Donato Bramante
Donato d'Angelo Bramante (Fermignano, 1444 – Erroma, 1514ko martxoaren 11) italiar arkitekto eta margolaria izan zen. Cinquecentoko arkitekto nagusitzat hartzen da, betetasun artistikoa XVI. mendean erdietsi bazuen ere. Haren lanik ospetsuena, Vatikanoko San Petri basilikaren proiektua da[1]. Eragin sakona izan zuen bere garaiko arkitekturan, eredu klasikoa aitasantutzaren premia erraldoi eta sinbolikoetara egokituz.
Donato Bramante | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Fermignano, 1444 |
Heriotza | Erroma, 1514ko martxoaren 11 (69/70 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | arkitektoa, margolaria eta ingeniaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | Goi Pizkundea |
Bizitza
Bramante Fermignanon jaio zen, Urbinotik gertu. Hiri horretako giro humanistan hezia, Bergamora aldatu zen 1477an, eta 1490 aldean, Ludovico Sforzak deiturik, Milanen finkatu zen. Lombardiako hiriburuan arkitektura gotikoa biziki erroturik bazen ere, Pizkundeko estiloaz hainbat elizaren eraikuntzan lan egin zuen. Horrezaz gain, Casa Panigarolako Arma gizonak (1480-1485) horma irudi handiak margotu zituen. Bramantek perspektibaren arauetan interesaturik zeuden Melozzo da Forli eta Piero della Francesca margolariak ezagutu zituen. Beti ere, askoz ospe handiagoa izan zuen zuen arkitekto gisa margolari gisa baino.
Milanen Leonardo da Vinci ezagutu zuen; beronen arkitekturari buruzko ideiek eragin handia izan zuten Bramanterengan. Santa Maria presso San Satiro (1482–1486), Santa Maria delle Grazie (1492-1499) eta Milanen egindako beste zenbait arkitekura lanetan lerro geometriko hutsak eta bertako tradizioko elementuak elkarrekin batu zituen.
1499an, frantziar gudarosteak Sforza Milandik kanporatu zuen, eta Bramantek Erromara joatea erabaki zuen. Bertan, gerora Julio II.a aita santua izango zen Giuliano della Rovere kardinalaren babesa izan zuen. 1502an, Errege-erregina Katolikoek San Petriren omenezko eliza bat eraikitzeko agindu zioten, Granadako konkistaren oroigarri. Hau izan zen, beraz, Bramantek Erroman egin zuen lehen lana: San Pietro in Montorioko Tenplutxoa, zutabe dorikoz inguraturiko eta kupulaz hornituriko errotonda txikia, ustez San Petriren martirioa jazo zen tokian.
1503an Julio II.ak Aita Santuaren arkitekto izendatu zuen; 1503-1513 bitartean hainbat lan egin zuen Vatikanon; Bramanteren proiekturik handiena, ordea, San Petri basilika berritzea izan zen. Greziar gurutzearen gaineko eraikuntza bat egiteko asmoa zuen, Agriparen Panteoia eredu zuen kupula handi batez hornitua, eta kanpoaldera lau aurrealde berdin agertu behar zituena. Proiektu hau Bramanteren ondokoek, Michelangelok eta Madernok batez ere, aldatu zuten. Haren marrazki ugari ezagutzen dira, eta are gehiago bere laguntzaileenak. Honek argi erakusten du lantalde handia zuela.
Lan garrantzitsuenak
- Santa Maria presso San Satiro, 1482 – 1486, Milan.
- Santa Maria delle Grazie, 1492 – 1498, Milan
- Palazzo Caprini, 1501 – 1502, Erroma
- San Pietro in Montorioko Tenplutxoa, 1502, Erroma.
- Santa Maria della Pace, 1504, Erroma.
- San Petri basilika, 1503, Erroma.
- Cortile del Belvedere, 1506, Erroma.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/11/21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Bramante. Donato D'Angelo. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-11-21).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Donato Bramante |