Camilo Cienfuegos
Camilo Cienfuegos Gorriaran (Lawton, Habana, Kuba, 1932ko otsailaren 6a - 1959ko urriaren 28a). Iraultzaile kubatarra, anarkisten semea. Kubako Iraultzaren ikurrik esanguratsuenetarikoa izan zen Fidel Castro, Che Guevara, Raúl Castro, Juan Almeida eta abarrekin batera. "El Comandante del Pueblo", "El Señor de la Vanguardia" eta "Héroe de Yaguajay" ezizenekin ezagun egin zen.
Camilo Cienfuegos | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Habana, 1932ko otsailaren 6a |
Herrialdea | Kuba Espainia |
Heriotza | Ozeano Atlantikoa, 1959ko urriaren 28a (27 urte) |
Heriotza modua | : hegazkin istripua |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria, iraultzailea eta ofizierra |
Kidetza | Uztailaren 26ko Mugimendua |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | Jeneral |
Parte hartutako gatazkak | Kubako Iraultza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Uztailaren 26ko Mugimendua |
Camilo gaztea
Emilia Gorriaran Zaballa (Castro Urdiales) eta Ramón Cienfuegos Floresen (Pravia, Espainia) semea izan zen,
Bere auzoko Remberto Aleman eskolan bete zuen lehen hezkuntza. 1940an San Alejandroko Arte Ederren Eskola Nazionalean hasi arren arazo ekonomikoak tarteko eskolak utzi beharrean aurkitu zen. Bertan ikasle izan zen denboran "El Arte" dendan egin zuen lan. 1948an borroka politikoan hasten da lanean omnibusaren prezioaren igoeraren aurkako protestetan parte hartuz.
1953an Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatu zuen egoera ekonomiko hobe baten bila, baina herrialde honetako langilegoak jasaten zuen zapalkuntza giroaz atsekabeturik itzultzea erabaki zuen.
1954ean Fulgencio Batista diktadorearen erregimenaren aurkako ikasle borrokari atxikitu zitzaion eta urtebete beranduago, 1955eko abenduaren 7an, balaz zauritua izan zen Antonio Maceo heroi independentista kubatarraren omenetan egiten ari ziren manifestaldi batean. Arrazoi hau tarteko tiranoaren errepresio indarrek fitxatu egin zuten. Bere burua jazarpen egoera batean ikusirik eta lanik gabeko egoeran erbesteratzea erabaki eta Ameriketako Estatu Batuetara itzultzea erabaki zuen, New York hirira hain zuzen. Herrialde honetatik kanporatu egin zuten egotaldi baimena agortu zitzaionean eta Mexikora bidali zuten.
Mexikoko egonaldian Fidel Castrorekin harremanetan jartzea lortu zuen. Fidel Castro Kubara itzuliko zen espedizio iraultzaile bat antolatzen ari zen eta Camilo Granma itsasontzian joango zen aukeratuetako azkenetarikoa izan zen, dirudienez bere gorpuzkera argala medio.
Borroka iraultzailea
Lehen ekintza armatua Alegria del Píon burutu zuen 1956ko abenduaren 5ean. Uveroko borrokarako teniente kargua zuen eta pelotoi baten gidari zen.Sierra Maestrako borroka armatuan kapitain kargua eskuratu zuen bere ekintzengatik. 1957an beste gerrilla bizkarrezur bat eratzen da: 4. bizkarrezurra, José Martí bizkarrezurraren alaba, Ernesto Che Guevara komandantea buru duela. Bertan, Camiloren funtzioa abangoardiako buru izatea izan zen eta nola ez, borroka armatuaren altzoan sortzen da Cheren eta Camilo kapitainaren arteko adiskidetasuna. Bueycito, El Hombrito eta Pino del Aguako borrokek Camiloren irudiarekin kontatzen dute. Bere ausardiak eta kemenak eman zion "Señor de la Vanguardia" ezizena. 1958ko apirilaren 26ean Fidel Castrok komandante kargura igo zion gradua.
Borroka aurrera zihoan ala "Antonio Maceo" 2. bizkarrezurra zuzentzeko ardura eman zioten Camilori. Hauek Sierra Maestratik Kuba mendebalderuntz abiatu ziren 1958ko abuztaun eta "Ciro Redondo" 8. bizkarrezurrarekin, Cheren gidaritzapean, ekialdean hasi ziren ekintza militarrak mendebalderantz zabaldu zituzten.
Yaguajay hiria hartu zuten iraultzaileek Camilo Cienfuegosen gidaritzapean, gudu erabakiorra izan zen gerora Armada Iraultzaileak emango zuen azken kolpeari begira, bertan Fulgencio Batsitaren indarr errepresiboak asko ahuldu baitziren. Gudu honetan irabazi zuen "El Héroe de Yaguajay" ezizena.
Iraultzaren garaipenaren ondoren, Aramada Iraultzailearen goi karguetako ardurak izan zituen Camilo Cienfuegosek, buru goren bezala. Iraultzaren aurkako altxamenduen aurka borrokatu zen eta Nekazal Araudi berria egiten ere parte hartu zuen.
Camilo Cienfuegos komandantea oso maitatua zen Kuban bere hurbiltasuna, xalotasuna eta irribarre zintzoagatik, batzuek iraultzaren buru den Fidel Castrorekin konparatzeraino.
Heriotza
1959ko urriaren 19an Huber Matos komandante iraultzaileak, une horretan Camagüey probintziako buru militarrak, aurrerago egiten du bere burua Iraultza prozesutik urruntzeko asmoan eta bigarren aldiz uko-agiri bat bidaltzen dio Fidel Castrori. Honi erantzunez Fidel Castrok Camilo bidali zuen Matos atxilotzeko aginduarekin. Behin egoera kontrolpean izanik Fidel Castro Camagüeyra joan zen Matos kartzelaratuko zuen prozesua abian jartzera. Matosek 20 urteko kartzela zigorra jaso zuen.
Bertsio ofizialaren arabehera Camilo Cienfuegos 1959ko urriaren 28an hil zen hegazkin istripu baten ondotik Camagüeytik Habanara itzultzen ari zela Cessna 310 hegazkin exekutiboan. Eguraldi kaxkarrak eragin omen zuen istripuan. Camiloren gorpua ordea ez zen sekula aurkitu, ezta bere hegazkinarenik ere. Eguraldi arazoekin eginiko informerik ere ez zen izan egun horretan egiteko zuen bidean. Hegazkinetik ere ez zen larrialdi mezurik bidali.
Kuba osoa antolatu zen Camiloren bila hainbat egunetan zehar baina ez zuten ezer topatu. Hau izan zen Kubako iraultzaren lehen urteetako ekitaldirik hunkigarriena.
Memoria
- Urriaren 28ro Kubako eskola umeek loreak botatzen dituzte itsasora Camilo Cienfuegosen omenez.
- Matanzasko Unibertsitateak "Camilo Cienfuegos" du izena (web).
- Camilo Cienfuegosen argazkia 20 peso kubatarreko diru-paperetan eta 20 peso kubatar aldagarritan inprimatua dago.
- Bideoa: Canto a Camilo
- Bideoa: Gorazarre Camilo Cienfuegos Komandanteari
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Camilo Cienfuegosen biografia
- (Gaztelaniaz) Camilo Cienfuegos Museo eta Monumento Nazionalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Camiloren heriotzari buruzko teoria