Blaise Pascal

Blaise Pascal (Clermont-Ferrand, Auvernia, 1623ko ekainaren 19a - Paris, 1662ko abuztuaren 19a) frantziar filosofo, matematikari eta fisikari eta idazlea izan zen. Haren omenez, Pascal (Pa) izena eman zitzaion Nazioarteko Unitate Sistemako presio unitateari.

Blaise Pascal
Bizitza
Jaiotzabirth house of Blaise Pascal (en) Itzuli eta Clairmont, 1623ko ekainaren 19a
Herrialdea Frantziako Erresuma
BizilekuaClermont-Ferrand
Paris
Rouen
Paris
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis, 1662ko abuztuaren 19a (39 urte)
Hobiratze lekuaSaint-Étienne-du-Mont
Heriotza moduaberezko heriotza
Familia
AitaÉtienne Pascal
AmaAntoinette Begon
Ezkontidea(k)ezkongabea
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakmatematikaria, filosofoa, teologoa, fisikaria, idazlea, frantses moralista eta estatistikaria
Lan nabarmenak
InfluentziakAgustin Hiponakoa, Michel de Montaigne, René Descartes, Cornelius Jansen eta Epikteto
KidetzaAcadémie Le Pailleur (en) Itzuli
Izengoitia(k)Louis de Montalte, Amos Dettonville eta Salomon de Tultie
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaJansenismoa
katolizismoa

Musicbrainz: 4632a192-3a0c-4394-80b0-0163c09c5c82 Discogs: 826598 IMSLP: Category:Pascal,_Blaise Find a Grave: 3241 Edit the value on Wikidata

Biografia

Blaise Pascal Auverniako Clermont-Ferrand hirian jaio zen 1623ko ekainaren 19an,[1] goi mailako burges familia batean jaio zen. Haren aita, Étienne Pascal, maila handiko magistratua zen (maître des requêtes), Auverniako zerga-agentzian epaile lehendakariorde kargua zuena. Geroago, matematikari gisa ere nabarmendu zen. Ama, Antoinette Begon, merkatari familia bateko kidea zen. Blaisek bi arreba izan zituen, Gilberte eta Jaqueline.

1626an, Blaisek hiru urte zituenean, ama hil zen, Jaqueline arreba txikienaren erditze zailaren ondorioz. 1631n, Parisera joan zen bizitzera bere familiarekin.[2] Seme-alabei hezkuntza egokia ematea zen aitaren helburua, beren gaitasunak garatzeko aukera izan zezaten, eta bereziki Blaiseri, harengan ohiz kanpoko buru ahalmenak antzeman baitzituen. Hori zela-eta, bere gain hartu zuen semearen heziketa.

Aitak zientziarako zuen zaletasunaz eta kezkaz baliatu zen gazte gaztetandik zientzialari taldeekin harremanetan jartzeko. Berehala hasi zitzaion zientziarako zaletasuna nabaritzen eta 11 urte zituela hotsari buruzko lan bat idatzi zuen. 1635ean, Marin Mersenneren taldeko zientzia akademian onartu zuten. 16 urterekin konikei buruzko saiakera bat idatzi zuen; orduko zientzilariek zehatz-mehatz miatu zuten liburua, eta Descartesek adibidez, ez zuen sinetsi hura adin horretako mutikoak egina zenik.[1] 19rekin kalkulatzeko tresna bat asmatu zuen, "la roue pascaline". 1646, 1647 eta 1648. urteetan hutsari buruz egin zituen saioen txostena argitaratu zuen hiru lanetan; horiek guztiek, modu batera edo bestera, Torricelliren esperimentua errepikatzen zuten.

1646an Pascal jansenista bihurtu zen. 1651ean aita hil zitzaion, eta 1652an arreba komentu batean sartu zen; orduan, are arreta handiagoz arduratu zen Pascal fisika eta matematika problemen ikerketaz.[2] 1653an Presio atmosferikoari buruzko tratatu bat idatzi zuen; lehenengo aldia zen zientziaren historian hidrostatikari buruzko deskripzio osatu bat egiten zena. Garai hartan zorizko jokoak ziren nobleen denbora-pasa gogokoenetakoak; hori zela-eta, probabilitate teoriak aztertzen jardun zuen Pascalek, Toulouse epailearekin eta Pierre de Fermat matematekariarekin batera. Nagusiki dado-jokoak analizatu zituzten. Aldi berean, beste arazo matematiko batzuez ere arduratu zen, eta Pascalen hirukiari eta koefiziente binomialei buruzko Traité du triangle arithmétique argitaratu zuen; bertan lehenengo aldiz formulatu zuen esplizituki demostrazioaren printzipioa indukzio matematikoaren bitartez.

1654an, bere bizia arriskuan jarri zuen istripu batek eraginda beharbada, erabat aldatu zuen bizimodua. Monasterio batera erretiratu zen penitentzia egitera eta, zientzia ikerketak alde batera utzi gabe, moralak hartu zuen bere kezken lehen lekua. Beste bi lagunekin jansenismoa defenditu eta Sorbonako Unibertsitatea eta jesuitak kritikatzen zituzten hemezortzi eskutitz argitaratu zituen (Les Provinciales). Azken urteetan kristautasunaren apologia bat prestatzen egin zituen eginahal handienak. 1662ko abuztuaren 19an hil zen Parisen; hogeita hemeretzi urte besterik ez zituen. 1670ean haren lagunek argitaratu zuten Pensées liburuan jasoak daude bere azken lanaren zati batzuk.[2]

Pascalen ekarpenak

  • Hemeretzi urte zituenean, bere aitari laguntzearren batuketak eta kenketak automatikoki burutzen zituen engranajezko lehen kalkulagailua egin zuen (pascaline). Haren aitak, Normandia Garaiko superintendenteak, eragiketa asko egin behar izaten zuen soldaduei soldatak ordaintzeko, eta semearen makinaz kalkuluak erabat erraztu zitzaizkion. Oraingo kutxa erregistratzaileak beraz, Pascalen makinaren ondorengoak direla esan daiteke.[1]
  • 1654an argitaratutako Traité du triangle arithmétique liburuan Pascalen hirukia deitutakoa agertu zuen: hiruki forma duen zenbaki banaketa da, zenbaki bakoitza goragoko ilaran bere alboan dauden bi zenbakien batura izatea ezaugarritzat duena. Ilara bakoitzeko zenbakiak bat datoz Newtonen binomioko koefizienteekin.[2]
  • Pierre de Fermat matematikari eta abokatuarekin gutun-trukea izan zuen, eta bien artean ebazten zituzten Antoine Gombaud jokalari eta filosofoak aurkezten zizkien problemak. Zaldunak, jokoan hiru dado botata konbinazio batzuen alde apostu eginda galdu egiten zuen. Bi matematikariak, Fermat eta Pascal, arazoa aztertzen aritu ziren eta bide batez probabilitate-teoria modernoa sortu zuten. Probabilitate-teoriak garrantzi handia izan zuen matematika arloan (eta zientzian oro har), ziurtasun absolutuaren aldeko erabateko joera nolabait orekatu egin zuelako. Bi mende geroago, beste fisikari-matematikari batek, James Clerk Maxwellek, materiaren portaerari aplikatu zion teoria hori eta atomoen higidura ikustezin, ziurtasunik gabeko eta ezin aurreikusizkoaz egin zituen kontsiderazioak.[1]
  • Fluidoen portaera aztertu zuen. Fluido baten gainazalean eragindako presioa ontzian dagoen fluido guztira transmititzen zela eta ontziaren hormekiko elkartzut eragiten zuela aurkitu zuen. Fenomeno honi Pascalen printzipioa deitzen zaio, eta prentsa hidraulikoaren oinarria da. Ontziaren ertz batean enbolo txiki bati indarra eragiten badiogu, presioa fluido guztira hedatzen da eta ontziaren beste muturrean dagoen enbolo handiagoa altxatu egiten du. Baina enbolo txikian indar txikia eraginda, enbolo handian indar handiagoa eragiten da.[1]
  • Evangelista Torricelliren ideiei jarraituz, atmosferaren pisuaz ere arduratu zen. Atmosferak pisua baldin bazuen, gora igo ahala pisua txikiagoa izango zen, zeren eta goian gero eta aire gutxiago geratuko baitzitzaion. Atmosferaren pisua nola jaisten zen, barometroak erakutsiko zuen. Baina Pascal gaixo kronikoa zen, eta noiznahi izaten zituen buruko minak eta liseriketa-arazoak. Ez zen beraz, goi mendietara igotzeko gauza, baina bere koinatua bidali zuen Puy de Dômeren gailurrera Torricellik asmatutako merkuriozko bi barometrorekin. Koinatuak, gutxi gorabehera, kilometro eta erdiko altuera lortu zuenean, merkuriozko zutabeetan nibela zazpi zentimetro eta erdi beherago zegoen. Torricelliren esperimentua ardo beltza erabiliz errepikatu zuen. Ardoa ura baino arinagoa denez, 18 metroko garaierako beirazko tutua erabili behar izan zuen.[1]
«
Justizia, indarrik gabe, ezintasuna da; indarra, justiziarik gabe tirania da.[3]
 »

—Blaise Pascal.

Laburpen Kronologikoa

Urtea Gertaera
1623 Pascalen jaiotza, Clermont-en (gaur Clermont-Ferrand, Macizo Central) ekainaren 19an.
1626 Bere amaren (Antoinette Begon) heriotza.
1631 Familia Parisera lekualdatzea.
1637 Académie Mersennera maiz joaten hasi zen bere aitarekin batera (non beranduago René descartesekin harremanetan jarriko zen)
1640 «Pascalen teorema» gisa ezagutzen den teorema argitaratu zuen (Essai sur les coniques-en).
1641 «Pascaline» deitutako kalkulatzeko makina eraikitzeko lanak.
1647 Fisika-ri buruzko lanak: tutu komunikatuen legearen aurkikuntza. Printzipioaren formulaketa: "Fluido baten gainean aplikatutako presioa, edukiontzi batean berdin transmititzen da norabide guztietan eta edukiontziaren pareta guztietara." Alturarekin presio atmosferikoaren txikitzearen froga.
1651 Traité du vide argitaratu zuen. Zikloideen ezaugarriak aztertzen aritu zen. Bere aitaren heriotza (Étienne Pascal).
1654 Traité du triangle arithmétique (probabilitatearen teoria eta konbinatua). Traité des sinus -en indukzio matematiko metodoaren froga erabiltzen du. Leibnizen kalkulo diferentzial eta integralen inguruko lanei buruzko interesa.
1654 Fase mistikoaren hasiera. Port-Royal monasterio Jasenistan erretiroa. Entretien avec Savi sur Epictète et Montaigne lanaren argitalpena, beste lan batzuekin batera. Gainera, garai honetan idatzi teologiko ugari egin zituen.
1656 Lettres à un Provincial («karta probintzialak») lanaren argitalpena. Polemika antijesuitaren garapena.
1657 L`art de persuader («Konbentzitzeko artea») lanaren argitalpena.
1658 Traité général de la roulette lanaren argitalpena.
1662 Heriotza Parisen, abuztuaren 19an.
1670 Pensées sur la religion testuaren argitalpena, ateo eta eszeptikoen kontra kristautasuna babesteko asmoz idatzia. Osatu gabeko obra, geroago bere jarraitzaile eta lagunek argitaratutakoa. Voltairek testua kritikatu zuen.

Idazlanak

  • Essai pour les coniques (1639)
  • Experiences nouvelles touchant le vide (1647)
  • Récit de la grande expérience de l’équilibre des liqueurs (1648)
  • Traité du triangle arithmétique (1653)
  • Lettres provinciales (16561657)
  • De l'Esprit géométrique (1657 edo 1658)
  • Écrit sur la signature du formulaire (1661)
  • Traité du triangle arithmétique (1654 aldean idatzia; 1665ean argitaratua)
  • Pensées (amaitu gabe hil zen; 1670ean argitaratua); Piarres Narbaitzek (Gogoetak, Itzultzaiela editore, 1980)[4] eta Felipe Juaristik (Gogoetak, LIMES bilduma, UPV/EHU, 2008) euskaratua[5]

Erreferentziak

  1. Azkune Mendia, Iñaki. Blaise Pascal. elhuyar zientzia eta teknologia, CC-BY-SA 3.0 lizentzia, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-2-26).
  2. Pascal, Blaise. Lur hiztegi entziklopedikoa, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-2-26).
  3. (Gaztelaniaz) «Violación de Derechos Civiles en EU: el Juicio Catalán como Caso de Estudio» Xnet - Internet, derechos y democracia en la era digital 2019-04-16 (Noiz kontsultatua: 2019-05-18).
  4. Alvarez, Txelis. Pascal-en gogoetak. Argia, 1981-02-08, kritikak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-2-28).
  5. Gogoetak. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-2-28).

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Blaise Pascal Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.