Brigada Gorriak
Brigada Gorriak (italieraz: Brigate Rosse) 1969an sortutako Italiako talde armatu komunista bat izan zen.
Brigada Gorriak | |
---|---|
Datuak | |
Mota | erakunde terrorista |
Herrialdea | Italia |
Ideologia | marxismo-leninismoa |
Kokapen politikoa | Ezker iraultzaile politiko |
Jarduera | |
Kide kopurua | 25.000 |
Agintea | |
Lehendakaria | Renato Curcio, Alberto Franceschini eta Margherita Cagol |
Historia | |
Sorrera | 1966 |
Desagerpena | 1988 |
Italia iparraldeko langile mugimenduaren baitan jaioak, hasieran lantegi mailako propaganda ekintzak burutu zituzten. 1970eko hamarkadan, zeluletan antolatu, egitura paramilitarra hartu eta hiri-gerrillari ekin zioten. Brigada Gorriek estatuaren aurkako borroka armatua sakonki teorizatu zuten, estatua Multinazionalen Estatu Inperialista (italieraz: Stato Imperialista delle Multinazionali edo S.I.M.) bezala definituz. 1980ko hamarkadan infiltrazioak eta barne zatiketak ezagutu zituzten.
Beraien ikurra bost puntatako izar asimetrikoa zen. BR akronimoa erabiltzen zuten.
Ideologia
Brigada Gorriak erakunde marxista-leninista bat zen, bere burua erakunde gerrillari bezala hartzen zuena. Beraien helburua "boterea eskuratzeko langileriari bidea erakustea" zen, ondoren Italian "Proletargoaren Diktadura eta komunismoaren eraikuntza" burutu ahal izateko. Horretarako, ekinbide politiko-militarra hobesten zuten.
Brigada Gorrien barnean posizio desberdinak bereizten ziren, erakundeko kideen jatorri desberdinen araberakoak neurri batean. Korronte hauek, askotan, erakundearen historia eta garapenarekin ere lotu ohi dira. Normalean bereizketa hau egiten da:
- Posizio sindikalista
- Posizio militarista
- Posizio mobimentista
Historia
Sorrera
Brigada Gorriak Milano eta Turin industria hirietan sortu ziren, mugimendu sindikalaren baitan. Hasieran, eskuin-muturreko taldeei aurre egitea izan zen euren lehentasuna (garai hartan Italian terrorismo beltza bezala ezagututako eskuin-muturreko taldeen ekintzak ugariak ziren). Trentoko unibertsitateko Renato Curcio izan zen Brigada Gorrien sortzaileetako bat.
Lehen garai honetako kide gehienak erdi-mailako langileak, ikasleak (sarritan inguru katolikoetakoak), irakasleak eta enplegatu publikoak ziren. Askotan, hiri-ingurunetik deserrotuak zeuden eta behin behineko langileak ziren. Bizilagunen, ikasleen, feministen eta abarren protesta mugimenduetan elkarrekin esperientziak izan zituztelako zuten harremana. Beraien lehen ekintzak enpresa handietan eginiko sabotajeak eta sindikatuen aurkako erasoak izan ziren. Geroago bonbak kamioietan edo zuzendarien kotxeen aurkako sabotajeak egiteari ekin zioten. 1972an, Brigadek lehen aldiz pertsona bat bahitu zuten: Pirelli lantegiko nagusi bat. Ordu batzuez bahituta eduki ondoren, enpresak langileak kontrolatzeko zerabiltzan metodoei buruz galdekatu ostean askatu zuten. Guztiek ikus zezaten, langileen turno aldaketarekin batera, lantegiko sarreran askatu zuten, kateaturik utziz.
Garai hartan, lan gatazkei loturiko mota horretako bahiketa ugari burutu zituzten, Colpirne uno per educarne cento (euskaraz: «Bakarra kolpatu ehunka hezteko») leloari jarraituz. Normalean argazkia ateratzen zieten bahituei, lepotik kartel bat zutela.
Hedapena
1974tik aurrera, Brigada Gorriek euren jarduna Erroma, Genova eta Veneziara zabaldu zuten. Epe honetan, Italiako erregimen politiko nahiz ekonomikoko kide esanguratsuak bahitu zituzten. 1975ean manifestu bat argitara eman zuten, non Estatuaren bihotzaren aurkako greba orokorra egitera deitzen zuten. Aipatu bezala, Brigadentzat estatua multinazional kapitalisten tresna hutsa zen. Era berean, Demokrazia Kristaua alderdiaren aurka jo zuten, honek estatuaren gidaritza baitzuen. 1974ko ekainean, Brigadek Movimento Sociale Italiano mugimendu faxistako bi kide hil zituzten, kalte material hutsak eragitea helburu zuen ekintza batean. Ekintza honekin, lehen aldiz hildakoak eragin zituzten Brigadek. Honen ondorioz, erakundeko kideak klandestinitatera pasa ziren, lantegietan beraien ekimenak gutxituz hemendik aurrera. Hau garrantzitsua izan zen oso Brigaden garapenean, momentu hartara arte erakundearen funtsa lantegietako lan politikoa baitzen.
1976an Carabinieri-ek Brigada Gorrietako hainbat kide atxilotu zituzten, haietako bat (Walter Alasia) hilez. 1977ko apirilean, Brigadek Partito Comunista di Combattimento (euskaraz: «Borrokarako Alderdi Komunista») sortu zutela iragarri zuten, langileriaren gida politiko gisa jarduteko helburuarekin. Handik aurrera, ekintza armatuek, polizien eta epaileen aurka berezik, izugarrizko igoera ezagutu zuten. Era berean, Brigaden militantziak aldaketa ezagutu zuen: kide gehienak ikasleak ziren, Brigaden hasierako langile izaera ahulduz. 1978an Brigadek Aldo Moro Italiako lehen ministro ohia eta Demokrazia Kristauko burua bahitu eta, egun batzuen ostean, hil zuten. Momentu horretan sorpasso delakoa eztabaidatzen ari zen, hau da, Demokrazia Kristaua eta Italiako Alderdi Komunistaren arteko akordiorako aukera.
Brigada Gorriek Aldo Mororen bahiketa estatuaren bihotzaren aurkako beraien estrategiaren puntu gorena bezala ulertzen zuten. Aldo Moro bere eskolta osoa hil ostean bahitu zuten. Ondoren, herriaren espetxe batean zegoela esanez eta herri epaiketa bat jasango zuela adieraziz, komunikatua argitara eman zuten Brigadek. Bahiketa iraun zuen bitartean, prozesuaren berri emanez 8 komunikatu atera zituzten Brigadek, azkenekoan heriotzera zigortua izan zela esanez.
Ahultzea
Mororen hilketak Brigada Gorrien ahultzearen hasiera ekarri zuen. Gobernuak errepresio kanpaina gogor bati ekin zion, ezker iraultzaileko sektore zabalak kolpatuz: 1979ko apirilaren 7an, atxiloketa masiboak burutu zituen poliziak, besteak beste Autonomia Operaria taldeko intelektualak, Metrópoli aldizkariko kolaboratzaileak, etab. atxilotuz. Hauen artean Paolo Virno, Toni Negri, Oreste Scalzone eta Luciano Ferrari Bravo zeuden. Espetxean urte batzuk eman otean, azkenean Brigadekin zer ikusirik ez zutela onartu zen. Errepresio zabala izan zen, beraz: 12.000 ekintzaile ezkertiar atxilotu zituzten 1980ean, 300 bat lagunek Frantziara ihes egin zuten eta beste hainbestek Hego Amerikara. Unibertsitateko irakasleei "Errepublikari Leialtasuna Zinegitea" behartu zitzaien, Estatuaren aurkako edozein kritika desagerrarazi asmoz. Era berean, Brigadetako preso batzuek ere Aldo Mororen hilketaren aurka agertu ziren.
1981ean Brigadek James Dozier jeneral estatubatuarra bahitu zuen. Poliziak bahitua askatu eta hainbat brigadista atxilotu zituen.
1984an, Brigada Gorriak bitan zatitu ziren: gehiengoa Alderdi Komunista Borrokalaria (italieraz: Brigate Rosse-Partito Comunista Combattente, BR-PCC) izena hartu zuenarekin bat egin zuen, eta gutxiengoak Komunista Borrokalarien Batasuna delakoarekin (italieraz: Brigate Rosse-Unione dei Comunisti Combattenti, BR-UCC). Urte berean, Brigadetako lau preso esanguratsuk (Curcio, Moretti, Ianelli eta Bertolucci) publikoki borroka armatuaren aurka agertu ziren.
1985an Frantzian erbesteratutako militante ohi batzuk Italiara itzuli ziren, atxiloketek jarraitzen zuten bitartean. 1986ko otsailean, BR-PCCk Florentziako alkate ohia hil zuen. 1987ko martxoan, BR-UCCk Licio Giorgieri jeneralan hil zuen Erroma. 1988ko apirilean, BR-PCCk Roberto Ruffilli senataria hil zuen. Horren ostean, Brigada Gorrien bi fakzioen ekintzak asko gutxitu ziren, atxiloketak ugariak izan baitziren.
Brigada Gorriak gaur
Gaur egun Brigada Gorri berriez (Nuove BR) hitz egiten da. Hau, baina, ez da erakunde bat, hedabideetan erabiltzen den terminoa baizik.
Brigada Gorrien azkeneko ekintza ezagunak ondoko hauek dira:
- 1999: Massimo D'Antona zentru-ezkerreko gobernuko kontseilari ekonomikoaren hilketa.
- 2002ko martxoaren 20a: Marco Biagiren hilketa (1999ko ekintzako pistola berarekin), Silvio Berlusconiren gobernu eskuindarreko kontseilari ekonomikoa. Brigada Gorriek (Brigate Rosse per la costruzione del Partito Comunista Combattente izenarekin) ekintza bere gain hartu zuten.
- 2003ko martxoaren 3a: Brigadetako bi kide, Mario Galesi eta Nadia Desdemona Lioce, eta poliziak tiroketa bat hasi zuten Terontolako tren geltoki batean. Galesi brigadistak eta Emanuele Petri poliziak bizia galdu zuten. Lioce atxilotu zuten.
- 2003ko urriaren 23a: Carabinieriek Brigadetako sei kide atxilotu zituzten Florentzia, Sardinia, Erroma eta Pisan.
- 2007ko otsaila: 15 lagun atxilotu zituzten Italiako hainbat hiritan, Brigada Gorriak berrindartzeko asmoa izatearen akusaziopean. Zehazki, Partito Comunista Politico-Militare-ko kideak izatea egozten zitzaien.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Italieraz) Brigada Gorriei buruzko orria
- (Italieraz) Brigada Gorrien komunikatuak