Brasil
Brasil,[1] ofizialki Brasilgo Errepublika Federala[1] (portugesez: República Federativa do Brasil), Hego Amerikako estatu burujabe bat da, azpikontinentearen ekialdea eta Ozeano Atlantikoko uharte batzuk hartzen dituena. Hego Amerikako estatu guztiekin du muga, Txile eta Ekuadorrekin izan ezik. 8.515.767 kilometro koadroko eremua dauka, eta 2016an 206 milioi biztanle zituen;[2] beraz, Hego Amerikako estaturik handiena eta populatuena da, eta munduko bosgarrena.[3] 2016an munduko zortzigarren potentzia ekonomikoa zen, BPGren arabera.[4]
Brasilgo Errepublika Federala | |||
---|---|---|---|
República Federativa do Brasil | |||
Ereserkia: Hino Nacional Brasileiro | |||
Goiburua: Ordem e Progresso ("Ordena eta Aurrerapena") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Brasilia 15°47′38″S 47°52′58″W | ||
Azalera | 8.515.767 km² | ||
Punturik altuena | Pico da Neblina (en) (2.994 m) | ||
Punturik sakonena | Ozeano Atlantikoa (0 m) | ||
Kontinentea | Hego Amerika | ||
Mugakideak | Argentina, Bolivia, Guyana Frantsesa, Guyana, Paraguai, Peru, Surinam, Uruguai, Venezuela, Kolonbia eta Frantzia | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | Errepublika federal, demokrazia ordezkatzaile eta presidentzialismo | ||
Brasilgo presidentea | Lula da Silva | ||
Brasilgo presidentea | Lula da Silva | ||
Legebiltzarra | Brasilgo Kongresu Nazionala | ||
Epai autoritatea | Brasilgo Auzitegi Federal Gorena | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 203.062.512 (2022) −10.255.127 (2021) | ||
Dentsitatea | 23,85 bizt/km² | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 genero guztiak: 16 | ||
Emankortasun-tasa | 1,74 (2015) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 3.181.989 (2015) | ||
Alfabetizazioa | % 93,22 (2018) | ||
Derrigorrezko eskolaratzea | 7-14 | ||
Bizi-itxaropena | 75,723 (2017) | ||
Giniren koefizientea | 48,9 (2020) | ||
Giza garapen indizea | 0,754 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 2.055.505.502.224,7 $ (2017) 261.516.453.815,44 (2016) | ||
BPG per capita | 9.812 $ (2017) 1.162 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 3.255.144.636.626 nazioarteko dolar (2017) 94.345.339.075 (2016) | ||
BPG per capita EAPn | 15.553,402 nazioarteko dolar (2017) 331,848 (2016) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | −3,6 % (2016) | ||
Erreserbak | 373.955.518.686 $ (2017) 8.971.487.068 (2016) | ||
Inflazioa | 6,3 % (2016) −4,4 (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1822ko irailaren 7a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +55 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | BR | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | BRA | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 127 V. 60 Hz. 220 V. 60 Hz.Europlug (en) eta IEC 60906-1 (en) | ||
Internet domeinua | .br | ||
gov.br |
Izena
Espainiarrak Amerikara iritsi eta zortzi urtera heldu ziren portugaldarrak ere, Brasil izena jaso zuen lurraldera hain zuzen ere. Laster Paubrasilia echinata zuhaitza interesatu zitzaien, koloregarri gorria lortzeko erabil zitekeelako. Pau-brasil izena eman zioten, hau da, «txingar-makila», egostean tindu gorribizia jariatzen baitzuen, su-txingarren kolorea oroitaraziz. Horrela, Terra do pau-brasil izena eman zitzaion lurraldeari.
Izenaren jatorriari buruzko beste hipotesi bat irlandar mitologiako Hy-Brazil uhartea da, Angelino Alorto italiar mapagileak hedatu zuena 1325eko mapa batean, L'isola brazil izenarekin, eta XVI. mendeko europar marinelek ezagutzen zutena. Jatorria bress hitz zeltikoan du, «santu» esanahiarekin; Hy Brazil «Lur Santua» edo «Lur Bedeinkatua» litzateke. Atlantikoaren erdialdeko uhartea zen, kondairaren arabera, eta Brasilera iristean izen horixe eman zioten portugaldarrek, ez baitzekiten kontinentea zela.
Geografia
Brasil Hego Amerikako ekialdean dago, 6°N eta 34°S latitudeen artean, eta mendebaldeko longitudeko 28° eta 74° artean hedatua, Ozeano Atlantikoko uhartediak kontuan hartuz. 8.515.767 kilometro koadroko eremua du, hots, Hego Amerikako handiena eta munduko 5.a.[5] Hiru ordu-eremu ditu: UTC-4 mendebaldeko estatuetan, UTC-3 ekialdekoetan eta UTC-2 Atlantikoko uhartedietan.[6] Eremu zabalak, erliebeak, klimak eta baliabide naturalek estatu geografikoki aberatsa eta askotarikoa eratzen dute.
Mugak
Iparraldean Venezuela, Guyana, Surinam, Guyana Frantsesa eta Ozeano Atlantikoarekin du muga, ekialdean Ozeano Atlantikoarekin, hegoaldean Uruguairekin, mendebaldean Argentina, Paraguai, Bolivia eta Perurekin, eta ipar-mendebaldean Kolonbiarekin; beraz Hego Amerikako estatu guztiekin du muga, Txile eta Ekuadorrekin izan ezik. Atlantikoko uhartedi batzuk ere hartzen ditu, hala nola, Fernando de Noronha, Atol das Rocas, Done Petri eta Done Paulo eta Trindade eta Martim Vaz.[5]
Erliebea
Hiru alde nagusi bereiz daitezke:
- Brasilgo goi-lautada goi-ordoki zabala da, 300-900 metro bitarteko garaiera hartzen duena, mendilerroez zeharkatua eta ibarrez hautsia. Serra da Mantiqueira, Serra do Mar eta Serra Geral dira mendilerro nagusiak. Ez dira oso mendi garaiak, 1.200 metro gehienez ere, baina 2.000 metrotik gorako tontorren bat edo beste ere bada Serra da Mantiqueiran (Pedra da Mina, 2.798 m) eta Serra do Maren (Pico Maior de Friburgo, 2.366 m).
- Amazonasen arroa herrialdeko lurraldearen heren bat baino gehiago hartzen du. Lur behereak dira (150 m batez beste), zingirak eta urpean geratzen diren eremu zabalak gehienbat. Arroaren parte handi bat oihan hezea da, munduko baso eremu osoaren zazpiren bat. Oihanean barneratzeko zailtasuna dela eta, eremu zabalak ez dira orain dela gutxi arte esploratu.
- Amazonas arroaren iparraldean beste mendialde bat dago, Guyanetako ezkutuaren barruan: Serra do Tumucumaque, Serra do Acaraí (906 m), Serra Parima (2.727 m). Mendialde horretan, Serra do Imeri mendikatean eta Venezuelarekiko mugan dago Brasilgo tontorrik garaiena, Pico da Neblina (3.014 m).
Hidrografia
Lau ibai arro nagusi daude: iparraldean bi, Amazonas eta Tocantins-Araguaia ibaiena, Brasilgo lurraldearen bi heren baino gehiago hartzen dituena; hegoaldean, Rio de la Plata ibaiarena, lurraldearen heren bat edo hartzen duena; eta ekialdean, São Francisco ibaiarena, Brasilen sortu eta Brasilen itsasoratzen den bakarra. Amazonas ibaiak 3.770 kilometro egiten ditu Iquitos (Peru) eta itsasoa bitartean, eta ontziz egin daitezke guztiak. Rio de la Plata ibaiaren arroko ibai batzuek jauzi handiak egiten dituzte (Iguazuko ur-jauziak, adibidez) eta munduko indarretxe sare handiena osatzen dute.
Klima
Lurraldearen %90 tropikoan dagoenez, klima epela eta hezea da; hala ere, klima mota desberdinak daude, erliebearen eta itsasertzen orientazioaren arabera.[7] Köppen klima sailkapenaren arabera, sei dira klima mota nagusiak: ekuatoriala Amazonian, tropikala Amazoniaren hegoaldetik Kaprikornio tropikoraino, erdi-agorra ipar-ekialdean, mendialdeko tropikala goi-lautadako eskualderik garaienetan, eta epel euritsua (subtropikal hezea eta ozeaniko epela) Kaprikornio tropikotik hegoaldera.
Historia
Kolonia aurreko aroa
Brasilgo lehen giza aztarnak duela 11.000 urtekoak dira. Amazoniako herriak nekazaritza, ehiza eta arrantzan aritzen ziren, eta goi-ordokikoak ehiztari-biltzaileak ziren. Orain dela 3.000 urte inguru, herri batzuk nekazaritza ibiltaria erabiltzen hasi ziren: oihan zati bat moztu eta erre ondoren, lurra errautsekin ongarritu eta ereiten zuten. Artoa, batata, manioka eta, leku batzuetan, kotoia eta tabakoa lantzen zuten era horretan. Egurrezko etxoletan bizi ziren, hamaketan etzanik egiten zuten lo, eta saskiak eta zeramikazko ontziak egiten zituzten, uzta biltzeko eta janaria prestatzeko.[8] Europarrak iritsi baino lehenxeago, 2-5 milioi indigena zeuden,[9][10] hainbat talde etnikotan banatuak; garrantzitsuenak tupi-guarani, macro-jê eta arawakak ziren.
Portugaldar kolonizazioa
Pedro Álvares Cabral portugaldarra izan zen Brasilgo kostaldera iritsi zen lehen europarra, 1500ean. Hasieran itsasaldean baizik kokatu ez ziren arren, pau-brasil zuhaitzak portugaldar merkatarien interesa piztu zuen, estimu handiko koloregai gorria lortzeko erabiltzen zelako. Beraz, trukean hasi ziren indigenekin eta, aizkora eta labanen ordez, pau-brasil enborrak, hegazti exotikoak eta lumak eskuratzen zituzten.[10] 1532an, Joanes III.ak São Vicente eraikiarazi zuen, lehenbiziko portugaldar kokalekua.[8] 1534an, 12 kapitaintzatan banatu zuen lurraldea, bakoitza kapitain baten agintepean. 1549an aurrerapauso handia eman zen gobernuaren zentralizazioaren alde: gobernadore bat izendatu zen lehenengo aldiz. Gobernadorea erregearen ordezkaria zen, eta aginpide politikoa zuen arren, lurjabeen esku utzi zuen ekonomia, nolabaiteko askatasunaz aritzeko moduan. Kolonizazioak zorigaiztoko eragina izan zuen indigenengan: batzuk animaliak bezala ehizatuak izan ziren, beste batzuk esklabo eginak, eta asko hil ziren europarrek ekarritako gaitzek jota.[10]
XVI. mendean azukre kanaberaren ustiakuntzan oinarritu zen hango ekonomia. Kolonoak hasi ziren azukre kanabera lantzen, haiek eraman zituzten kanabera xehetzeko tresnak eta hasiera-hasieratik bultzatu zuten esportazioa. Portugalen kolonia izateak baldintza egokiak eskaintzen zituen horretarako: Mendebaldeko Afrikako kostaldean nagusi ziren –esklaboak eskulangile gisa erabiltzeko aukera ematen zion horrek– eta merkataritza harremanak zituen Europa iparraldeko herriekin, herri horiek XV. mendean merkataritzarako azpiegitura antolatu zutenez gero. Merkataritza triangeluarra deitutakoa bideratu zen horrela: Europatik salgaiak eramaten ziren Afrikara eta esklaboen truke aldatzen ziren han; ondoren esklaboak azukre truke saltzen ziren Brasilen eta, azkenik, Europara esportatzen zen Brasilgo azukrea. Ihes egindako esklabo batzuek Quilombo izeneko bizilekuak antolatu zituzten oihanean, zuriak iristen ez ziren bazterretan.[10] Handiena Quilombo dos Palmares izan zen, non 20.000 lagun (esklabo iheslari, indigena eta mestizo) bizi baitziren XVI. mendearen erdialdean.[11]
Tordesillasko Itunaren xedapenak haintzat hartu gabe, portugaldarrek mendebalderantz eraman zituzten koloniaren mugak, bandeira izeneko taldeen bitartez. Bandeiranteak indigenak harrapatu eta esklabo egiteko barneratzen ziren oihanean; baina, bide batez, lurraldea esploratuz eta konkistatuz joan ziren Portugalgo erregearentzat. Jesuitek misioak sortu zituzten indigenak babestu eta kristautzeko.[10] Hori dela eta, gatazka latzak izan zituzten bandeiranteekin, eta hauek misio asko suntsitu zituzten.[12] Besteak beste, aipagarria da Jose de Anchieta misiolariaren lana, tupi-guarani hizkuntzaren lehen gramatika idatzi zuena.[10] Azkenik, 1759an Pombalgo markesak jesuitak kanporatu zituen Portugaldik eta kolonietatik.[13] Bestalde, frantziarrak eta herbeheretarrak Brasilgo itsasaldea kolonizatzen saiatu ziren. 1555ean frantziarrek Guanabarako badia beretu zuten. Badia berreskuratu ondoren, portugaldarrek Rio de Janeiro fundatu zuten bertan 1567an.[10][8] 1630–1654 bitartean, berriz, herbeheretarren aurka borrokatu behar izan zuten, Pernambuco, Sergipe eta Maranhãotik egozteko.
XVII. mendearen amaieran, bandeiranteek urrea aurkitu zuten Minas Geraisen. Urrearen sukarrak irauli zuen koloniaren norabidea. Artean kolonizatu gabe zeuden eskualdeetan meatze-herrixkak sortu ziren, eta itsasaldea jendegabetu zen.[8] Milaka lagun iritsi ziren Portugaldik eta portugaldar kolonietatik, esklaboen helduera ere handitu zen,[10] eta liskarrak gertatu ziren kolono zaharren eta iritsi berrien artean; larriena Emboabasko Gerra izan zen (1707–1709). Herrialdearen hego-ekialdea izugarri aberastu zenez gero, koloniaren hiriburua Salvadortik Rio de Janeirora eraman zuten 1763an. 1789an, portugaldarrek bortizki zapaldu zuten Inconfidência Mineira izeneko matxinada independentista, Minas Geraisen piztu zena; buruzagia, Joaquim da Silva Xavier, hilarazi zuten.[8]
Independentzia
1808an Napoleonen gudarosteak Iberiar penintsula okupatu zuen. Haiengandik ihesi, Portugalgo gorte osoa, Joan VI.a buru zuela, Brasilera aldatu zen. Herrialde hura erresuma autonomo gisa eratu zen, metropolikoaren berdin eta pare. Joan erregea 1821ean itzuli zen Portugalera eta han Petri semea utzi zuen erregeorde. Handik urtebera, erabaki guztiak baliogabetu eta, gizarte kreolearen babesarekin, Petrik Brasilen guztizko burujabetasuna adierazi zuen Ipiranga ibaiaren ertzean, Ipiringako Oihua izenez ezagutzen den ekitaldian. Batzar nazional batek baliotasuna eman zion erabakiari, eta Brasilgo lehen enperadore izendatu zuen printzea, Petri I.a izenarekin. Brasilgo Independentzia Gerra hasi zen horren ostean, baina azken portugaldar soldaduak 1824ko martxoaren 8an errenditu ziren, eta 1825eko abuztuaren 29an Portugalek Brasil ezagutu zuen.
Petri I.a gaitasun urriko agintaria izan zen. Haren agintaldian Brasilek Cisplatina probintzia (gaur egungo Uruguai) galdu zuen, Argentinaren aurkako gerran (1825-1828). Enperadoarearen ospea itzaliz joan zen, eta 1831ko apirilaren 7an uko egin behar izan zion koroari bere seme Petriren faboretan.[14] Enperadore berria bost urteko umea zenez gero, erregeordetza ezarri zen. Probintzien nahigabeak eta gizarte-tirabirek matxinada ugari piztarazi zuten garai nahasi horretan: Cabanagem (1835-1840), Revolta dos Malês (1835), Balaiada (1838-1841), Sabinada (1837-1838), Farrapoen Gerra (1835–1845). Horiek horrela, 1840ean Brasilgo Legebiltzarrak Petri adin nagusikoa zela erabaki zuen, 14 urte besterik ez zuen arren.[8]
Petri II.a 50 urtez izan zen Brasilgo enperadore, 1840tik 1890era. Egonkortasun politikoa berreskuraturik, nazio nortasuna finkatu zen. Ziklo ekonomikoa aldatuz joan zen: azukre ekoizpenak pisua galdu ahala, kafeak ordezkatu zuen.[14] Kanpo-politikari dagokionez, Brasil garaile atera zen Hego Konoko hiru gerratan: Platako Gerran (1851-1852), Uruguaiko Gerran (1864-1865) eta Aliantza Hirukoitzaren Gerran (1864–1870). Esklabotasunaren ezeztapena oso afera garrantzitsua izan zen urte horietan. Izan ere, esklabotasunaren aurkakoa bazen ere, Petri ez zen etsaitu nahi esklabo-jabeekin. 1871ean eman zitzaien askatasuna esklaboen seme-alabei, eta 1888an ezeztatu zen erabat; era horretan, herrialdeko 700.000 esklaboak askatu zituzten.[8]
Errepublika
1889ko azaroaren 15ean, lurjabe handiek eta errepublikaren aldeko mugimendu popularrak bultzatutako estatu kolpe batek Petri II.a eraitsi zuen; Brasilgo Errepublika Federalaren hasiera izan zen. Lehenbiziko lau urteetan diktadura militarra izan zen, 1894an hauteskundeak egin ziren arte. Beti ere, gizon lurjabe alfabetizatuek bakarrik izan zuten boto eskubidea, helduen % 2 besterik ez.[14] 1890eko hamarkadatik aurrera, Brasilek etorkin olde gaitza jaso zuen: portugaldarrak, italiarrak, alemaniarrak, espainiarrak, ukraniarrak, poloniarrak, errusiarrak, japoniarrak... 1888–1926 urte-tartean, 13,7 milioi biztanle izatetik 36,9 milioi izatera pasatu zen.[15] Kautxu sukarraren urteetan (1879–1912) Amazoniako eskualde zabalak kolonizatu ziren, Amazonas, Rondônia eta Pará estatuetan. Oihanaren erdian hiri oparoak sortu ziren, hala nola Belém eta Manaus, baina indigenak sarraskituak izan ziren.[16]
1930eko hamarkada hasieran, herrialdea krisi larrian murgildurik zegoen, Depresio Handiaren ondorioz. Estatu Batuek, bezero nagusiak, utzi egin zioten lehengaiak erosteari eta hori zen, hain zuzen ere, Brasilen diru iturri nagusia. 1930ean, estatu kolpe militar batek amaiera eman zion Brasilgo erregimen politiko konstituzionalari. Getúlio Vargas, abokatu entzutetsua eta Rio Grande do Sul estatuko gobernadorea, izendatu zuten presidente. Vargasek erregimen populista ezarri zuen laster, diktadura faxisten ezaugarri asko zituena: Estado Novo. Nekazariak eta langileak zituen alde, baita negozio gizonak ere, irabazi handiak lortzeko modua izan baitzuten. 1945ean estatu kolpe batek erorarazi bazuen ere, 1950eko hauteskundeak irabazi zituen. Langileen botoei esker agintera itzulirik, soldatak igotzeari eta estatuaren enpresak bultzatzeari ekin zion. 1953an, petrolio konpainia handiak nazionalizatu eta Petrobras sortu zuen, petrolioaren arloko estatuaren monopolioa. 1954ko abuztuaren 5ean, ezezagun batzuk Carlos Lacerda, oposizioko politikaria, hiltzen saiatu ziren. Horrek krisi politiko sakona eragin zuen; militar talde batek dimititzera behartu zuen Vargas eta, handik gutxira, bere buruaz beste egin zuen.[8]
Erregimen militarra eta azken urteak
1955ean Juscelino Kubitschekek irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Aski agintaldi oparoa izan zuen, atzerriko inbertsioak erakarriz eta auto-industriari hasiera emanez.[14] 1960an Brasiliara eraman zuen zuen Brasilgo hiriburua. 1961ean hautatutako Jânio Quadrosek zazpi hilabete baino ez zuen iraun karguan. João Goulart izan zen haren ordezkoa, 1964an militarrek eraitsi zuten arte.[8]
Kolpe militarraren ostean, alderdi politikoak debekatuak izan ziren, eta sindikatuak gogorki zapalduak. Hurrengo hogei urteetan errepresioa latza izan zen, hildako, desagertu, torturatu eta erbesteratu ugarirekin.[14] 1964-1974 bitartean herrialdeak hazkunde ekonomiko handia izan bazuen ere (Brasilgo mirari ekonomikoa), kanpo zorra asko hazi zen. Bestalde, lurrik gabeko milioika nekazari hirietara emigratu eta favela auzoetan kokatu ziren.[14] 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, inflazioak gora egin zuen eta langabezia emendatzen hasi zen. Protesten beldur, militarrek gutxitu zuten errepresioa, sindikatuak baimendu ziren, Amnistia Legea onartu zen eta, 1980ko hamarkada hasieran, alderdi politikoak legeztatu ziren.[8]
1984ko hasieran brasildarrek lehendakaritzarako hauteskunde zuzenak eskatu zituzten, aginpide militarra behin betiko desagerrarazi nahirik. 1985ean Minas Geraisko gobernadore Tancredo Neves hautatu zuten lehendakari, baina handik hilabete gutxira hil zen, eta Jose Sarney lehendakariordeak hartu zuen kargua. Sarneyk alderdi komunista eta ezkerreko beste erakunde batzuk legeztatu zituen 20, eta are 40 urte ere, legez kanpo egon ondoren. 1990ean egin ziren lehenengo aldiz lehendakaritzarako hauteskunde guztiz libreak. Kontserbadoreen buru Fernando Collor de Mello izan zen garaile. Collorrek, ekonomia eredu neoliberala erabiliz, enpresa estatalak pribatizatu zituen, eta muga zergak murriztu zituen, baina ez zuen inflazioa eta langabezia gutxitzerik lortu. Ogasun ministro Fernando Henrique Cardosok ekonomia egonkortzeko eta inflazioari aurre egiteko prestatu zuen plangintzaren arrakastaren ondoren, bera izan zen garaile lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeetan, 1994ko urriaren 3an. 1998an berriz hautatua izan zen.
Lula da Silvak, Langileen Alderdiko hautagaiak, irabazi zituen 2002ko presidentetzarako hauteskundeak; 2006koetan berriz nagusitu zen, botoen % 60,8 lortuta.[17] 2010ean Lularen alderdikide Dilma Rousseff hautatu zuten presidente.[18] 2013ko ekainean, milaka lagun manifestatu ziren herrialde osoko hirietan, garraio publikoko prezio garestien eta ustelkeriaren aurka.[19] 2014ko hauteskundeak ere Dilma Rousseffek irabazi zituen,[20] baina 2015ean Brasilgo Senatuak kargutik kendu zuen, ustelkeria kasu batengatik Roussefen kontra egindako prozesuan.[21]
Gobernua eta administrazioa
Politika
Brasil errepublika federal demokratikoa da, sistema presidentzialarekin. Estatuburu eta gobernuburu da presidentea, lau urteko agintaldirako hautatzen dena, eta gehienez beste agintaldi baterako hautatua izan daiteke berriro. Haren esku dago ministroak izendatzea. Brasilgo Kongresu Nazionala (Congresso Nacional do Brasil) ganbera biko legebiltzarra da, Diputatuen Ganberak (Câmara dos Deputados) eta Senatu Federalak (Senado Federal) osatua. Lau dira alderdi politiko garrantzitsuenak: Langileen Alderdia (Partido dos Trabalhadores, PT), Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdia (Partido da Social Democracia Brasileira, PSDB), Mugimendu Demokratiko Brasildarraren Alderdia (Partido do Movimento Democrático Brasileiro, PMDB) eta Demokratak (Democratas, DEM); hauez gain, alderdi txikiago ugari dago.
Banaketa administratiboa
Brasilgo Errepublika Federala 26 estatutan banaturik dago: Acre, Alagoas, Amapá, Amazonas, Bahia, Ceará, Espírito Santo, Goiás, Maranhao, Mato Grosso, Mato Grosso do Sul, Minas Gerais, Pará, Paraíba, Paraná, Pernambuco, Piauí, Rio de Janeiro, Rio Grande do Norte, Rio Grande do Sul, Rondônia, Roraima, Santa Catarina, Sao Paulo, Sergipe eta Tocantins. Brasilia Barruti Federala da. Estatu bakoitzak bere konstituzioa eta bere legeak ditu. Administrazio eta estatistika ondorioetarako, baina, Brasilgo lurraldea bost zati handitan dago banatua: Região Centro-Oeste edo Erdi-mendebaldekoa, Região Nordeste edo Ipar-ekialdekoa, Região Norte edo Iparraldekoa, Região Sudeste edo Hego-ekialdekoa eta Região Sul edo Hegoaldekoa.
Estatua | Hiriburua | Eremua (km²) | Biztanleria (2014) |
---|---|---|---|
Acre | Rio Branco | 164.122,2 | 795.145 |
Alagoas | Maceió | 27.767,7 | 3.327.551 |
Amapá | Macapá | 142.814,6 | 756.500 |
Amazonas | Manaus | 1.570.745,7 | 3.893.763 |
Bahia | Salvador | 564.692,7 | 15.150.143 |
Barruti Federala | Brasília | 5.822,1 | 2.867.869 |
Ceará | Fortaleza | 148.825,6 | 8.867.448 |
Espírito Santo | Vitória | 46.077,5 | 3.894.899 |
Goiás | Goiânia | 340.086,7 | 6.551.322 |
Maranhão | São Luís | 331.983,3 | 6.861.924 |
Mato Grosso | Cuiabá | 903.357,9 | 3.236.578 |
Mato Grosso do Sul | Campo Grande | 357.125,0 | 2.630.098 |
Minas Gerais | Belo Horizonte | 586.528,3 | 20.777.672 |
Pará | Belém | 1.247.689,5 | 8.101.180 |
Paraíba | João Pessoa | 56.439,8 | 3.950.359 |
Paraná | Curitiba | 199.314,9 | 11.112.062 |
Pernambuco | Recife | 98.311,6 | 9.297.861 |
Piauí | Teresina | 251.529,2 | 3.198.185 |
Rio de Janeiro | Rio de Janeiro | 43.696,1 | 16.497.395 |
Rio Grande do Norte | Natal | 52.796,8 | 3.419.550 |
Rio Grande do Sul | Porto Alegre | 281.748,5 | 11.228.091 |
Rondônia | Porto Velho | 237.576,2 | 1.755.015 |
Roraima | Boa Vista | 224.299,0 | 500.826 |
Santa Catarina | Florianópolis | 95.346,2 | 6.734.568 |
São Paulo | São Paulo | 248.209,4 | 44.169.350 |
Sergipe | Aracaju | 21.910,3 | 2.227.294 |
Tocantins | Palmas | 277.620,9 | 1.502.759 |
Unitate federatiboetako gobernadoreak
Demografia
Biztanleria
2016an Brasilek 206.081.432 biztanle zituen;[2] beraz, kilometro karratuko 24,2 biztanle zen dentsitatea. Biztanle gehienak hirietan bizi dira (% 85,7 2015ean).[5] Adinari begiratuta, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %22,8, 15-24 urte bitartekoak % 16,4, 25-54 urte bitartekoak % 43,8, 55-64 urte bitartekoak % 8,9 eta 65 urtetik gorakoak % 8,1.[5] Bizi itxaropena 73,8 urte da: 70,2 urte gizonezkoena, eta 77,5 urte emakumezkoena (2016ko zenbatespena).[5]
Banaketa etnikoa
Brasilen hiru talde etniko elkartu eta nahastu izan dira historian zehar: bertako indigenak, europar zuriak eta afrikar beltzak. XX. mendean beste talde bat gehitu da: asiarrak, japoniarrak batez ere. Hala, etnia horien nahastetik zenbait mestizo talde sortu dira. 2010eko datuak kontuan hartuz, banaketa hau egin daiteke etniari dagokionez: %47,7 zuriak dira, portugaldarrak, italiarrak eta espainiarrak jatorriz; %43,1 mulatoak eta mestizoak; %7,6 beltzak, afrikarrak jatorriz; %1,1 asiarrak; %0,4 indiarrak.[5] Banaketa hori ez da berdina alde guztietan. Ipar-ekialdean, Bahian, beltzak eta mulatoak dira nagusi; Amazonian, bertako indiarren ondorengoak; hegoaldean, europar jatorriko zuriak; hego-ekialdean berdintsu banatuta daude zuriak (São Paulo), mulatoak eta beltzak (Minas Gerais eta Rio de Janeiro).
Hizkuntzak
Hizkuntza ofiziala portugesa da. Hegoaldeko estatuetako gizatalde askotan alemana eta italiera ere hitz egiten dira. Indiar gehienek tupiera hitz egiten dute. Portugesak iritsi zirenean, misiolariek beretu zuten indiarren hizkuntza kristau ikasbidea erakusteko, eta indiarren, mestizoen, portugesen eta beltzen arteko hizkuntza izan da iparraldean urte askotan. Hala, Brasilgo portugesak tupieratik hartu ditu toponimo eta landare eta animalia askoren izenak.
Erlijioa
Katolizismoak pisu handia izan du Brasilgo kulturan, eta erlijio zabalduena da gaur egun ere. Brasilgo ehun biztanletatik 65 katolikoak dira eta, beraz, Brasil da munduko nazio katoliko handiena. Protestanteak %22 dira.[5] Indiarrek eta afrikarrek beren erlijioak gorde dituzte. Rio de Janeiroko iparraldeko kostaldean eta eskualde horretako hiri gehienetan afrikar jatorriko erlijio zeremoniak ospatzen dira: candomble eta macumba, esate baterako.
Hiri nagusiak
Gaur egun, hirien berezko hazkundeak, industrializazioak eta bizi baldintza hobeak nahi izateak eraginda, biztanleen %85 hirietan bizi dira. Hiri handiena Sao Paulo da, Brasilgo industriagune nagusia (21.166.641 biztanle 2016an). Sao Pauloren ondotik hauek dira jendetsuenak: Rio de Janeiro, Brasilgo hiriburu ohia (12.340.927 biztanle 2016an), Belo Horizonte (5.107.020 biztanle), Recife (3.995.949 biztanle) eta Brasilia (3.908.762 biztanle).
Ekonomia
Brasil oso herrialde aberatsa da baliabide naturaletan, eta XX. mendearen bukaeran zenbait gairen munduko ekoizle handienetako bat izatera iritsi zen: soja, azukrea, artoa, kafea, tabakoa, arroza, kotoia, abereak, amiantoa eta manganesoa. Etorkizunean ere hala izatea espero da, aberastasun horien zati bat baizik ez baita ustiatzen ari oraingoz. XX. mendean zehar ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza izan zen, baina 1960. urtetik aurrera industriari eman zitzaion bultzadari esker, ekonomia modernoa eta askotarikoa du gaur egun: Erdiko eta Hego Ameriketako ibilgailu, itsasontzi, altzairu eta zementu ekoizle nagusia da. Dena dela, inflazio kronikoak eta kanpo-zorrak (aurreratzeko bidean ziren herrialdeetan handiena) ekonomia arazo handiak eragin dituzte.
Nekazaritza eta abeltzaintza
Brasilgo eremuaren %80 da lantzeko egokia, baina gaur egun %33 besterik ez da lantzen. Ongarriak, hautatutako haziak eta makinak erabiltzea ez dago oso zabalduta, eta etekina ez da oso handia. Lur jabetzaren antolaketan gorabehera handiak daude alde batetik bestera. Iparraldeko, ipar-ekialdeko eta hegoaldeko eskualde jendetsuetan familia bakoitzak bere saila dauka. Aitzitik, hego-ekialdean eta erdialde-mendebaldean, askoz jende gutxiago bizi baita, lur sailak handiak dira, eta kopuru handietan saltzeko ekoizten da. Sail horietan erabiltzen da Brasilgo nekazaritza makinen eta ongarrien %90.
Gai gehiago lantzeko neurriak bultzatu diren arren, Brasilen hiru gai ekoizten dira batez ere: soja, kafea eta azukrea. Kakaoaren produkzioa mekanizazio urriaren eta zuhaitzen zahartzearen ondorioak pairatzen ari da. Kotoiaren produkzioak, berriz, eta batez ere arrozarenak eta artoarenak, gora egin dute. Oinarrizko elikagaiei dagokienez, Brasilek behar adina ekoizten du. Abere hazkuntza munduko nagusietako bat da kopuruari dagokionez. Herrialde osoan hazten dira abereak, batez ere Sao Paulon eta hegoaldeko estatuetan: behiak, txerriak, hegaztiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak, mandoak, astoak eta idiak.
Munduko baso eremuaren zazpirena Brasilen dago, eta baso horietatik balio handiko produktuak ateratzen dira: aleurita, kautxua, karnauba-argizaria, algarrobo zuntzak, senda hostoak, landare olioak, erretxinak, Brasilgo intxaurrak, eta era askotako zurak, bai eraikuntzan erabiltzeko, bai altzariak egiteko. Amazonasen arroan eta kostaldean zur gogorreko zuhaitzak daude, eta hegoaldean araukariak dira zabalduenak. Araukaria da merkataritzan balio handiena duen zuhaitza. Parana pinua eta piperraren zuhaitza ere oso aintzat hartuak dira. Amazonian basogintza ez da oso errentagarria, iristen zaila delako, batetik, eta interes ekonomikoa duten zuhaitzak oso sakabanatuak daudelako, bestetik. Iristen errazago diren aldeetan, baina, izugarrizko triskantzak egin dira, dena bota baita egur ikatza egiteko, Brasilen egurra baita erabiltzen den erregai nagusia.
Arrantzak nolabaiteko garrantzia du Pará, Ceará, Rio de Janeiro eta Sao Paulo estatuetan, baina errentagarritasun gutxiko sektorea da, ez baita behar bezala bultzatu eta aurreratu.
Energia eta meatzaritza
Energia baliabideen urritasuna da Brasilgo ekonomiaren problema nagusietako bat. Rio Grande do Suletik eta Santa Catarinatik ateratzen den ikatzetik heren bat baizik ez da baliatzen industria metalurgikorako, ez baita oso kalitate onekoa. Aitzitik, gas natural eta petrolio erreserba handiak ditu. Gasa batez ere Bahian dago, eta petrolioa Recôncavoko ordokian (Bahia), eta Alagoas eta Sergipe aldean. Petrolio ekoizpenaren zati bat argindarra lortzeko erabiltzen da zentral termikoetan.
Brasilek, bestalde, aberastasun ikaragarria du mea baliabideetan, baina XX. mendearen azken laurdena arte ez ziren askorik ustiatu, kapitalik ez zegoelako eta azpiegieturarik ere ez. Urre, harri bitxi eta mineral ugari dago: fosfatoak, karea, bauxita, granitoa, buztina, magnesioa, harkaitz kristala, nikela eta eztainua, besteak beste. Mea metalikoen artean burdina da garrantzitsuena. 1967an Carajasko hobiak (Pará) aurkitu ziren arte, Minas Geraisetik ateratzen zen gehiena. Merkataritzan duen garrantziagatik bigarren metalik inportanteena, manganesoa, Amapan ateratzen da. Munduko torio erreserbaren heren bat ere Brasilen dago.
Industria
Industriak barne produktu gordinaren %21,8 ematen du, baina langileen %13,3 besterik ez du enplegatzen (2011ko zenbatespena).[5] Sektore honek, bestalde, ez du Brasilgo ekonomian eskualde batzuen eta besteen artean dagoen desoreka deuseztatzen, areagotzen baizik: industria produkzioaren %80 baino gehiago Sao Paulo aldean produzitzen da, eta han egiten dute lan industria-langileen erdiak. Sektore indartsuenak siderurgia, automobilaren industria, garraio hornigaiena eta plastikozko produktuena dira. Garrantzi handikoak dira, baita ere, ehungintza, zementugintza eta produktu kimikoen industria.
Turismoa
Brasilgo ekonomian gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da turismoa. Jendea gehien erakartzen duten lekuak Rio de Janeiro, Sao Paulo, Santa Catarina, Rio Grande do Sul, Bahia eta Pernambuco dira. Brasil munduko turismo zirkuituan dago, eta hango bizimoduak eta paraje miragarriek jende asko erakartzen dute urtero. Ia 5 miloi turista hartu zituen 2010ean, Hego Amerikakoak (argentinarrak gehienbat), Europakoak eta Estatu Batuetakoak batez ere.[25]
Azpiegiturak
Aireportuak
Kultura
Gastronomia
Brasilgo gastronomia asko aldatzen da eskualde batetik bestera, indigenek eta etorkinek egindako ekarpenen ondorioz. Aipagarriak dira, besteak beste, feijoada (jaki nazionala),[27] vatapá, moqueca, polenta eta acarajé. Gozoki ugari dago, hala nola, brigadeiroa eta beijinhoa. Kafea eta cachaça dira edaririk ohikoenak. Cachaça, azukre-kanaberaren destilazioaren bitartez ekoizten den alkoholdun edaria, caipirinharen osagai nagusia da.[28]
Literatura
Jesuitek sustatu zuten brasildar literatura XVI. mendetik aurrera. Manuel da Nóbrega (1517–1570), José de Anchieta (1534–1597) eta Bento Teixeira (1561–1618) dira lehen urte haietako idazle aipagarrienak. XVII. mendean, joera barrokoa garatu zen ipar-ekialdean, António Vieira (1608–1697) jesuita, hizlari bikain eta indigenen defendatzailearekin. Joera bereko olerkariak izan ziren Gregório de Matos (1636–1696) eta Manuel Botelho de Oliveira (1636–1711). XVIII. mendean, Minas Geraisko olerkari mineiroak nabarmendu ziren, hala nola, Tomás Antônio Gonzaga (1744–1810), Inácio José de Alvarenga (1742–1792) eta Manuel Inácio da Silva (1749–1814).[29]
XIX. mendean, independentziarekin batera, Europako joera berrienak iritsi ziren. Bi olerkari erromantiko eta nazionalista gailendu ziren garai hartan: José Bonifácio de Andrada (1763–1838) eta Sousa Caldas (1762–1814); geroagokoak dira Gonçalves Dias (1823–1864), Brasilgo poeta erromantikorik handiena, Canção do Exílio eta I-Juca-Pirama idatzi zituena, eta Álvares de Azevedo (1831–1852). Erromantizismoaren ondoren, errealismoa hedatu zen literatura genero guztietara, Joaquim Maria Machado de Assisen lanekin batez ere.[30]
XX. mende hasieratik aurrera, 1922ko Arte Modernoaren Astearen ondoren bereziki, brasildar literatura bereiziz joan zen beste herrialdeetako higikundeetatik, eta bere eskuko lehen eskolak sortu ziren. Orduko idazleak dira Manuel Bandeira (1886-1968), Mario de Andrade (1893–1945) eta Oswald de Andrade (1890–1954). Carlos Drummond de Andrade (1902–1987), Jorge Amado (1912–2001), Érico Veríssimo (1905–1975) eta Vinicius de Moraes (1913-1980) 1930eko belaunaldikoak dira, eta João Guimarães Rosa (1908–1967) eta Clarice Lispector (1920–1977) 1945ekoak. XX. mende amaierako eta gaur egungo egileen artean ditugu, Lygia Fagundes Telles (1923), Rubem Fonseca (1925), Dalton Trevisan (1925), Autran Dourado (1926–2012), Nélida Piñón (1937), Moacyr Scliar (1937–2011), Antônio Torres (1940)[31] eta Paulo Coelho (1947) narratzaileak, eta Manoel de Barros (1916–2014), Ferreira Gullar (1930–2016) eta Adélia Prado (1935) poetak.
Musika
Jesuitek sartu zuten Brasilen musika eruditoa, XVI. mendetik aurrera. José Maurício Nunes Garcia (1767–1830) izan zen lehen brasildar musikagile handia. XVIII. mendean aipagarria da música mineira delakoa. 1842an Kontserbatorio Nazionala sortu zenetik, musika instrumental profanoa garatu zen. XIX. mendean, Francisco Manuel da Silva (1795–1865), ereserki nazionalaren egilea, Carlos Gomes (1836–1896) operagilea, Alexandre Levy (1864–1892) eta Alberto Nepomuceno (1864–1920) nabarmendu ziren. Heitor Villa-Lobosek (1887–1959) europar tradizioa eta herri-musikaren elementuak batu zituen.[32]
Herri musika hiru ondare nagusiren ondorioa da: indigena, afrikarra eta europarra (portugaldarra batez ere). 500 urteko historian, erritmo ugari sortu dira: XVIII. mendean Modinha eta Lundu zabaldu ziren; XIX. mendean Maxixe eta Choro eratu ziren, Polkatik abiaturik; XX. mende hasieran Sanba sortu zen, Brasilgo herri kulturaren ikurra; 1950eko hamarkadaren amaieran, Bossa Novak irauli zuen bertako herri musika, Vinicius de Moraes, Tom Jobim eta João Gilbertorekin.[32] Astrud Gilberto (1940), Roberto Carlos (1941), Caetano Veloso (1942), Gilberto Gil (1942), Milton Nascimento (1942), Chico Buarque (1944), Elis Regina (1945–1982), Maria Bethânia (1946) eta Daniela Mercuryk (1965) mundu osoan ezagutarazi dute Brasilgo herri musika (Música popular brasilera, MPB).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/24 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2017-1-13).
- População brasileira cresce 0,8% e chega a 206 milhões, brasil.gov.br, 2017ko urtarrilaren 12an kontsultatua
- Eremuan: Errusia, Kanada, Txina eta AEB ditu aurretik. Biztanlerian: Txina, India, AEB eta Indonesia ditu aurretik.
- CIA – The World Factbook – Country Comparisons – GDP (purchasing power parity). cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-1-13).
- CIA-The World Factbook: Brazil. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-1-14).
- Hora Legal Brasileira. Observatório Nacional (Noiz kontsultatua: 2009-02-21).
- Brasil. Harluxet entziklopedia, euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2017-1-15).
- Una breve historia de Brasil. spainexchange.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-15).
- Ferreira-Levy, Maria Stella. O papel da migração internacional na evolução da população brasileira (1872 a 1972). Revista de Saúde Pública 8, scielo.br (Noiz kontsultatua: 2017-1-15).
- Ormazabal, Estebe. Brasilgo historia eta euskaldun batzuk: ezezagun handi bati gerturatzea. euskonews.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-15).
- Freixa, Omer. Orgullo afrodescendiente en Brasil. Zumbi y Palmares. elpais.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-15).
- Cancian, Renato. Entradas e Bandeiras: Bandeirantes expandiram limites do Brasil. educacao.uol.com.br (Noiz kontsultatua: 2017-1-15).
- Brasil. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-17).
- Ormazabal, Estebe. Brasilgo historia eta euskaldun batzuk: ezezagun handi bati gerturatzea (bigarren zatia). euskonews.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-17).
- Atividades república oligárquica - Documents. documentslide.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-17).
- Plotkin, Mark. Mark Plotkin: «Zuk ez dakizkizun baina Amazoniako jendeak badazkiken zenbait kontu». ted.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-21).
- Lula presidente berriro, babes handiarekin. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-1-20).
- Dilma Rousseff da Brasilgo presidente berria. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-1-20).
- Brasilgo suminduen manifestazioak herrialde osora hedatu dira. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2017-1-20).
- Bigarren agintaldia hasi du Brasilen Dilma Rousseffek. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2015-1-2).
- Apaolaza, Urko. Rousseff kargutik kenduta, agro-esportatzaileek Brasilgo lurra helburu. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2017-1-20).
- Mais da metade da população vive em 294 arranjos formados por contiguidade urbana e por deslocamentos para trabalho e estudo. Instituto Brasileiro de Geografia e Estatística (IBGE).
- Arranjos Populacionais e Concentrações Urbanas do Brasil. Instituto Brasileiro de Geografia e Estatística (IBGE).
- Estimativas da população residente no Brasil e Unidades da Federação com data de referência em 1º de julho de 2016. Instituto Brasileiro de Geografia e Estatística (IBGE).
- UNWTO Tourism Highlights, 2011 Edition. mkt.unwto.org (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
- Rio de Janeiro é o principal destino turístico do Hemisfério Sul, segundo pesquisa. oglobo.globo.com.
- Brazilian national dish: Feijoada. brasilbar.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
- Brazilian national dish: Drinks. brasilbar.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
- Castro-Klaren, Sara. A Companion to Latin American Literature and Culture. John Wiley & Sons, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
- Valente, Simão. The 10 Best Brazilian Writers. theculturetrip.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
- Hernández, Gabriela. Guía rápida de narradores brasileños. fuentes.csh.udg.mx (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
- Música de Brasil. brasilalacarta.com (Noiz kontsultatua: 2017-1-23).
Kanpo estekak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Portugesez) Gobernuaren webgune ofiziala
- (Portugesez) Brasilgo euskal komunitatearen webgune ofiziala