Bote-luze

Bote-luzea[1] pilota jokoaren modalitate bat da, ezagutzen direnetatik zaharrena. Gaur egungo luzeko pilota jokoen artean, esku huska jokatzen den bakarra da. Luzeko pilota jokoa denez, aurkariak aurrez aurre dihardute, eta pilotak ez du hormarik jotzen, errebotean ez bada. Antzina, pilotalekua belar soroa zen (soropil edo pilota soro izenekoa), eta gaur egun plazan jokatzen da.

Antzina oso zabaldua zegoen Europan. XX. mendearen bigarren erdian galdu zen Euskal Herrian. Zuberoan gorde zen hobekien, 1950-1960 urteen inguruan jaiotako zuberotarrek ezaguna baitute jokoa. Valentzian bizirik iraun du oso antzekoa den eta jatorri bera duen joko batek, llargues izenarekin; hala ere, badira zenbait ezberdintasun, hala nola sakea. Euskal Herrian, gaur egun bote-luzea berreskuratzeko ahaleginean ari dira Nafarroa Garaian (aipatzekoa da ikastolen, Laxoa Elkartearen eta Tiburcio Arraztoaren lana, besteak beste).[2][3][4]

Arauak

Arautegi osoa Euskadiko Euskal Pilota Konfederazioak zabaldu zuen, eta neurri handi batean luzeko pilota jokoaren beste modalitateetarako ere balio dezake.[5]

Eremu irekian jokatzen da. Bote luzean jokatzeko ez da hormarik behar. Jokalekuak laukizuzenak izaten dira, normalean 55-60 metro luze eta 12-15 metro zabalekoak. Zenbat eta zorua gogorragoa eta lauagoa izan hobe, izan ere, horrela pilotak hobeto egingo du punpa. Dena dela, ez da nahitaezkoa, gehienetan airez errestatzen baita; horrela, bada, goroldioz edo belar txikiz estalitako lurzoruan ere joka daiteke.

Luzeko pilota jokoaren beste modalitateetan ez bezala esku hutsez jokatzen da, tresnarik gabe, eta gehienbat airez jokatzen den arren, pilotak bote bat ematea ere onartzen da.

Pilotak gozoak dira, 110 gramoko pisukoak. Pilotak plekako jokoetako eskuzko jokamoldeetakoak baino motelagoak dira. Arean txikiagoak ere badira, bai eta arinagoxeak ere (bost bat gramo gutxiago).

Luzeko joko guztietan bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Kintzeaz gainera, arraiak ere erabili ahal dira jokaldiari bukaera emateko, horrelakoetan joko-eremua aldatuta eta sakea trukatuta geroxeago jokatuko da kintze hori. Normalean partidak hamar jokotara jokatzen dira.

Talde bakoitzean sakatzaile bat eta lau errestatzaile daude; hortaz, guztira, 10 jokalari. Talde bakoitzeko sakatzailea beti izango da jokalari berbera. Plaza estuetan hiru errestatzailerekin, edo baita birekin ere, joka daiteke.

Botarria, sakerako eremua eta errestoko joko-eremua

Botarria joko-eremuaren mutur batean jartzen da. Joko-eremua bi zatitan banatzen duen zeharkako marra bat markatzen da. Sakerako eremua botarriaren eta erdiko marra horren arteko eremua da. Errestoko joko-eremua, ordea, erdiko marra horren eta joko-eremuaren atzealdearen artekoa. Zenbaitetan joko-eremua aldapatsua izaten da; orduan, botarria joko-eremuaren beheko aldean jartzen da. Bestalde, joko-eremu guztiak ez dira erabat errektangularrak izaten.

Mendian botarria harri lau bat izan ohi da. Herrietan, berriz, errebotean erabiltzen denaren antzekoa erabiltzen da, baina azala ez da hain okertua izaten. Herrietan, botarria plazaren mutur batean jartzen da.

Sakea

Sakatzaileak pilota eskuaz hartu eta botarrian egin behar du punpa; ondoren, jaurti egingo du aurkarien joko-eremuan egin dezan punpa. Pilotak joko-eremuko erdiko marra gainditu behar du, eta ezin izango du alboetako mugetatik kanpo egin punpa, ez eta atzealdeko marratik kanpo ere; izan ere, hori gertatuz gero, pilota jaurti duen taldeak falta egin eta kintzea galduko du. Sakea ezin daiteke besagainez egin; beso zeharrez (alboz) edo azpitik egin behar da. Sakea egin baino lehen, aurkarien joko-eremuan, hau da, eskas edo erdiko marratik harago, ezin daiteke jokalaririk sartu.

Kintzeak, faltak eta arraiak

Behin sakea eginda jokaldia bukatuko da hiru emaitza hauetako batekin: kintzea, falta edo arraia.

Sakea eginda pilota errestatzera doan jokalariak airez edo lehenengo punpan errestatu behar du pilota, eta, jarraian, sakea egin duen taldearen joko-eremura eramango du. Erresto hori sakeko joko-eremuko beste jokalari batek errestatuko du, eta horrela jarraituko dute harik eta jokalariren batek pilota aurkarien joko-eremura eramatean falta egin arte. Piloteoa airez nahiz lehenengo punpan egin daiteke.

Kintzea

  • Pilotak atzealdeko marra gainditzen badu (sakea salbu), kintzea izango da pilota jaurti duen taldearentzat.

Falta

  • Jokalariren batek jaurtikitako pilotak (beste taldearen?) joko-eremuko mugetatik kanpo egiten badu punpa, falta egingo du eta, ondorioz, bere taldeak kintzea galduko du, eta beste taldeak zuzenean zenbatuko du kintzea.
  • Jokalaria airez edo lehenengo punpan jotzen saiatzen denean, pilotak aldi berean gorputzeko bi ataletan jotzen badu, berjes izeneko falta egiten du eta bere taldeak kintzea galtzen du. Gauza bera gertatuko da berak errestatutako pilotak taldekideren bat jotzen badu, bai airez bai lehenengo punpan.

Arraia

Noiz bukatzen da jokaldi bat arraia batekin?

  • Pilotariren batek joko-eremuaren barruan gelditzen badu pilota (behin bi bote egin ondoren?), pilota gelditu duen gunean arraia bat markatzen da.
  • Pilotak joko-eremuko alboko mugak zeharkatzen dituen gunean ere, beti ere, pirritaka badoa (behin bi bote egin ondoren?) eta ez airetik (falta izango litzateke), arraia markatzen da.

Arraiak erdiko marraren alde batean zein bestean egiten dira; edo beste era batera esanda, bi taldeek egin ditzakete.


Noiz jokatzen da arraia?

Joko berean bigarren arraia bat markatzen denean, edo, bestela, arraia bakarra dagoenean, baldin eta bi taldeetako batek 40 tanto baditu.


Nola jokatzen da arraia?

Arraia kintze “diferitua” da, izan ere, ez da egiten denean zenbatzen; jokatu egingo da geroago eta baldintza berezi hauetan:

  • taldeek joko-eremu aldaketa egingo dute (sakea egiten duen taldea aldatzen da, hori garrantzitsua da, sakea edukitzea abantaila izaten baita).
  • erdiko marra (pasamarra) aldi baterako lekualdatu egiten da arraia markatu den tokiraino. Beraz, irudimenezko marra da, eta benetako erdiko marrarekin paraleloa; arraia jokatu ondoren desagertu egiten da. Epaileak irudimenezko marra horretan kokatzen dira. Horrela, pasamarra aldatuta, gerta daiteke talde batek oso eremu txikia izatea eta besteak oso handia; horrelakoetan, teorian, eremu txikia duenak abantaila argia dauka, baina lortu behar du gero abantaila hori kintzea bihurtzen.
  • Arraia jokatzen denean ezin da beste arraiarik sortu, kasu honetan talde bietako batek kintzea lortzen du zuzenean. Arraia berria gertatu zatekeen eremuko taldeak galtzen du kintzea.

Luzeko beste pilota jokoak

Luzeko pilota jokoan (Joko zuzena ere esaten zaio) lau aldaera dira gaur egun: bote-luzea (hemengo pilota joko guztietatik ezaguna den zaharrena, esku huska jokatua), errebotea (eskularruz edo xisteraz jokatua), pasaka (trinketean jokatua, esku huska edo eskularruz, kantxa sare batez erdibitua dagoela), eta laxoa (eskularruz jokatua). Oiartzungo Txost elkarteko Anton Mendizabalek 2015ean joko zuzeneko modalitateetan 500 jokalari inguru aritzen zirela estimatzen zuen.

Erreferentziak

  1. Bote-luzearen arautegia Euskal Herriko Pilota Konfederazioaren webgunean
  2. Asier Aiestaran: «Bote-luzea, hezkuntzak eta ondarea berreskuratzeko nahiak bat egiten dutenean», Gara, 2007-12-06.
  3. (Gaztelaniaz) «Baztan, memoria de la pelota», Diario de Navarra, 2008-09-01.
  4. (Gaztelaniaz) Santiago Zuza: «La memoria recuperada», Diario de Navarra, 2008-08-28.
  5. Euskadiko Euskal Pilota Federazioa. (PDF) Joku araudia. 71-72 orriak. Eranskinen 4.1 atala: Bote luzea.. (Noiz kontsultatua: 2006).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.