Bizkaiko eskualdeak
Bizkaiko eskualdeak modu desberdinetan agertu daitezke hainbat irizpideren arabera, eskualdeek ez baitute osatzen lurralde-zatiketa administratiborik.
Bizkaiko Foru Aldundiak badauka eskualdeen banaketa administratibo bat egina ikuspuntu estatistikotik erabilia izateko.[1] Banaketa horretan oinarrituta, Eustaten arabera, Bizkaiko eskualdeak hurrengo zazpiak dira, populazioaren kopuruaren arabera:[2]
- Bilbo Handia (Bilboaldea): 858.236 biztanle (2019).
- Durangaldea: 99.557.
- Plentzia-Mungia (Mungialdea): 57.120.
- Gernika-Bermeo (Busturialdea-Urdaibai): 45.877.
- Enkartazioak (Enkarterri): 31.911.
- Markina-Ondarroa (Lea-Artibai): 26.220.
- Arratia-Nerbioi: 23.932.
Enkarterri
Enkarterri herrialdearen mendebaldean kokatzen den eskualdea da, eta muga egiten du iparraldera Kantabria, hegoaldera Gaztela eta Leon eta Araba, ekialdera Bilboaldea eta mendebaldera Kantabriarekin. Balmaseda du hiriburu, eta historikoki eskualde honen barruan egon dira gaur egungo Ezkerraldeko udalerri asko. Gaur egun, ordea, 10 udalerrik osatzen dituzte Enkarterriak: Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla.
Bilboaldea
Bilboaldea edo Bilbo Handia herrialdearen erdialdean dago eta lurralde osoko biztanleria handieneko eskualdea da, alde handiz, Bizkaiko hamar udalerri populatuenen artean bederatzi Bilboaldean baitaude.[3] Bilboko metropoli eremuko zatirik garrantzitsuena da, eremua osatzen duten 35 udalerrietatik Bilboaldeko guztiak daudela. Lea-Artibai eskualdearekin izan ezik, Bizkaiko gainontzeko eskualde guztiekin egiten du muga: iparraldera Mungialdea eta Abrako golkoarekin, ekialdera Busturialdea eta Durangaldearekin, hegoaldera Arratia-Nerbioirekin eta mendebaldera Enkarterriekin. Eskualdea 26 udalerriz osatzen da, izanik Bilbo hiriburua, eta hurrengo azpieskualdeetan banatu ohi da:
- Hiriburua, Bilbo udalerria
- Ezkerraldea, Bilboko itsasadarraren ezkerraldera (Alonsotegi, Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestao udalerriak).
- Eskuinaldea, Bilboko itsasadarraren eskuinaldera (Erandio, Getxo eta Leioa udalerriak).
- Meatzaldea, eskualdearen mendebaldeko muturrean, Ezkerraldearekin mugan (Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Trapagaran eta Zierbena udalerriak).
- Txorierri, eskualdearen ipar-ekialdean, Asua ibaiak zeharkatutako udalerriak hartzen ditu (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio).
- Hego Uribe, eskualdearen hego-ekialdean, eta azpieskualde honen udalerri batzuk Arratia-Nerbioi eskualdearen parte dira. Bilboaldeari dagokienak hurrengoak dira: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao eta Zaratamo.
- Uribe Kosta, eskualdearen iparraldean, eta azpieskualde honen udalerri gehienak Mungialdea eskualdearen parte dira. Bilboaldeari Berango udalerria baino ez dagokio.
Mungialdea
Mungialdea edo Plentzia-Mungia herrialdearen iparraldean dagoen eskualdea da, iparraldera Kantauri itsasoa, hegoaldera Bilboaldea, ekialdera Busturialdea eta mendebaldera Bilboaldea mugakide dituela. Mungia du hiriburu, eta Uribe banaketa administratibo historikoaren parte da. Gaur egun, bi azpieskualdetan banatu daiteke, guztira 15 udalerriz osatutako eskualdea izanik:
- Mungialdea, barrualdeko udalerriak hartuz (Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia).
- Uribe Kosta, kostaldeko udalerriak bere gain hartuz (Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz). Uribe Kosta azpieskualdean Berango udalerria ere sartu ohi da, baina ofizialki Berango Bilboaldea eskualdearen parte da.
Busturialdea
Busturialdea, Busturialdea-Urdaibai edota Gernika-Bermeo, herrialdearen iparraldean dago, eta mugak ditu iparraldera Kantauri itsasoa, hegoaldera Durangaldea, ekialdera Lea-Artibai, eta mendebaldera Mungialdea eta Bilboaldea. Eskualde honetan bi hiriburu daude: Bermeo eta Gernika-Lumo. Urdaibai biosfera erreserba bertan kokatzen da. Hurrengo 20 udalerriek osatzen dute Busturialdea: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.
Arratia-Nerbioi
Arratia-Nerbioi eskualdea herrialdearen hegoaldean dago eta Urduña esklabea barne hartzen du. Iparraldera Bilboaldea, hegoaldera Araba, ekialdera Durangaldea eta mendebaldera Arabarekin egiten du muga. Igorre du hiriburu, eta bi azpieskualdetan banatzen dira eskualdeko 14 udalerriak:
- Arratia, izen bereko ibaiak zeharkatzen dituen udalerriz osatuta: Arantzazu, Areatza, Arteaga, Dima, Igorre, Ubide eta Zeanuri. Nahiz eta Bedia eta Lemoa udalerriak Arratia ibarran egon, udalerri hauek Durangaldea eskualdeari dagokie.
- Nerbioi ibarra, Nerbioi ibaiak zeharkatzen dituen udalerriz osatuta, udalerri batzuk Bilboaldeko parte diren arren. Arratia-Nerbioiri dagokienak hurrengoak dira: Arakaldo, Arrankudiaga, Orozko, Ugao, Urduña eta Zeberio.
Aipatutako bi azpieskualdeak alde batera utzita, Otxandio udalerria ere Arratia-Nerbioi eskualdean dago, nahitz eta ez Arratia ezta Nerbioi ibarran ere egon. Horregatik, historikoki Durangaldeko zatitzat jo da.
Durangaldea
Durangaldea eskualdea herrialdearen hego-ekialdean dago, eta iparraldera Busturialdea eta Lea-Artibai, hegoaldera Araba, ekialdera Gipuzkoa eta mendebaldera Bilboaldea eta Arratia-Nerbioi eskualdeekin muga egiten du. Durango da eskualdearen hiriburua, eta hurrengo 15 udalerriek osatzen dute: Abadiño, Atxondo, Bedia, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mallabia, Mañaria, Zaldibar eta Zornotza.
Lea-Artibai
Lea-Artibai edo Markina-Ondarroa herrialdearen ekialdeeneko eskualdea da, eta muga egiten du iparraldera Kantauri itsasoa, hegoaldera Durangaldea, ekialdera Gipuzkoa eta mendebaldera Busturialdearekin. Lekeitio eta Ondarroa dira eskualdeko udalerri nagusiak, eta bi azpieskualdetan bana daitezke eskualdeko 12 udalerriak:
- Lea, izen bereko ibaiak zeharkatzen dituen udalerriz osatuta: Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Mendexa eta Munitibar.
- Artibai, kasu honetan ere izen bereko ibaiak zeharkatzen dituen udalerriz osatuta: Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein, Ondarroa, eta Ziortza-Bolibar.
Eskualdeetako udalerri nagusiak
Jarraian agertzen dira Bizkaiko eskualdeak, bakoitzaren udalerri populatuenekin, kasu askotan mankomunitateen egoitza nagusia euren baitan dutenak direlarik:
- Busturialdea: Bermeo eta Gernika
- Enkarterri: Zalla (populatuena) eta Balmaseda (hiriburua).
- Lea-Artibai:
- Lea: Lekeitio
- Artibai: Markina-Xemein eta Ondarroa
Ikus, gainera
- Bizkaiko barruti judizialen zerrenda
Erreferentziak
- http://apli.bizkaia.net/apps/Danok/evde/Euskara/Bizkaiko_oinarrizko_informazioa/eu_evConsultaComarcasyMunicipios.asp%5B%5D
- Eustat. Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen eta jaiolekuaren arabera. 2016/01/01. (Noiz kontsultatua: 2017-10-01).
- Bizkaiko udalerrien zerrenda. 2016-03-13 (Noiz kontsultatua: 2017-11-08).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz)Bizkaiko mapa