Burj Khalifa
Burj Khalifa dorrea (arabieraz برج خليفة Burǧ Ḫalīfah "Kalifaren Dorrea") Arabiar Emirerri Batuetako Dubai hirian dagoen etxe orratz bat da. 2010eko urtarrilaren 4an inauguratu zen, eta egun horretan dorrearen behin-betiko altuera (828 metro) eta izen berria "Burj Khalifa" eman ziren jakitera. Ordura arteko izena "Burj Dubai" izan zen.
Burj Khalifa | |
---|---|
برج خليفة | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Arabiar Emirerri Batuak |
Arabiar Emirerri Batuetako emirerri | Dubai |
Hiria | Dubai |
Koordenatuak | 25°11′50″N 55°16′27″E |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 2004ko urtarrilaren 6a - 2009ko abenduaren 2a |
Inaugurazioa | 2010eko urtarrilaren 4a |
Jabea | Emaar Properties (en) |
Izenaren jatorria | Khalifa bin Zayed Al Nahyan |
Erabilera | bulego-eraikina hotela |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Adrian Smith (en) Marshall Strabala (en) George J. Efstathiou (en) William F. Baker (en) Skidmore, Owings and Merrill |
Eraikitzailea | Samsung C&T Corporation (en) Arabtec (en) Besix (en) |
Egitura ingeniaritza | William F. Baker (en) |
Materiala(k) | Hormigoi armatua, altzairua, aluminioa eta beira |
Estiloa | high-tech architecture (en) neo-futurism (en) |
Dimentsioak | height to occupied floor: 584,5 () m gehienezko altuera: 829,8 () m altuera arkitektoniko: 828 () m |
Solairuak | 163 |
Lurrazpian | 1 |
Azalera | 344.000 m² |
58 | |
Kontaktua | |
Helbidea | 1 Sheikh Mohammed bin Rashid Boulevard |
Webgune ofiziala | |
Eraikitzerakoan Burj Dubai (Dubai dorrea) izenez ezagutu bazen ere, Burj Khalifa, gaur egun, Downtown Dubai izenez ezagutzen den garapenaren erdialdea da, 2 km²-ko konplexua Sheikh Zayed (Zaied xekea) etorbidearen alboan, Dubai hiria zeharkatzen duena[1]. 2004ko urtarrilaren 6an hasi ziren eraikitzen, eta 2010eko urtarrilaren 4an inauguratu zuten ofizialki[2]. Bere izena Arabiar Emirerri Batuetako presidente eta xekeari zor dio, Khalifa bin Zayed Al Nahayan.
Proiektuko arkitekto nagusia Adrian Smith izan zen, 2006ra arte Skidmore, Owings eta Merrill enpresarekin batera lan egin zuena. Burj Khalifaren eraikuntzak 4.000 milioi dolar baino gehiagoko aurrekontua izan zuen, zeina 20.000 miliora igo zen Burj Khalifa erabat garatzeko. Eraikinaren kostuaren zati bat, Mohamed bin Rashid Al Maktoum emirraren familiak finantzatu zuen.
2007ko uztailaren 21ean, Emaar Properties sustatzaileak iragarri zuen Burj Dubai-k, ordurako, Taipei 101 etxe orratzak ordura arte zuen altuera-errekorra gainditu zuela, 508 metrorekin munduko eraikinik altuena bihurtuz. Erregistro hori ez zen ofizial bihurtu 2010eko urtarrilaren 4ra arte, eraikinen altuera neurtzeaz arduratzen den organoak, Eraikin Altuen eta Hiri Habitataren Kontseiluak (CTBUH), ez baitzuen eraikinaren behin betiko altuera aitortu eraikuntza amaitu arte[3][4]. 2009ko urtarrilaren 17an, Burj Khalifa bere gehienezko altuerara (828 metro) iritsi zen, gizakiak inoiz eraikitako egiturarik altuena bihurtuz, nahiz eta eraikinaren sustatzaileak gertaera hori ofizialki ez baieztatu[4][5].
Proiektua
Skidmore, Owings and Merrill arkitekto estudioak diseinaturiko eraikina. Munduko altuena izateko helburuarekin altxaturiko eraikin honen altuera hasieran argitara eman ez zen arren, azkenik 2010eko urtarrilaren 4ko inaugurazio ekitaldian 828 metrokoa zela esan zen, antenaren altuera kontutan izanda.
Eraikinak 162 solairu ditu, eta hainbat erabilpen izango ditu, etxebizitzak, bulegoak eta erabilpen komertziala besteak beste. Dena den, eraikinari buruzko datuak sekretuan gorde ziren, eta ez zen zehaztazun osoz esan, zein izango zen eraikinaren benetako altuera. Dorrearen eraikitze azalera 464.511 metro karratukoa da, eta 3.000 bat kotxerentzako lurpeko aparkalekua dago.
Downtown at Burj Khalifa proiektua
Burj Khalifa dorrea, "Downtown at Burj Khalifa" Dubaiko proiektuaren ikurra da. Dorre hau eraikitzeaz gain, beste 25 etxe orratz eraikiko dira, 20 eta 63 solairuetako altuera bitarte. Guztira altuera ezberdinetako 40 eraikin egongo dira. Horrez gain, gune berdeak, laku bat, eta munduko merkatal gunerik handiena. Euretarik gehienak etxebizitzak izango dira. EMAAR Properties eraikuntza enpresa erraldoiak eraikiko du proiektu guztia.
Eraikin garrantzitsuenak:
- Burj Khalifa
- The Residences (44 eta 23 solairu bitarteko 18 etxebizitza dorre)
- South Ridge (44 eta 30 solairu bitarteko 6 etxebizitza dorre)
- Burj Views (40 eta 34 solairu bitarteko 3 etxebizitza dorre)
- The Lofts (30 eta 24 solairu bitarteko 3 etxebizitza dorre)
Eraikuntza
Eraikuntza, 2004ko irailean hasi zen eta 2008. urte bukaerarako amaiturik egotea espero zen. Guztira 1.000 pertsonatik gora dabiltza dorrearen eraikuntzan, eta batez beste solairu bat eraikitzen dute hiru eguneko. Dorrearen zimendatze fasean, 45.000 metro kubiko porlan erabili da, eta eraikinak guztira 110.000 tonako pisua izatea espero da.
2006ko martxoan, dorrearen langileetako batzuk, greba egin zuten, euren baldintza txarrengatik protesta egiteko. Greban inguruan eraikitzen ari diren langile gehiagok parte hartu zuten, guztira 2.500 bat langile gehiago. Azkenean egondako istiluetan milioi bat euroko kalte materialak izan ziren. Ondorengo egunetan eraikuntzarekin jarraitu zen.
2006ko azaroaren hasieran, eraikitako dorrearen zatiak, 300 bat metroko altuera eskuratu du, munduan dauden hainbat egitura famatu gaindituz. 300 metro horiekin ere, dorrearen altueraren erdira ere ez da ailegatu oraindik. 2006ko abenduaren 31n dorrearen 100. solairua eraikitzen hasi ziren. 2007ko urtarrilaren 31ean jakitera eman zen, dorrearen fatxadaren eraikuntzaz arduratu behar zuen Schmidlin Ltd. Facade Technology enpresak porrot egin zuela. Horrela, dorrearen eraikuntza enpresak beste hornitzaile bat bilatu beharko du. Azkenik, kristalezko fatxadako lehen zatiak otsailean jartzen hasi ziren.
2007ko otsailean Burj Khalifa dorreak Sears Dorrearen 108 solairuak gainditu zituen, eta munduan solairu gehien dituen eraikinaren errekorra hautsi zuen. 2007ko maiatzaren 13an dorrearen porlanezko egiturak, inoiz material horrekin lorturiko garaierarik handiena lortu zuen, Taipei 101 dorreak zeukan 449 metroko errekorra hautsiz. Hilabete beranduago, 2007ko ekainaren 21ean, Burj Khalifa dorreak Taipei 101 dorrea bera gainditu zuen, munduko eraikinik altuena bihurtuz. Abuztuaren 12an Sears Dorrearen antenaren altuera gainditu zuen (527,3 metro).
2007ko irailaren 3an, Moskuko telebista dorrea, Ostankino Dorrearen altuera gainditu zuen (540 metro). Egun batzuk beranduago, 2007ko Irailaren 12an, Burj Khalifak Torontoko CN Dorrearen 555,3 metroak ere gainditu zituen. 2007ko azaroaren hasieran, dorrearen porlanezko egiturari amaiera eman zitzaion 585 metro eta 156 solairuko garaiera lortu ostean. 2007ko abenduaren hasieran, dorrearen azken 200 metroetako altzairuzko egiturarekin hasi ziren. Bitartean, azaro bukaerarako kristalezko fatxada jartzen jarraitu zuten, 50. solairuraino ailegatuz.
Azkenean 2010eko urtarrilaren 4ean ospatu zuten eraikinaren irekiera.[6]
Eraikuntzan parte hartzen duten enpresak
- Arkitektura: Skidmore, Owings and Merrill
- Sustatzailea: EMAAR Properties
- Igogailu hornitzailea: Otis Elevator Co.
- Eraikuntza enpresa: Arab Technical Construction Co.
- Aholkularitza: GHD Pty Ltd.
- Zimendatzea: Middle East Foundations Group L.L.C eta Bauer Spezialtief GmbH
Eraikuntzaren argazkiak
2006-02-01 2006-08-29 2006-11-11 2006-12-29 2007-01-02 2007-03-21 2007-05-07 2007-07-15 2007-08-09 2007-08-22 2007-12-02 2008-05-08 2008-12-19
Erreferentziak
- Downtown Dubai. .
- Inaugurado el rascacielos más alto del planeta. El Mundo 4 de enero de 2010.
- CTBUH Criteria for Defining and Measuring Tall Buildings. Council on Tall Buildings and Urban Habitat.
- Burj Dubai all set for 09/09/09 soft opening. Emirates 24/7 18 de enero de 2009.
- Project information. 'Doka - The Formwork Experts'.
- MUnduko eraikin altuena inauguratuko dute gaur Dubain - eitb Albisteak
Ikus, gainera
- Dubaiko etxe orratzik garaienen zerrenda
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Proiektuaren webgune ofiziala.
- (Ingelesez) Skidmore, Owings & Merrill LLP - arkitektoen webgune ofiziala.
- (Ingelesez) Burj Khalifa dorreari buruzko argazki eta informazioa.
- (Ingelesez) Dorreari buruzko informazioa Emporisen
- (Ingelesez) Otis Worldwide enpresak dorrean instalaturiko igogailuei buruzko informazioa.
Aurrekoa Almas dorrea |
Dubaiko etxe orratzik garaiena 2010 - |
Ondorengoa Garaiena |
Aurrekoa Taipei 101 |
Munduko eraikinik garaiena 2010 - |
Ondorengoa Garaiena |