Canilla–Portugalete geltokia
Canilla–Portugalete Euskal Herriko Bizkaiko tren geltoki zaharra bat da, Portugalete udalerrian kokatuta dagoena.
Canilla–Portugalete | |
---|---|
Kokapena | |
Helbidea | Canilla pasealekua, z/g; 48920 |
Udalerria | Portugalete, Bizkaia |
Geltokiaren datuak | |
Gunea | 1. gunea |
Irekiera | 1888ko irailaren 27a |
Itxiera | 1957ko uztailaren 14a |
Nasak | 2 |
Trenbideak | 2 |
Jabea | RENFE |
Eragilea | RENFE |
2006ko urtarrilean berrireki zen Portugaleteko turismo bulego eta komun publiko modura, eta 2009ko otsailetik aurrera Portugaleteko Behargintza enplegu agentziaren eta udalaren Erosketa, Formakuntza eta Enplegu sailaren egoitzak ere bertan kokatzen dira.
Eraikina estilo klasikokoa da. Erdigunean erloju-dorrea du, zeinak kupuladun estalkia baitu.
Historia
Geltokia 1888ko irailaren 27an inauguratu zen, Bilbo-Santurtzi burdinbidearen Barakaldotik Portugaleterainoko trenbide tartea ireki zenean. Lanak Bilbotik Portugaleterainoko Burdinbide Konpainiak egin zituen.
1924an trenbidea Norte izenez ezaguna zen Iparreko Burdinbideen Konpainiaren esku gelditu zen.
1926an Bilbo eta Portugalete arteko burdinbidea Santurtziraino luzatu zen,[1] trenbide adar berri bat sortuz, eta La Canillako geltokia trenbide adar berritik kanpo geratu zen. Geltokia cul-de-sac bihurtu zen, hau da, Bilbotik La Canillara heltzen ziren trenek geltokira heldu eta gero atzeranzko martxa eman behar izaten zuten, Santurtzirako adar berrira lotzeko gunera heldu arte, ondoren adar berritik bidea jarraitzeko.
1941. urtean RENFE enpresa publikoa jaio zen, eta burdinbidea bere menpe gelditu zen. Lehen aipatutako maniobra ezerosoak zirela eta, 1957ko uztailaren 14an, RENFEk geltokia ixtea erabaki zuen, Santurtzirako adar berriaren barruan tren geltoki berri batengatik ordezkatuz. Hala, gaur egun martxan dagoen Portugaleteko geltokia eraiki zuten, eta La Canilla geltokia zerbitzutik kanpo gelditu zen.
1960ko hamarkadan eraikina udalaren esku gelditu zen, eta geroztik hainbat zaharberritze jasan ditu, gaur egun udalaren gune administratiboetariko bat dela.
Erreferentziak
- Todotren. «Bilbo - Portugalete - Triano burdinbidea» (Noiz kontsultatua: 2013-06-01).