Bretainia
Bretainia[1] (bretainieraz: Breizh, /bʁejs/ ahoskatua; frantsesez: Bretagne; galoz: Bertaèyn) eskualde historiko eta kulturala da, sei nazio zeltetako bat. Kulturalki, Kornualles eta Galesekin oso lotura estua du haien hizkuntzak (galesa eta kornubiera) bretainieraren ahaide hurbilenak baitira.
- Artikulu hau Bretainia eskualde historiko eta nazioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bretainia (argipena)».
Bretainia | |||
---|---|---|---|
Breizh Bertaèyn Bretagne | |||
Ereserkia: Bro Gozh ma Zadoù | |||
| |||
Localisation Duché de Bretagne.svg | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Nantes eta Rennes 48°0′0″N 3°0′0″W | ||
Azalera | 34.034 | ||
Punturik altuena | Roc'h Ruz (en) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | Frantzia | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 4.687.381 (2016) | ||
Dentsitatea | 137,77 bizt/km² | ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Bestelako informazioa | |||
Ordu eremua | |||
Internet domeinua | Point BZH |
Frantzia ipar-mendebaldeko Armorika penintsula osoa hartzen du Bretainiak, Mantxako kanalaren eta Bizkaiko golkoaren artean. Lau departamendu ditu: Côtes-du-Nord, Finistère, Morbihan eta Ille eta Vilaine (27.000 km2). Berez, Loira Atlantikoa departamendua historikoki Bretainiakoa zen, baina eskualdetik kanpo laga zuten Frantziako Iraultzaren ondoren.
Orografia
Mendebaldeko Bretainiak edo Bretainia Behereak barnealdean mendi apalak ditu (Arrée mendiak, 384 m; Mendi Beltza, 325 m). Lurralde zelaiak zabaltzen dira mendi horien eta kostaldearen artean. Ibai sakonek urratzen dituzte eremu lauak. Itsasora orduko, zabaldu eta bokale handiak osatzen dituzte. Kostaldea guztiz malkartsua da: penintsulak eta uharteak ugari dira, eta badiek, golkoek eta lurmuturrek itsasertza etengabe mozten dute . Iparraldeko kostaldea hegoaldekoa baino garaiagoa eta malkorragoa da.
Kostaldea 1.200 kilometro luze da, hots, Frantzia osoko kostaldearen heren bat baino gehiago da.
Bitan banatzen dira, bestalde, Behe Bretainiako lurraldeak: Armor («Itsasaldeko herria») eta Argoat («Oihan-herria»). Ekialdeko Bretainia edo Bretainia Garaia eremu zabal eta irekiagoa da, eta lurrak askoz ere lauagoak dira.
Klima
Bretainiak klima ozeanikoa du, hezea eta ez oso hotza. Euria urte osoan eta noiznahi egiten du, baita egun eguzkitsuetan ere. Bisitari askok diotenez, egun bakarrean «lau urtaroak» bizi ahal izatea ohikoa omen da. Bretainiar atsotitz batek dioenez:[2]
« | Lurralde honetan egunero euria egiten du; igandean, berriz, bitan. | » |
Barnealdean elurra egin ohi du neguan. Hegoaldea, Loira ibaiaren aldea, eguzkitsuagoa da. Halere, Bretainian urte osoan orokorrean klima nahiko egonkorra da. Kostaldean haize bolada bortitzak izatea ohikoa da, bereziki Finistèren. Bretainian neguan tenperatura ohikoena 6 eta 8 °C bitartekoa da; udan, aldiz, 18 eta 20 °C artekoa.
Biztanleria
Eskualdea beti jendetsua izan da, baina emigrazio handia nozitu behar izan zuen XIX. mendearen erdialdetik aurrera. Mende bakar batean, milioi bat gaztek Bretainia utzi zuten. Galera hori 1960tik aurrera nolabait eten zen.
2007ko urtarrilean Bretainia osoak 4.365.500 biztanle zituen. Horietako % 71 Bretainiako eskualdean bizi zen eta % 29 Loirerria eskualdean. 1999ko erroldaren arabera, Nantes hirigunean, 711.120 biztanle bizi ziren; Rennes hirigunean, 521.188; eta Brest hirigunean, 303.484.
Ekonomia
Mendeetan zehar, Bretainiaren ekonomia-jarduera nagusiak nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza izan dira. Hala ere, garrantzi txikiagoa du egun, lanpostuen % 30 nekazarienak badira ere. Lursail txikiak dira nagusi oraindik (146.000, 13 ha batez beste, 1970ean). Espezializazioak (behi-aziendak ekoizpenaren % 83 hartzen du) emaitza onak ekarri ditu: Frantzia osoko esnekien % 12 eta haragien % 10 ekoizten ditu Bretainiak. Zerri-azienda ere garrantzizkoa da: Frantzia osoko % 30. Garagar-, lekadun- eta barazki-ekoizketaren maila handia da.
Arrantza
Bretainian usadioz eta gaur egun ere arrantzak izugarrizko garrantzia du, bretainiar kulturan oso sustraituta dagoen jarduera ere baita. Arrantza industriala Saint-Malotik hasi eta Douarnenez eta Étel udalerrietara doazen portuetan egiten da; aldiz, eskuzko arrantzak, ipar eta hegoaldeko kostaldeetan, urteko 200.000 tona arrain ematen ditu (Frantzia osoko arrantzaren % 45). Bretainiako arrantza-portu nagusiak Lorient, Concarneau eta Douarnenez dira.
Industria eta merkataritza
Bretainiako industria ahula da. Industriagune nagusiak Nantes, Rennes eta Brest dira. Industri sektoreei dagokienez, janari-industria da nagusi (esnekiak eta kontserbak) eta, ondoren, elektronika. Automobilgintzak ere nolabaiteko garrantzia badu, Rennes hirian Citroën etxearen lantegi bat baitago. Bretainia Frantziako iraultza industrialetik at geratu zenez, horren ondorioz bere landa eta paisaiak industrializazioaren eragin kaltegarrietatik kanpo ere geratu zen. Bestalde, azken urteetan, kostaldean haize-sorgailu ugari ere ipini dira.
Zerbitzuei dagokienez, garrantzi berezia hartu du turismo handiak: Rennes, administrazio-, ekonomia- eta unibertsitate-hiriburua da eta Brest, merkataritza-portu handia. Lorient-ekin batera, hirurak dira Bretainiako hiri nagusiak, Saint-Brieuc, Quimper, Saint-Malo, Vannes, Fougères eta Morlaix hirixkekin batera. Horietaz gainera, Nantesek eta Saint-Nazairek, Loira Atlantikoa departamendukoak biak, industria-maila handia dute.
Turismoa
Turismoak ere Bretainian garrantzi handia du. Kostalde, itsaslabar eta hondartza ederrek, barnealdeko landa paisaia berde eta bukolikoek eta jatorrizko kulturak Frantzia osoko turismogune ospetsu bilakatu dute.
Nekazaritza
Bretainiako soro eta zelaietan usadioz garia eta barazkiak ereiten ziren. Halere, gaur egun zerealak, abeltzaintza eta esnekiak nagusi dira. Baserri eta etxalde ugari nezakari-kooperatiba bilakatu dira eta bretainiar maila txikiko laborarien ustiapena industria bihurtu da; dena den, gaur egun oraindik familiaren jabegoko baserri eta etxalde ugarik ere diraute.
Bretainiako lurralde historikoak
Bretainiar abertzaleek aldarrikatzen duten Bretainia historikoak Loira Atlantikoa departamendua ere barne hartzen du, egun Bretainia izena duen eskualdeaz landa. Horrela, bederatzi lurralde historikook ditu:
- Bro Leon
- Bro Dreger (Treguier)
- Bro Kernev
- Bro Gwened (Vanetès)
- Bro Sant Brieg edo Penteur (Penthièvre)
- Bro Zol
- Bro Sant Malou
- Bro Roazhon
- Bro Naoned
Historia
« | Bretainia matxinatu zahar bat da. Baina 200 urtetatik honantz matxinatu den aldi bakoitzeko, horretarako beti arrazoi bat izan duela aipatzekoa da. Bai Iraultza edo monarkiaren aurka, bai eta Errepublikaren ordezkarien edo Erregearen agintarien aurka ere, Bretainiak dakarren borroka beti berbera da. | » |
Victor Hugo.[3] |
Historiaurrea
Bretainian antzinako gizakiek lagatako aztarna zaharrena K. a. 8000 ingurukoak dira. Lurralde honetako lehenbiziko biztanleak ehiztari eta fruitu biltzaileak ziren. Hain zuzen ere, Historiaurreko gizaki hauek izan ziren Bretainian hain ugari diren zutarri, trikuharri eta harrespilen eraikitzaileak. Berez, Bretainia mota honetako aztarna ugarien dituen munduko herrialdeetako bat da, horren adibide nabariak Carnac-eko harri lerroak, La Roche-aux-Fées, Champ-Dolenteko zutarria, Kergadiouko zutarria, Kerloasko zutarria edota Manioko Erraldoia direlarik.
Antzinaroa
Antzina, egungo Bretainiak Armorika izena zuen (Armor "Itsasoa", aldiz Argoat "Basoa") eta bertan zelta jatorriko hainbat herri edo tribu bizi ziren. Zelta haiek K. a. IV. eta K. a. III. mendeetan iritsi ziren. Jada K. a. II. mendean lurralde hartan Osismii, Veneti, Coriosolites, Redones eta Namnetes tribu edo herriak bizi ziren.
K. o. 56an erromatarrek, Julio Zesarren zuzendaritzapean, herrialdea konkistatu eta Galia Lugdunensis (Galia Zelta) erromatar probintziaren barnean sartu zuten.
Britainiar migrazioak
Erromatar Inperioa eroritakoan, jada V. eta VI. mendeetan zehar Britaniak anglo eta saxoien inbasioak eta bultzada jasan eta britoi ugarik Mantxako kanala itsasoz zeharkatu ondoren Armorikan babes hartu zuten (bereziki Kornualles eta Galeseko britoiek). Britaniako britoi horiek Armorikari gaur egungo Bretainia izena eman zioten, horregatik handik aurrera bi Bretainia edo Britainia egon ziren: Britainia Handia (Erresuma Batua) eta Britainia Txikia (Bretainia). Gerora Armorikako britoi edo britainiar haiek bretainiar izena jaso zuten.
Bestalde, britoiek Armorikara bretainiera hizkuntza ere eraman zuten: horixe da bretainieraren, kornubieraren eta galesaren arteko ahaidekotasunaren arrazoi nagusia. Britainiar migrazio mugimendu horrekin batera, San Korentin, San Gwenole, San Ronan, San Pol eta San Brieuc santu ebanjelariak ere iritsi eta bretainiarrak kristautzen hasi ziren.
Bretainiako marka
497an, Klodoveo errege frankoak Bretainia konkistatu eta Frankoen Erresumari gehitu zion. Halere, Nantes hiriko barrutia gobernatzea besterik ez zuen lortu, Bretainiako mendebaldeak independentzia berreskuratu eta IX. mendea arte hainbat tributan banaturik egon baitzen. 799an, Karlomagnok bretainiarren aurkako hiru guda segidan egin zituen: denboraldi labur batez lurralde osoa menpean eduki bezain azkar, bretainiarrak berriz ere altxamendu eta matxinada ugari egin zituzten. Garai hartan, Bretainiako marka sortu zen.
Bretainiako erresuma
Azkenik, 826an Karlomagnoren seme Ludoviko Errukitsuak Bretainiako Errresuma sortu eta haren agintean, Nominoe Bretainiako lehenbiziko erregea izan zen. 842an, Karlos II.a Burusoila agintera iritsi eta Mendebaldeko Frantziaren independentzia aldarrikatu zuen; urte berean, Redongo guduan enperadorea garaitu eta mende batez dinastia independente baten menpe egon zen.
Bretainiako dukerria
936-939. urteetan, Bretainiako dukerria eratuta, independentzia berreskuratu zuen, anglo-normandiar eta Frantziako botereen artean nolabaiteko oreka larri batean.
1066an, normandiarrek Bretainia konkistatu zuten. Ordutik aurrera eta denbora luzez, Bretainiako historia Frantzia eta Ingalaterraren arteko harreman zailen eraginpean egongo da. 1337an Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteetako Gerra piztu eta 1341-1365 bitartean, Bretainiako Ondorengotza Gerran zehar bi herrialde horien arteko guduleku bilakatu zen, honetatik Joan Montfortekoa garaile atera eta Bretainiako duke berri bilakatu zen. Haren leinuak Bretainian 1368-1468 bitartean agindu eta bakea ezarri zuen, oparotasun eta kultura hedapen handiko garai hartan.
1491n, Ana Bretainiakoa eta Karlos VIII.a Frantziakoa ezkondu ziren. Errege hura hildakoan, 1499an Luis XII. Frantziakoarekin berriz ezkondu eta Frantziako erresumako erregina bilakatu zen.
1532an Anaren alaba eta Frantzisko I.a Frantziakoaren emazte Klaudia Frantziakoak Bretainiako dukerria Frantziako Koroari eman zion. Nahiz eta Bretainiak bere administraritza, lege eta militar burujabetasuna mantendu, jada dukerria desegin eta Frantziako erresumako eskualde bilakatu zen.
XVI-XVII. mendeak
Frantziako monarkiak Bretainia gobernatzeko saiakerak egin zituen; horren ondorioz, mugimendu autonomistak garatu eta hainbat matxinada jazo ziren, frantziar gudarosteak gogorki apalduak. Matxinada haietako ospetsuena 1675ko Txapelgorrien matxinada izan zen, baserritarrek zerga altuen aurka protesta egin baitzuten
XVII-XVIII. mendeak
Oihalgintza industriari esker, Bretainiako ekonomiak garapen handia izan zuen. Hala ere, Nantesko Ediktuaren ezeztatzearekin batera, higanot askok Bretainia laga eta ekonomia gainbehera hasi zen.
Frantziako Iraultza
1789an Frantziako Iraultzaren ondorioz, Bretainiak ordu arte mantendu ahal izan zituen burujabetza eskubideak galdu eta bost departamendutan zatitu zuten: Aodoù an Arvor (Côtes-d'Armor), Penn-ar-Bed (Finistère), Il-ha-Gwilen (Ille-et-Vilaine), Mor-Bihan (Morbihan) eta Liger-Atlantel (Loire-Atlantique). Departamendu horietako laurekin Bretainia eskualdea sortu zuten, eta Liger-Atlantel kanpoan utzi zuten, Loirerria eskualdean sartu baitzuten.
Bretainiak kontserbadurismoarekin zituen lotura estuak zirela eta, 1793-1815 bitartean Chouannerie matxinaden gotorlekuetako bat izan zen. Matxinadok baserritarrek antolatu zituzten eta eragile nagusietako batzuk hauek izan ziren: derrigorrezko soldadutza, bretainieraren debekatzea, apaiz eta elizgizonen aurkako gehiegikeriak.
1795an Britainiar Itsas Gudarostea laguntzaz erregezaleek iraultaren aurkako matxinada bati ekin zioten. Atzerriratutako frantziar noble batzuk Quiberon penintsulan lehorreratu eta chouan baserritarrekin elkartu ziren. Halere, Lazare Hoche frantziar jeneralak eta Frantziako Gudaroste Errepublikarrak matxinada gogor zanpatu zuen.
XX. mendea
1914-1918 bitartean, Lehen Mundu Gerra jazo zen: bretainiar biztanleriak galera ikaragarria jasan zuen, gazte asko eta asko hil baitziren, garai hartako Bretainia osoko biztanleriaren % 10. Gerratean hil ziren frantziar gudarietatik 250.000 bretainirrak ziren. Usadioz, bretainiarrek Frantziako Itsas Gudarostean izen ematen zuten, baina gerra hartan adar militar guztietan sarrarazi zituzten, eta nagusiki lubakietan.[4]
Mende haren hasieran gaur egungo bretainiar nazionalismoa garaikidea eratu zen; XIX. mendearen erdi eta amaieraldeko nazionalismoak baino politika ideologia eta kultur programa garatuagoak zituen. 1918an, Unvaniez Yaovankiz Breiz ("Bretainiako Gazteriaren Batasuna") erakundea sortu eta hurrengo urtean Breiz Atao aldizkaria argitaratzen hasi zen, bretainiar kulturgintzan eragin handia izan zuelarik. 1925an Gwalarn aldizkaria ere argitaratu zen.
1927an Parti Autonomiste Breton edo PAB ("Bretainiar Alderdi Autonomista") sortu eta Bretainiako ekonomia, kultura eta politikari buruzko eztabaida abian jarri zuen; geroago, banaketa batzuk jazo, eta beste bi alderdi sortu ziren: 1930an Ligue Fédéraliste de Bretagne ("Bretainiako Liga Federalista") eta 1932an Parti National Breton edo PNB ("Bretainiar Alderdi Nazionalista"). 1931an Paris hirian bizi zen bretainiar talde batek Bretons Émancipés taldea sortu zuen. 1933an Ar Falz aldizkaria agertu zen.
1939an, Ar Brezoneg er Skol ("Bretainiera Eskolara") elkartea sortu eta bretainieraren aldeko mugimenduak urrats garrantzitsu bat eman zuen. Erakunde horrek bretainieraren alde luzatutako aldarrikapenei 500 inguru bretainiar udalerrietatik 346ek babesa erakutsi zieten.
Bigarren Mundu Gerran naziek Bretainia osoa okupatu zuten. Alde batetik, biztanleriaren zati batek alemaniarren aurkako erresistentzia mugimendua parte hartu zuen; nolanahi ere PNB alderdiko zati bat eta Breiz Atao eta Bezem Perrot talde independentistek alemaniarrek Bretainiari independentzia emango ziotelakoan, haiekin elkarlanean jardutera ere iritsi ziren, baina bretainiar nazionalismoaren gehiengoak ez zuen talde horren jarrerarekin bat egin. Gerra ostean, frantziar nazionalismoak talde horien alemaniarrekiko lotura bretainiar nazionalismo osoari kolaborazionalismoa leporatzeko saiakeratan erabili izan zuen.
Hizkuntza
« | Geure hizkuntza ez da elkar ulertzeko lanabes bat bakarrik, baita arimaren ondarea ere. Zelten misterioak bere bidez bakarrik uler ditzakegu. | » |
Gwenc'hlan Le souzec.[5] |
Bretainiera indoeuropar hizkuntza bat da, zelta hizkuntzen adarrekoa. Hizkuntza zeltak Mendebaldeko Europan hitz egiten dira. Gaur egun hizkuntza multzo horretatik bizirik direnak hauexek dira: bretainiera, Eskoziako gaelera, galesa, eta irlandera; aldiz, kornubiera eta manxera berpizkunde saiakeran daude. Bretainiera britoi hizkuntzen adarrekoa denez, galesarekin eta kornubierarekin lotura estua du.
Bretainiako jatorrizko hizkuntza da. Gaur egun, gutxi gorabehera 250.000 hiztun ditu (Broudic 1999), baina XX. mendearen hasieran 1.400.000 ziren; horrek esan nahi du hiztunen zenbatasuna izugarriro murriztu zela mende aurrekoan. Egoera oso larria du egun (Wurm 2001): gero eta jende gutxiagok daki eta egoera errotik aldatzen ez bada, galtzeko atarian egongo da. Hiztunen adinari begiratzen bazaio, nabaria da oso gazte gutxik dakitela (ikus 1. irudia). Hain zuzen ere, 15-20 urte bitartekoen artean, % 0,6k baino ez daki.[6]
1977tik aurrera, zenbait ikastetxetan irakasten da eta gaur nagusiki Bretainia Beherean mintzatzen da (Bretainiako mendebaldeko muturrean). Lau dialekto nagusi ditu:
- Bro Leongoa: Finistèreko iparraldean.
- Bro Dregerrekoa: Finistèreko ipar-ekialdean eta Côtes-d'Armorreko ipar-mendebaldean.
- Bro Kernevekoa: Finistèreko hegoaldean, Côtes-d’Armorreko hegoaldean, Morbihango zati batean eta Belle-Île en mer / Enez ar Gerveur-en.
- Bro Gwenedekoa: Morbihango lurralde gehienean.
Bretainiako leku-izen ugaritan bretainieraren oso antzinako aztarna agertzen da. Adibidez:
- Men ("harri"), mor ("itsaso"), menez ("mendi"), avel ("haize") eta goat edo göet ("baso").
Bestalde, arkitektura elementuekin loturiko leku eta herri izenak ere maiz topa daitezke:
- Pors ("portu"), ker ("herri" edo "baserri"), plou edo tré ("parrokia"), loc ("leku sakratua"), lan ("santutegi") edo iliz ("eliza").
Herrialdean toki, horma, seinale eta txoko askotan bretainieraren ofizialtasunaren aldeko irudi eta esaldiak irakur daitezke. Adibidez:
« | Hep brezhoneg, Breiz ebed. "Bretainierarik gabe, Bretainiarik ez." |
» |
Gaur egun, Bretainia Beherako seinale gehienak elebidunak dira, 1985an Côtes-d'Armor departamendua seinaleak bretainieraz nahiz frantsesez jartzen lehenbiziko departamendua izan zen. Hona hemen Bretainiako hiri eta udalerri nagusien bretainierazko izenak: Roazhon (Rennes), Sant-Malo (Saint Malo), Sant-Brieg (Saint Brieuc), Gwengamp (Guingamp), Kastell-Paol (Saint-Pol-de-León), Brest (Brest), Kemper (Quimper), Kemperle (Quimperlé), An Oriant (Lorient), Gwened (Vannes), Sant-Nazare (Saint-Nazaire), Naoned (Nantes) eta Poñdy (Pontivy).
Bretainian mintzatzen den beste jatorrizko hizkuntza galoa da, Bretainiako ekialdean —Bretainia Garaian—. Gainera, Bretainiako hegoaldeko muturrean, Bro-Raez edo Pays de Retz eskualdean Oïl hizkuntzen dialekto poitevina ere mintzatzen da.
Kultura
- Pardonak: Bretainiar kulturako musika ospakizun ospetsu eta garrantzitsuenak dira. Musika ospakizun horien jatorria erlijio ospakizunetan dago: haietan antzina santu zaindariaren eguna ospatu eta bertan induljentziak ematen ziren.
- Pardon ospakizunetan milaka erromes eta sinestun nahiz pertsona arrunt inguratzen dira, haietako asko bretainiar herri janzkeraz, kalez kale eta landaz landa doazen martxa eta prozesioetan ereserki eta abestiak kantatuz eta estandarteak, banderak, santuen irudiak, gurutzeak eta erlikiak erakutsiz.
Musika
- Bagad: euskaraz, "talde" (ikus Bagaudak). Musikari ugariz eta lau sailez osatua dago: binioù braz edo bras (gaita, bonbarda, kaxa eta perkusioaz.
- Fest-noz edo "gaueko jaia" oraindik ere herri askotan ospatzen da eta antzinako druiden erritu magikoetan omen du jatorria. Bretainiar herri-dantzak ezagutzeko aukera ezin hobea da: Bro Kernev Garaia eta Pontivy eskualdeko gaveta, Vannes eskualdeko larid dantza, Carhaix aldeko dans tro plin eta fisel dantzak, Bro Dreger eskualdeko dans tro dantza...
- Kan ha diskan edo, euskaraz, "kantua eta deskantua". Bretainiar herri-kantagintzako modurik ohikoena da: bi abeslarik biniou gaitaren musikaz lagundurik, elkar zirikatu eta elkarri erantzuteko bertso jarioa da.
- Lorienteko Interzeltiar Jaialdia, Lorient hirian ospatua. Nazio zelten bilgunea da: bertan hainbat herrialde eta eskualdetako kulturak, musikak eta ohiturek topo egiten dute. Abuztuko lehen egunetan ospatzen da eta hamar eguneko iraupena du. Ezaugarri horietako munduko jaialdirik handiena da. 1971n sortu zenez, gisa hartako beste hainbat jaialdiren aitzindaria ere bada.
Abestiak
Bretainiako herri-kanta ospetsuenen artean, honako hauek daude: Bro Gozh ma Zadoù bretainiar ereserkia, Tri martolod, Kerfank 1870, La Jument de Michao edota An Alarc'h. Bestalde, Gwendal bretainiar musika taldearen Irish Jig abestiak Europan ospe handia bereganatu zuen.
Abeslariak
Bretainiako abeslari edo musikari ospetsuenetako batzuk hauek dira: Alan Stivell, Nolwenn Leroy, Dan Ar Braz, Youenn Gwernig, Iwan B eta Yann Tiersen.
Mitologia
- Ankou: heriotzaren pertsonifikazioa da. Haren gurdi zaharrean (bretainieraz, karr an Ankoù, euskaraz "Ankouren gurdia") hilberrien arimak biltzea du betebeharra. Usadioaren arabera, gizaki bizi batek gurdiaren soinu kirriskatua (wig ha wag) entzun ezkero, bera edo bere inguruko norbait laster hilko delako iragarpena da. Esaten denez, Ankou ikusten duen edonor urte bateko epean hilko da.
- Bugul Noz: maitagarri baten izpiritua da, Bretainiako landetan bizi omen dena. Bere izaki arrazako azkena izanik, itxura erabat ikaragarria omen du. Ezbeharrak sortzen ditu bere inguruan. Itxura hain nardagarria duenez, basoetako abereak ihesari eta umeek negarrari ematen diote, haiek ikaratzeko asmorik ez badu ere. Nahiz eta zitalak ez izan (jator eta zintzoak ere badira), beti bakarrik ibiltzen da, bere ezkutuko izakerarengatik.[7].
- Ys: Bretainiako kostaldean eraikitako hiri mitologikoa zen, geroago itsasoak irentsi izuena. Bertsio gehienek Douarnenezeko badian kokatzen dute. Atlantidako historiarekin duen antza nabaria da.
- Bretainiako materia: zelta mitologian oinarriturik dago. Horretan, Bretainiako eta Britainiako (Kornualles eta Gales) mitologiek bat egiten dute. Bretainiako materiako gai nagusia Arturiar Zikloa da; horko pertsonaia nagusien artean, Artur erregea eta Merlin aztia daude.
Gastronomia
Bretainia itsasoz inguraturiko eta arrantzale herri ugari dituen herrialdea izanik, Bretainiako gastronomian itsaskiek oso paper garrantzitsua dute; hortaz, edozein motatako arraina eta moluskuak topa daitezke. Ostrak dastatzeko garairik onena iraila eta apirila artean da, bereziki Cancale udalerrian.
Bretainiar plater edo errezeta ospetsuenak —nazioartean halaber— krepeak eta galetteak dira. Bestalde, usadiozko plater batzuk honako hauek dira: kig ha farz, kouign-amann, far breton, kouign, farz buan, yod kerc'h, cotriade eta bardatte.
Zalantzarik gabe, Bretainiako edari nagusia sagardoa da: Bro Kernev eskualdeko sagardoak Jatorrizko Izendapena du. Sona handiko beste edari bat garagardoa da: herrialde osoan garagardotegi ugari daude, hala nola, Coreff garagardoa edota Lancelot garagardotegia. Bestalde, Bretainiako usadiozko edaria chouchen izeneko eztidun pattarra da. Horiekin batera, gazteen artean, Breizh Cola freskagarri alternatiboak ere ospea du.
Jaki eta edariok erosteko aukera ezin hobea Bretainia osoko asteroko merkatu eta azokak dira. Garrantzitsuenen artean, honako hauek daude: Cancale (igande goizetan), Dinan (ostegun goizetan), Josselin (larunbat goizetan), Rennes (egunero, igandeetan izan ezik), Vannes (asteazken eta larunbat goizetan, barazkiak; asteartetik larunbat goizera, arrainak) eta Saint-Malo (astearte eta ostiral goizetan).
Kirolak
Hainbat kirol jokatzen dira Bretainian baina futbola arrakastatsuena da: lau futbol taldek Frantziako lehen mailan dihardute eta emaitza bikainak izan dituzte:
Taldea | Ligak | Kopak | Europan |
---|---|---|---|
FC Nantes | 8 | 3 | Europako Kopa eta Errekopa finalerdietan Alpeetako Kopa (1) |
Stade rennais FC | 2 | 2 | - |
FC Lorient | 1 | 1 | - |
En Avant de Guingamp | 0 | 2 | UEFA Intertoto Kopa (1) |
Txirrindulari onak ere eman ditu Bretainiak, denetan aipagarriena Bernard Hinault, palmares bikaina duena. Frantziako Tourra bost aldiz irabazi zuen eta Espainiako Vuelta birritan.
Leku interesgarriak
Hona hemen Bretainiako leku interesgarri eta erakargarrien zerrenda:
|
|
|
Iruditegia
- Audierneko portua.
- Fort-la-Latte gaztelua.
Ikus gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-01-09 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
- (Gaztelaniaz) Clima, Bretaña. Max Wooldridge. 1999, Bretaña. Guias de Viaje. Könemann argitaletxea.
- Historia. Bretaña. Jochen Grashaüser eta Walter Schäffer. 1992, Sua argitaletxea.
- La Primera Guerra Mundial. Historia. Bretaña. Jochen Grashaüser eta Walter Schäffer. 1992, Sua argitaletxea.
- Lengua. Cultura. Bretaña. Jochen Grashaüser eta Walter Schäffer. 1992, Sua argitaletxea.
- Bretainiera. Europako hizkuntzak. Amarauna-languages.com
- (Ingelesez) Edain McCoy, A witch's guide to faery folk: reclaiming our working relationship with invisible helpers, Llewellyn's new age series, Llewellyn Worldwide, 1994, ISBN 0-87542-733-2 9780875427331, p. 193.
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bretainia |
- Bretainiako turismo eta aisialdiari buruzko webgunea (Frantsesez)