Bruno Ruiz de Apodaka

Bruno Ruiz de Apodaka Juarrero Espainiako Gerra Zibilean Araban legez kanpoko exekuzio ugaritan aritutako karlista izan zen, gero urte askoan Gasteizko Udaltzainburu izan zena.[1]

Bruno Ruiz de Apodaka
Bizitza
Jaiotzaezezaguna
Herrialdea Espainia
Heriotzaezezaguna ( urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolizia, Zapataria eta requeté soldier (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Adar militarraErrekete
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila

Ruiz de Apodaka oso famatua bihurtu zen eta arabar askok izua zioten, kolpisten menpeko kartzeletan zeuden presoak erailtzeko "paseo" gehienetan parte hartu zuelako, haiek exekutatzen zituzten patruilen arduradun gisa.[2]

Datu biografikoak

Espainiar karlisten eta tradizionalisten ikurrak.

Ogibidez zapataria, "Juventud Obrera Católica" elkartearen lehendakaria izan zen. Espainiako II Errepublikaren azken urteetan "Casa Social Católica" elkartearen propaganda ekintzetan aritu zen, zenbait kale-istilutan parte hartuz. 1932an Errepublikaren aurkako kolpe saiakeraren ("sanjurjada") ostean izandako istiluetan, poliziak tiroz zauritu zuen. Zauri honen ondorioengatik, 1936ko kolpearen ostean ez zen militarki mobilizatua izan; baina matxinatuei laguntzeko gogoz, Errekete Auxiliarrean izena eman zuen, karlisten erretaguardiako milizian alegia. Erakunde honetan, tenientea eta errepresio ekintza parapolizialen arduradun bihurtu zen.

Iturri batzuen arabera, Sagrario Ruiz de Apodaka kazetaria Bruno Ruiz de Apodakaren alaba izan daiteke.[3]

Errepresio jarduna

Azazetako 16 eraildakoei eginiko omenaldia, 2017

1936ko uztailaren 18ko gauean, Apodaka Gobernu Zibilaren parean zelatan aritu zen, estatu kolpearen aurkari posibleen joan-etorriak apuntatuz.[4] Gero, legez kanpoko exekuzioetan aritu zen nagusiki.

Prozedura beti berdintsua izaten zen: gauerdian, sistematikoki, Arabako Gobernu Ordezkaritzatik zenbait presoren askatasun aginduak jaulkitzen ziren; izen aukeraketa informatzaileen araberakoa izaten zen, agintari arduradunen borondate ona edo txarraren eraginpean. Agindu hau betez, presoa kartzelako atarira eramaten zen; han erreketez (Apodakaren aginduetara) edota falangistez (Eduardo Vallejoren edo Claudio Lengaran-en aginduetara) osatutako exekuzio-patruilek hartzen zuten. Teoriaz patruila hauek "kontrolik gabe" ziharduten, autoritateen bizkar alegia; praktikan, ostera, haiekin koordinaturik aritzen ziren. Horregatik artxiboetan, preso hauei buruz agertu ohi den azken informazioa haiei sinarazitako askatasun agindu bat izaten da.[5]

Bruno Ruiz de Apodaka preso "askatu" hauek hartzen zituzten patruilen arduraduna zen, Alfonso Sanz Gomez probintziako polizia buruaren aginduetara; "paseoak" 1936ko abuztutik abendura burutu ziren, gehienak Apodakaren ardurapean, Azazetako sarraskia deritzona barne.[6][7]

Espetxeetatik ateratako presoen erailketez gain, Apodakaren patruilek herririk herri ere ibili ziren, batzuetan aldez aurretik osatutako zerrenda bateko pertsonen bila, eta beste batzuetan bertatik bertara aukeratuz. Kasu batzuetan, erail beharreko pertsonak aurretik torturatu zituzten.[2] Inoiz, halere, zenbait herriko alkate karlistek (Agurain, Berantevilla, Durruma) exekuzio patruilen lana eragotzi zuten, haien ardurapeko herritarrak babestuz.[1]

Bere patruiletan parte hartu zuten beste zenbait pertsonaren izen edo ezizenak ezagutzen dira: Anuntzibai (goardia gasteiztarra); Del Pujo,[2] "Turuta", "Betokerra".[8]

1936ko azaroan, kolpistek Madrilen aurka eginiko ofentsiba zela eta, Apodaka hara bidali zuten; pare bat hilabetez, hango exekuzioetan aritu zen.[1]

Kondenak Epaitegi Militarren esku geratu zirenean, legez kanpoko exekuzio hauek amaitu ziren eta Apodaka beste ardura batzuetara pasatu zen, zalantzazko funtzionarioei buruzko depurazio txostenak eginez.[1] 1938an, matxinatuek saria eman zioten, “Agente Auxiliar Interino del Cuerpo de Investigación y Vigilancia” izendatuz, Ordenu Publikoaren Ministeritzaren aginduetara, herritarrei buruzko txostenak egiteko eskumenarekin, eta hileko 312 pezetatako soldatarekin.[2]

Gerra ostekoak

Olarizu mendia, gurutzea gainean duela.

Ruiz de Apodaka Gasteizko Udaltzainburu izendatua izan zen, eta lan horretan jardun zuen 20 urte baino gehiagoz. Bere ezaugarria atxilotuei emandako tratu txarrak izan ziren; garai honetan heriotzaren bat ere eragin zuelarik. Gerrako errepresioan jardundako Anuntzibai ere lankide izan zuen. 1967an biak oraindik zerbitzuan zeuden.[2]

Apodakaren arduretako bat gerrarengatik erbesteratuei buruzko informeak egitea izan zen, itzultzeko baimena eman edo ez erabakitzeko.[2]

1952an, Olarizuko gurutzearen eraikuntzaren sustatzaileetako bat izan zen.[9][10]

Ez zuen bere errepresio ekintzekiko damurik agertzen, are, 108 pertsona hil izanarengatik harro agertu ohi zen. Denborarekin, halere, zenbait biktimaren familiak oldartu zitzaizkion, eta egindakoa ukatzen hasi zen. 1957 inguruan, Angel Ruiz de Pinedo CNTko erbesteratuaren itzultzearen kontrako informea egin zuen, eta senideak etxera joan zitzaizkion, irainduz eta mehatxatuz; handik hilebetera bihotzekoa izan zuen. Kontatzen zenez, tik nerbioso bat omen zuen, ezin zuen lorik egin eta beldurrez bizi zen.[1] Franco hil ostean, Clemen Abaitua (Azazetan eraildako Jose Luis Abaitua Perezen arreba) parkeko eserleku batean eserita zegoen; Apodaka ondoan eseri zitzaion eta, ahapeka eta hitz totelka esan zion: "Nik ez nuen zure anaia hil".[11]

Apodakaren biktimak

Isaac Puente, Maeztuko medikua.

Bere biktimen artean zenbait izen baieztatu dira:[2]

  • Modesto Manuel Azkona Goikoetxea.
  • Esteban Iñíguez de Heredia.
  • Julián Alarcia.
  • Isaac Puente Ameztoi.
  • Primitivo Herrero.
  • Teodoro Olarte Aizpuru.
  • Daniel Palacios.
  • Casto Guzmán de Castro.
  • Ricardo Ibáñez Hidalgo.
  • Benedicto Luna López.
  • Columba Fernández Doyague.
  • Guillermo Bauza.
  • Fidel Uribe.
  • Adrián Uribe.
  • Pablo Cañas.
  • Germán Cornes.
  • Miguel Sáez.
  • Pedro Osés.
  • Jesús Estrada Abalos.
  • José Luis Abaitua Pérez.
  • Teodoro González de Zarate Sáez.
  • Víctor Alejandre Angulo.
  • Eduardo Cobo González.
  • Jaime Conca Amorós.
  • Manuel José Collel Aguilá.
  • Francisco Diaz de Arkaia López de Aberasturi.
  • Constantino González Santamaria.
  • Daniel García de Albeniz Azazeta.
  • Antonio García Bengoetxea.
  • Francisco Garrido Sáez de Ugarte.
  • Manuel Hernández Ibáñez de Garaio.
  • José Domingo San Vicente.
  • Casimiro Cerrajería Izurrain.
  • Prisco Hernáez Arejola.
  • Teodoro Bazán.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Góngora, Francisco; Álava, Historia Perdida De. (20150707001052). «El alav�s de los 108 asesinatos» Bizkaia - El Correo.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  2. (Gaztelaniaz) triskelpablo. (2016-10-29). «BRUNO RUIZ DE APODACA, ASESINO FRANQUISTA ALAVES.» Crónicas a pie de fosa. (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  3. (Gaztelaniaz) «El caso «Bruno» Milá-Ruiz de Apodaca: Víctimas, asesinos y supuestos descendientes.» Kaos en la red (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  4. Berriozabal, Roman. (2020). Represión y asesinato en Araba. https://www.noticiasdealava.eus/.
  5. (Gaztelaniaz) «ORDEN DE LIBERTAD DE ANTONIO BARRÓN. 1 de septiembre de 1936» Álava Libertaria 2015-03-18 (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  6. Ahaztuak1936-1977. (jueves, marzo 29, 2007). «AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977: ARABA: 70 ANIVERSARIO DE LOS ASESINATOS DE AZAZETA. El próximo sábado "AHAZTUAK 1936-1977" realizará un homenaje público en Vitoria- Gasteiz» AHAZTUAK 1936-1977 / OLVIDAD@S 1936-1977 (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  7. (Gaztelaniaz) Armentia, Iker. (2017-03-31). «Después de que me hayan matado, no me olvides» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  8. Elustondo, Miel A.. "Gerraren ondorioz hilak ez, fusilatu egin zituzten". https://www.argia.eus/.
  9. Guereñu. (2018-04-09). «Mendiolan bizi: Cruz de Olarizu» Mendiolan bizi (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  10. «"Sobre la cruz de Kutzemendi" -Raul Gartzia (Ahaztuak)» Halabedi (Noiz kontsultatua: 2021-02-08).
  11. Mikel Hernandez Abaitua, Jose Luisen bilobaren komunikazio pertsonala.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.