Bingen Zupiria

Bingen Zupiria Gorostidi (Hernani, Gipuzkoa, 1961) euskal herritar kazetari eta politikaria da, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta jaurlaritzaren bozeramailea dena. Euskal Telebistan hasi zuen bere ibilbidea 1983an, albistegietako editore izatera iritsiz 1985 eta 1989 bitartean. 1990eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendaria eta Lehendakaritzako komunikazio-arduraduna izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin. 1999tik 2009ra ETBko zuzendaria izan zen, eta 2012tik 2016ra Deia egunkariko zuzendaria. 2016an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu izendatu zuen Iñigo Urkulluk. 2020tik aurrera jaurlaritzaren bozeramailea ere bada.

Bingen Zupiria

(2017)

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea

2020ko irailaren 5a -
Josu Erkoreka Gervasio

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua

2016ko azaroaren 28a -
Cristina Uriarte
Bizitza
JaiotzaHernani, 1961 (62/63 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Lehen urteak

Hernanin jaioa, Urumea ikastolan egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak, bertako lehen promozioko ikaslea izanik.[1] Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Euskal Filologian espezializatua. 1984an lizentziatu zen, Bikain kalifikazioarekin. 2002an, Enpresa Kooperatiben Zuzendaritzan masterra gauzatu zuen Mondragon Unibertsitatean.[2]

"Miren eta Bingen" musika taldeko kidea izan zen, Miren Etxanizekin batera.[3] Bikoteak euskal musika tradizionala jotzen zuen; Zupiriak panderoa jo ohi zuen eta Etxanizek trikitixa.[4] Taldeak Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi zuen 1981ean, eta Txapelketa Nagusian finalista izan ziren 1982an.[5][6] Lau urtez egon ziren aktibo, eta 1982an album bat kaleratu zuten, IZ diskoetxearekin.[7]

Ibilbidea

1983an kazetari ibilbidea hasi zuen Euskal Irrati Telebistan. Hasieran Zopa Haundi sukaldaritza programako aurkezlea eta erreportaria izan zen, eta gero lehiaketa programa bat ere aurkeztu zuen.[8][1] Ondoren, ETBko albiste zerbitzuetan editore eta aurkezle gisa egin zuen lan. ETB1eko Gaur egun aurkeztu zuen 1984tik 1985era, eta bertako zein ETB2ko Teleberri albistegiaren editorea izan zen 1986 eta 1989 bitartean.[8][9]

1989ko iraila eta 1999ko urtarrila bitartean Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendaria eta Lehendakaritzako komunikazio-arduraduna izan zen, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gobernuetan. 1999ko martxoan EITBra itzuli zen, Euskal Telebistako albistegietako erredaktore buru gisa. Handik bi hilabetera, 1999ko maiatzean, ETBko zuzendari izendatu zuten. 10 urtez egon zen postu horretan, 2009ra arte, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren eratutako gobernuak kargutik kendu zuen arte. Urtebetez, 2008tik 2009ra, EITBko zuzendari nagusia izan zen jardunean, Andoni Ortuzar ordezkatuz.[10]

2005etik 2007ra EITBk eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako Komunikazio masterraren zuzendaria izan zen. Bi urtez irakasle bisitaria izan zen Mondragon Unibertsitatean, 2007tik 2009ra, Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduko azken urteko ikasleen Kalitatea ikasgaian. Euskal Herriko Unibertsitatearen Komunikazio Korporatibo masterrean eta Berrikuntza eta Ezagutzaren Kudeaketa masterrean ere irakasle izan zen.[11]

2009ko udan Mugaldekoak telesailaren gidoiak gainbegiratzen egin zuen lan. EITBko zuzendaritza utzi ondoren, 2009ko azarotik aurrera, Giza Quest edo G-Quest enpresako zuzendaria izan zen. Enpresa horrek Bilbon zuen egoitza, eta marketin estrategikoa, ikerketa eta komunikazioa lantzen zituen.[12] Deia egunkariko zutabegilea (Hitzaren kupela tartean) eta Cadena Ser irratiko La Ventana Euskadi saioko kolaboratzailea ere izan zen.[11]

2012an Deia egunkariko zuzendari izendatu zuten, Iñigo Camino ordezkatuz.[13] 2016an utzi zuen postua, Iñigo Urkullu lehendakariak Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu izendatu zuenean bere bigarren gobernuan.[14] 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Zupiriak sail beraren ardura izaten jarraitu zuen Urkulluren hirugarren gobernuan, eta gobernuaren bozeramaile izatera ere igaro zen, Josu Erkorekaren lekua hartuz.[15]

Bizitza pertsonala

Bixente Zupiriaren semea da, Hernaniko Santa Barbara Elkarteko presidente izandakoa.[1][16] 18 urte zituenetik Bilbon bizi da.[1] Aintzane Bolinagarekin ezkonduta dago, EITBko albistegietako editorea.[17] Bikoteak bi seme eta alaba bat ditu.[18]

Erreferentziak

  1. Zugasti Arizmendi, Arantzazu. (2005). «Bingen Zupiria, Euskal Telebistako zuzendari hernaniarra» (pdf) Hernaniko Urtekaria (Hernaniko Udala): 6-10..
  2. (Gaztelaniaz) Irekia, Eusko Jaurlaritza. (2009). «Bingen Zupiria Gorostidi CV» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  3. «Trikitixa gazte eta kaletarra» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  4. «Bingen Zupiria eta Agus Barandiaran, pandero eta trikitilari bikote berria» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  5. «Soinuaren hotsa - Txapelketak» trikitixa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  6. «Soinuaren hotsa - Bikoteak» trikitixa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  7. (Gaztelaniaz) «Miren eta Bingen» www.soinuenea.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  8. «Zupiria Gorostidi, Bingen - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  9. Irekia, Eusko Jaurlaritza. (2020). (pdf) Bingen Zupiria Gorostidi CV. .
  10. (Gaztelaniaz) «Zupiria, el colaborador de Ardanza que vuelve al Gobierno tras dirigir medios» El Diario Vasco 2016-11-24 (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  11. «Bingen Zupiria, nuevo Director del Deia» www.infoperiodistas.info (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  12. Erredakzioa. «Bingen Zupiria izango da martxotik 'Deia' egunkariko zuzendaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  13. (Gaztelaniaz) «Bingen Zupiria sustituirá a Iñigo Camino como director de Deia» Diario de Noticias de Navarra (Editorial Iparragirre) 2020-02-18.
  14. «Sailburuak» Berria 2016-11-25.
  15. Begiristain, Edurne. «Gotzone Sagardui izango da Osasun sailburua, eta Josu Erkoreka Segurtasunekoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-09-08).
  16. «Historia - Sociedad Recreativa Santa Barbara Elkartea» www.elkartea.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  17. (Gaztelaniaz) «El PP critica que ETB nombre editora de informativos a la mujer del consejero de Cultura» El Correo 2017-07-19 (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
  18. «Bingen Zupiria hunkitu egin da anaien eta seme-alaben mezuekin» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).

Kanpo estekak


Aurrekoa
Cristina Uriarte
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua

2016ko azaroaren 28a - gaur egun
Ondorengoa
Karguan
Aurrekoa
Josu Erkoreka
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

2020ko irailaren 8a - gaur egun
Ondorengoa
Karguan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.