Caltanissetta

Caltanissetta (sizilieraz: Nissa) Italian, Sizilia erdi-erdian dagoen hiria da, eta izen bereko probintziako hiriburua. Oso jatorri zaharra du eta gaur egun 60.000 biztanle inguru ditu. Izena, alde batetik, Nissa aspaldiko hiri grekotik dator, eta, bestetik, gero arabiarrek gehitutako "Qal'at" (gaztelua) hitzetik. K.a. 123. urtean, Lucio Petiliok konkistatu zuen eta "Petiliana" izeneko kolonia erromatar oparo bihurtu zuen. Konstantinok bere inperiora gehitu zuen eta ondoren hiria sarrazenoen esku geratu zen. Sarrazenoez aparte, beste herri batzuek ere menderatu zuten: lehenik normandiarrek, gero sueboek, anjoutarrek, aragoitarrek eta gaztelarrek inbaditu zuten. Liberal siziliarren mendekuaren eraginez hainbat kalte jasan ondoren, XX. mendean, sufre meatzeei esker, hiriak garapen kultural eta ekonomiko handia lortu eta “sufrearen munduko hiriburu” izendapena jaso zuen. Gaur egun, hiriaren ekonomia nekazaritzan eta hirugarren sektorean oinarriturik dago, sufre meatzeetan baino gehiago. Azken urteetan, hirian turismoa bultzatzeko ahaleginak egiten ari dira, haren ondasun historiko eta artistiko ugariez baliatuz.

Caltanissetta
Caltanissetta
Italiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Caltanissetta
Izen ofizialaCaltanissetta
Nissa
Cartanissetta
Jatorrizko izenaCaltanissetta
Posta kodea93100
ISTAT kodea085004
Geografia
Koordenatuak37°29′29″N 14°03′45″E
Map
Azalera421.25 km²
Altuera568 m
MugakideakCanicattì, Enna, Marianopoli, Mazzarino, Mussomeli, Naro, Petralia Sottana, Pietraperzia, San Cataldo, Santa Caterina Villarmosa, Serradifalco, Sommatino eta Delia
Demografia
Biztanleria58.532 (2023ko urtarrilaren 1a)
−3.785 (2018)
Dentsitatea138,95 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0934
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakRochester, Sevilla eta Cittanova
Katastro kodeaB429
Sailkapen sismikoa4 (Oso txikia)
MatrikulaCL
comune.caltanissetta.it

Caltanissettak ondasun artistiko ugari ditu, bere iragan historiko aberatsaren isla. Ondasun horietako bat Pietrarossako gaztelua da, probintzian dauden hainbatetako bat. 1080. urtean eraiki zuten eta hiru dorrez osaturik zegoen. Zoritxarrez 1567. urtean lurrikara bortitz baten ondorioz erori egin zen. Beste eraikin esanguratsu bat katedrala da, estilo neoklasikoaren adibide ezin ederragoa. 1570. urtean eraiki zuten eta 1622an osatu zuten. Aipagarriak dira Guglielmo Borremans-en freskoak eta baita eliza barnea apaintzen duten estatua ugariak ere. Katedralaren ondoan, San Sebastiano eliza dago, XVI. mendeko eraikin petoa, baina estilo neoklasikoaren arauei jarraituz berriztatua. Caltanissettako monumentu interesgarrienetako bat Santo Spirito abadia da, Ruggero konde normandiarrak sortua eta 1151n sagaratua. Estilo erromanikoaren adierazle zoragarria da; barnealdea ez du oso betea, eta bataiarri erromaniko bat dauka. Hiriak best hiru museo garrantzitsu ditu: Elizbarrutiko Museoa, Mineralogia Museoa eta Santo Spirito aldean dagoen Eskualdeko Museo Arkeologikoa.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.