Birigarro
Birigarro arrunta (Turdus philomelos) turdidae familiako hegazti paseriformea da, Europa osoan eta mendebaldeko Asian bizi dena[1], kantu konplexu eta finak egiteko gaitasunagatik ezaguna. Philomelos determinatzaile espezifikoak izenak ere ezaugarri horri egiten dio erreferentzia; grezierazko philo- (zale) eta melos (kantu) hitzek osatzen baitute. Euskal Herrian espezie nahiko arrunta izan arren, ez da bere generokide zozo arrunta (Turdus merula) bezain antropofiloa.
Birigarro | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Turdidae |
Generoa | Turdus |
Espeziea | Turdus philomelos Brehm, 1831
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 6 g (pisua jaiotzean) 72 g (helduen pisua) |
Zabalera | 0,36 m |
Kumaldiaren tamaina | 3,9 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 14 egun |
Arrautza | |
Ezaugarriak
Tamaina ertaineko hegaztia da, 20-24 cm-ko luzera eta 33-36 cm-ko hego-zabalera izan ohi duena. 68 eta 85 g bitarteko pisua izan ohi dute, eta bi sexuen artean ez dago aldakortasun nabarmenik, ez tamainan ezta itxuran ere. Bizkarraldea eta hegoen goialdea marroiak dira, eta sabelaldea argiagoa, V itxurako orban ilunekin. Hegoen azpialdea ere argiagoa da, laranja kolorekoa. Burua ere marroia da eta begiaren inguruan kolore arre argiagoko eraztuna izan ohi du. Mokoa ere iluna da.
Kantua
Kantuagatik ezaguna den hegaztia da, eta bere lumaiagatik zuhaitz artean ikustea zaila suerta daitekeen arren, birigarroak urrutitik identifika daitezke kantuaren bitartez. Arren deiak izan ohi dira kanturik konplexuenak eta luzeenak, eta ar bakar bat 100 esaldiko errepertorioa izatera irits daiteke, maiz inguruko beste espezie batzuen kantuak imitatuz (Devoogd et al. 1993). Gizakiak sortutako soinuak imitatzeko gai ere bada (Slater 1983).
Banaketa
Eurasia erdialdean eta mendebaldean hedaturiko espeziea da, eta baita Afrika iparraldean ere. Europa guztian aurki daiteke, nahiz eta Iberiar Penintsularen, Italiaren eta Greziaren hegoaldean kumatzen ez duen. Eskandinavian eta Europa ekialdeko ingurune kontinentaletan kumatze-garaian soilik aurki daiteke, hego-mendebalderantz migratzen baitu neguan.
Gizakiak Australiara eta Zeelanda Berrira ere eraman zuen espeziea, eta populazio txiki batzuk bizi dira bertan egun.
Garaia
Espezie migratzailea izan arren, Euskal Herrian urte guztian aurki daitezke birigarro arruntak.
Habitata
Mosaiko erako habitatak atsegin dituen espeziea da, habia egiteko basoak eta elikatzeko gune irekiak partekatzen dituzten ingurunean, alegia. Lorategietan ere ohikoa da, Europa erdialdean eta iparraldean, batez ere. Itsas mailatik 2200 metroko altueraraino aurkitu da espeziea.
Elikadura
Dieta omniboro zabala duen espeziea da. Udan zizare, barraskilo eta intsektu txikiez elikatzen da, eta neguan haziak eta fruta txikiak ere irensten ditu.
Ugalketa eta ontogenia
Emeak kopa formako habia sortu ohi du zuhaitz edo zuhaixketan, eta 4-5 arrautza erruten ditu bertan. Arrautzen kolorea urdina izan ohi da, Turdus generoko gainerako espezie gehienetan gertatu bezala. Emeak 10-17 egunez inkubatzen ditu arrautzak, eta txitoek 2-3 aste behar izaten dute hegan hasteko. Banaketaren hegoaldean urtean 2-3 errundaldi izatea arrunta da.
Bizimodua
Espezie monogamo lurraldekoia da birigarro arrunta, nahiz eta neguan taldetan bil daitezkeen. Ale migratzaileek bidaia zuzen eta azkarrak egiten dituzte kumatzeguneetatik negutzeguneetara. Ale solteak Groenlandian eta Atlantikoko uharteetan ere aurkitu izan dira.
3-5 urtez bizi ohi da normalean, nahiz eta inoiz erregistratu den birigarro zaharrenak 10 urte pasa zituen.
Espezieen arteko elkarrekintzak
Birigarroa kuku arruntaren biktima izan ohi da maiz, kuku emeek birigarroen habietan jartzen baitituzte euren arrautzak eta birigarroen arrautzak habiatik kanpora botatzen. Dena den, arrautzen kolorea dela-eta, kasu askotan birigarro emeak gai dira eurenak ez diren arrautzak detektatzeko. Mikek (Pica pica) eta eskinosoek (Garrulus glandarius) birigarroen arrautzei eraso egiten diete maiz.
Birigarro helduak, bestalde, katuen, gabiraien (Accipiter nisus) edo mozoloen (Athene noctua) harrapakin izan daitezke.
Taxonomia
Birigarro arruntak lau azpiespezie ditu:
- Turdus philomelos clarkei
- Turdus philomelos hebridensis
- Turdus philomelos nataliae
- Turdus philomelos philomelos
Beste izen batzuk
Euskaraz izenak beste aldaera batzuk jaso ditu: begiarro, bibilarro, bidegarro, bidigarro, bigarro, bilagarro, biligarro, birigarro, miligarro, mirigarro.[2]
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- Svensson, Lars; Peter J. Grant (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins
- Birigarro arrunta txoriak.eus webgunean (2017-04-17)