Borax
Boraxa (Na2B4O7·10H2O, sodio borato hidratatua) boroaren konposatu garrantzitsua da, uretan disolbatzen dena, eta izadian kristal koloregabeetan gertatzen dena. Uretan edo alkoholetan disolbaturik infekzioak eta beherakoa senda ditzake.[1] Jendartean oso ezaguna ez izan arren, produktu askoren osagarri bazterrezina da. Esaterako, beira-zuntza eta ongarriak bezain produktu desberdinek boraxa dute osagaien artean. Egun munduan ekoizten den boraxik gehiena, Ipar Amerikako Nevada eta Kalifornia estatuetako mugan erauzten da, Heriotzaren haranaren inguruan.[2]
Borax | |
---|---|
Formula kimikoa | Na2B4O7·10H2O |
SMILES kanonikoa | [Na+.[Na+].[O-]B1OB2OB([O-])OB(O1)O2.O.O.O.O.O.O.O.O.O.O&zoom=2.0&annotate=none 2D eredua] |
MolView | [Na+.[Na+].[O-]B1OB2OB([O-])OB(O1)O2.O.O.O.O.O.O.O.O.O.O 3D eredua] |
Konposizioa | boro, oxigeno eta sodio |
Mota | borato |
Ezaugarriak | |
Dentsitatea | 2,37 g/cm³ (20 °C) |
Disolbagarritasuna | 4 g/100 g (ur, 20 °C) |
Fusio-puntua | 741 °C |
Irakite-puntua | 1.575 °C |
Deskonposizio-puntua | 1.575 °C |
Lurrun-presioa | 0 mmHg (20 °C) |
Masa molekularra | 201,2 Da |
Kristalografia | |
Sistema kristalinoa | Kristal-sistema monokliniko |
Arriskuak | |
NFPA 704 | 0
1
0
|
Denboran ponderatutako esposizio muga | 1 mg/m³ (10 h, baliorik ez) |
Eragin dezake | borax exposure (en) |
Identifikatzaileak | |
InChlKey | UQGFMSUEHSUPRD-UHFFFAOYSA-N |
ChemSpider | 8395345 |
PubChem | 10219853 |
ChEMBL | CHEMBL1076681 |
RTECS zenbakia | VZ2275000 eta ED4588000 |
DSSTox zenbakia | VZ2275000 eta ED4588000 |
UNII | 8191EN8ZMD |
Erabilerak
Boraxak, edo zehatzago esanda boraxetik lor daitezkeen boro eta bere konposatuek, erabilera zabala dauka. Hala eta guztiz ere, borax-deribatuen erabilpen-eremurik handiena beira zuntzaren industrian dago. Detergente eta xaboien industrian ere asko erabiltzen da. Izan ere, elementu lagungarri moduan erabiltzen da detergenteen formulaziotan; alde batetik base eta azidoak neutralizatuz produktu indargetzaile moduan jokatzen duelako eta, bestetik, likidoen gainazal-tentsioa txikiagotzen duelako. Bestalde, azido borikoa boraxetik lortzen da. Erabilpen zabala izan du itsaskien kontserbazioan, gorritasuna mantentzen baitie, toxikoa dela konprobatu den arte. Azkenik, boraxa, zeramikagintzan, erregaigintzan, kosmetikogintzan eta beste eremu askotan ere erabiltzen da.[2]
Historia
Aintzinatik erabili izan da boraxa teknologian. Babiloniarrek urrearen soldaduran erabiltzen zuten urtzaile moduan. Antzinako Egipton hilonduretan gehigarri moduan erabiltzen zutela ia segurua da. Antzinako Txinan boraxezko bernizak ezagunak ziren, eta zeramikagintzan aplikatzen zituzten distira ikusgarriak lortzeko. Arabiarrek duela 2000 urte boraxa ezagutzen zuten, eta baurach izenez ezagutu ere.[2]
Europan askoz geroago izan zuten boraxaren berri. Marco Polo veneziarrak Mongoliatik ekarri zituen lehenengo kristalak, bolborarekin batera. Veneziako urreginak boraxa erabiltzen hasi ziren babiloniar zaharren moduan eta laster ohizko merkatal gai bilakatu zen karabana-bideetan. Hala eta guztiz ere, boraxa substantzia ezezagun eta erabilpen murritzekoa zen XIX. mendean Kaliforniako hobiak aurkitu ziren arte. Eskasia zen bi fenomeno hauen arrazoi nagusia. Tibeteko, eta XVII. mendeaz gero Toscana eta Txileko, hobiek ez zuten kantitate askorik ekoizten. Horrexegatik, boraxa urria eta garestia zen.[2]
Boraxaren erabilpenaren hedapena, Kaliforniako Heriotzaren haranarekin estu-estu loturik dago. 1881aren inguruan bertan aurkitu ziren borax-hobi itzelek, produktuaren hedapena bultzatu zuten. Urte hartan, William Tell Coleman negoziogizon kaliforniarrarentzat lan egiten zuen esploratzaile batek Aaron Winters izeneko urre-meatzari bati boraxa nola detektatu irakatsi zion. Winters eta haren emazte Rosie-k urre-meatzaritzarako kontzesio bat zeukaten Heriotzaren haranaren ingurutan. Wintersek ederki asko ezagutzen zuen harana eta han ia nonnahi aurki zitezkeen kristal zuri ederrek txundituta zeukaten. Colemanen esploratzaileak erakutsi bezala, kristalei azido sulfurikoz eta alkoholez tratatu ondoren su eman zienean, gar berde distiratsuak atera ziren. Boraxaren mentura hasia zen.[2]
Haraneko kristal zuriak boraxezkoak zirenaz ohartu zenean, Aaron Wintersek Colemanengana jo zuen eta kontzesioa saldu egin zion. Horrela, Colemanen borax-inperioa jaio zen. Borax eskariak gora jo zuenean, arazo latza sortu zitzaion Colemani. Heriotzaren haranean zuen mea, basamortuko 250 kilometroan zehar garraiatu behar zuen gertuen zegoen trenbideraino eramateko eta merkatuan jarri ahal izateko. Ez zen txantxetako arazoa![2]
Mandoak eta gurdiak erabiltzea izan zen irtenbidea. Boraxa garraiatzeko gurdi sendo bereziak diseinatu zituzten. Aurreko gurpilak atzekoak baino txikiagoak ziren eta denek altzairuzko ardatzak zituzten. Gurdiaren kutxa 4,25 metro luze, 1,30 metro zabal eta 2 metro sakon zen. Gurdiak hutsik 3.400 kg pisatzen zuen eta boraxez beteta 12.000 kg. Ahalik eta mea gehien garraiatzeko, bi gurdi bata bestearen segidan jartzen ziren eta, hauei lotuta, 4.500 litro ur zeraman zisterna-gurdi bat. Tren moduko guzti horri tiratzeko 10 mando bikotek osatutako talde bat erabiltzen zen. Sei urtez, 1883tik 1889ra, modu horretan garraiaturik 10 milioi kilo borax atera ziren haranetik. Beroa, haizeak eta tximist-ekaitzak gaindituz, lan izugarria egin zuten mando eta gizonek. Denboraz, mando taldeak eta gurdiek osatutako irudia mundu osoan zabaldutako sinbolo bilakatu zen.[2]
Egun, mando taldeen eta menturazaleen garai mitiko haiek urrun daude, eta boraxaren industriak meatzaritza klasiko eta aurreratuaren bideak jorratzen ditu.[2]
Erreferentziak
- Borax. Lur hiztegi entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2017-2-11).
- Barandiaran, Mariaje; Irazabalbeitia, Inaki. Borax-a, menturaren ildotik. elhuyar zientzia eta teknologia, CC-BY-SA 3.0 lizentzia, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2017-2-11).