Bizkaiko Diputazioa
Bizkaiko Diputazio Nagusia XVI. mendea baino lehen sortu zen, eta Erregimentu Nagusia edo jaurerriko gobernua zuzentzen zuen. Hiru pertsonak osatzen zuten Diputazioa hasieran: korrejidoreak edo jaunaren ordezkariak, eta Erregimentu Nagusian aukeraturiko beste bi ahaldunek.
Diputazio Nagusiak Erregimentu Berezia izena izan zuen 1645 arte. Korrejidorea zen Diputazioko lehendakaria, beste bi diputatuk eskubide berberak zituzten arren. Diputazioak deituta biltzen ziren Batzar Nagusiak eta bileretan diputatuek hitz egin zezaketen, baina ez zuten boto-eskubiderik. Diputazioak gauzatu behar zituen Batzar Nagusiek hartutako erabakiak.
Diputazioaren esku zeuden aginte militarra, zergak biltzea eta ekonomia, segurtasuna, arazo juridikoak eta foruak osorik zaintzea. Batzar Nagusiek berretsi behar izaten zituzten Diputazioak erabakitakoak. 1695ean, Diputazio Nagusia (zazpi ahaldunek osatua) eta Erregimentu Nagusia (hemeretzi ordezkarik osatua) bereizi egin ziren, eta Diputazioak gero eta pisu handiagoa eskuratu zuen pixkana-pixkana. Gorabehera askoren ondoren, 1877ko maiatzean desegin zen Bizkaiko antzinako Foru Diputazioa.
Egun, Euskadiko Autonomia Estatutuaren eta Lurralde Historikoen Legearen arabera zuzentzen dira Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.