Bitigar sendo
Bitigar sendoa (Leucopaxillus lepistoides edo Leucopaxillus bola) Tricholomataceae familiako onddo espezie bat da.[1] Arrautza nahaskietan bikaina, gaztetan zaporetsuagoa da, Agaricus onenen, kalitatera iristen da eta zelaietako Lepistak (nuda eta personata) baino hobea da, zahartzean haragia bigundu egiten zaio eta usaina ere txarragoa du.
Bitigar sendoa | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Fungi |
Ordena | Tricholomatales |
Familia | Tricholomataceae |
Generoa | Leucopaxillus |
Espeziea | Leucopaxillus lepistoides Singer, 1939 |
Deskribapena
Kapela: 10 eta 20 cm arteko diametrokoa. Zuria, oso lodia, trinkoa, haragitsua, ia globo-itxurakoa hasieran, gero ganbila. Ertza biribildua, lodia eta erregularra. Azal lehorra eta matea du gaztetan, pruinaduna, pitzatua eta satinatua heltzean.
Orriak: Zuri-krema edo krema kolorekoak, oso estu, desberdinak, meheak, banangarriak, eskotatuak edo Itsatsi-dekurrenteak.
Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.
Orri eskotatuak: Oinera Iritsi baino lehentxeago eskote txiki bat duten orriak.
Hanka: Zuria, pruinaduna, lodia, oso laburra, mozkotea lodia eta betea.[2]
Haragia: Oso zuria eta lodia, nahiko sendoa gaztetan, elastiko samarra eta biguna bukaeran. Zapore leun eta atseginekoa.
Etimologia: Leucopaxillus terminoa grekozko "leucos" hitzetik dator eta zuria esan nahi du. Bere koloreagatik. Lepistoides epitetoa ere grekotik dator, "lepistós" hitzetik, eta biluzik esan nahi du, apaingarri berezirik ez duen onddoa.
Jangarritasuna
Bikaina. Jose Manuel Ruiz Fernandezek lehen saria irabazi zuen perretxiko honekin Galdakaoko sukaldaritza lehiaketan, 1976ko urrian.[3]
Nahasketa arriskua
Leucopaxillus candidus eta Leucopaxillus giganteus jangarriekin eta Entoloma sinuatum pozoitsuarekin.
Sasoia eta lekua
Udaberrian eta udazkenean mendiko zelai eta larreetan, nahiko urria eta arraroa eskualde askotan.[4]
Banaketa eremua
Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Hungaria, Armenia eta Mendebalde Ertaina.
Erreferentziak
- Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza • Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012 • Euskalnatura • Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987 • Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973 • Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
- (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 222 or. ISBN 84-404-0530-8..
- (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 242 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
- (Gaztelaniaz) Lotina, Roberto. (1985). Mil setas ibericas. Diputacion foral de vizcaya, 327 or. ISBN 84-505-1806-7..