Buffavento gaztelua
Buffavento gaztelua (grezieraz: Kάστρο Βουφαβέντο, Kástro Boufavento; turkieraz: Buffavento Kalesi) Zipre iparraldeko Kirenia hiria inguratzen duten gazteluetako bat da. Ez da ezagutzen noiz eraiki zen baina bizantziar garaikoa dela uste da. XIV. mendean bertan behera utzi zen.
Buffavento gaztelua | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Zipre |
Monasterio | Bellapais abadetxea |
Koordenatuak | 35°17′15″N 33°24′36″E |
Altitudea | 934 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Jabea | Bizantziar Inperioa |
Arkitektura | |
Estiloa | bizantziar arkitektura |
Historia
Buffavento gazteluak San Hilarion gaztelua du mendebaldean eta Kantara gaztelua ekialdean, eta hiruen artean Kirenia mendikatea gotortzen dute. Buffavento gaztelua gainerako bi gazteluetatik ikusten denez mezuak transmititzeko erabili izan zen.
Sorrera
Gazteluak noiz eraiki ziren aurkitu nahian hainbat hipotesia plazaratu dira:
- 965. urtean, arabiarrak uhartetik kanporatuak izan zirenean.
- 1091. urtean, Rhapsomates familia errebeldeak Eumathios Philokales gobernadorearen agintaldian.
- XI. mendean, Seljuktar Inperioak Ziliziako kostaldea erasotu zuenean.
- XII. mendean, Gurutzatuen estatuei aurre egiteko.
Lusignan garaiko kondaira batek dioenez emakumezko noble zipretar batek eraiki zuen Tenpluko Ordeneko zaldunei aterpea emateko 1191. urtean eta horregatik "Leonne" (Lehoi) edo "Erreginaren gaztelua" ezizena izan zuen. Buffavento izena italieratik hartua da eta "Haizeari aurre egiten diona" esan nahi du euskaraz. Koutzoventi izeneko herrian zegoen monasterio batetatik ateratako izena omen da[1].
Erdi Aroan
Piraten erasoei aurre egiteko atalaia funtzioa izan zuen. 1191. urtean Rikardo I.a Ingalaterrakoak eskuratu zuen Isaac komnenosen aurkako kanpainan Zipre guztia konkistatu zuenean[2]. Gazteluaren babes egiturak oso sendoak zirenez badirudi defendatzaileak errenditu egin zirela ingelesek san Hilarion eta Kantara gazteluak hartu ondoren.
1218an Hugo I.a Ziprekoa hil zenean John d'Ibelin Zipreko erregearen (bide batez Jerusalemgo erbesteko erregea ere bazena) eta Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoaren arteko lehia sortu zen Jerusalemgo koroa eskuratzeko. 1228. urtean Frederiko II.a Limasolen lehorreratu zen eta gerra sortu zen. 1229 eta 1233 artean Buffavento gaztelua sarritan izan zen bataren zein bestearen eskutan, azkenean zipretarrak nagusitu ziren arte.
XIV. mendean Veneziako Errepublikak eskuratu zuen Zipre eta Buffavento gaztelua bertan behera utzia izan zen[3]. 1683. urtean Cornelius van Bruy bidaiari herbeheretarrak dagoeneko aipatzen du gaztelua hondarretan dagoela[4].
Arkitektura
Buffaventon gaztelua 960 metrotako garaieran dago[4] eta igo behar da bertara iristeko. Harkaitz bertikalen ondorioz mendebaldetik, iparraldetik eta ekialdetik igotzea ezinezkoa da.
Eremu harkaiztsu horretan espazioa aurreztu beharra aurkitu zuten eta gaztelua osatzen duten eraikin gehienek oinarrri irregularra dute. Eraikin nagusia egiteko uharteko itsasertzeko kareharriak eta mendiko harriak erabili ziren. Ez dauka apaingarri handirik. Gaztelua bi eremutan antolaturik dago, bata goian dago itsasoari begira eta bestea azpian hegoaldeko lautadari begira[5]. 600 maila inguruko eskailera luzeak lotzen ditu biak. Goiko eremuaren ekialdeko ertzean hainbat eraikin aurkitzen dira, dorre bat, zisterna bat eta eliza izan zitekeen eraikin bat. Gazteluaren mendebaldeko muturrean dorre isolatu baten hondarrak mantentzen dira.
Gazteluko harresien kanpoaldean ur-zisterna handi bat eta ikuiluak daude. Gaztelurako atea bi solairutako dorre errektangular batean kokaturik zegoen, frantziar estiloko puntuko arkua zuena. Atearen ondoan itxura irregularreko hiru eraikin daude eta laugarren baten hondarrak ere ikusten dira. Mendebaldeko muturrean bakarti baten hondarrak aurkitzen dira[2].
Ez da sukalderik ez janari biltegirik aurkitu eta horren ondorioz gazteluko gelek funtzio anitzak betetzen zituztela pentsatzen da[1].
Iruditegia
Erreferentziak
- Ucar, Gulnur. (2004). The Crusader Castles of Cyprus and Their Place Within Crusader History. Middle East Technical University Thesis. Middle East Technical University: 1–178, 87–91 or..
- Petre, James. (2010). Crusader Castles of Cyprus: The Fortifications of Cyprus Under the Lusignans 1191– 1489. University of Cardiff Thesis. University of Cardiff: 1–413, 120–123, 126 or..
- Molin, Bengt Kristian. (1995). The Role of Castles in the Political and Military History of Crusader States and the Levant 1187 to 1380. Leeds University Thesis. Leeds University: 1–448, 18–28 or..
- (Ingelesez) «BUFFAVENTO CASTLE» SIGHTS OF NORTH CYPRUS (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
- (Ingelesez) Buffavento Castle – North Cyprus. (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).