Bioma

Biomak antzeko ezaugarri ekologikoak eta klimatikoak dituzten area geografiko handiak dira. Biomak sailkatzeko irizpide nagusietakoa baldintza klimatikoak dira, faktore horrek eragin sendoa baitu toki batean bizi diren izaki bizidunen ezaugarrietan. Bioma bakoitzak landare, animalia, lurzoru eta klima mota homogeneoak izan ohi ditu. Biomen ezaugarriak definitzeko, landareen egitura (zuhaitzak, zuhaixkak edo belarrak diren), hosto motak (hostozabalak, koniferoak), landareen sakabanaketa (basoa, sabana) eta klima bezalako elementuak erabiltzen dira. Ekozonetan ez bezala, ez da ezaugarri genetiko, taxonomiko edo historikorik erabiltzen biomak ezaugarritzeko. Sarritan, segida ekologikoen eta klimax landarediaren bidez identifikatzen dira.

Biomak
Bioma lehortarrak
Tundra
Taiga/baso borealak
Mendialdeko larre eta sastrakadiak
Koniferoen baso epelak
Koniferoen baso tropikal eta subtropikalak
Hostozabalen baso misto epelak
Baso eta sastrakadi mediterraneoak
Hostozabalen oihan heze tropikal eta subtropikalak
Hostozabalen oihan lehor tropikal eta subtropikalak
Larredi, sabana eta sastrakadi epelak
Larredi, sabana eta sastrakadi tropikal eta subtropikalak
Basamortuak eta sastrakadi xerikoak
Urperatutako belartza eta sabanak
Ibarbasoak
Hezeguneak
Bioma urtarrak
Urmaelak
Itsasertza/marearteko zona
Mangladiak
Algen basoak
Koralezko uharriak
Zona neritikoa
Zapalda kontinentala
Zona pelagikoa
Zona bentikoa
Arnasbide hidrotermalak
Arnasbide hotzak
Izotz uharteak
Beste batzuk
Zona endolitikoak

Bioma bakoitzaren biodibertsitatea, bereziki faunarena eta mendeko landareena, espezie nagusiaren biomasaren eta faktore abiotikoen araberakoa da. Bioma lehortarretan, espezieen dibertsitatean eragina duten faktore nagusiak produktibitate primarioa, hezetasuna eta tenperatura dira.

Bioma berak izen ezberdina eduki dezake toki bakoitzean. Esaterako, belardi, sabana eta sastrakadi epelak deituriko biomari estepa deritzo Asia erdialdean, belardi Ipar Amerikan, eta panpa Hego Amerikan.

Esan bezala, klima da bioma lehortarren banaketan eragina duen faktore nagusia. Faktore klimatiko nagusiak hurrengoak dira:

  • latitudea: artikoa, boreala, epela, subtropikala, tropikala.
  • hezetasuna: hezea, erdihezea, erdiaridoa eta aridoa.
    • urte sasoien bariazioa: euriak urte osoan zehar gerta daitezke edo sasoi batean soilik.
    • uda lehorra, negu hezea: Lurreko eskualde askotan udan jasotzen dituzte prezipitazio gehienak; beste leku batzuetan neguan gertatzen da prezipitazioa.
  • altitudea: garaiera altuagoetara jotzean gertatzen den habitaten banaketa, latitude altuagoetara jotzean gertatzen denaren parekoa da.

Biomak sailkatzeko gehien erabiltzen den sistemak latitudea (azken finean, tenperatura) eta hezetasuna erabiltzen ditu. Oro har, biodibertsitatea handiagoa da ekuatorera hurbildu ahala eta hezetasuna gehitu ahala.

Biomen mapa

Lehorreko biomak, landarediaren arabera
     izotz geruza eta poloetako basamortuak      tundra      taiga      hostozabalen baso epelak      estepa epelak      euri oihan subtropikalak      landaredia mediterraneoa      montzoien ohianak      basamortu aridoak      sastrakadi xerikoak      estepa lehorrak      basamortu erdiaridoak      belardiak      zuhaizdun sabanak      oihan lehor subtropikalak      euri oihan tropikalak      tundra alpinoak      mendiko basoak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.