Bizkaiko Meatzaldea

Bizkaiko Meatzaldea (ofizialki Meatzaldea-Zona Minera de Bizkaia izena du) Bizkaiko Enkarterrin kokatua dagoen biotopo babestua da. Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 10eko 26/2015 Dekretuaren[1] (2015eko martxoaren 17ko EHAAn argitaratua) bidez izendatu zuten biotopo babestu eta gaur arte izendapenari eusten dio. Azalerarik handiena Galdames udalerrian du, nahiz eta Gueñes udalerriko lurrak ere barne hartzen dituen.

Deskribapena

XX. mendearen hasiera aldera arte, mendeetan, burdina-zainak, meak, ustiatu izan zituzten Bizkaiko ipar-mendebaldeko eskualde handi batean, eta, horregatik, Meatzaldea esaten zaio eskualde horri. Ustiapenaren ondorioz, oso paisaia berezia sortu zen, paregabea Euskal Autonomia Erkidegoan, meatzaritzaren ondareari eta, zehazki, meatzaritzaren kultura-ondareari dagozkion balioak dituena. Alde horretatik, Alta de Galdames edo Grumeran mendiaren ingurua da adierazgarrienetakoa.

Batetik, paisaiaren eta geomorfologiaren ikuspuntutik, lurraldearen egitura karstikoa leku askotan azaleratzen da: dolinetan, iturrietan, hobietan... Orratz-lapiazak dira aipagarrienak. Zorupean, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko haitzulo-dentsitaterik handienetakoa dago. Dekretu honek unitate integratutzat hartzen du lurraldeko sistema karstikoa. Aukera paregabea da hori unitate geomorfologiko osoa (bai endokarsta, bai lurrazala) kontuan hartuta egiteko plangintza eta prozesu eta harremanak batera aztertzeko. Karsta alde batera utzita, burdina ateratzeko irekitako orbainak dira inguruko paisaiaren erakargarririk handienetako bat. Kareharriaren berezko egitura zaintsua dela eta, paisaia berezi bat sortu da, non burdina-zainak hustuta sortutako ebaki ikusgarriak nabarmentzen diren. Zain horiek interes geologikoko gune gisa identifikatu dira Euskal Autonomia Erkidegoaren inbentarioan, «Burdina-zainak Laia-El Saucon (Galdames)» 141 kodearekin. Sistema karstikoaren balioa apartekoa da, eta, horregatik, beharrezkoa da hura babesteko araubide bat ezartzea, egun haren gainean eragina duten faktoreek eragina izateari uzteko eta mehatxuei aurre egiteko; batez ere, mehatxu fisikoei: substratu-mugimendu eta -aldaketei, nolanahiko isuriei, mea ateratzeko jarduerei eta karstaren baldintzetan eragina izan dezakeen beste edozein jarduerari, egun dauden edo gerora aurki litezkeen aztarnategi mineralogiko edo paleontologiko posibleen espoliazioak barne.

Bestetik, balio kulturalak kultura-ondasun izendatutako zenbait monumentu megalitikori eta haizeola ugariri dagozkio, hau da, Erdi Aroaren eta industria modernoaren garapenaren artean inguruan landutako meatzaritzaren aztarnei. Izan ere, ondare esanguratsu bat eratu zen orduan, meategi, herrixka, kargaleku eta mea-garbitegiek osatua, baita meatzaritzarako beste azpiegitura batzuek ere. Egun, horiek guztiak kontserbazio-egoera ezberdinean daude, baina, nolanahi ere, balio arkitektoniko eta teknologikoen nahasketa bat eratzen dute. Batzuk oso garrantzitsuak dira gizartean, eta ingurune naturala izugarri eraldatu den adierazgarri dira.

Azkenik, natura-ondarearen barruan karstari dagokion geodibertsitatea nabarmentzen da batez ere, baina gogoan izan behar da badirela zenbait habitat interesgarri ere, hala nola Aranaga, Cepal eta Grazal sakanetako basoak; Pico de la Cruz mendiko artadia; erreka eta hezeguneak; eta larre eta txilardiak. Bereziki, badira arriskuan dauden fauna-espezieak, hala nola kiroptero harpetarrak eta harrapari harkaiztarrak. Haien kalteberatasuna kontuan izanik, komeni da neurriak hartzea, ez desagertzea ziurtatzeko.

Bestalde, Eretza mendia (887 m) dago lurraldearen barnean, baita mendizaleek ibili ohi dituzten beste gailur batzuk ere, inguruko paisaiaren barruko mugarri esanguratsuak.

Aurrekariak

Zenbait mugimenduk eta elkartek inguruetako mendiak (sarritan Trianoko mendiak aipatzen ziren) babesteko proposamenak egin zituzten. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren 2006ko ekainaren 13ko Aginduaren (129. zk. EHAA, 2006ko uztailaren 7koa) bidez eremu horretarako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana landu eta onartzeko prozedurari hasiera eman zion. Horren ostean Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2011ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez (123. zk. EHAA, 2011ko ekainaren 29koa) etorkizuneko biotopo babestuaren zabalera handitu zen, 700 hektareetako eremua izatetik 960 hektareetakoa izatera igaroz. Gainera, Gueñes udalerrian dagoen Eretza mendia ere etorkizuneko biotopoaren eremuan sartu zen.

Kudeaketa

Euskal Autonomia Erkidegoko egungo araudiarekin (Lurralde Historikoen Legea eta Naturgune Babestuen Legea) bat biotopo babestuaren kudeaketa Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.

Jaiak

  • Uztailaren 22a: Madalena izeneko jaia, Uraiagako kobazulora joaten da jende andana, bertako ermita inguruan egiten den jaira edo erromeriara.

Argazki galeria

Erreferentziak

  • Edukiaren zati bat eremua biotopo babestua izendatzen duen dekretuaren testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
  1. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, Dekretuaren testu osoa jasotzen duen helbidea. «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria - EHAA» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-18).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.