Carmen Martínez Sancho
María del Carmen Martínez Sancho (Toledo, 1901eko uztailaren 8a – Malaga, 1995eko urriaren 15a) Matematikako lehen doktorea eta katedraduna izan zen Espainiako bigarren hezkuntzan. Gainera, Madrilgo eta Sevillako Institutu-Eskolan egon zen. Aldi berean, Berlingo Unibertsitatean Ikasketak Hedatzeko Batzordeak pentsionatutako lehen emakumea izan zen, Matematikaren eremu zabalaren barruan egindako ikerketetan sakontzeko eta Alemanian aplikatzen ziren metodo pedagogiko berriak ikasteko. Ikertzaile eta irakasle gisa aitzindari izaten eta Espainiako Matematika Elkartean kargu garrantzitsuak betetzen nabarmendu zen
Carmen Martínez Sancho | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | María del Carmen Martínez Sancho |
Jaiotza | Toledo, 1901eko uztailaren 8a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | San Pedro Alcántara, 1995eko urriaren 16a (94 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea Instituto Cardenal Cisneros (en) 1918) Madrilgo Complutense Unibertsitatea (1918 - 1928) Frederiko Gilen Unibertsitatea (1931 - 1932) |
Tesia | Contribución al estudio de los espacios normales de Bianchi (en) |
Tesi zuzendaria | Jose Maria Plans y Freyre (en) |
Hizkuntzak | gaztelania ingelesa alemana |
Irakaslea(k) | Julio Rey Pastor (en) Cecilio Jiménez Rueda (en) Adolf Hammerstein (en) Ludwig Bieberbach |
Jarduerak | |
Jarduerak | Batxilerreko katedraduna, hezitzailea eta matematikaria |
Enplegatzailea(k) | Berlingo Humboldt Unibertsitatea Instituto-Escuela (1922 - 1928) |
Kidetza | Espainiako Errege Elkarte Matematikoa |
Biografia
José Martínez (ideologia liberaleko madrildarra eta herri-lanetako ingeniaria) eta Emilia Sancho (Toledon ezkonduak) senar-emazteen sei seme-alabetatik bigarrena izan zen. Lan kontuengatik, gurasoak Espainiako hainbat hiritan bizi izan ziren, baina azkenean Madril aukeratu zuten, aitak berak eta bere neba-arrebek Irakaskuntza Erakunde Askean ikastea baitzuen helburu. Izan ere, aitak batxilergoa egitera animatu zituen bai bera bai gainerako neba-arrebak. Jaso zuten hezkuntza berdina izan zen bai mutilentzat bai neskentzat, eta jarduera mota bera egiten zuten. Batxilergoa Madrilgo Cardenal Cisneros Institutuan ikasi zuen; bere neba gazteagoek ez bezala, Madrilgo Institutu-Eskolan ikasi baitzuten. Institutu hartan, Matematikako eta Literaturako azalpenekiko erakarpena besterik ez zuen erakutsi, nahiz eta beti izan zuen aitaren laguntza Matematiketan. Hala ere, antza denez, ez zegoen oso ados institutu harekin; izan ere, ikasturtea amaitzean adierazi zuen irakasleek "oso ondo" batekin kalifikatzen zituztela emakumezko ikasleak, itxuraz hori justifikatzen zuen irizpide objektiborik gabe. Batxilergoko ikasketak 1918ko uztailaren 1ean amaitu zituen.[1]
Unibertsitate-ibilbidea
1918an Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Zientzia Fakultateko lehen mailan matrikulatu zen. Karrerako lehen urtean, Cecilio Jiménez Rueda eta Rey Pastor izan zituen irakasle, maila intelektual eta pedagogiko handia zutenak. Horiek Matematikarekiko interesa areagotu zuten. Hala ere, berarentzat eragin handiena izan zuena Rey Pastor izan zen, Analisi Matematikoa ematen ziona. Carmen ikasle nabarmena izan zen, bere batez besteko bikainari esker kalifikaziorik altuenak lortu baitzituen. Aipatzekoa da buruz ikasteko gaitasun handia zuela. Zientzia Zehatzetan lizentziatu zen Unibertsitate Zentraleko Zientzia Fakultatean 1926ko abenduaren 7an.[2]
Doktoretza
Unibertsitateko karrera amaituta, doktoretza hasi zuen, José María Plans y Freyre (Espainian erlatibitatearen teoria sartzen lehena) zuzendariaren zuzendaritzapean, eta doktorego tesia egin zuen, Matematikako doktore titulua lortuz.[3] Bere tesiaren izenburua "Concepto de función, funciones continuas y semicontinuas, sus propiedades" zen. Horrela, unibertsitateko ikasketak arrakastaz amaitu zituzten beste emakume batzuen eredua jarraitu zuen, nahiz eta zailtasunak izan zituzten. Doktoregoko Aparteko Saria lortu zuen doktorego-tesiagatik, eta Matematikan doktore den lehen emakume espainiarra izan zen. Geroago, Carmenek Ferroleko (Coruña) Batxilergoko Institutuko Matematikako katedra lortu zuen, eta 1928-1929 ikasturtean irakasleen parte izatera iritsi zen. Ondoren, Madrilgo Beatriz Infanta Institutuko irakasle izendatu zuten, Carmen Vielva Otorel Ferroleko beste lankide batekin batera, eta handik urte batzuetara, Sevillako Murillo Institutuan aritu ziren irakasle biak.[4]
Madrilen
1920ko irailaren 29an, Madrilgo Institutu-Eskolako Matematika Ataleko bigarren mailako irakasletzarako hautagai gisa onartua izatea eskatu zion Ikasketak Hedatzeko Batzordeari. Honek eskaera onartu zuen. Gainera, bere neba txikiak bere klaseetara joaten ziren.[5]
1927an, Espainiako Elkarte Matematikoan sartzea lortu zuen, bere zuzendaritza-batzordeko kide gisa, eta 1928ko maiatzaren erdialdean, José Gabriel Álvarez Udek zuzendutako Revista Matematica Hispano-Americana aldizkariaren erredakzio-batzordean sartu zen.[6]
Mintegi-Laborategi Matematikoan, Azterlan eta Ikerketa Zientifikoak Zabaltzeko Batzordeak bultzatuta, bereziki Geometria diferentziala eta Serie infinitoak landu zituen, ondoren JAEko pentsiodun gisa jarraituko zituen lan-ildoak.[7]
Alemanian
1930eko azaroaren 4an, Ikasketak Hedatzeko Batzordeak zortzi hilabeteko pentsioa eman zion Alemanian Geometria multidimentsionaleko ikasketak jarraitzeko, Ferroleko Bigarren Hezkuntzako Tokiko Institutuko katedraduna izan zenean. Berlingo Unibertsitatean egon zen bitartean, Kurt Hensel irakaslearen klaseetara joan zen Mathematisches Seminar der Universität delakora. 1932ko uztailaren 13ko ministro-agindu bidez, Berlingo Unibertsitateko egonaldia beste bi hilabetez luzatu zen, hilean 600 pezetako esleipenarekin. 1932ko irailaren 2an amaitu zuen bere lana Alemanian, eta 1931ko urtarriletik abuztura egindako lanaren memoria aurkeztu zuen, 21 orrialdekoa, eta, aldi berean, Hammerstein eta Bieberbachen ikastaroetara joan zen.[5]
Sevillan
Carmen 1932ko irailean iritsi zen Sevillako Institutu-Eskolara, Berlingo egonaldia amaitu ondoren. Carmenentzat oso oroitzapen polita izan zen hura, irakasle garaian izandako esperientziarik onenetakoa. Gainera, han ezagutu zuen gero bere senarra izan zen Alberto Melendez irakaslea, berarekin ezkondu zen eta Alberto Melendez Martinez semea izan zuen.
Sevillako Institutu-Eskola itxi zenean, Carmen Murillo Institutura joan zen. Han Manuel Lora Tamayo zuzendariaren laguntza izan zuen, eta hark gogoratu zuen Maria del Carmenek nola lagundu zion Matematikako arazoak konpontzen, biek Madrilgo Unibertsitateko Zientzia Fakultatean ikasten zutenean. Urte bereko irailaren 11n, doako matrikula eskatzeko espedienteak berrikusteko batzordeko kide izendatu zuten. 1937-1938 ikasturtean Matematika ematen zuen lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan. Nahitaezko arazketa-espedientea ireki ondoren, 1939ko ekainaren 14an katedradun gisa berretsi zuten.[8]
1949ko apirilaren 4ko saioan Murillo Institutuko idazkari izendatu zuten, eta Vicente Genovés izan zen zuzendaria, Filosofiako katedraduna. 1952ko irailaren 24ko akta-liburuan jasotzen denez, bere borondatez idazkari kargua utzi zuen arte, lan handia egin zuen eta kantina-jangela zerbitzuaren sorrera bultzatu zuen, herrietan bizi ziren baliabide ekonomiko gutxien zituzten ikasleek behar bezala jan zezaten eta hotzik pasa ez zezaten arratsaldeko eskolak noiz irekiko zain. Hala ere, Frankismoaren lege eta hezkuntza erreformen ondorioz, bere erreformak ezartzeko trabak aurkitu zituen. Geroago, Patricio Peñalver Batxilergoko bere ikaskideak, Sevillako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko katedradun eta dekanoak, Unibertsitatean laguntzaile izateko plaza baterako oposizioa egiteko eskatu zion. Unibertsitatean Kimika Zientzietako ikasleentzako Matematikako eskolak eman zituen 1957-1958 ikasturtera arte.[8]
Madrilera itzultzea
1974an, Murillo Institutuko katedradun zela erretiroa hartu zuen, eta Madrilera itzuli zen. Han, Matematikako eskolak eman zituen eremu xume batean zegoen Jesús María de Vallecas ikastetxean. Han, Carmenek zaintza eta arreta berezia eskaini zien gizarte-egoera baxuko emakumezko ikasleei.[5]
Heriotza
Hainbat hamarkadatan bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko irakaskuntzan aritu ondoren, Malagako San Pedro Alcántarako Zaharren Egoitzan eman zituen azken egunak. 1995eko urriaren 15ean hil zen, laurogeita hamalau urte zituela.[8]
Aintzatespenak
- Irakasle-lana eskertzeko, Sevillako Udalak María del Carmen Martínez Sancho izena eman zion Santa Justa auzoko kale bati.[9]
Erreferentziak
- Hontangas, Natividad Araque. (2017). «Carmen Martínez Sancho, una pionera de las matemáticas en España: la renovación pedagógica y su relación con la Junta de Ampliación de Estudios» Pecia Complutense: Boletín de la Biblioteca Histórica "Marqués de Valdecilla" (26): 1–16. ISSN 1698-272X. (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
- (Gaztelaniaz) Criado, Buenaventura Delgado; María, Fundación Santa. (1992). Historia de la educación en España y América: La educación en la España contemporánea (1789-1975). Ediciones Morata ISBN 978-84-7112-378-7. (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
- López Cuadrado, Ana. «Pieza del mes. Carmen Martínez Sancho (1901-1995) Primera mujer Doctora en Matemáticas de España». Archivo Histórico Nacional.
- MILLÁN GASCA, Ana. “Sobre la incorporación de la mujer a la actividad científica en España: la primera doctora en Matemáticas». .
- Araque Hontangas, Natividad. «Carmen Martínez Sancho, una pionera de las Matemáticas en España: La renovación pedagógica y su relación con La Junta de Ampliación de Estudios». .
- (Gaztelaniaz) «María del Carmen Martínez Sancho: pionera de las matemáticas españolas de principios del siglo XX» Mujeres con ciencia 2017-07-06 (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
- (Ingelesez) «Martínez Sancho, María del Carmen» ceies.cchs.csic.es (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
- Núñez Valdés, Juan; Maraver Alonso, Rocío. (2009). Carmen Martínez Sancho y el Instituto Murillo de Sevilla : una relación de entrega y generosidad. ISBN 978-84-692-5715-9. (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).
- «Procesando» www.sevilla.org (Noiz kontsultatua: 2022-07-15).