Burundiko Gerra Zibila

Burundiko Gerra Zibila 1993-2005 bitarteko gerra zibila izan zen, Burundin gertatu zena. Hutu eta tutsi etnien arteko aurkakotasuna izan zen gerraren eragilea. 1993ko hauteskundeen ondoren piztu zen, eta 2005ean amaitu, bake akordioa sinatu ostean. 300.000 pertsona hil ziren, gehienak zibilak.

Burundiko Gerra Zibila
Soldadu eta jendarme tutsiak Burundi eta Kongoren arteko mugan, 1996an.
Data1993ko urriak 212005eko maiatzak 15
Lekua Burundi
 Kongoko Errepublika Demokratikoa (1998tik aurrera)
EmaitzaBake akordioa eta erreforma politikoak 2005an.
Gudulariak
 Burundi CNDD-FDD
FNL-PALIPEHUTU
Buruzagiak
Melchior Ndadaye
Sylvie Kinigi
Cyprien Ntaryamira
Sylvestre Ntibantunganya
Pierre Buyoya
Domitien Ndayizeye
Hussein Radjabu
Pierre Nkurunziza
Agathon Rwasa
Indarra
Burundiko Indar Armatuak:
•6.000 (1993)
•40.000 (2000)
• 11.000 CNDD-FDD
•2.000-3.000 FNL-PALIPEHUTU
Galerak
300.000 hildako[1]

Aurrekariak

Kolonialismo garaian Alemaniaren eta Belgikaren kontrolpean egon eta gero, 1962an eskuratu zuen Burundik independentzia. Gutxiengo tutsiak (populazioaren % 14) boterea bere esku izan zuen hainbat urtetan, Ruandan bezala. Etnia horrek zapaldu zituen hutuek boterea hartzeko egin zituzten errebolta guztiak. 1972an, kasu horretako adibiderik latzenean, tutsien esku zegoen Armadak 200.000 inguru hutu erail zituen. Hutuek 10.000 bat tutsi hilda erantzun zuten. Estatu kolpe bat eginda boterera igo zen Pierre Buyoya komandanteak lehen hauteskunde demokratikoetarako deia egin zuen 1993ko maiatzean, eta hutu etniako Melchior Ndadaye hautatu zuten presidente.[2]

Gerraren hasiera

1993ko urrian, Burundiko Armada tutsiak Ndadaye presidentea erail zuen. Hutuak talde erreboltarietan bildu eta tutsiak hiltzen hasi ziren, eta Armadak, horri erantzunez, populazio hutua hiltzeari ekin zion. 1994ko otsailean, Cyprien Ntaryamira FRODEBU alderdi hutuko kidea presidente hautatu zuten. Urte bereko apirilean, ordea, Ruandako presidente Juvénal Habyarimana eta Ntyanamira Burundiko presidente berria hegazkin istripu batean hil ziren. Istripuaren zergatiak ez ziren argitu, eta gertaera horrek Ruandako genozidioari hasiera eman zion.[2]

Armadak lege zibilaren berrezarpen nominala bermatu zuen, baina gobernua etenda egon zen 1996an Pierre Buyoyak boterea berreskuratu zuen arte. Biolentziari amaiera ematea zen haren helburua, baina ez zuen xede hori lortu, eta nekazaritza eskualdeetan bildutako hutu matxinoek eta hirietako milizia tutsiek sarraskiak egiten jarraitu zuten.[2]

Talde armatuak

Burundiko herritarrak borroketatik ihesi, 1993.

Bi talde gerrillari nagusitan bildu ziren errebelde hutuak: Demokraziaren Defentsarako Indarrak (FDD) eta bere adar politikoa, Demokraziaren Defentsarako Kontseilua (CNDD); eta Askapen Nazionalerako Frontea (FNL) eta Hutuen Askapenerako Alderdia (PALIPEHUTU), aurrekoaren aliatua. Bi adar nagusiak elkarren aurkako lehian eta agintari tutsien kontra aritu ziren populazioaren babesa lortu nahian. Gobernuaren postuei eta herrixkei eraso zieten besteak beste, eta nekazariak beraiekin batera borrokatzera behartzen zituztela salatu zuten giza eskubideen defentsarako erakundeek.[2]

Tutsiei dagokienez, Pierre Buyoyak 1996an boterea berreskuratu zuenetik, Armadaren kide kopurua hirukoiztu egin zen, gerrarekin amaitzeko aitzakiaz, eta aurrekontu nazionalaren % 50 baino gehiago arlo militarrera bideratu zuen gobernuak. Milizia asko sortu ziren hainbat hiritan tutsiei babesa emateko asmoz, eta agintariek komunitate askotan autodefentsarako taldeak eratu eta armak banatu zituzten biztanle tutsien artean.[2]

Burundiko Armada eta gerrillari hutuak inguruko herrialdeekin elkarlanean aritu ziren, era berean. FDD eta PALIPEHUTUk eta Ruandako Indar Armatuek elkarri lagundu zioten trebakuntza lanetan, armak eskuratzeko ekintzetan eta operazio militarretan. Bestalde, errebeldeek Tanzania eta Kongoko Errepublika Demokratikotik zuzendu zituzten ekintza asko. Ruanda eta Burundiko armadek ere bat egin zuten mugetan antolaturiko ekintza militarretan.[3]

Kontzentrazio esparruak eta preso politikoak

Pierre Buyoyak boterea hartu zuen 1996ko estatu kolpearen bidez.

1996an «bateratze» politika bati ekin zion Burundiko Armadak erreboltariak herritarrengandik bereizi eta populazioa hobeki kontrolatzeko asmoz. Politika horren ondorioz, 700.000 hutu Nelson Mandelak kontzentrazio eremutzat definitu zituen Armadak babesturiko eremuetan bizitzera behartuak izan ziren. Giza eskubideen defentsarako erakundeek maiz salatu dutenez, baldintzak oso kaskarrak ziren eremu horietan: janari eskasia eta osasun arazoak ziren nagusi, hutuak babesteaz salatutako asko desagertu ziren, eta bortxaketak eta hilketak maiz gertatzen ziren.[3]

Bestalde, milaka pertsona zeuden Burundin kartzelaraturik arrazoi etnikoengatik burututako hilketak zirela-eta. Presoen gehiengoa tutsien aurkako krimenak egitea leporatu zitzaien hutu etniako burundiarrek osatzen zuten. Epaile eta sistema judizialeko goi ofizial gehienak tutsiak ziren. Presondegiak gainpopulaturik zeuden eta gobernuak janari eta sendagaien gaineko murrizketak ezarri zituen askotan. Preso gehienak epaitu gabe zeuden, eta milaka atxilotuk ez zuten abokatu baten babesik izan.[3]

Bake elkarrizketak

1996ko uztailaren 31n, eskualdeko herrialdeek bahimendua ezarri zioten Burundiri, Pierre Buyoya komandanteak estatu kolpea eman ondoren. Presidente berria ordena konstituzionala berrezartzera eta erreboltari hutuekin negoziatzera behartzeko xedez ezarri zuten bahimendua. Horren ondorioz, janari eta sendagaien salneurriak gora egin eta Burundiren txirotasuna areagotu egin zen.[3]

Pierre Nkurunziza 2005an hautatu zuten presidente.

1998ko ekainean hasi ziren bake elkarrizketak, Tanzaniako Arusha hirian, Pierre Buyoya presidente tutsiaren UPRONA (Garapen Nazionalerako Batasuna) eta FRODEBU (Burundiko Demokraziaren Frontea) alderdi hutuaren artean. Julius Nyerere Tanzaniako presidentea bitartekari zela egin ziren lehen negoziazioak, eta Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiaren esku egon ziren 1999ko abendutik aurrera. Bake prozesuko auzi nagusiak trantsizioko gobernu baten eraketa, tutsien esku zegoen Armadan hutuek parte hartzea eta botere banaketa ziurtatuko zuen hauteskunde sistema baten eraketa izan ziren.[3]

Tutsi eta hutuen erasoak, ordea, ez ziren bake elkarrizketak hasi zirenetik gelditu. Elkarrizketak hainbat alditan eten ziren, eta 2000ko abuztuaren 7an ekin zieten berriz horiei. Abuztuaren 28an sinatu zen lehenbiziko akordioa, baina FNL eta FDD talde hutuak gabe.[4] 2001eko urriaren 28an, trantsizio konstituzio bat onartu zen, etnien arteko botere-txandakatzea ezartzen zuena. Talde hutuen eraso batzuk izan baziren ere,[5][6] 2002ko urrian FNLk armak utzi zituen, eta abenduan FDDk ere izenpetu zuen bake akordioa.[7] 2003an, Afrikako Batasunak bake misio bat bidali zuen talde armatuak armagabetzera; 2004ko maiatzetik aurrera, NBEk hartu zuen bakea mantentzearen ardura. 2005eko ekainean legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren, eta abuztuan parlamentuko bi ganberek Pierre Nkurunziza, CNDD-FDDren buruzagia, hautatu zuten Burundiko presidente.[8]

Erreferentziak

  1. Heavy shelling in Burundi capital. news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-02-08).
  2. Otaegi, Usoa. Ruandaren bide beretik? (1). Euskaldunon Egunkaria, 2000ko abuztuak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  3. Otaegi, Usoa. Ruandaren bide beretik? (2). Euskaldunon Egunkaria, 2000ko abuztuak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-10).
  4. Burundi peace talks close with little progress. CNN News, 2000ko azaroak 30, edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  5. Burundi army 'kills 500 rebels'. BBC News, 2001eko abenduak 25, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  6. Burundi: Gutxienez 60 lagun hil dituzte errefuxiatu gune batean eginiko erasoan. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko apirilak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  7. Burundi: Bake akordioa izenpetu dute presidenteak eta talde matxino nagusiak. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko abenduak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).
  8. Burundi profile - Timeline. BBC News, 2018ko abenduak 3, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-02-12).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.