Bund
Poloniako, Lituaniako eta Errusiako Langile Juduen Federakunde Nagusia edo Bund (yiddishez: Algemeyner Yidisher Arbeter Bund in Lite, Polyn un Rusland; Bund hitzak yiddishez «federakunde» esan nahi du) judu langileak biltzen zituen judu alderdi sozialista izan zen.[1]
Poloniako, Lituaniako eta Errusiako Langile Juduen Federakunde Nagusia Bund | |
---|---|
Sorrera | 1897 |
Desegitea | 1920 (Errepublika sobietarretan) 1947 (Polonian) |
Ideologia politikoa | Sozialismoa Judu autonomismoa Antisionismoa |
Historia
Sorrera
Bund erakundea 1897an sortu zen, Errusiar Inperioko langile judu guztiak elkarte bakar batean batzeko asmoz. Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata 1898an sortzean, Bund erakundea mugimendu marxista bateratuaren parte izatera pasa zen, baina azken honen II Kongresuan, Bund erakundeak alderdi bateratua utzi egin zuen, honek Bundaren autonomia nazionalerako proposamena onartu ez zuelako.[1]
Errusiar Inperioan
1906an, IV Biltzarrean, berriz batu bazen ere, batasun hori formazkoa izan zen, ez benetakoa. Bundistek, errusiar mugimendu marxistaren zatiketaren aurrean, gehienbat mentxebikeen alde egiten zuten (adibidez, 1912ko abuztuan mentxebikeen Konferentzian parte hartzerakoan). Bund erakundea sionismoaren aurka zegoen, Europako juduentzat Palestinan Estatu judua eraikitzeko emigratzea baino autonomia kulturala defendatzen zuelako, eta juduen hizkuntzatzat hebreeraren ordez yiddisha aldezten zuelako; halere, judu askok Palestinara emigratzeak, Bundaren militantziaren murrizketa ekarri zuen.[1]
Polonian, Bierrolusian eta Ukrainan
1914an Poloniako Bund banandu egin zen eta alderdi propioa eratu zuen. Errusiako Bund erakundea, batez ere Bielorrusian eta Ukrainan zen indartsua eta juduak pogrometatik defendatzeko miliziak antolatzen zituen.[1]
1917ko iraultzan parte hartzea
1917an otsaileko iraultza burgesa babestu zuten, eta urte horretan batez ere mentxebikeen alde egin zuen, adibidez hauen politika kontziliatzailea babestuz eta Urriko Iraultzaren aurka eginez (lider bundistarik ezagunena, Mikhail Liber, mentxebikeen buruzagi izan zen). Hala ere, zuriek eramandako pogrom gogorrek bundista asko boltxebikeengana hurbildu zituzten, Bundaren barruan zatiketa prokomunista bat sortuz (1920an Bielorrusiako Homel hirian izan zen zatiketa erabatekoa).[1]
Bundista batzuek boltxebikeekin lan egitera pasa ziren, adibidez David Petrovski (Sobietar Industria Astunerako Herri Komisarioa 1932-37) eta Moisei Rafes (Kominternaren ordezkaria Txinan eta Sobietar Zinema Konpainiaren zuzendaria). SESBen, Bundaren “post mortem” lorpenik handiena, Birobidzhaneko Judu Oblast Autonomoaren sorrera izan zen. Polonian alderdi aktiboa izan zen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte, eta nazismoaren aurkako erresistentzian (esaterako Vartsoviako Ghettoko Matxinadan) parte hartu zuen. Gaur egun ez da alderdi bezala existitzen, baina badaude Bundaren ondarea bizirik mantentzen duten zenbait judu gune kultural.[1]