Carlos Lleras Restrepo
Carlos Lleras Restrepo (Bogota, 1908ko apirilak 12 – Bogota, 1994ko irailak 27 ) kolonbiar abokatu eta politikaria izan zen. Errepublikako presidentea izan zen 1966-1970 agintaldian.
Bizitza
Zuzenbidea, politika- eta gizarte-zientziak ikasi zituen Bogotako Unibertsitatean. Hainbat kargu politiko izan zituen Kolonbian nahiz atzerrian: Finantza ministroa (1938 eta 1941-1943), Dirección Liberal Nacionaleko lehendakaria (1941, 1948-1966, 1972), Errepublikako senataria (1958-1962) eta presidentea (1966-1970). Politika liberala egin zuen.
Politikari izateaz gainera, idazle, irakasle eta kazetari ere izan zen. Bere artikulu batzuk El Bachiller Cleofás Pérez eta Hefestos izengoitiaz izenpetuta daude. Bogotako Unibertsitatean Herri ogasunaren katedra izan zuen. Anales de Economía y Estadística, Revista de Hacienda eta Nueva Frontera aldizkariak sortu zituen. El Tiempo egunkariko zuzendaria izan zen.
Idazlanen artean ditu: De la República a la Dictadura (1955), Crónicas y coloquios del bachiller Cleofás Pérez (1964), El liberalismo colombiano (1972), Historia y política (1980) eta La economía colombiana desde sus orígenes hasta la crisis de 1929 (1990), besteak beste.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Carlos Lleras Restrepo |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.