Burdin Aroa

Burdin Aroa, arkeologian eta historiografian, edozein herritako garapen historikoko epe bat da, non burdinaren erabilpena lanabesetan nagusitzen den. Metal horretaz gain, Burdin Aroko gizarteek beste aldaketa batzuk dituzte aurreko gizarteen aldean, hala nola nekazaritzan, sinesmen erlijiosoetan edo arte estiloetan, nahiz eta kasu guztietan ez den hala gertatzen.

Historiaurreko aroak
Pleistozenoa

Paleolitoa

Behe Paleolitoa
Olduvai kultura
Acheulear kultura
Erdi Paleolitoa
Mousteriar kultura
Goi Paleolitoa
Châtelperroniar kultura
Aurignac kultura
Gravettiar kultura
Solutre kultura
Madeleine kultura
Holozenoa
Mesolitoa eta Epipaleolitoa
Aziliar kultura
Kebarar kultura
Natufiar kultura
Neolitoa
Halafiar kultura
Hassun kultura
Ubaid kultura
Uruk kultura
Kalkolitoa
Kurgan kultura
Brontze Aroa
Behe Brontze Aroa
Erdi Brontze Aroa
Goi Brontze Aroa
Burdin Aroa
Hallstatt kultura
La Tene kultura

Historiaurrea sailkatzeko C. J. Thomsenek asmatutako hiru aroko sistema klasikoan, Burdin Aroa azkena da[1]. Izena bera, izatez, "Burdin Aroa" lokalki hasten da burdinaren edo altzairuaren ekoizpenak aurrera egin duenean, harik eta burdinazko erremintek eta armek erabilera komuneko brontzezko baliokideak ordezkatzen dituzten arte.[2] Antzinako Ekialde Hurbilean, trantsizio hori Brontze Amaierako kolapsoa deritzonaren ondorioz gertatu zen, K.a. XII. mendean. Teknologia berria laster zabaldu zen Mediterraneoko arroko eskualde osoan eta Asiako hegoaldean. Erdialdeko Asiara eta Ekialdeko Europara ere iritsi zen, eta geroago Erdialdeko Europara. Iberiar Penintsulan, K.a. 750 eta K.a. 100. urteen artean koka daiteke[3]. Europako iparraldea ez zen K.a. 500 inguru arte iritsi.

Burdin Aroaren sinkronismo eza

Beraz, aro honen data eta garapena desberdina da eremu geografikoaren arabera. Oro har, K.a. XII. mendean hasi zen Ekialde Hurbilean, Antzinako Indian (Rig-veda ondoko garaian), eta Antzinako Grezian. Europako beste tokietan geroago hasi zen.

Burdin Aroaren bukaera, Mediterraneo aldean, Helenismo eta Antzinako Erromarekin etorri zen; Indian, budismo eta jainismoaren garapenarekin; Txinan konfuzianismoarekin; eta, Ipar Europan, lehenengo Erdi Arora arte ez da gertatuko. Hauek hitzarmen historiografikoak dira, Burdin Aroaren amaiera, Historiaren (idatzizko iturri historikoen) hasieran jarri izan baita.

Ameriketan eta Australasian burdinaren erabilpena Europako kolonizatzaileek sartu zutela eta, ez zen inolako burdin arorik izan.

Burdin Aroa Europan

Europarentzat, Burdin Aroa Historiaurreko Europaren azken etapa da, eta Protohistoriaren lehena izan daiteke; Protohistoria esaten zaion aldia hasten baita, hain zuzen ere, greziar eta erromatar idazleek eskualde jakin baten deskribapenak egiten hasten direnean.

Hasiera eta bukaera

Italiako etxe itxurako errauts-kutxatila. K.a. IX-VII. mendea.

Ekialdeko Europa Mediterraneoan lehenago hasi zen: gorago aipatu den bezala, K.a. XII. mende inguruan. Europa erdialdean K.a. VIII. mendean (Hallstatt kulturarekin batera), eta Ipar Europan K.a. VI. mendean hasi zen.

Burdin Aroaren bukaera, Grezian, hiri-estatuen (Grezia klasikoarekin ) kultura zabaltzen denean bukatu zen; nahiz eta Antzinako Greziako historiarentzat, beste izendapen batzuk erabiltzen diren (ikus Antzinako Grezia). Italian, Antzinako Erromaren zabalkundearekin gainditu zen Burdin Aroa. Europaren zati handi batean, erromatarrek konkistatu ondoren, Burdin Aroak amaiera bortitza izan zuen. Baina Europako gune batzuetan, Kristo ondorengo mendeetara arte iraun zuen, eta, are gehiago, zenbait kasutan, kristautzea, Migrazio Garaia edo Goi Erdi Arora arte. Azken kasu hori gertatu zen bereziki Eskandinavian.

Burdina K.a. XI. mendearen amaieran sartu zen Europan, Kaukasotik segur aski, eta poliki-poliki iparralderantz eta mendebalderantz hedatu zen hurrengo 500 urteetan.[4] Dena den, Burdin Aroa ez zen hasi burdina Europan lehen aldiz agertu zenean, baizik eta erreminta eta armen prestakuntzan brontzea ordezten hasi zenean.

Aipatu bezala, Burdin aroaren hedatzea ez zen aldi berean gertatu Europa osoan; tokiko kultura-garapenak oso garrantzitsuak izan ziren burdinaren arorako trantsizioan. Adibidez, Historiaurreko Irlandako Burdin Aroa K.a. 500. urte inguru hasi zen (ordurako Greziako Burdin Aroa bukatuta zegoenean), eta K.o. 400. urtean amaitu zen. Burdinaren teknologiaren erabileraren orokortzea aldi berean gertatu ziren Europako parte handietan eta Ekialde Hurbilean[5].

Euskal Herrian burdinaren esplotazioa gutxienez K.a. IV. mendean hasi zen, Elduainen aurkitutako arrastoen datazioak erakusten duenez[6].

Bi etapa

Erdialdeko Europan bi alditan banatu ohi da, bertako kultura arkeologikoetan oinarrituta: Hallstatt kultura (Alpeetan Azken Brontze Aroan hasi eta Burdinaren aro goiztiarrean garatu zena) eta La Tène kultura (Hallstattetik mendebaldera zegoen eskualde batean bere sorlekua izan zuena). Hallstatt eta La Tène-ren kultura materialek 4 fase dituzte (A, B, C eta D faseak).[7]

Tradizionalki, Mediterraneoz kanpoko Europa osorako erabili izan dira aurreko izendapen horiek, haien kultura materiala erruz hedatu baitzen kontinentean, baina hauen kulturaren eragina hain indartsua izan ez zen lekuetan, Lehen Burdin Aroa (K.a. 1.000/800/700[8] - 400, Burdin Aroa I ere izendatua) eta Bigarren Burdin Aroa (K.a. 400 - 200, Burdin Aroa II ere izendatua) edo beste izendapen batzuk erabiltzen dira [9]. Frantziako INRAP institutuan honela banatzen ditu bi etapa horiek: lehenengoa edo Hallstatt, K.a. 800etik K.a. 450ra, eta bigarrena, La Tène, K.a. 450tik K.a. K.a. amaiera eta K.o. hasiera artean dagoen aldira arte[10]. Dena dela, eta beste garai arkeologikoekin gertatzen den bezala, datazio zehatzak geografikoki alda daitezke. Oro har, Europa Mendebaldean, Burdin Aroa Erromatar konkistarekin amaitzen da.

Gonzalo Ruiz Zapatero, Burdin Aroan erreferentziazko historialari espainiarra eta Madrilgo Unibertstiate Konplutentsean irakasle dena, taula geo-kronologiko hau osatu du, eragin handiena zuten kultura arkeologikoekin[3]:

Burdin Aroaren eskema kronologikoa Europan, eremu geografikoen arabera
AldiaEgeoItaliaIberiaEuropa ErdialdeaBritaniaEuropa Iparraldea
Aro aldaketa ErromaErromaErromaErromaErromaErromatar Burdina
K.a 200 Erroma - - Azken La Tène amaiera eta Erroma Azken La Tène Erromatar Burdina
K.a 400 Grezia klasikoaErromaBigarren Burdin AroaLa Tène beteaBurdin Aro erdiaErromatarren aurreko Burdina
K.a 600 Aro Arkaikoa--Hasierako La TèneAntzinako Burdin AroaAzken Brontzea mendearen erdialderaino ggb
K.a 800 Aro geometrikoaEtruskoakLehen Burdin AroaHallstattAzken Brontzea mendearen erdialderaino ggbAzken Brontzea
K.a 1000 Brontze AroaBrontze AroaBrontze AroaBrontze AroaBrontze AroaBrontze Aroa

Europako lehen Burdin Aroko zenbait kultura hauek dira: Grezia geometrikoa eta arkaikoa, Hallstatt, Golasseca kultura, Villanovako kultura, Tartessos...

Europako bigarren Burdin Aroko zenbait kultura hauek dira: La Tène eta Zeltiberiarren kultura, Mediterraneoan zibilizazio historikoak sortzen dira: Grezia klasikoa eta bere koloniak, Erroma, Etruskoak, Punikoen eta greziarren koloniak mediterraneo mendebaldean, Iberiarrak...

Lehen Burdin Aroa

Europa hezean, Hallsttat kultura garatzen da. Mediterraneoko arroan, Grezia izango da antolaketa politiko konplexuak eraikitzeko baldintzak sortuko dituen lurraldea, denborak aurrera egin hala, polisak eratuko dituena. Grezian hirigintza garatu zen eta kolonien fundazioa indartuko da; Mediterraneo eta Itsaso beltzeko itsas hertzeko hainbat tokietara iritsiko dira. Merkataritzak eta idazketak ere indartu ziren. Italiako penintsulan aldaketa horietako batzuk ere nabarmentzen dira. Une horretan, Italian askotariko kultura loratu dira[11]: Situlen kultura Veneto aldean, Villanovako kultura Italia ipar-zentroan, Golassseca kultura ipar-mendebaldean, Liguriako estatua-zutarriak, Sardinia eta nuragheen jarraipena eta hegoaldeko kolonizazioak[12][13].

Eraldaketa horiek guztiek sakonki eragin zuten Europako beste lurraldetan. Zona batzuetan Azken Brontze Aroan garatutako kulturekiko jarraipena da nagusi, beste batzuetan ordea, lurraldearen berrantolaketa bat ikusten da.

Ezaugarriak

Europan, Burdin Aroan, leku garietan egindako herri harresituak biderkatzen dira, errausketa orokortzen da ehorzketarako eta tornua erabiltzen hasten da zeramika poteak egiteko.

Portugalgo Guimarãesen kokatutako Citania de Briterios aztarnategian Burdin Aroko herri tipoa ikus daiteke. Asentamendu honek, leku garai batean eraikitako herri gotortua zena, 3,8 Ha zituen eta erromatarren inbasioen aurka. Bertan,bestak beste anforak, txanponak, zeramika zatiak, armak eta bitxiak aurkitu dira, baita bainu baten hondakinak. [14] [15]

Europa eta Ekialde Hurbileko kronologia alderatuta

Maurya InperioaBikingoen AroaGermaniar herriakGermaniar herriakGermaniar herriakAntzinako ErromaEtruriarVillanovako kulturaEgiptoko Aro BerantiarraEgiptoko Inperio BerriaErromatar InperioaLa Tène kulturaHallstatt kulturaGrezia klasikoaGreziako Aro ArkaikoaGreziako Aro IlunaAkemenestar Inperioa

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «History of Europe - Bronze Age, Iron Age, Migration Periods | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-22).
  2. European prehistory : a survey. Kluwer Academic/Plenum Publishers 2002 ISBN 0-306-46793-3. PMC 49564894. (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).
  3. Ruiz Zapatero, Gonzalo. (2015). Gentes de la Edad del Hierro. Comunidad de Madrid. Consejería de empleo, turismo y cultura ISBN 9788445135013..
  4. Riederer, Josef; Wartke, Ralf-B.: "Iron", Cancik, Hubert; Schneider, Helmuth (eds.): Brill's New Pauly, Brill 2009
  5. (Ingelesez) Collis, John. (1989). The European Iron Age. New York: Schocken Books ISBN 9780805239416..
  6. (Gaztelaniaz) Salvador, Joseba. (2023-03-28). «Encuentran restos de la actividad metalúrgica del Leitzaran previa a la llegada de los romanos» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-04-01).
  7. ISBN 978-0-500-27998-4..
  8. Iturriaren arabera Burdin Aroaren hasiera alda daiteke, ez bakarrik puntu geografikoaren arabera.
  9. «Euskal Herriko Historia. Historiaurrea - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-15).
  10. (Frantsesez) «L'âge du Fer» Inrap 2016-01-19 (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
  11. Peñalver, San Jose. (2011). Burdin Aroa Gipuzkoan = La Edad del Hierro en Gipuzkoa. Arkeologia 0.3. in: Arkeologia. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN 9788479076689..
  12. Rodríguez López, María Isabel. La Prehistoria de Italia y sus manifestaciones artísticas. Las culturas italianas protohistóricas y prerromanas. Madrilgo Konplutense Unibertsitatea ISBN 8496359425..
  13. «Tesauros - Diccionarios del patrimonio cultural de España - Cultura de Golasecca» tesauros.mecd.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-18).
  14. Francisco Sande Lemos. Citânia de Briteiros. .
  15. Citânia de Briteiros. .

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.