Bonboi
Bonboia edo txokolate-goxokia txokolatez egindako gozoki txiki bat da. Hainbat motako bonboiak daude; esaterako, praline motakoak eta barruan likorea duten bonboiak.
Bonboi | |
---|---|
gozoki | |
Historia | |
Jatorria | Frantzia |
Izena frantsesetik hartu du euskarak: "bon-bon", on-ona, zoragarria. Gutizia, berez («dagoenean, bonbon; ez dagoenean, hor konpon»).[1] Ahamen bakar edo pare batean hartzeko pusketa hori (10 gramo inguru), txokolate bakarrak edo anitzek osatutako gozokia da, eskuarki betegarri batez hornitua: fruta lehorrak (anakardo, hur, pinazi, amanda), kremak, txokolate zuri, esnedun, estaldurako edo beltz birrindua, likoreak, zerealak, etab.[2]
Bonboi motak
Hastapenean txokolate hutsa bazen ere, bonboi motak biziki ugaldu dira, kasuan kasuko autorearen irudimenari esker: baditugu hemen arroz-esnezkoak, Izarra likoredunak, sagar erreen moussezkoak, pikillo piperren kremadunak, intxaur-saltsazkoak… zerrenda amaigabea da.[2]
Hauek dira gure artean merkaturatzen diren bonboi klasikoetako batzuk:[2]
- egurra: txokolate esneduna zotzetan,
- erroak: txokolatetan bainaturiko fruta lehorren atalak (kuia, irasagarra, laranja),
- fondant: azukrezko kristalak eta, maiz, bestelako frutak eta aromak dituen ziropez betea,
- ganaxe (ganache): txokolate eta gurinezko krema,
- gianduja: hur-pastaz betea,
- harkaitza: arroka itxurakoa, amanda edo hur pusketez osaturiko pralinezko betegarria,
- izurdea: kakahuetezko karamelu pusketak ditu,
- koko-enborra: koko zaporeko txokolate zuria
- maskorra: txokolate beltzez bainaturiko amanda edo pistatxoa,
- krokantea: amanda edo hurrak dauzkan azukre urtu kurruskaria,
- kubanitoa: txokolatetan bainatu eta txokolate hautsez jantziriko kokoa,
- lola: amandazko praline, espirulina eta jujuba-haziz betea, apetitua berdintzeko,
- mazapana: azukre urtu eta amanda pasta,
- nougata: arrautza zuringo harrotua, ezti egosia, fruitu lehorrak eta fruta melatua,
- ostra: txokolatetan bainaturiko pralinea,
- paleta: ganaxearen bertsio arindua,
- pralinea: azukrea eta fruitu lehorrak ditu betegarri,
- trikua: txokolate beltzez bainaturiko amanda puskak dituen pralinea,
- Viena fruta: txokolatetan bainaturiko muxurka,
- toffea: azukrea, glukosa, gurin-karamelua eta esne-gozokia,
- trufa: ganax eta fruitu lehorrak kakao-hautsez bildurik,
- trufa kizkurtua: koñak zaporeko trufaz betea…
- urrea: txokolatea eta urrea duten luxuzko bonboiak[3]
Erreferentziak
- Larretxea Agirre, Ainhoa. (2020). «Txokolatezko gutizia urrekarak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 178 - 180 or. ISBN 978-84-9172-259-5..
- «Altxorraren zaporea» Enpresa Bidea (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).