Cambium baskular

Cambium baskularra landare askoren zurtoin eta sustraietako hazkuntza-ehun nagusia da. Bigarren mailako xilema sortzen du barrurantz, muinerantz, eta bigarren mailako floema kanporantz, azalerantz[1]. Landare gimnospermoetan eta landare dikotiledoneo guztietan aurkitzen da, salbuespenak Nymphaeales, Ceratophyllum, Nelumbo eta Podostemaceae ordenak dira, hauek cambiuma galdu egin dute[2].

Cambium baskularrak (F) floema (E azpian) eta xilema (D) bereizten ditu.

Landare belarkaretan eraztun jarraigabearen egitura hartzen duten hodi sortak dira eta zurezko zurtoinetan espezializatu gabeko zelula meristematikoek eraztun jarraiaren egitura hartzen dute. Xilemak eta floemak ez bezala zambium baskularrak ez du urik, mineralik edo izerdi landurik garraiatzen, haren funtzio nagusia landarearen hazkuntza baita. Hosto batzuek ere agertzen dute cambium baskularra[3].

Egitura

Meristema apikalak aurrera egin ahala ehun helduak sortzen ditu eta atzean uzten du zelula amen eraztun bat. Hauek landarearen hazkuntza sekundarioa abiatzen dute, hau da, zurtoina eta sustraiak loditzen dituzte eta xilema eta floemaren hodiak osatuko dituzten zelulak sortzen dituzte, xilema barnerantz eta floema kanporantz.

Cambium baskularrean bi itxuratako zelulak sortzen dira:[1]

  • Fusiformeak: zelula luzeak ardatzaren norabidean orientatzen direnak. Xilemaren eta floemaren hodiak eratuko dituzte. Xilemaren zelula gehiago sortzen dira floemarenak baino. Koniferoetan 3:1 da proportzioa eta dikotiledoneotan 10:1.
  • Erradialak: zelula txikiak, itxura angelutsua dutenak eta diametro aldetik ia berdinak direnak. Landarearen hazkuntza sekundarioa osatuko dute eta elikagaien biltegi ere izango dira gaitasun hori duten zuhaitzetan.

Erregulazioa

Cambium baskularra mantentzeko feedback seinaleen sare zabala du landareak, izan ere harreman jarraia baitu xilemarekin eta floemarekin. Seinale horiek hormona bidez eta peptido txikien bidez transmititzen dira. Horrela erregulatzen du landareak unean dituen baliabideen arabera hazkuntza sekundarioa.

Erregulazioan parte hartzen duten fitohormonak honako hauek dira nagusiki:

  • Auxinak: zelulen ugalketa abiatzen dute cambiumeko zelulek mitosia egin dezaten estimulatuz.
  • Giberelinak: zelulen ugalketaz gain xilemako zelulen diferentziazioa estimulatzen dute. Floemari ez diote eragiten.

Erreferentziak

  1. «Tejidos vegetales. Meristemo. Cámbium vascular. Atlas de Histología Vegetal y Animal» mmegias.webs.uvigo.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).
  2. (Ingelesez) Povilus, Rebecca A.; DaCosta, Jeffery M.; Grassa, Christopher; Satyaki, Prasad R. V.; Moeglein, Morgan; Jaenisch, Johan; Xi, Zhenxiang; Mathews, Sarah et al.. (2019-12-19). Water lily (Nymphaea thermarum) draft genome reveals variable genomic signatures of ancient vascular cambium losses. , 2019.12.18.881573 or.  doi:10.1101/2019.12.18.881573v1.full. (Noiz kontsultatua: 2022-12-04).
  3. Ewers, F.W.. (1982). Secondary growth in needle leaves of Pinus longaeva (bristlecone pine) and other conifers: Quantitative data. American Journal of Botany 69:, 1552-1559 or..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.