Bolintxu
Bolintxu izeneko harana Bilboko hegoaldean dago, Arnotegi eta Pagasarri mendien artean. Pagasarri mendiaren ekialdeko magalean dagoen erreka labur eta aldapatsua da. Basoak ditu, zenbait baserrirekin batera. Haran honetan dago Buia auzoa, baita Seberetxe auzoa eta izen bereko jauregia ere.,
Bolintxu | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | ibai |
Luzera | 5 km |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°14′33″N 2°55′15″W |
Kokapena | Euskal Herria |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Hidrografia | |
Arro hidrografikoa | Ibaizabal |
Iturburua | Bilbo |
Bokalea () | Ibaizabal eta Bilbo |
Fauna eta flora
Askoren iritziz, Bilboko azken haran basatia da, zaindu beharreko altxor naturala. Besteak beste, Uhandrea, iberiar baso-igela, okila, mariorratza, sanjose-lorea, mailukia eta ezkurra erraz aurkitzen dira ingurune honetan.
Bolintxu erreka, betidanik aisiadirako eta bainu-lekua izan da Bilbo inguruko jendearentzat; batez ere, bere urtegia. Zoritxarrez, urmaela 1983. urteko uholdeen ondorioz desagertu zen harriz eta lokatzez bete zelako; manposteriazko harresia eta ur-jauzia, berriz, mantendu egin dira eta jende asko joaten da bertara paseoan edo Pagasarri mendirantz.
Landareak
Erreka ondoan ugariak dira haltza, lizarra, hurritza eta astigarra, baita ereinotza ere. Goroldio eta iratze mota asko dago; horien artean iratze tropikalak (Wodwardia radicans). Espezie bakan hori duela 50 milioi urte inguru sortu zen, Europako klima beroagoa zenean, eta gaur arte bizirik iraun du amildegi epel eta heze gutxi batzuetan. Horregatik da espezie babestua Euskal Herrian eta Europa osoan.
Maldetan hariztia, artadi kantauriarra eta pinuak ere badira, txilardi, otadi eta mendiko larreekin batera.
Animaliak
Ugaztunak ugariak dira (ipurtats urria, basakatua, lepahoria, orkatza, azeria...), hegaztiak ere bai (aztorea, gabiraia, lepitxulia, okila...). 9 narrasti espezie identifikatu dira Bolintxun (eskulapioren sugea, suge biperakara...) eta 6, anfibioen kasuan (txantxikua, arrabioa, uhandre marmolairea...). Horietako bat iberiar baso-igela da, erreketako kutsaduragatik Euskal Herrian arrisku bizian dagoena.
Supersur autobidea
Orain baina, Bilboko Supersur autobidea handitzeko lanek txoko hori ukituko dute eta eztabaida sortu da. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ezinbesteko lana dela azpimarratzen du; bestetik, hainbat gizarte-taldek gelditu beharreko proiektua dela diote.[2]
Supersur Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen ordainpeko autobidea da. Bilbo Handian egunero dagoen ibilgailuen trafikoa arintzeaz gain, zenbait autobide (AP-8, A-8, AP-68) hobeto lotzea eta Bilboko portuarekin merkantzien garraioa erraztea dira bere helburuak; nahitaezko lana, agintarien iritziz. Santurtzitik Iturrigorri-Peñascalera doan zatia 2011. urtean zabaldu zen. Iturrigorri-Peñascaletik Arrigorriagara doan 4,7 km-ko zatia, 2019ko urtarrilean hasi zen egiten, eta hiru azpizati edukiko ditu: Arnotegi mendiko tunela, Bolintxuko biaduktua eta Seberetxeko tunela. Bolintxuko biaduktua, 160 metro luze, errekaren gainetik 40 metrora egongo da, harantxoaren estetika betiko aldatuko duela.
Horren aurka aurkeztu dira Supersur Handitzeari Ez! plataformako kideak (talde ekologistak eta auzo-elkarteak). Diotenez, Supersur ez da beharrezkoa eta, gainera, oso garestia da. Lehen faseak 800 milioi euro balio izan zuen eta 2018. urtean, adibidez, Aldundiak aurrikusi zuena baino askoz ere gutxiago erabili da (automobil kopurua %50etik beherakoa da eta kamioiena, herena). Bigarren fasearen kostua 180 milioi eurokoa da.[3][2]
Erreferentziak
- Hermosilla, Gotzon. «Arnotegiko erraietan barrena» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-01-10).
- Benito, Jon. (2019-03-31). «Bolintxu, Bilboko azken erreka basatia» 7K, iganderoko aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2019-12-29).
- Hermosilla, Gotzon. ««Azpiegitura proiektuak gauza guztien gainetik daude»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-01-10).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bolintxu |