Bilboko historia

Bilboko historia hiriaren fundazioarekin (1300. urtea) hasiko dugu, eta Bizkaiko hiriburuaren azken motorra izan den Guggenheim Bilbao Museoaren sorrerarekin amaitu.

Bilbo 1575. urtean

1300 urtearen aurretik

Ez da oso ziurra Bilboren sorrera aurretiko denboran nolakoa zen herria. Dirudienez, Diego Lopez Harokoak hiribildu titulua eman aurretik, itsasadarraren bi aldeetan hedatuta zegoen herria.[1]

Bilboko lurretan aurkitu diren aztarnarik zaharrenak Malmasinen gainean daude, lan batzuen arabera orain dela 2000 urte ingurukoak.[1] Beste lan batek dio[2] Malmasin gainean dagoen kastroa eta Basaurin dagoen Finagako nekropoliaren artean lotura zuzena dagoela. Finagan aurkitutako hilotzak K. a. IV. mendetik, K. o. XIII. mendera doaz.

Erromatarren garaian Bizkaiko populazioa kostaldean bizi zen, baina inperioaren erorketarekin batera piratetaz babesteko barnealderantz mugitu ziren. Bilbo inguruko populazioa Finaga ingurutan pilatu zen. IX eta XI. mendeen artean eskualdea Nafarroako Erresumaren esku zegoen eta populazioak hainbat urtetan bakea ezagutu zuen. Hori dela eta populazioaren hazkundea handia izan zen. Garai honetan Bizkaian hainbat baseliza eraiki ziren eta Ganguren mendiaren inguruan ere badira.[2]

XII. mendean Antso VI.a Jakintsuak hiribildu ezberdinak sortu zituen, euren artean Donostia eta Gasteiz. Baliteke garai honetan Bilboko populazioa Malmasinetik Bilbora jaitsi izana. Tomas Urzainkiren arabera[2]:

« Nafarroako Malvecin gaztelua, gaur egungo Bilboren gainean, Malmasin izeneko muinoan dago kokatua, "Gaztelua" izeneko gune baten aztarnak aurkitzen diren lekuan. Gaztelu honek Nerbioi ibaiaren ezkerraldea babesten zuten eta portuaren gunea, Bilboko Portua izenekoa, geroago On Diego Lopez V.a Harokoak, Bizkaiko hamaikagarren jaunak 1300ean hiribildua sortuko zuen lekua, aurretik bazegoen leku baten inguruan (...). Bilboko hiribilduaren erregaliak (...) aurretik Bilbok zuen garrantziaren berri ematen digu. Berriro ere hiribildu eta populatu behar zen "Begoñako Bilboko partean, Bilboko Portua deritzon lekuan"  »

—Tomas Urzainki

San Anton elizan eginiko zundaketa arkeologikoetan XII. mendeko harresi zatiak aurkitu dira. Garai horretan zonalde honetan gurdiek pasatzeko aukera zuten lautada bat eratzen zen eta, beraz, berpopulatzeko aukera handiak ematen zituen. Garai horretan oraindik Nafarroako Erresumaren boterean zegoen Bilbo. Bilbok 1077ko Jakako Forua zuen garai hartan.

1157an Alfontso VIII.a Gaztelakoa eta Antso VI.a Jakintsuaren artean sinatutako bake-akordioak honela dio hitzez-hitz gazteleraz[3][4]:

« Y Yo, Don Alfonso, rey de Castilla, he dado por quito del castillo que tiene Navarra a Leguín y Portilla, y he dado por quito del castillo que tienes de Godín. Y, Además de esto, Yo, don Alfonso, rey de Castilla, doy por quito a vos, don Sancho, rey de Navarra y de Álava, a perpetuo para vuestro Reino, conviene a saber: desde Ichiar y Durango, que quedan dentro de él, exceptuando el castillo de Malvecín (junto al puerto llamado de Bilbao)...  »

—Alfonso VIII.a Gaztelakoa[oh 1]

Bilbotar batzuek Etxanon zegoen mugarria apurtu zuten akordioa ez zutelako begi onez ikusi. 1174an Nafarroako erregeak Enrike II.a Ingalaterrakoari gatazkan parte-hartzea eskatzen dio, bitartekari moduan, eta hainbat gauzen artean Malmasingo gaztelua itzultzeko eskatu zion. 1158an Nafarroako eta Gaztelako erregeek, Ingalaterrako erregearekin eta hamabost artzapezpikurekin bake akordioa sinatu zuten eta bertan Malmasin berriro igaro zen Nafarroaren esku[5]. 1200. urtean Gaztelak Bizkaia konkistatu zuen eta beraz Bilbo Gaztelaren esku egotera igaro zen.

1190. urtean Garzia Galindez, Aiara eta Salzedoko Jaunak eta bere emaztea zen Alberta Sanz Zurbanokoak Done Bikendi eliza sortu zuten Abandoko lurretan, elizate horren gune nagusia.[6]

1300 urterako Bilbok jada harresiz erdi bildua zen gunea zuen, hainbat dorretxerekin eta Santiagoko baselizarekin. San Antongo zubia bazen gaur egun dagoenetik gertu, harresiz hornitua, eta han kobratzen ziren zergak.[7]

1300etik 1600era

Bilboko Zazpikaleetako perspektiba. (via Cooper Hewitt, Smithsonian Design Museum).

Diego Lopez Harokoak, orduko Bizkaiko jaurerriko jaunak sortua 1300eko Ekainaren 15ean. Hiribilduari Logroñoko Foruak ezarri zitzaizkion. Haren agindua Begoñako zati batean Bilbo izeneko hiribildua egitea izan zen.

Hasieran hiru kale bakarrik egon ziren, Goienkale, Artekale eta Dendarikale, Done Jakue katedralarekin batera. Pixkanaka biztanleria gehitzen joan zen eta gaur egungo zazpi kaleak eratu ziren. Ezkerraldeko kostan burdina ustiatzen zuten hainbat eraikin zeuden.[7] Hiru kale horiek harresi batekin erdi-inguratuak zeuden. Harresia Zamudioko atean hasten zen, gaur egun Unamuno plazatik Artekalera doan bidean, gutxi gorabehera. Kale bakoitzak errekarantz bere atea zuen eta ate guzti horiek San Antongo zubian zegoen ate gotortu bakarrera zihoan bidea irekitzen zuten. Ate horietako bakoitza dorretxe bat zen, Legizamon, Zubialdea eta Arbolantxa izenekoak. Gainera geroago Erronda kalea izango zenetik beste sarrera bat zegoen Goienkalera, Ibeniko atea izenekoa. Harresietatik kanpora ezkerraldeko etxeak kenduta San Nikolas eta Ibeniko etxaldeak zeuden.[8]

Zazpi kaleak osatu ostean harresiak jada zazpi-kale osoak inguratzen zituen. 1442 urtean oinarritutako mapa batean[9] zortzi dorrek eta hiru atek irekitzen dute hiria kanpoaldera. Lehen aipatutako bi ateez gain beste bat zegoen Belostikalen. Antzinako harresi horietatik antza zerbait geratzen da Erronda kalearen kantoi batean[10]. Gaur egun Yohn jauregia dagoen lekuan (La Bolsa) eginiko ikerketa arkeologikoetan harresi horren zatiak aurkitu ziren. Barrio Lozaren araberan[10] harresi horrek 5 edo 6 metroko altuera zuen eta 1,80 metroko zabalera.

Bilbo beti egon da bere errekari oso loturik, antzinako portuaren jarduerak San Anton Elizaren aurrean hasi zirenetik gaur egungo Superportura arte. Bere kokalekuagatik, hiria berehala hasi zen garrantzia irabazten, Gaztelako produktuen igarobide bezala. Horrela biztanleria pixkanaka hazten joan zen. San Antongo zubia zen hirirako sarbide nagusia, bertatik igarotzeko ordaindu beharra zegoela. Urte horietan Donejakue bidearen kostaldeko adarra ere Bilbotik igarotzen zen, eta horrek diru gehiago ematen zion.

XV. mendean, Bizkaian eta euskal probintzietan gertaturiko familien arteko gerrateek eragina izan zuten hirian. Abandoko lurretan Zurbaran eta Butron familiak Legizamon, Artunduaga eta Agirre familiekin borrokatu ziren 1446an. Deustun, berriz, Denepereaga, Berriz eta Lutxana familiek zuten garrantzia.[6]

1492an Bilbok 939 biztanle zituen, 1514an, berriz, 1055 biztanlera igo zen bere populazioa.[11]

San Frantzisko kalean dagoen Mariaren Bihotza plazan eginiko ikerketa arkeologikoetan XV eta XVI. mende bitartean bertan zegoen eliza gotikoko aztarnak aurkitu dira, baliteke San Frantzisko elizarena berarenak. Horren azpian Erdi Aroko eraikin edo estruktura bat ere aurkitu dute.[12]. Gaur egungo Bilbo Zaharra 1870rarte Abandoko elizatearen barruan egon zen. Auzo hau jada Erdi Aroan elizatea zen, hainbat dorretxerekin: Urizar, Arana, Beaskoetxea, Albia, Novia de Salcedo, Basurto... Dorretxe hauekin batera zeuden baserriek 8 auzo sortzen zituzten Abandoko elizatean: Abando-Ibarra, Bilbo Zaharra, Mena, San Adrian eta Larraskitu, Indautxu eta Olabeaga, Zugasti, Novia, Zorrotza eta Ibaizabal.[6]

XVI. mendean sute batek eta bi uholdek arriskuan ipini zuten hiriaren etorkizuna. Orduan Bilbotarrek Begoñako Andra Mariren basilikara jo zuen babes eske. Historian zehar, ohiko gauza izan dira uholdeak. Ordurako hiria babesten zuten hormak pixkanaka eraisten joan ziren, eta horrela Erronda kalea sortu zen. 1511n Bilboko Kontsulatuak eskumena lortu zuen Espainiako korotik Gaztelan sortzen zen Merino artilea Europako iparraldeko herrietara esportatzeko, Antwerpen gisa. Modu honetan Bilbo Iberiar Penintsularen iparraldeko porturik garrantzitsuena bilakatu zen.

Harresiak eraisten 1571an hasi ziren, egondako sute baten ondorioz. Azaroaren 9an sute batek ia etxe guztiak erre zituen, zutik 6 dorretxe eta elizak bakarrik utziz.[13]. Hortik aurrera etxe guztiek hiru pisu izan behar zituzten, behekoa dendentzat eta goiko biak etxebizitzentzat. Gehienek labe bat eta baratze bat zuten. Etxeen altuera 10,45 metrotik 10,86ra izan behar zuen[14]. Sute honen ondoren kaleen zabalera egokitu zen, 6,25 metrotara eta kale berriak eraiki: Santa Maria, Bidebarrieta, Santiago (Korreo), Kale Erreala eta Iturribide. Pietate eta Parra zeharbideak ere ireki ziren[13].

1511an ere Begoñako Basilikaren obrak hasi ziren. Lehenago baseliza bat zena tenplu handi bat bilakatu nahi izan zuten. Obra Antso Martinez Aregokoak diseinatu zuen eta barnealdean dagoen koroa Martin Ibañez Zalbideakoak egin zuen. Mende oso bat iraun zuten obrek eta 1621erako koroa jada obretan zegoen.[15]. Mende horretan hasierako diseinua eta estetika pixka bat aldatu zen.

1526an Abandon idatzi zen Bizkaiko Foru Berria eta 1539an lehenengo udal ordenantzak.[6]

1547an Burgosko Unibertsitatea eta Portugaleteren artean artilearen esportaziorako paktu bat sinatu zen. Honek gatazkak sortu zituen Portugalete eta Bilboren artean, baina Bilbok barku hobeak zituenez azkenean berak lortu zuen gailentzea. Gatazka honek egin behar ziren kaien lanak gelditzea ekarri zuen. 1558an, Burgosek, Bilbok eta Portugaletek obra horiek jarraitzeko betebeharra hartu zuten euren gain.[16]

XVI. mendean ere Bilbok kaleak garbitzeko lehenengo sistema ezarri zuen. Ura itsasadarrean gora hartzen zen eta lur azpitik Erronda kalean zegoen biltegiraino eramaten zen. Hori beteta zegoenean ateak ireki eta ura azkar eta indartsu jaisten zen kaleetatik berriro itsasadarrera. Garai horretarako nahiko aurreratua zen sistema hori.[13]

1553an eta 1593an uholde handiak izan ziren Bilbon. Horrek 1571ko sute handiarekin eta 1598an izan zen izurritearekin egoera ekonomiko txarra ekarri zuen.[7]

1600etik 1800era

Bilboko irudi erromantiko eta idealizatua, XVIII. mendean egina. Bertan Plaza Zaharra agertzen da. Eskubian Udaletxearen eta Kontsulatuaren egoitza dago eta goian Areatza oraindik hondartza bat zenean agertzen da.

XVII. mendean geroz eta barku gehiago sartzen ziren Bilboko itsasadarrean eta portua gaur egun Erriberako Merkatua dagoen lekuan zegoen. Eraikin hori dagoen lekuan zegoen Bilboko Kontsulatua. Hala ere itsasadar bat izanda arazo asko zeuden uraren altuerarekin. Hori dela eta 1653 eta 1655 urteen artean Volantineko Zelaiak dauden lekuan kanal bat ireki zen, gaur egun itsasadarra hortik doalarik. Modu honetan lehengo errekaren ibilgua eraldatzen zen, Uribitarten egiten zuen kurba ezabatuz. Denbora luzez bi adarrak utzi ziren, irla artifizial bat sortuz Uribitarten bertan. XIX. menderarte balneario moduan erabili zen geratzen zen jatorrizko adarra eta 1870an Udalak itxi eta kanal originala zegoen lekuan Bilboren berritzerarte iraun duen nasa eraiki zuten.[17] Jatorrizko ibilguaren norabidea gaur egun ere ikus daiteke, Uribitarten baitago Bilboren Zabalguneko kale kurbatu bakarra.

Goi-goian, artikuluaren tituluan, agertzen den irudian jada Bilboko Kontsulatuaren eraikina agertzen da. Etxe horren egitekoa garraioetan merkantziek jasandako minak neurtzea zen. Era horretan epaitegi komertzial moduan erabiltzen zen. 1553an egon ziren uholdeetan onik atera zen etxea, baina 1593an egon ziren uholdetan guztiz apurtua geratu zen, hurrengo urtean berriztuz. 1651an Udaletxeak Bilboko Kontsulatuaren lurretan bere eraikin berria egitea erabaki zuen, aldi berean bi instituzioak egongo zirelarik. Bere aurrean, harresia egiten zuten etxeen aurrean, Plaza Zaharra geratzen zen, merkataritzarako eta jaietarako lekua. Hainbat grabatutan agertzen denez zezenketak ere egiten ziren hemen.[18]

XVII. mendea, hala ere, mende zail bat da. Bilbok Jaurerriaren barruan zuen posizio garrantzitsua ez zen ondo ikusia elizateen barruan eta horregatik epaiketa ezberdin asko izan zituen beste herriekin, gastu handi bat sortuz. Gastu honek Bilbo ia dirurik gabe uztea ekarri zuen eta horregatik hainbat matxinada gertatu ziren. Espainiako Koroak gatzaren gaineko zerga Bizkaian ere jarri zuenean bilbotarrak altxatu eta Gatzaren Matxinada abiatu zuten.[7]. 1672ean Bizkaiko Jaurerriak Begoña izendatu zuen zaindari, Bilbori garrantzi handiagoa emanez.[15]

XVIII. mendean, San Nikolasko baseliza txikia egon zen tokian, gaur egungo eliza eraiki zen, eta honen aurrean zegoen Areatzan, Bilboko parkea. Horrela, berez Bilboren "hondartza" zenean, zuhaitzak landatu ziren eta hirirako aisialdi gune bilakatu zen. San Antongo elizatik hurbil, garai hartarako oso modernoa zen ospitale bat eraiki zen (Atxurikoa), gizonak emakumeetatik bereizten zituena.

Zazpikaleen iparraldera, kale berriak sortu ziren, Posta eta Bidebarrieta horien artean. Eta Plaza Barria. Hauxe jotzen da hiriaren "lehen zabalgunetzat", Sendeja eta Itxaropen kaleetan zehar egindakoarekin batera (gaur egun Udaletxearen eraikina ezartzen den gunean alegia).

1718an zergatokiak barnealdetik kostaldera mugitzea erabaki zuen Koroak, modu horretan kontrabandoa ekidin nahian. Berez neurria komertzialarien boterea ekiditeko hartu zuten Jauntxoek, baina lortu zutena herritarren matxinada berri bat izan zen. Altxatuen artean erandiotarrak egon ziren. 1718ko irailaren 5ean erandiotarrek Bilboko kaleak inbaditu eta Arana Ahaldun Nagusia hil zuten, hainbat jauregi errez eta elizgizon hainbati tratu txarrak eragin zizkieten traizioa egin zutela argudiatuz.[19]

Bilbok sortzen zituen arazoak zirela eta Koroak Santander portu nagusi moduan erabiltzea erabaki zuen, Reinosako bidea irekitzen. Honen aurrean Bilbok Urduñako bidea ireki zuen, Gaztelako artilea berri bereganatuz.[7]

Gaur egun Bilboko auzo diren Abando, Deustu eta Begoña Elizate izan ziren oso berandurarte. Bizkaiko Batzar Nagusietan 34, 35 eta 36 eserlekuak zituzten hurrenen hurren. Batzar Nagusietara joan aurretik Merindadean biltzen ziren Uribe Kosta eta Mungialdeako beste hainbat elizaterekin. Garai hartan merindadearen hiriburua Loiun zegoen.[20]

1704an Bilbok 5.946 biztanle zituen, 1746an 6.793, 1768an 9.434, 1783an 9.494 eta 1797an 10.943. 1802an 11.407 biztanle zituen eta, beraz, mende bakar batean Bilbok bere populazioa bikoiztu zuen.[11]

Aro Garaikidea

XIX. mendea


Ibaizabal ondoko lurraldea txiki geratu zitzaion Bilbori eta horregatik hiria zabaltzeko plan baten beharra aztertzen hasi zen. Horrez gain, biztanleria erabat pilatuta bizi zen Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean, osasunarentzat kaltegarria zen modu batean. Egitasmoaren atzean, industriak eta merkataritzak aberasturiko burgesia zegoen. Izan ere, burgesia izan zen Abandoko lur berriak populatu zituena. Zazpikaleetan jende pilaketa handiegia zegoen ordurako, eta horrek higiene egoera txarra eta gaixotasunak kutsatzea errazten zuen.

Abando Bilbora anexionatzean arazo bat sortu zen. Garai hartan bi zubi baino ez zeuden itsasadarraren bi aldeak batzeko: lehenengoa San Antonen zegoen, baina ez gaur ezagutzen den zubia; bigarrena San Frantziskon zegoen eta egurrezkoa zen. Bilboren zabaltze horretan beste hiru zubi eraiki ziren: Mesedeetako zubia, Areatzako zubia eta Udaletxeko zubia. Hiru zubi horiek gaur egungo zubien leku berean zeuden, baina garai biotakoak ez dira berdinak, XX. mendean berreraiki baitzituzten.[21] Urte horietan ere lan handia egin zen kai berriak eraikitzeko. Alde batetik lehen aipatutako Uribitarteko adarraren itxiera egon zen eta horrek irla artifiziala deuseztu zuen. Bestetik Atxuri eta Sendejan kai berriak eraiki ziren,hori berritze urbanistiko handia izan zen.[21]

Zabalgune baterako lehen plana hamazortzigarren mendearen amaieran egin zen, baina ez zuen Bilbok egin, historian Bilboren arerio izandako Abandoko elizateak baizik. Dena dela, Espainia eta Frantziaren arteko gerraren eraginez ezereztu egin zen plan hori, aurretik Zamakolada deritzana gertatu zela.

XIX. mendean ere Plaza Berria eraikitzeko plana garatu zen, mende bat lehenago Donostian. 1784an Alejo de Mirandak egin zuen lehenego plana, Agustin de Humaranek aldatu zuen 1805ean, eta Avelino Goikoetxeak bukatu zuen 1851n.[18]

1827an Abando eta Bilbo artean lehenengo Zubi Esekia eraiki zen eta 1845an altxatu ahal zen Elisabet II.aren zubia. Zubi honek ordainsaria zuen Arenaletik tren geltokira igarotzeko. 1869tik 1874ra Foruen Zubia ere egon zen, Esekia hau ere.[6]

1835an Lehen Gerra Karlistaren ondorioz hainbat eraikin suntsitu ziren, euren artean Begoñako Basilikako hormak.[15] Abandoko Done Bikendiko eliza karlisten gotorleku gisa erabili zen, inguruan kainoi ugari jarriz. 1848an eliza konpondu behar izan zuten jasotako kalteak zirela eta.[6]. Lehen Gerra Karlistan Bilbo, bere interes komertzialak zirela eta, Liberalen aldean egon zen. 1835 eta 1836an hiria bitan setiatu zuten. Tomas Zumalakarregi setio horretan hil zen. Gainera, eta gaixotasunei dagokienez, 1834ko abuztutik urrira arte kolerak 778 pertsona hil zituen (hiriak 15.000 biztanleak zituenean). Bakteria horren bigarren pandemia zen, 1830ean Errusiatik Euskal Herrira iritsi zena.

1852an Espainiako lehenengo lerro telegrafikoa jarri zen martxan Bilbo eta Portugaleteren artean.[16]

Administratiboki, beste hirurogeita hamar urte igaro behar izan ziren gauzak aldatzen hasteko. Horretarako, Abando elizatea anexionatu zuen Bilbok, 1872. urtean, eta han abiatu zen Bilboko zabalgunearen proiektua. Proiektu hori Severino Atxukarro arkitektoak, eta Pablo Altzola eta Ernesto Hoffmeyer ingeniariek sinatu zuten. Urte horretan bertan hainbat saleroslek Bilbo eta Areeta batu zituen tranbia eraiki zuten, Bizkaiko lehenengoa. 1896an Santurtzi eta Bilbo batzen zituen tranbia lerroa elektrifikatu zuten, estatuko lehenengo tranbia elektrikoa sortuz (horren aurretik animaliek garraiatzen zituzten). Tranbia lerro hau 1876an sortu zuten.[22]. Abandoren anexioa gertatu zenean hau Bizkaiako Jaurerriko elizaterik aberatsena zen.[23]

1873tik 1874ko maiatzaren 2 arte karlistek berriro setiatu zuten Bilbo, batez ere inguruko elizateetatik.[6]

Baina, Bilbok bizi izan zuen garapen ekonomiko eta industrialak itsasadarrean behera obra berriak egiteko beharra sortu zuen, izan ere, honen inguruan sortzen ari ziren enpresa siderurgikoetaraino tamaina handiagoko itsasontziak iritsi ahal izateko burutu behar izan ziren obrak. 1887. urtean, Bilboko Portuko Obra-Batzordeak lehenengo obra garrantzitsua egin zuen, Portugaleteko Burdinazko Kaiaren eraikuntza hain zuzen ere[24], eta itsasontziak itsasadarrera sartzeko zeuzkaten arazoak behin betiko konpondu zituen. 1888an trena eraiki zen Bilbotik Portugaletera, Pablo Alzolaren diseinuarekin. Irailaren 24an ireki zen[16]. 1887an bertan ere Bilbotik Areetara zihoan trena eraiki zen[20]. Trenbidearen eraikuntzan Bilbo-Tutera lerroa eraiki zenean geltokia Abandon jarri zen, Zazpi Kaleetatik komertzioa hona mugiaraziz.[6]

1886an Deustuko Unibertsitatea ireki zuten josulagunek. 1918an Zuzenbide ikasketak bakarrik ematea erabaki zuten, Filosofia eta Letra ikasketak albo batera utziz. 1916an bigarren fakultatea ireki zuten, Komertziala, enpresaburutza eta ekonomian aitzindariak. 1932an Jesusen Konpainia disolbatu zutenean Unibertsitate Literarioa (zuzenbide ematen zuena) itxi behar izan zuten, baina Komertziala irekita mantendu zen.[25]

Zabalgunearen prozesua gauzatzeko, hamarkada asko behar izan ziren. Proiektuaren ardatza San Mames bide nagusia izeneko kalea zen (gaur egun, On Diego Lopez Haroko kale nagusia), 30 metroko zabalerarekin. Proiektuaren mugak, berriz, Urkixo zumarkalea mendebaldetik, eta Mazarredo Zumarkalea ekialdetik ziren. Hasieran, Moyua plazarainoko tartea baino ez zen garatu; izan ere, Moyuatik Jesusen Bihotza plazarainoko tartea 1920. urtetik aurrera egin zen.

Industria Iraultza eta Garapenkeria

Barku bat itsasadarrean sartzen.

Industria-iraultzaren garaian hainbat enpresa, burdin meategi, fabrika eta ontziola zeuden, hiriari maila ekonomiko altu bat eman ziotenak. Bilbo Espainia mailako gunerik aurreratuena izan zen Katalunia eta bestelako guneekin batera. Bilbo enpresa askoren sorburua izan zen, Iberduero, Banco de Bilbao, Banco de Vizcaya, Seguros Bilbao, Altos Hornos de Vizcaya eta ontzigintza inguruko hainbat enpresa. 1857an Banco de Bilbao sortu zen eta 1900ean batuko zitzaion Bando de Comercio 1891an. Banco de Vizcaya, Banco de Credito de la Union Minera eta Banco Financiero 1901ean sortu ziren. Kapital guzti horrek meagintza, ontzigintza, siderurgia eta metalurgia arloko enpresak diruz lagundu eta bultzatu zituen.[26]

Bilbon sortutako lehenengo siderurgia enpresek punta-puntako teknologia erabiltzen hasi ziren, hala nola Bessemer sistema eta Martin-Siemens bihurgailua. 1841an Boluetan egur ikatza erabiltzen zuen Santa Ana de Bolueta enpresa ireki zen eta 1854an Barakaldon Nuestra Señora del Carmen, kokea erabiltzen. Azken hau Ybarra familiak[26] sorturikoa da, kapitalaren eta meatzen jabeak ere zirenak. 1860an lehen aipatutako sistemak erabilita fosforo urriko burdina ustiatzeko metodoa aurkitu zen. Ingalaterrara untziak burdinaz kargatuta joaten ziren eta bueltan kokez beteta, guztira sortzen ziren gastuak erdira gutxiagotuz. 1882ean Ybarra anaiek zituzten bi fabrika batu eta Bilboko Labe Garaiak eta Burdin eta Altzairu Fabrika sortu zuten. 1902an Barakaldon sortu zen Bizkaiko Labe Garaiak enpresa. 1888an Astilleros del Nervion sortu ziren eta 1900an Euskalduna ontziola. 1915an La Naval sortu zen Sestaon. 1918an Babcock Wilcox enpresa sortu zen eta 1929an General Electrica Española Trapagaran inguruetan. Bilbok izandako hazkuntza erraldoiaren ondorioz, hainbat obra publika egin ziren, adibidez Elorrietako punpatze etxea eta Getxoko malakateak, ur zikinak zuzenean itsasora eramateko azpiegitura[27].

1898an hainbat langile ingelesen eraginez Athletic futbol taldea sortu zen. 1900. urtean Getxoko Areeta auzoan Bilbao Football Club sortu zen. 1901ko irailaren 5ean bi taldeak batu eta Athletic Club Bilbao sortu zen, 33 bazkiderekin, hasieran Bizkaia izenarekin. Batasun definitiboa 1903ko martxoaren 29an izan zen. San Mames futbol zelaia 1913ko abuztuaren 21ean sortu zen, hasieran Lamiako eta Neguriko Jolasetan egiten baiziren partidak.[28]

1924ko urriaren 29an Deustu, Begoñako Errepublika eta Lutxana Bilborekin batu ziren. Bilbok hala ere gehiago haztea behar izan zuen eta 1940an Erandio ere batu zuten bi herrietako alkateek eginiko akordio batekin<rer name="HErandio" /> eta, urte batzuk beranduago, Sondika, Loiu, Lezama, Zamudio eta Derio (Asuako Haran osoa). Herri hauek 1981ean lortu zuten Bilbotik banatzea eta gaur egun Bilbotik bananduta jarraitzen dute. Hiriko biztanleria izugarri hasi zen eta Bilbo Espainiako pertsona askoren jomuga bilakatu zen, lana erraz lortzen zelakoan.

Zaldiz tiratutako tranbia bat Bilboko San Anton elizaren ondoan 1890 urtean.

Abandoz eta Zazpikaleez gaindi, langile auzo berriak eraiki ziren. Inolako plangintzarik gabe eraiki zituzten bloke eta bloke asko, Errekalde, Santutxu, Zorrotza, eta beste hainbat auzo. Prozesu honi, Garapenkeria deritzo. Dena dela, salbuespenak ere bazeuden, San Ignazioko auzoa esaterako, bertan kale zuzen eta eraikin ordenatuak dira nagusi. Urbanismo kaotikoaz gain, txabolismoa asko zabaldu zen Bilbo inguruko mendietan. San Inazion, La Peñan eta Errekaldeko auzoetan esaterako.

Bizitzeko duinak ez ziren etxebizitza hauek ordezkatzeko ahaleginak egin zituen garai hartako gobernu eta udaletxeak, horretarako txaboletako biztanleak Otxarkoagako auzoan eraiki zen "etxe merkeen" auzo berrira eraman zituzten 1960. urtean. Dena dela, etxe hauen kalitatea eta zerbitzu falta ikaragarria zen, eta horrez gain, hirigunetik oso urruti zeuden. Horregatik, ondorengo hamarkadetan, auzo hauetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko hainbat ekimen egingo ziren.

Hazkuntza honek arazoak sortu zituen garraioaren kontura. Jada martxan zeuden tranbiek ezin zuten guztiarekin eta horregatik 1940an trolebusa instalatzen estatuko lehenengo hiria izan zen. 1957an trolebusak Bilbon 37 milioi bidaiari eraman zituen, tranbiak 6 milioi egiten zituen bitartean[22]. 1964an tranbia guztiz desagertu zen Bizkaian, baina Trolebusek 1978rarte iraun zuten Bilbon.

1960ko hamarkadan azpiegitura ugari eraiki ziren Bilbon, batez ere Deustuko Kanala (etorkizunean proiektuari berrekin eta Zorrazaurre irla bihurtuko duena), A8, A1 eta A68. Hiru autopista hauekin Donostia, Ebro ibarrarekin eta Gaztelarekin sortzen ziren konexio azkarrak.[26]

Gerra zibila Bilbon

Sakontzeko, irakurri: «Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian» eta «Bilboko gudua»

Espainiako Gerra Zibilaren garaian Bilbo Eusko Jaurlaritzaren egoitza bilakatu zen, gaur egun Carlton hotela dagoen lekuan ezarri zelarik, Moyua edo Eliptika plazan. Bilbo alemaniar eta italiar hegazkinek bonbardatu zuten, frankisten aldekoak. Urte horietan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Bankuak txanpon propioa igorri zuten hirian. Araba eta Gipuzkoa kolpezale faxisten esku zeudenez, Bilboko Burdin Hesia eraiki zen, Bizkaiko hiriburua babesteko asmoz. Proiektu hau Alejandro Goikoetxea ingeniariak egin zuen, baina gero traizioaz nazionalen aldera pasa eta planoak eman zizkien, Bilboren galera ekarriz.

Ibaigane jauregian Ertzañaren kuartela jarri zen, gaur egungo Ertzaintzaren aurrekaria. Talde hau motorizatua zen eta Eusko Jaurlaritza defendatzea zuen helburua. Ordena ondo mantendu zen errepublikanoen kartzela hartu zutenean ezik, eta honek ia-ia Telesforo Monzon barne kontseilariaren dimisioa ekarri zuen.

Militar abertzale eta errepublikarrak hiritik ateratzerakoan itsasadarraren gainean zeuden zubi guztiak suntsitu zituzten. Erretiroa Jose Antonio Agirrek agindutako moduan egin zen, Artxanda mendian bataila egin zelarik besteak hiritik joan ahal izateko. Jesus Maria Leizaolak industriak ez suntsitzea erabaki zuen etorkizunean hiritarrek zer jan edukiko zutela ziurtatu asmoz. Raza filmean jatorrizko irudiak agertzen dira faxisten sarreraren inguruan.

Krisialdia eta gainbehera

Sakontzeko, irakurri: «1983ko uholdeak»

Hazkunde ekonomikoak muga izan zuen, eta petrolioaren krisialdia eta industria astunarekin batera, hiriak gainbehera hasi zuen 1980ko hamarkadan inguruko eskualde guztiek bezala. Aurreko urteetan ez bezala, kontrako prozesua gertatu zen, enpresek ez zuten behar horrenbeste langile eta produkzioa beheraka joan zen. Enpresa askok ateak itxi zituzten eta Bilborako immigrazio itzela emigrazio bihurtu zen. Horri gehitu behar zaizkio heroinak eragindako hondamendi soziala eta euskal gatazka politikoak ekarritakoa.

Halaber, 1983an Bizkai osoan baina bereziki Bilbon izandako uholde larriak aipatu behar dira. Hildako eta kalte material ugari sortu zituztenak. Bilboko Alde Zaharra oso kalteturik gertatu zen. Baina askok diote uholde horiek izan zirela Bilboren eraberritzea hastea ahalbidetu zutenak, pixkanaka eraikinak berritzen joan zirelako eta nolabaiteko «erreakzio» edo erantzun bat gertatzea posible egin zutelako.

Aldi berean, krisialdietan normalean gertatu bezala, eztanda kulturala gertatu zen hirian. Bereziki, Euskal Rock Erradikalak astindu zituen bazterrak, eta bertako taldeak izan ziren Vulpess eta M.C.D.. Eraikin bat okupatu zuten Zazpi Kaleetan halaber, gaztetxe moduan, Loteria kalean. Punk eta rock enbataren erdian, bestelako musika taldeak zebiltzan, adibidez Doctor Deseo, edo aurretik arrakasta lortua zuen Mocedades. La Otxoa kabaret giroa ezarri zuen hirian ere bai, bestela. Aste Nagusiaren sorrera ere urte hauetan izan zen.

Honek guztiak bat egin zuen, kirol arloan, Athletic Club Bilbaok edukitako bolada historikorik hoberenetarikoarekin, 2 Liga eta Kopa 1 irabaziz.

Berritzea eta azken urteak

Sakontzeko, irakurri: «Bilboren berritzea»
Bilboko Bide Nagusia
Bidarteko parkea Deustun

Eraberritzeko proiektuak dozenaka dira Bilbo guztian. 1995eko Metro berria, aireportua, Guggenheim Museoa (1997), Euskalduna Jauregia... Nazioarteko arkitekto ezberdinak erabilita eta Guggenheim Museoaren mundu famaz baliatuta, gaur egungo Bilbok gero eta gehiago dauka herri turistiko baten antza, antzinako itxura industriala atzean utziz.

Horrez gain, gune degradatuak berreskuratzen ari dira, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko esaterako. Etxebizitza berriak eraiki, zaharren ordez, eta iharduera kulturalak sustatuz, ingurune "bohemio" bat eratu nahian. Bilboko alderdi hauek berritzeko lanak 1998an hasi zirenean, etxebizitza askok ez zeukaten ez komunik ezta ur berorik ere.

Abandoibarreko gunea eraberritzeko lanetan ari dira orain, eta errekaren inguruan lehen industrialak ziren lurrak biztanleriarentzako berreskuratzen. Uribitarten Arata Isozaki arkitekto japoniarrak bi dorre eraikitzen dihardu, Isozaki Atea. Eta Abandoibarrean bertan Cesar Pellik 165 metroko dorre bat egingo du Iberdrola euskal herritar konpainiarentzat.

Etorkizunera begira hainbat erronkari aurre egin beharko dio Bilbok. Leku faltaren arazoa gero eta handiagoa da, eta horrekin batera etxebizitzen prezioak goraka doaz. Bilbok hazteko daukan aukera bakarra, antzinako gune industrial zaharkituak eraberritzea da. Horretarako, udalak bi gune industrial berreskuratzeko planak egin ditu, Olabeaga eta Zorrotzaurre. Garrantzitsuena Zorrotzaurreko auzo berria izango da, 5.300 etxebizitza berrirekin. Hamabost urteko epean 10.000 etxebizitzatik gora eraikiko dira, horietako asko babes ofizialekoak.

Oharrak

  1. 1157

Erreferentziak

  1. Bilboko Historia - Bilbao Turismo
  2. La Fortaleza nabarra de Malmasin: La fundación de Bilbao
  3. URZAINQUI, TOMAS. "Navarra, sin fronteras impuestas"
  4. Transcripción y traducción del Pacto Convenio
  5. La Fortaleza nabarra de Malmasin 2
  6. Enciclopedia Historico Geografica de Vizcaya. 2. Alea. Haranburu Editor S. A. ISBN 84-7407-114-3
  7. Bilboko Udal Liburutegiak, Zazpikaleak
  8. CALLE ITURRINO, E. Biografia del paseo del Arenal in La Gran Enciclpedia Vasca, 3. tomoa, 288. or.
  9. DELMAS, JUAN E. La iglesia de San Nicolas, su pasado y su presente. Bilbao, 1881
  10. BARRIO LOZA, Bilbao, Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. III bilbao y su entorno. Las Encartaciones. Bilbo, 1991.
  11. MAULEON, M. La población de Bilbao en el siblo XVIII
  12. EiTB24:Portada - Hondakin arkeologiko garrantzitsuak aurkitu dituzten Mariaren Bihotza plazan
  13. LARREA, Mª ANGELES eta MIEZA Y MIEG RAFAEL Mª. El desarrollo del Casco Viejo de Bilbao. Notas de la historia urbana in Bilbo. Bilbao.. Sendoa argitaletxea. Hiriburuak saila. 1994. ISBN 84-85846-98-2
  14. GUIARD Y LARRAURI, TEOFILO. Historia de la Noble Villa de Bilbao. Bilbo, 1905.
  15. Historia de la Basilica de Begoña
  16. Portugaleteren Turismo orrialdea
  17. La Euskadi insular
  18. GALARRAGA, IÑAKI. Imagen y figuraciones de la vida bilbaina en sus reflejos sobre la Ría. Una visión urbanística e inocográfica in Bilbo. Bilbao.. Sendoa argitaletxea. Hiriburuak saila. 1994. ISBN 84-85846-98-2
  19. ¿Conoces la Historia de Erandio?
  20. Historia de Erandio
  21. La Ría de Bilbao en el Siglo XIX
  22. Breve historia de los tranvias en Bilbao
  23. (Gaztelaniaz) DELMAS, JUAN E. Guía Histórica Descriptiva del Señorío de Vizcaya en 1864. Bilbao.
  24. Bilboko Portua - Historia
  25. Universidades y centros de enseñanza. Oferta, demanda y conveniencias. in Bilbo. Bilbao.. Sendoa argitaletxea. Hiriburuak saila. 1994. ISBN 84-85846-98-2
  26. HAINBAT AUTORE. "Lur entziklopedia Tematikoa. Geografia". LUR argitaletxea, S.A. 1997. ISBN 84-7099-405-0
  27. (Gaztelaniaz) Joaquin. (2020-10-06). «Los malacates de Getxo y el saneamiento moderno de Bilbao» AVPIOP (Noiz kontsultatua: 2023-02-28).
  28. BACIGALUPE, ALBERTO. El deporte en Bilbao

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.