Brendan McFarlane

Brendan Bik McFarlane (Ardoyne, Belfast, Irlanda, 1951). Irlandako Mugimendu Errepublikanoaren kidea eta kantautore bat da.

Brendan McFarlane

Bizitza
JaiotzaBelfast, 1951 (72/73 urte)
Herrialdea Erresuma Batua
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakmusikaria
KidetzaBehin-behineko Irlandako Armada Errepublikazalea
Bic McFarlane Donostian, Askatasunak Iñaki de Juanaren alde antolatutako prentsaurreko batean (2007.02.05).

Song for Marcella abestiaren egilea da.

Biografia

Familia oso katoliko eta erlijiotsu batean jaio eta hazi zen, Ipar Belfasteko Ardoyne eremuan. 16 urte zituela, Ipar Galesen apaiz izateko gogoetak eta prestaketak egitera ere iritsi zen baina azken unean asmo hori alboratu zuen. Ipar Irlandara itzuli eta 1969an Behin-behineko IRA erakunde armatuan sartu zen.

1976ko epaiketa batean Bayardo Barreko erasoaren arduradun egin zuten eta bizitza osoko espetxe zigorra ezarri zioten. Long Kesh espetxean (espetxearen izen ofiziala: H.M.Prison Maze) sartu zuten, baina 1978an bertako Barrakoietatik abadez jantzita ihes egiten saiatu eta, harrapatu zutenez, Barrakoietan ziren preso errepublikarren estatus politikoa galdu eta espetxe bereko H-Blokeetara pasatu zuten. Bertan, estatus politikorik gabe, bat egin zuen mantaren borrokarekin.

Ezizena

Bik ezizena espetxean zegoela beste irlandar preso errepublikar batzuk ipinia da. Hitzaldietara joan eta gainontzeko presoek ez bezala, bertan entzundakoa edo bere gogoetak beti berarekin zaramatzan Bic markako bolalumarekin koadernotxo batean ohar moduan idazteko ohitura zuelako.

1981eko gose greba

Sakontzeko, irakurri: «1981eko Irlandako gose greba»

IRA -ren presoen burua izan zen H-Blokeetan 1981eko Irlandako gose grebaren garaian. 10 preso hil ziren gose greba horretan: Bobby Sands, Francis Hughes, Raymond McCreesh, Patsy O’Hara, Joe McDonnell, Martin Hurson, Kevin Lynch, Kieran Doherty, Thomas McElwee eta Michael Devine. Gose greba horrek mugarri bat markatu zuen errepublikaren aldeko mugimenduan. Alde batetik, mugimendua indarberritu zen eta, beste aldetik, ateak ireki zizkion ondorengo bide politikoari ere.

Ihesaldia

McFarlanek gidatu zuen IRAko presoek Long Kesheko H-Blokeetatik 1983an burutu zuten ihesaldia. 3. H-Blokeko preso errepublikarrek Blokea hartu eta ihes egin zuten janaria banatzen zuen furgonetan. Dena dela, furgoneta atzeratu zela-eta, arazoak izan zituzten azken atea igarotzerakoan, borroka eta tiroketa bat sortu zen, kartzelari bat hil zen, hamabost iheslari espetxearen inguruetan atxilotu zituzten, beste lau hurrengo egunean atxilotu zituzten eta 19 lortu zuten ihes egitea. Horietako hiru ez dituzte inoiz berriro atxilotu.

1986ko urtarrilean Holandan atxilotu zuten Gerry Kellyrekin batera. Ipar Irlandara estraditatu eta 1997an kaleratu zen Long Kesh espetxetik.

Gaur egunean

Gaur egunean preso ohiak biltzen dituen Coiste na n-Iarchimí erakundeko kidea da eta Sinn Fein alderdi politiko errepublikarrean ere parte hartzen du, batez ere preso ohien inguruetan.

McFarlane musikaria da, Tuan musika taldean jotzen du Terry 'Cruncher' O’Neillekin batera. Bobby Sandsi eskeinitako Song for Marcella abestiaren egilea da.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.