Borrelia
Borrelia generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, espiroketen klasean sailkatzen direnak. Espiroketak bakterio helikoidalak dira, kortxo-kentzeko itxurakoak, finak, luzeak eta diametro txikikoak (irudia). Mugikorrak dira, baina haien mugimendua berezia da, flageloak ez baitaude bakterioaren kanpoaldean, zelula horma eta kanpo mintzaren artean baizik (endoflageloak). Horrek sugearen antzeko mugimendu bihurrikatzailea eragiten du, gainontzeko bakterioek ez dutena.
Borrelia | |
---|---|
Borrelia burgdorferi eremu iluneko mikroskopioan ikusita Irudi gehiago | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Spirochaetota |
Klasea | Spirochaetia |
Ordena | Spirochaetales |
Familia | Borreliaceae |
Generoa | Borrelia [[|]] |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Espiroketa guztien antzera, borreliak ongi ikusten dira "in vivo" eremu iluneko mikroskopioaren bitartez.
Anaerobioak edo mikroaerofiloak dira. Orain dela gutxi arte ezin ziren laborategian kultibatu, zenbait Treponemen antzera, ez baitziren hazkuntza-inguruneetan hazten. Gaur egun kultiba daitezke, baina haien kultiboa korapilatsua da.
Borrelia generoan 36 espezie daude (2008. urtean), hauetako batzuk gizakiaren patogenoak izanik. Patogeno gehienek artropodoak erabiltzen dituzte (zorriak, kaparrak...) bektore moduan, gaitza transmititzeko. Mikrobio honek sortzen dituen gaitz gehienak zoonosiak dira, beraz.
Hiru dira gizakiaren patogeno nagusiak:
- Borrelia recurrentis: bakterio honek sukar errepikari izeneko gaitza eragiten du. Zorriak dira gaitz honen bektoreak.
Kondizio higieniko txarrek sukar errepikariaren izurriteak sor ditzakete. Tratatu ezean gaixotasun larria da, infektatuen ia erdia hiltzen baita.
- Borrelia burgdorferi-k Lyme gaitza eragiten du, kaparren bitartez hedatzen dena. Tratatu ezean gaitz hori kroniko bihur daiteke, eta konplikazio larriak sortu.
- Borrelia vincentii: bazilo Gram negatibo anaerobioekin (Fusobacterium) elkartzen denean, mikrobio honek Vincent-en angina eragiten du, hortzoiak jotzen dituen ahoko infekzioa. Gaitz honek zauri ultzerosoak eragiten ditu ahoan, eta baita hantura, sukarra eta amigdalitisa ere.