Bizkaiko Espeleologia Taldea
Bizkaiko Espeleologia Taldea (BET) edo Grupo Espeleológico Vizcaíno (GEV) 1953 eta 1990 artean aritu zen Bilboko espeleologia taldea izan zen.[1]
Sorrera
1953ko udazkenean, Antonio Ferrer kazetari eta espeleologoa (“Leizeetako Gizona” ezizenez ezaguna) Bilboko Arkeologia Museora eta Bizkaiko Foru Aldundira (BFA) jo zuen, Harpeetako Ikerkuntza Sail bat bultzatzeko asmotan (BET izena ez zuen 1955a arte hartuko).[2] Helburua kobazuloetan agertzen ziren aztarna arkeologikoak kudeatzea zen.[3] Erakundeok begi onez hartu zuten proposamena, eta lehen taldea osatu zuten espeleologoak Ignacio Morales, Ricardo Sacristan, Manuel Colau, Jose Luis Luca, Roberto Moro, Francisco Mateo, Jose Manuel Martinez, Enrique Pagazaurtundua, Ignacio Arrieta, Ignacio Razkin eta Alfredo G. Revuelta (argazkilaria) izan ziren.[1]
1953-1957: aztarnategi arkeologikoetan
Hasieran Ignacio Moralesen gidaritzapean aritu ziren; kuriositate moduan, esan dezakegu Morales Dibisio Urdinaren beteranoa zela, eta egurrezko hanka bat zuela.[4] Lehen urte haietan esplorazioen erritmoa handia izan zen: 1955 arte bakarrik 100 espedizio egin zituzten, 70 kobazulo katalogatuz. Lanen artean azpimarra ditzakegu Santimamiñeko berresplorazioa (artean turismora irekia zelarik), zeinean Moralesek eta Mateok labar-arte berria identifikatu zuten; gainera, estuasun batetik aurrera eginez, 400 metro galeria berri aurkitu zituzten. Aurkikuntza hauek espeleologoen ospea handitu zuten, eta BET-en eraketa formala ekarri zuten 1955eko martxoaren 5ean.[1] Esplorazioekin jarraitu zuten, hainbat aztarnategi berri identifikatuz (Sagastigorri, Ereñoko Arizti, Santa Isabel de Ranero...) eta haiek babesteko neurri egokiak hartuz.[5]
1957-1963: Itxina eta Karrantza
1957 urtean, BET-en belaunaldi aldaketa garrantzitsua gertatu zan, Bilboko Club Deportivotik hainbat espeleologo gazte etorri zirelako: Ernesto Nolte, Celso Negueruela, Eugenio Sojo, Alberto Sojo, Javier de la Hidalga eta Salvador (Gaizka) Ugarte. Taldearen koordinazioa Noltek hartu zuen, Antonio Ferreren laguntzarekin.[3] Urte hauetan, kobazuloen prospekzio eta katalogazio lanen artean hauek nabarmendu ziren:
- Itxinako mendi multzoaren esplorazio sistematikoa. Euskal Espeleologoen Elkargoaren I Jardunaldietan eginiko plana izan zen, eta bertako lanen artean Urrikobasoko Lezandiaren esplorazioa egin zen.[6]
- Torca del Carlista eta Pozalagua haitzuloen aurkikuntza eta esplorazioa.[7]
1963-1968: arkeologia, bioespeleologia eta Otsabide
Urte hauetan taldearen gidaritza Nestor Goikoetxea Gandiagak hartu zuen. Bizkaia osoan lanekin jarraitu zuten, intentsuki: aztarnategi arkeologikoak aurkitzeaz gain, lurpeko izakien ikerketarekin hasi ziren (bioespeleologia).[8] Esplorazioen artean azpimarragarriena agian Otsabide leizearen aurkikuntza izan zen:[9] lurpeko kanpaleku luzeak egin ziren, eta sare erraldoi honen esplorazioari abiapuntua eman zitzaion (oraindik esplorazioan dago).[10]
1968-1987: Kobie aldizkaria eta Jornos II
1968 urtean BET-en koordinazioa Angel Alvarez Ortegaren eskuetara pasatu zen. Epe luze honetan, bistan da, lanak ugariak izan ziren. Zerbait nabarmentzekotan, esan daiteke Euskal Herrian sortzen ari ziren beste taldeekin harremana estutu zutela; 1969an Kobie aldizkaria argitaratzen hasi zutela,[11] Nestor Goikoetxearen zuzendaritzapean; eta Torca de Jornos II leizearen esplorazioa (Jorrios mendi multzoa, Karrantza) burutu zutela, 4 urteko esplorazio epikoaren ostean.[12][13][14]
Amaiera
1987an, BET-eko kideek eta BFA-ko arduradunek taldearen gestioari buruzko desadostasunak izan zituzten. Honek BFA-k BET-i babesa kentzea ekarri zuen eta espeleologia taldeak, baliabide gutxiagorekin, 1990 arte segitu zuen martxan.[15] Prozesu honetan, BET-ek bere ibilbidean bildutako artxibo espeleologiko handia desagertu zen; 30 urte desagertuta egon ondoren, 2018an errekuperatu da eta BFA-ren artxibora eraman da katalogatu, indexatu eta ikerlarien esku uzteko.[16]
Erreferentziak
- Granja, Josu. (2012). «Sobre el origen de la espeleología asociativa en Bizkaia. Mitos y realidades.» Karaitza (Oñati) (20) (Noiz kontsultatua: 2017-XI-6).
- (Gaztelaniaz) «Grupo Espeleológico Vizcaíno - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- Granja, Josu. (2012). Antonio Ferrer (1900-1976) “El Hombre de las Cavernas”.. Colección Temas Vizcaínos, BBK., 168 or..
- Eugenio Sojo, komunikazio pertsonala 2012-VII-24.
- Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1975). «Veinte años de Historia. Kobie 6, 1975.» Kobie (6).
- Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1971). «Observaciones preliminares sobre el macizo kárstico de Itxina.» Kobie (Bilbo) (3).
- Vianako Printzea Erakundea. (1976). 20 años de espeleología en Navarra (1952-1974).. Nafarroako Foru Aldundia, 60 or..
- Nolte, Ernesto. (1968). Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya.. Bizkaiko Foru Aldundia, 58,60 or..
- «OTXABIDE - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- Gaes. (2017-05-08). «Espeleo GAES: 06-05-2017 OTXABIDE» Espeleo GAES (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- (Gaztelaniaz) «Bizkaia.Eus: Temas - Kobie» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1974). «Torca de Jornos II: memoria de las exploraciones.» Kobie (Bilbo) 5.
- (Gaztelaniaz) «Periódico Subterránea» www.periodicosubterranea.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- Dulanto, Diego. (2011-02-27). «descendedor: TORCA DE JORNOS II. Karrantza (Bizkaia)» descendedor (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1990). Carranza. Belleza, grandiosidad y prehistoria.. Autoedizioa.
- (Gaztelaniaz) UEV-EEE. «Recuperado el archivo del GEV | UEV-EEE» euskalespeleo.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-19).