Bizkaiko Badia Gasa
Bizkaiko Badia Gasa (BBG) Enagas eta EVE enpresek Zierbena udalerrian kudeatzen duten gas naturala gorde eta birgasifikatzeko zentrala da. Superportuan kokatzen da, Luzero puntan hain zuzen ere, Bizkaiko Badia Elektrizitatea zentral termoelektrikoaren ondoan, non BBGn birgasifikatutako gas naturala erregai modura erabiltzen baiten elektrizitatea ekoizteko.
Bizkaiko Badia Gasa | |
---|---|
Bizkaiko Badia Gasa, ezkerretara, eta Bizkaiko Badia Elektrizitatea, erdialdean | |
Informazio orokorra | |
Koordenatuak | 43°21′43″N 3°05′48″W |
Udalerria | Zierbena Euskal Herria |
Energia mota | Birgasifikazio zentrala |
Jabea | Enagas eta EVE[1] |
Eragilea | Bahía de Bizkaia Gas S.L. |
Eraikitze urtea | 2001 |
Martxan jartzea | 2003ko abuztuaren 8a |
Funtzionamendua | |
Egoera | Martxan (3) |
Talde kopurua | 3 |
Erregaia | Gas natural likidotua |
2003ko abuztuaren 8an jarri zen martxan, 264 milioi euroko inbertsioaren eta 30 hilabeteko eraikuntza lanen ondoren. Terminalaren emisio-gaitasuna 800.000 m³ (n)/h gas da.
BBG Bilboko portuan
BBGk 150.000 m²ko azalera hartzen du, eta hurrengo instalazioek osatzen dute:
Kaia, gasontziak porturatu eta gas natural likidotua (GNL) deskargatzeko. Kaiko lehorreko plataforman beso batzuen bidez GNLa deskargatu eta tangetara bidaltzen da. Kaiak ez du ahalbidetzen itsasontzi bat baino gehiagok aldi berean deskargatzea. Porturatu zen lehen gasontzia British Innovator izan zen, 2003ko abuztuaren 8an. GNLa batik bat Trinidad eta Tobago, Venezuela, Norvegia, Katar, Nigeria eta Egiptotik dator.
Tangak, GNLa metatzeko. Hiru tanga daude, bakoitzak 150.000 m³ko edukiera duelarik, eta horietariko azkena 2014ko azaroan martxan jarri zen.[2]
Lainoztagailuak, GNLa birgasifikatzeko, hau da, gas natural bihurtzeko. GNLa tangetatik lainoztagailuetara pasatzen da, non gasari tenperatura igoarazten zaion, itsasoko ura erabiliz. Ura Bizkaiko Badia Elektrizitatea izeneko zentral termoelektrikoaren hozte prozesuan erabilitako bera da, eta bi zentraletatik pasa eta gero itsasora isurtzen da.[3]
Behin gas natural bihurtuta, gasa Bizkaiko Badia Elektrizitatea zentralera bidaltzen da, bertan erregai modura erabilita elektrizitatea ekoizteko.
Akziodunak
2015eko urtarriletik geroztik hurrengoak dira BBGren akziodunak:[4]
BBG sortu zenean akziodunak Iberdrola, EVE, BP eta Repsol ziren, bakoitzak BBGren %25a zuela.
2009an Iberdrolak bere partaidetza Deutsche Bank taldearen RREEF enpresari saldu zion, eta urte berean BPk ere bere akzioak saldu zizkion Enagasi, zeinak 65 milioi euroren truke eskuratu baitzituen.
2010ean Repsolek bere partaidetza saldu zien gainontzeko akziodunei, Enagasek akzioen %15a, EVEk %5a eta RREEFk %5a erosi zituztela.[5]
2015ean Enagasek Deutsche Banken RREEF enpresari erosi zizkion bere akzioak, BBGren %30a, alegia. Hala, Enagas BBGren %70aren jabe da, gainontzeko %30a EVEren esku dagoela.
Argazki galeria
- BBG eta BBE
- BBGren tangak
- Mozah gasontzia BBGn
Erreferentziak
- Bahía de Bizkaia Gas. «Cambio de accionariado en BBG» (Noiz kontsultatua: 2015-01-22).
- Bahía de Bizkaia Gas. «Bahía de Bizkaia Gas obtiene el Acta de puesta en Servicio de sus nuevas instalaciones» (Noiz kontsultatua: 2015-01-22).
- Bahía de Bizkaia Gas. «Bahía de Bizkaia Gas-era Bisita birtuala» (Noiz kontsultatua: 2013-06-21).
- Bahía de Bizkaia Gas. «Bazkide Parte-hartzaileak» (Noiz kontsultatua: 2013-06-21).
- El País. «Nuevo cruce de acciones en Bahía de Bizkaia Gas» (Noiz kontsultatua: 2013-06-21).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz)(Ingelesez) BBGren webgunea