Boroako zentral termikoa
Boroako zentral termikoa Bizkaia Energia S.L. enpresak Zornotza udalerriko Boroa auzoan kudeatzen duen zentral termoelektrikoa da. Zornotzako herrigunetik 2,5 kilometrora dago, A-8 autobidearen ondoan eraikitako industrialde berrian. 2000n eraiki eta 2005ean jarri zen martxan.
Boroako zentral termikoa | |
---|---|
Boroako zentral termikoa alboz ikusia | |
Informazio orokorra | |
Koordenatuak | 43°14′05″N 2°45′00″W |
Udalerria | Zornotza Euskal Herria |
Energia mota | Zentral termikoa |
Jabea | Electricity Supply Board eta Osaka Gas |
Eragilea | Bizkaia Energia S.L. |
Eraikitze urtea | 2000 |
Martxan jartzea | 2005 |
Potentzia | |
Kapazitatea | 755 MW |
Funtzionamendua | |
Egoera | Martxan |
Talde kopurua | 2x1 |
Ziklo konbinatua | Bai |
Erregaia | Gas naturala |
Zentrala 2x1 konposiziodun taldeek osatzen dute, General Electric MS 209FA motatako bi gas turbina, eta Alstom motatako lurrun turbina bakarrarekin, eta guztira 755 MWeko instalaturiko potentzia batzen dute. Bestalde, 60 metroko bi tximinia ditu. Ziklo konbinatua da eta erregaia gas naturala da.
Historia
Bizkaia Energia S.L. Bilbon sortu zen 1998an, Electricity Supply Board (ESB) enpresa irlandarraren eskutik. Helburua Boroako zentral termikoa eraiki eta ustiatzea zen. Eraikitze proiektuak Zornotzako auzokideen aurkako iritzia jaso zuen, eta zentralaren kontrako herri-mugimenduak sortu ziren.[1] 2002ko apirilaren 14an zentralari buruz herritarren iritzia jasotzeko bozketa egin zen, zeinean 5.445 lagunek parte hartu baitzuen. Horietatik 5.352k zentralaren eraikuntzaren kontra bozkatu zuten, eta 53k alde, 19 boto zuri eta 21 baliogabe ere izan zirelarik.[2]
Auzokoen kontrako iritzia nagusia bazen ere, lanek aurrera egin zuten, eta 2004an Osaka Gas japoniar enpresa Bizkaia Energia S.L.ren kapitalean sartu zen, %50a erosiz.
2005eko uztailaren 12an, martxan jarri aurretik, ETAk lau lehergailu jarri zituen zentralaren inguruetan, kalte material txikiak sortuz. Urte bereko urriaren 19an zentrala inauguratu zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, nahiz eta lantegiak hilabete batzuk lehenago elektrizitatea ekoizten hasi zuen.
2006ko datuen arabera, zentralak Euskal Autonomia Erkidegoaren elektrizitate eskakizunaren %20 inguru ekoizten du.
Akziodunak
- Electricity Supply Board, ESB (%50)
- Osaka Gas (%50)
Erreferentziak
- El País. «5.000 personas vuelven a marchar en Amorebieta contra la construcción de la central de Boroa» (Noiz kontsultatua: 2013-06-21).
- El País. «ESB admite que el rechazo a su planta es 'importante, pero minoritario'» (Noiz kontsultatua: 2013-06-21).