiro, Sofia. (2020-07-01). «Carolina Beatriz Ângelo foi a escola com melhor desempenho nos exames nacionais» Jornal o Interior.
- Lusa. (2019). «Uma homenagem a 12 mulheres portuguesas que marcaram as ciências» Jornal Público.
- Paulo, Alexandre. (2020). «Beatriz Ângelo, a primeira mulher a votar em Portugal, é agora uma mala da Josefinas» Jornal Público.
- «O Livre Pensamento» Agenda Cultural de Lisboa 2019.
- «Estreia 4 de julho "As Três Sozinhas", co-produção teatro meia volta e depois à esquerda quando eu disser // Teatro Nacional D. Maria II» Direcção Geral das Artes 2019.
- Real, Francisca Dias. (2020). «O espectáculo Antiprincesas traz a história de Beatriz Ângelo à Estufa Fria» Time Out Lisboa.
Ikus, gainera
- Feminismoa Portugalen
Kanpo estekak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko Wikipediako «Carolina Beatriz Ângelo» artikulutik itzuli da; zehazki, 2021ko urriaren 4ko bertsio honetatik. Izan ere, artikulu horretan aritu diren wikilariek GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentziekin argitaratu dute beren lana.
- Exposição: Carolina Beatriz Ângelo, Centenário da República (Portugesez)
- Paula Luiz (2020) Mulheres Heroínas - Carolina Beatriz Ângelo
- Paulo Narciso (2019) Carolina Beatriz Ângelo, a primeira mulher a votar. Portugalgo Assembleia da Repúblicaren kanala. (Portugesez)
- “Ser Feminista é Querer Ser Pessoa” Programa Câmara Clara (Radio Televisão de Portugal) (Portugesez)