COVID-19 pandemia Europan
COVID-19 pandemia Europan bereziki larria izan zen. Txinan pandemia bideratu eta gutxira hasi ziren ugaritzen kasuak Europan, bereziki finantza-guneei lotuta. Hasiera batean Italia izan zen kolpatuena, Lombardian zentratua, baina laster hasi ziren kasuak agertzen beste herrialde batzuetan. Italiako eztandaren ostean Espainiakoa etorri zen, bi astetan munduan milioi biztanleko hildako gehien zituen herrialdea izateraino. Herrialde gehienek konfinamendua ezarri, mugak itxi eta jarduera gehienak gelditu zituzten. Hala ere, kasuak handitzen joan ziren, batez ere Frantzian, eta Belgikan. Erresuma Batuan eta Herbehereetan ez zituzten besteek hartutako neurriak martxan jarri, eta laster hasi ziren igotzen ere kasu kopurua eta heriotza-tasa. Europar Batasunak denbora behar izan zuen neurriak hartu eta laguntzeko, eta herrialde gehienek arazoak izan zituzten medikuntzari lotutako materiala lortu eta behar zutenei helarazteko. Herrialde bakoitzak modu ezberdinak izan ditu kontabilizatzeko, beraz datu guztiak ez dira egonkorrak.
Herrialdeak
Euskal Herria
Osakidetzak Euskadin alertarako arrazoirik ez zegoela adierazi zuen behin baino gehiagotan, eta koronabirusari aurre egiteko protokolo berezi bat zuela.[1] Infekzio Gaixotasun Berrien Aholku Batzordea, Osakidetzaren barnekoa, koronabirusak duen bilakaera aztertu zuen 2020ko urtarrilaren 24an eta ez zuen kezkatzeko arrazoirik ikusi.[2]
Hala ere, 2020ko otsailaren 28an baieztatu ziren Euskal Herriko lehen bi gaixoak, eta hurrengo egunean beste bi atzeman ziren.[3]
2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21ra konfinamenduan egon zen.
2022. urteko uztailan murrizketa guztiak kendu ziren, garraio publikoan, farmazia eta osasun zentroetan musukoaren erabilera izan ezik.
2023.urteko otsailetik aurrera ez da derrigorrezkoa izango garraio publikoan musukoa erabiltzea, baina osasun zentru eta farmazietan musukoak derrigorrezkoak izaten jarraitzen dute.
Italia
Koronabirusa 2020ko urtarrilaren 29an iritsi zen Italiara eta handik ia hilabete batera, 2020ko otsailaren 24an, 200 pertsona ziren kutsatuak Italia osoan, gehienak Lombardia lurraldean, iparraldean.[4] Lombardia lurraldean 165 pertsona zituen gaixoturik koronabirusak aipatutako egunean eta Europar Batasuneko fokurik handiena bihurtu zuen horrek denbora-tarte batez. Hori ikusita, Italiako gobernuak kutsapena geldiarazteko neurriak onartu zituen, zeinak Lombardia, Veneto eta Piemonte lurraldeetako eskolak itxi eta lan jarduerak, sartu-irtenak eta manifestazioak debekatu zituzten lur horietan. Gertakariak harrabotsa sortu zuen inguruko herrialdeetan eta Europar Batasuneko Osasun komisarioak mugak ez ixteko deia egin zuen, Italian behar bezala jarduten baitzebilen, haren esanetan.[4]
Italian ziren zenbait euskaldun ezin izan ziren berehalakoan Euskal Herrira itzuli.[5] 2020ko martxoaren 5ean Italia osora zabaldu zen ikastetxeak eta unibertsitateak ixteko neurria, martxoaren 15era bitarte; gobernuari gomendioak emateko funtzioa zuen batzorde zientifikoaren esanei jarraituz.[6] Aipatu beharra dago, martxoaren 4erako Italian 3.089 kasu atzemanik zeudela eta 107 pertsona hil zirela gaitzaren ondorioz. Zenbait kirol ekintza, jende metaketak eragiten zituzten ekitaldi eta bidai ere bertan behera utzi ziren.[6]
Europar Batasunak eta inguruko herrialdeek beldurra diote ekimen eta lanen bertan behera uzteek eragin ditzaketen galera ekonomikoei eta hortaz, gaur arte, gobernuek ez dute Txinaren bidea hartzeko asmorik, zeinak berrogeialdi masiboak abiarazi zituen.[4] 2020ko martxoaren 6an Italian 3.858 koronabirus kasu atzeman ziren eta 148 hildako eragin zituen gaitzak; munduko laugarren fokurik handiena zen beraz, kutsatu kopurua aintzat hartuz gero.[7]
2022ko apirilaren 1an larrialdi egoera kendu zen, eta murrizketa gehienak ere bai.
Espainia
Espainian COVID-19 gaitza atzeman zitzaion lehen gaixoa alemaniar bat izan zen, Kanariar Erkidegoko Gomera uhartean zegoena; 2020ko urtarrilaren 31an egin zitzaion froga eta egun berean jakin zen emaitza.[8]
Urte bereko otsailaren 24an erregistratu zen Espainiako bigarren kasua, hau ere Kanariar Uharteetan. Italiar mediku bat zen, duela gutxi Tenerife uhartera iritsi zena hegazkin bidez.[9] Handik gutxira turista honekin harremana izan zuten pertsona gehiagori atzeman zitzaien gaitza, uharte berean denak ere eta kutsatu berri guztiek hotela lehen kutsatuarekin partekatu zuten.[10][11][12]
2020ko martxoaren 8rako 625 egiaztatutako kasu aktibo zeuden Espainian, beste 32 sendatu egin ziren, baina beste 17 hil egin ziren. Hildakoen batez besteko adina 84,8koa zen eta ez zen 69 urte baino gutxiago zituen pertsonarik hil. Egun hartan hamaika gaixo zeuden zaintza intentsiboetan. Herrialde guztian zabaldu zen gaixotasuna, hamar probintzia baino ez ziren salbuetsi, denak ere barnealdekoak. Espainia martxoaren 10ean gaitzak munduan zuen fokurik indartsuenetakoa zen, Europa mailan bigarrena, Italiaren atzetik. 1600 kasutik gora atzeman ziren egun hartarako eta hortaz, frogatua geratu zen herrialde hartan gaixotasuna era esponentzialean zabaltzen zebilela.
Espainian hezkuntza arloko eskumen ugari autonomia erkidegoen eskutan daudenez, 2020ko martxoaren 8rako zenbait autonomia erkidegok COVID-19 gaitzaren hedapena kontrolatzeko neurri zorrotzak hartu zituzten, lehena Madrilgo Autonomia Erkidegotik etorri zen, martxoaren 9an, zeinak erkidego osoko ikastetxe guztietan ikastorduak bertan behera utzi zituen, hamabost egunez.[13] Aipatu beharra dago erkidego hori zela kutsatu gehien zituena, 700 baino gehiago martxoaren 10ean. Errioxak neurri bera hartu zuen biharamunean, bertan ere ehun kasutik gora erregistratu baitziren egun hartarako, gehienak Haro herrian.[14]
2020ko martxoaren martxoaren 9tik aurrera ikastetxeak ixten hasi ziren Espainian, lehena Madrilgo Autonomia Erkidegoa izan zen, zeinak ikastolak ixteko agindua eman zuen hurrengo egunetik aurrera. Egun hartarako, mila berrehun kasutik gora atzeman ziren Espainian orotara, horrek eragin zuen halako neurri zorrotzak aplikatzea. Martxoaren 13an, Espainiako presidente zen Pedro Sanchezek, Ministroen Kontseilua hainbat orduz batzartuta egon ostean, alarma egoera ezartzea erabaki zuen herrialde osoan, hamabost eguneko epean zehar, baina Diputatuen Kongresuak hala esanez gero, luzagarria izan zitekeen epe hori.[15] Hurrengo egunerako, martxoaren 14ean, herrialde mailako konfinamendua agindu zuen Espainiako Gobernuak, hau da, biztanleriari debekatu egin zion etxetik ateratzea, lehen mailako beharrak asetzeko, lan egiteko edo aparteko eginbehar jakin batzuk burutzeko ez bazen.[16]
Alerta egoera ezartzeak ondoeza sortu zuen zenbait lurralde-gobernutan, hala nola, Kataluniakoan edo Euskadikoan, hango lehendakari ziren Quim Torra eta Iñigo Urkulluk salatu zutelako eskumenak ostea eta lankidetzaren ordez inposaketa sustatzea zekarrela horrek.[17][18] Beste hainbat erkidegotan ere neurriaren aurkako zenbait esan aditu ziren, baina ez ziren urrunago iritsi. 2020ko martxoaren 16rako, Espainian 9.892 kutsatu atzeman ziren eta 340 norbanako hil zituen gaitzak; beste 530 pertsona sendatu egin ziren.[19]
2022ko apirilaren 1an larrialdi-egoera kendu zen, eta murrizketa gehienak ere kendu ziren.
Frantzia
COVID-19 gaitza izan zuen Frantziako lehen gaixoa 2020ko urtarrilaren 24an jakin zen kutsaturik zegoela, lehen egiaztaturiko kasua izan zen Europa osoan eta norbanakoa Bordelen egin zitzaizkion probak. Norbanakoa Txinatik Frantziara heldu berri zen 48 urteko frantziar herritar bat zen. Eguna amaitu aurretik, beste bi kasu atzeman ziren; denak ere Txinatik heldu berriak ziren.[20]
Frantzian, eta Europan, COVID-19 gaitzak hil zuen lehen gizakia txinatar turista bat izan zen, zeina Parisko erietxean sartu zen urtarrilaren 28an eta otsailaren 14an hil zen.[21][22] Martxoaren 16rako, kopuru horrek gorakada itzela izan eta 6.633 kutsatuetara iritsi zen, zeinen artetik 148 hil egin ziren eta 12 sendatu.[23]
Martxoaren 12an, Frantziako presidente Emmanuel Macronek telebista publikoan eginiko igorpen batean jakinarazi zuen martxoaren 16tik, astelehena, aurrera estatuko ikastetxe eta unibertsitate guztiak itxi egingo zirela, behin-behinean baina epemuga zehatzik gabe. Hurrengo egunean, Édouard Philippe lehen ministroak ehun pertsona baino elkarretaratze handiagoak debekatu zituen, baina neurriak ez zion eragin garraio publikoari. Biharamunean, lehen ministroak ezinbestekoak ez ziren gune publikoak ixteko agindu zuen, hala nola, jatetxeak, kafetegiak, zinemak eta diskotekak, neurria gauerdian sartu zen indarrean.[24]
Martxoaren 14rako, bi departamentuk salbu, denek COVID-19 gaitza zuen pertsonaren bat, gutxienez, zuten haien artean. Handik bi egunera, martxoaren 16an, Macron presidenteak estatu mailako konfinamendua agindu zuen, hamabost egunerako, eta martxoaren 17aren eguerditik aurrera abiaraziko zena.[25]
Alemania
Alemanian, COVID-19 gaitzaz kutsatutako lehen gaixoa 2020ko urtarrilaren 17an atzeman zen, Bavarian. Urtarrilean eta otsailaren hasieran gaitz honetaz kutsatu ziren gehienak Webasto enpresaren egoitza nagusian izanak ziren edo harekin nolabaiteko harremana zuten. DNAren analisi filogenetikoek erakutsi dute, dirudienez, enpresa horretako egoitza nagusitik zabaldu zela Italia Iparraldera gaitza, izan ere, bertan bulego ugari ditu enpresak.[26][27][28] Beranduago, Italiatik, Txinatik eta Irandik zetozen hainbat norbanako-talde heldu eta kutsapenean lagundu zuten. Robert Koch Institutuak alemaniar gaixotasun eta epidemien kontrolari iradokizunak helarazten dizkio, pandemien aurkako nazio mailako plana jarraituz. Hasiera batean, agerraldia euste egoera bat ezarriz maneiatu zen (egoera horretan babes egoerako zenbait neurri ere hartu ziren),[29] honek lehen kutsatu-taldeen hedapena murrizten lagundu zuen, adibidez, Webasto enpresako langileen taldea mugatu zuen. Martxoaren 13an, alabaina, babes egoerara igaro zen herrialdearen jarrera; honek Alemania osatzen duten estatuek ikastetxeak eta haurtzaindegiak ixtea, seihilekoen hasiera atzeratzea eta zahar-etxeetan bisitak debekatzea ekarri zuen.
Otsailaren 25 eta 26an, Italian COVID-19 gaitzak hartu zuen indarraren ondorioz, herrialde hari lotzen zitzaizkion zenbait kasu atzeman ziren Baden-Württemberg estatuan. Haatik, beste hainbat kasu ere azaldu ziren, Italiarekin zerikusirik ez zutenak, hainbat estatutan, besteak beste, Baden-Württemberg, North Rhine-Westphalia eta Rhineland-Palatinate estatuetan. Heinsbergen sortu zen kutsatu-taldeak lortua bereizgarria zuen Gangelteko Inauterien ospakizunarekin.[30] Martxoaren erdialderako, Alemanian COVID-19 gaitza duten gizabanako gehienak Ipar Rhine-Westphalia estatuan daude.[31]
Alemanian gaitzak hildako lehen gaixoak laurogeita bederatzi urteko Essengo emakume bat eta hirurogeita hemezortzi urteko Heinsbergko gizon bat izan ziren, biak ere martxoaren 9an zendu ziren.[32] 2020ko martxoaren 16an 7.272 kutsatu, 17 hildako eta 67 sendatu zeuden Alemanian, hala, munduko foku nagusienetako bat zen, Espainia eta Hego Korearen atzetik, baina Frantzia eta AEBen aurretik; munduan gaitzak kaltetutako gizabanako gehien zituen seigarren herrialdea zen.[33]
Oharrak
- Legenda: Baieztatuak: 1~9 Baieztatuak: 10~99 Baieztatuak: 100~499 Baieztatuak: 500~999 Baieztatuak: 1000~9999 Baieztatuak: ≥10000
Erreferentziak
- «Osakidetzak ez du "alertarako arrazoirik" ikusten koronabirusaren bilakaeran» Euskal Irrati Telebista 2020-01-24 (Noiz kontsultatua: 2020-01-30).
- «Infekzio Gaixotasun Berrien Aholku Batzordeak lasaitasuna eskatu du» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-30).
- Lau koronabirus kasu baieztatu dituzte Euskal Herrian. Berria 2020-01-27 (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
- ARGIA. (2020-02-24). «Koronabirusa: 229 kutsatu eta 7 hildako Italian» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- «Eskuak maiz garbitu eta jendearengana ez hurbiltzeko gomendioa egin digute» Euskal Irrati Telebista 2020-02-25 (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- Lete, Irati Urdalleta. «Italia osoko ikastetxeak eta unibertsitateak itxiko dituzte koronabirusarengatik» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- «Operations Dashboard for ArcGIS» gisanddata.maps.arcgis.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- (Gaztelaniaz) Linde, Pablo. (2020-02-01). «Sanidad confirma en La Gomera el primer caso de coronavirus en España» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Gaztelaniaz) «Sanidad confirma seis nuevos casos de coronavirus en la provincia de Valencia» Las Provincias 2020-02-27 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Italieraz) «Coronavirus, positivi due italiani a Tenerife. Mille persone nell'hotel in quarantena» la Repubblica 2020-02-25 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Italieraz) «Coronavirus, dall'Italia si spande in Europa. Conte: "Inaccettabili limitazioni agli italiani". Ma molti Paesi prendono misure» la Repubblica 2020-02-25 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- «Woman in Barcelona tests positive to coronavirus, the first confirmed case on mainland Spain» www.thelocal.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Gaztelaniaz) Ferrero, Juan José Mateo, Berta. (2020-03-09). «Madrid deja sin clases a 1,5 millones de alumnos y cancelará operaciones y citas para combatir el coronavirus» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Gaztelaniaz) Rioja, Gobierno de La. (2020-03-10). [https://twitter.com/lariojaorg/status/1237331569938964480?s=21 «El Consejo de Gobierno ha aprobado hace unos minutos un paquete de medidas ante la incidencia del coronavirus, entre ellas el suspenso de toda la actividad escolar en la región durante los próximos 15 días.
- ConsejoDeGobierno
- COVID19 #coronavirus pic.twitter.com/a0saQvrArb»] @lariojaorg (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- Berria. «Alarma egoera ezarri du Espainiako Gobernuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Ingelesez) Health, P. M. N.. (). Spain to impose nationwide lockdown – El Mundo | National Post. (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- «Urkullu: "Ez zen beharrezkoa Estatuak Ertzaintza eta Osakidetzaren agintea hartzea"» www.eitb.eus 2020-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Gaztelaniaz) «Torra y Urkullu se resisten a que Sánchez asuma sus competencias con el estado de alarma: "Es un 155"» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Gaztelaniaz) Zafra, Mariano; Pires, Luis Sevillano; Galocha, Artur; Blanco, Patricia R.. (2020-03-16). «Casos confirmados en España y en el mundo y claves para entender el coronavirus de Wuhan» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Frantsesez) Jacob, Etienne. (2020-01-24). «Coronavirus: trois premiers cas confirmés en France, deux d’entre eux vont bien» Le Figaro.fr (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) hermesauto. (2020-01-29). «Wuhan virus: France confirms fourth case of coronavirus in elderly Chinese tourist» The Straits Times (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) «First coronavirus death confirmed in Europe» BBC News 2020-02-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Frantsesez) «Infection au nouveau Coronavirus (SARS-CoV-2), COVID-19, France et Monde» www.santepubliquefrance.fr (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) «Spain and France impose sweeping new restrictions» BBC News 2020-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) «France imposes 15-day lockdown and mobilises 100,000 police to enforce coronavirus restrictions» The Independent 2020-03-16 (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- «Coronavirus live updates: State Department warns against cruise travel; Ted Cruz shook hands with CPAC patient» www.msn.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- «Rep» rep.repubblica.it (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- «Coronavirus, il paziente zero europeo potrebbe essere un tedesco | Sky TG24» tg24.sky.it (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Alemanez) [https://www.rki.de/DE/Content/InfAZ/N/Neuartiges_Coronavirus/Ergaenzung_Pandemieplan_Covid.pdf?__blob=publicationFile Pandemieplan – COVID-19 – neuartige Coronaviruserkrankung. ] Robert Koch Institut.
- «Kreis Heinsberg» Kreis Heinsberg (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- «RKI - Coronavirus SARS-CoV-2 - COVID-19: Fallzahlen in Deutschland und weltweit» www.rki.de (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
- (Alemanez) Hamburg, Hamburger Abendblatt-. (2020-03-11). «Coronavirus: Immer mehr Infektionen in Deutschland» www.abendblatt.de (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).