Bioetika
Bioetika ikerketa zientifikoak eta gizakiengan egiten diren sendagintza jarduerek eragiten dituzten arazo moral edo etikoen multzoa da.
Bioetika terminoa (antzinako grezieraz: bios, bizitza; ethos, portaera) 1926an Fritz Jahrek sortu zuen "bioethical imperative" izeneko artikulu batean[1], animalia eta landareen erabilera ikerketan aztertuz[2].
Balioen inguruko hausnarketa da hausnarketa bioetikoa, hots, ongiaren eta gaizkiaren arteko bereizketaren ingurukoa. Aurrerapen zientifikoak biologian eta osasunean dituzten eraginak ahalbidetu eta, bidenabar, mugatzeko arauak eta printzipioak finkatzea du helburua. Alabaina, biologiaren garapenak are konplexuago bilakatu du hausnarketa bioetikoa, hainbat jarduera direla medio: gizakiengan egiten diren saio eta esperimentuak, organo eta ehun metaketa edo txertaketak, sendagileek lagunduriko ugalketa (in vitro ernalketa), genetika aurrerapenak, informatikaren garapena, eutanasia eta abar.
1970ean Van Rensselaer Potter biokimikariak terminoa erabili zuen giza hazkundea eta biosferari buruz hitz egiteko. Potterren lanak etika globalaren inguruko kezka piztu zuen, eta biologia, ekologia, medikuntza eta giza balioak batzen zituen diziplina berria sortu zuen[3].
Bioetika vs Etika
Bioetika etikarekin oso erlazionatuta egon arren, ez dira gauza bera. Medikuntzari erreparatuta, etika eta bioetika medikoa ez datoz bat. Etika medikoak medikuntzan sortzen diren arazoak eztabaidatzen ditu. Bioetika medikoa, ordea, orokorragoa da: biologia zientzien aurrerapenen ondorioz sortutako arazo moralak lantzen ditu. Autore batzuen arabera, bioetikaren eta etikaren arteko desberdintasun nagusiena zera da: bioetikak ez du behar etikak beharrezko dituen zenbait balio tradizionalen onespenik.
- Osasun-lanbideen arazo etikoak: odol-transfusioak, eutanasia, organo-transplanteak, laguntza bidezko ugalketa edo in vitro ernalketa, abortua, medikuaren eta gaixoaren artean sor daitezkeen arazo oro.
- Ikerketa biomedikoaren eta bioteknologikoaren arazoak, biak gai direlako gizakia eraldatzeko: manipulazio genetikoa, laguntza bidezko ugalketako teknikak, adibidez, in vitro ernalketa, giza klonazioa (oraindik hipotetikoa dena), etab.
- Ingurumeneko eta biosferako arazo ekologikoak: ingurumena zaintzeko beharra, hala nola espezien arteko oreka babestea eta animalia eta naturarekiko errespetua jagotea, energia nuklearra ez erabiltzea, munduko biztanleriaren hazkundea kontrolatzea, herrialde txiroetan gosetea ez areagotzea, etab.
- Aipatutakoen eragin sozio-politikoa, besteak beste, legegintzan, irakaskuntzan, osasun-politikan, erlijioan, etab.
- Neurologiaren eta etikaren arteko harremanarekin lotutako gaiak. Bien arteko erlazioa neuroetika izenez ere ezagutzen da.
Arloak
Maria Dolores Vila-Coro Barrachinak, La vida humana en la encrucijada[4] liburuan, bioetika lau arlotan banatzen du:
- Bioetika teorikoa edo meta-bioetika. Bioetikaren oinarri kontzeptualak lantzen ditu teoria moralen eremuan. Funtsezko ideiak (pertsona, duintasuna, autonomia, etab.) justifikatzen ditu ere bai.
- Bioetika klinikoa. Praktika profesionalean hartzen diren erabaki etikoei deritze. Lotuta dago medikuntzako deontologiarekin. Pazienteen kasu partikularretan jartzen du arreta, arazo etiko baten konponbidea planteatzeko.
- Bioetika arauemailea, «biozuzenbidea» izenez ere ezaguna. Legelari eta herri-agintariek esku hartze zuzena dute eta helburu du osasun politikan eta sistema legegilean arau orokorrak hartzea. Osasun publikoa, giza eskubideak eta aurrerapen zientifikoak erregulatzen eta elkartzen dituzten arloetan erabaki kolektiboak arrazionalizatzen ditu.
- Bioetika kulturala. Ahalegin sistematikoa da uztartzeko egungo dilema etikoak eta haien testuinguru historiko eta soziokulturala. Ekidin nahi du bioetikaren zenbait ikuspuntu balio ezberdinak dituzten gizarteetan ezartzea.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-09-23 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Sass, Hans-Martin. (2007-12). «Fritz Jahr's 1927 concept of bioethics» Kennedy Institute of Ethics Journal 17 (4): 279–295. ISSN 1054-6863. PMID 18363267. (Noiz kontsultatua: 2018-12-18).
- (Kroazieraz) ljevak.hr. «Knjige | Udžbenici | Online knjižara» Knjižara Ljevak (Noiz kontsultatua: 2018-12-18).
- Lolas, Fernando. (00/2008). «Bioethics and animal research: A personal perspective and a note on the contribution of Fritz Jahr» Biological Research 41 (1): 119–123. doi: . ISSN 0716-9760. (Noiz kontsultatua: 2018-12-18).
- Vila-Coro, María Dolores.. (D.L. 2010). La vida humana en la encrucijada pensar la bioética. Encuentro ISBN 9788474900132. PMC 733868518. (Noiz kontsultatua: 2019-04-11).