Bilboko euskara

Bilboko euskara, Bizkaiko hiriburuaren euskal hizkera jatorrizkoa da, mendebaleko euskara edo bizkaieraren aldaera dena. Bilboko euskara hiriaren erdigunean, Zazpikaleetan, ohiko hizkuntza izan zen Erdi Arotik XIX. mende hasieraraino. XIX. mendean zehar, ordea, gaztelania gailendu zen Bilboren erdigunean, nahiz Bilboko erdara hark euskarazko hainbat hitz eta eragin gorde zituen. Bilboko jatorrizko azpi-euskalkiak bizirik segitu zuen hiriaren periferiako nekazari auzo batzuetan, eta azken hiztunak gune horietan iraun dute XXI. mende hasieraraino. Iñaki Gaminde ikertzaileak hiru gunetan topatu ditu: Bilboren Errekaldeko mendialdean, Larraskitu izeneko auzoan, bestetik Begoña partean (Mahatserri aldean), eta azkenik Bilbo eta Arrigorriaga arteko Buia auzoan. Hiru gune hauek elkarrengandik banatuta daude eta beren artean badira hizkera mailako alde txikiak (Begoñan eta Larraskitun euskarari euskerie esaten diote, Buian berriz auskerie).

Lehen Korrika Bilbon bukatu zen (1980)

Koldo Zuazoren arabera, Bilboko jatorrizko euskara Nerbioi ibarrean egindakoaren antzekoagoa da (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Ugao eta Zaratamoko hizkerak), Txorierri edo Uribe Kostakoa baino. Bilbon, zer esanik ez, jatorrizko euskaldun horiez gain hiriaren erdigunean bizi diren euskaldun asko ere badira, Bizkaiko (eta urrunagoko) herrietatik iritsiak edota ikastolan, eskolan edo euskaltegian hizkuntza ikasi duten euskaldunberriak. Izatez, Begoña, Larraskitu eta Buia aldeko jatorrizko euskal hiztunak dozena gutxi batzuk dira gaur egun, gehienak adinekoak, eta horien aldean askozaz ugariagoak dira beste etorki bat duten Bilboko euskaldunak. Horregatik, gaur egun Bilbon entzun litekeen euskara era askotakoa izaten da (euskara batua, Bizkai aldeko zenbait azpi-euskalki, etab).

Bilboko euskalkia denboran zehar

XVI-XVIII. mendeetan

Jose Maria Sanchez Carrion "Txepetx" hizkuntzalariaren arabera, "aspaldidanik Bilbo euskara landuaren plaza izan da".

Euskaraz dagoen atsotitz bildumarik zaharrena, 1596. urtean argitaraturiko Refranes y Sentencias liburua da. Joseba Lakarrak egindako ikerketaren arabera bilduma hori Bilbon osatu zela dirudi, bertako azpi-euskalkiari dagozkion hainbat ezaugarri ageri baititu. XVI. mende amaierako Bilboko euskararen adibide gisa, beraz, Refranes y Sentencias bildumako esaera batzuk ipin litezke, nahiz esaera zaharrak izanik zenbait ezaugarri arkaiko zituzten, baita beren garairako ere:

« - Luki kume, azeri (64)  »
« - Izekoa edo llobea, eztakit zein dan obea (154)  »
« - Uler ezak lenago, ta itz egik geroengo (194)  »
« - Su bako etsea, gorputz odolbagea (237)  »
« - Gizonok oro buru baltz, andra duztiok buru zuri (245)  »

Mende erdi geroago, 1653. urtean, Rafael Mikoleta bilbotar elizgizonak Modo breve de aprender la lengua Vizcayna izenburudun liburuxka idatzi zuen, euskara ikasteko metodo labur bat (nahiz ez zen argitaratzera iritsi). Liburu horrek erakusten duenez, ordurako Bilboko euskarak galdu egin zuen s/z eta ts/tz txistukarien arteko bereizketak (Refranes y sentencias bilduman nahiko ondo mantentzen zena). Hola, Bizkai aldean gaur egun hain ohikoa den "seseoa" Bilbo aldean sortu zela dirudi, eta bertatik inguruko eremu euskaldunetara zabaldu zela geldiro geldiro. Refranes y sentencias bildumako beste ezaugarri arkaiko batzuk ere galdu egin ziren Mikoletaren garairako. Hona Mikoletaren liburuko pasarte batzuk, bi zaldunen arteko elkarrizketa bati dagozkionak:

« Don Joane: Nondik isan ditu orren mesede orrek tapizok?
Don Peru: Jauna, Flandesik etorri sirea[n].
Don Joane: Angoak-edo dira pinturok edo erretratuok?
Don Peru: Batzuok, seren besteak dira Italiarik etorriak.
Don Joane: Esku ederrenak dira. Seinbaten ebe[n] berorek eskritori au?
Don Peru: Balio daue[n] baxin geiago: berrogei dukat.
Don Joane: Selango sureskoa da?
Don Peru: Sur gorri au da Habanako kaobea, baltz au ebanua, ta suria marfila.
 »

Refranes y sentencias bildumak eta Mikoletaren lanak erakusten dutenez, Bilboko pertsona eskolatu batzuk euskara idatziz jasotzeko interesa izan zuten XVI-XVII. mendeetan. Geroago ere, Bilbon sortutako jatorrizko beste hiztun batzuk euskaraz idatzi zuten XIX. mende hasieran, adibidez Juan Mateo Zabala fraileak edota jaiotzez okondarra zen Jose Paulo Ulibarri, umetan Bilboren aldameneko herrira, Abandoko elizatera (gaur egun Bilbo), bizitzera joan zena. Nolanahi ere, Bilboko elitea erdaldunduz joan zen denboran zehar, eta joera hori Bilboko herritar apalen artera zabaldu zen. XIX. mende hasieran, Juan Antonio Mogelek zioenez, Bilbon ohikoa omen zen euskara-gaztelania arteko mordoiloak entzutea kalean, eta horren adibide gisa honako esaldia ematen zuen: ene! ara toroa plasan mansania jaten. Luze gabe Bilboko Zazpikaleetako herritar gehienak erdaldundu egin ziren, baina behinolako beren hizkuntzaren arrastoa beren gaztelanian geratu zen.

1683ko euskarazko eskutitza.[1]

Alfonso Irigoien euskaltzainak argitaratu zituen datuei esker, badakigu 1683an bilbotarrek, euskaraz berba egiteaz gainera, Donibane Lohizuneko merkatariei, haiekin izaten zituzten tratuetan, eskutitzak euskaraz egiten zizkietela. (Garai hartan "Viluao" idazten zen "Bilbao"?) Horrela zioen eskutitzak:[1]

« “Viluao y nobre. ( 1 ) de 1683

Juanes de Callo. Or bidalsen dugo (sic) / Jonac (sic) eta bioc

60 millar sardina eta / enea da erdia etac (sic) suri comenda / sen di

sut daguisula salseco deli / encia albaitic lasterre ena eta bi / dalesadasu

°rren Balioa aguardien / ta eta 10 opil brea eta abisanasasu / ser ba

lio duen sardinac eta egorri / co duct ( sic) onic badator. esta etorri bate /

ereuna. falta déla diote. ori frescoa da / Bañan garestia da. pagatu dugu

emen / Bere lisensiarequin 16 real sillar eta / eguisu eguinala eta egor

Bereala / sure seruisari orayn eta beti.

Fermín de Basauiluaso.

Juanes yauna fletaren erdia pagatuco duso (sic) 13 rrel (sic) sillar.

 »

Gaztelaniaren bilbotar dialektoa (XIX-XX. mendeak)

Emiliano Arriaga eta beste autore batzuek Bilboko gaztelania bereziaren lekukotzak bildu zituzten XIX. mende amaieran. Erdara horren adibide ezagun bat, hein batez estereotipatua, Una ronda de barregarris izeneko kantua da. Hona ahapaldi bat:

« ¡Ené, qué risas te hisemos
al pasar por la Sendeja!...
Chalos y todo nos hiso
desde el balcón una vieja.
 »

Hola, bilbotar petoen (txinboen) erdaran ohikoa zen "seseoa" (Bizkaiko euskaldunen artean bezala), baita euskarazko hitzak eta esamoldeak baliatzea edo moldatzea ere beren gaztelanian (haser chalos adibidez, 'txalo egin'). Bilbotar erdaldunek erabiltzen zituzten euskal jatorriko berba gehienak Bilbo aldeko euskaratik hartutakoak ziren. Hona horietako batzuk: achur, amaiquetaco, arlote, bustina, cacati, carramarro, chalo, chimino, chimbo, chiquito, chirloras, chocholo, furrustada, gangarra, ichulapico, iñurri, jaunchu, larri, moscorra, quiliquili, saguchu, sapaburu, saran, sensumbaco, sirimiri, urrecha.... XX. mendean zehar Bilboko erdararen ezaugarri horietako asko galduz joan ziren gaztelania estandarragoaren fabore. Baina berba berezi batzuk oraindik ere entzun litezke Bilbo aldean.

Begoña, Larraskitu eta Buiako azken lekukoak (XX. mendean)

Bilboren XX. mendeko hazkunde urbanoak inguruko nekazari eremuak irentsi bazituen ere, Bilboko udalerriaren mugen barruan, mendialdeko hiru nekazari gunetan, jatorrizko euskal hiztun gutxi batzuk iraun dute XX. mende osoan, gaur egun arte. Batetik, Begoña edo Mahatserriko toki batzuetan aurki litezke, Otxarkoaga aldean batik bat (Arbolantxa, Santo Domingo-Egirleta eta Azkarai). Bestetik Errekalde auzoko mendialdean, Larraskitu deritzon inguruan (San Justo, Bentabarri eta San Roke guneak alegia), Pagasarri mendiaren bidean daudenak. Eta azkenik Bilboko Abusu auzoa eta Arrigorriagako herrigunearen artean Buia edo Buja, Buiagoiti, Seberetxe eta Irusta aldean. Hona, lagin gisa, hiru gune horietako hiztunei Iñaki Gamindek grabatutako pasarte batzuen transkripzioa, behinolako Bilboren gainean ari direla:

« Buiako lekukotza: Tranbidxe ta sera be egote san, autobus bet egote san Algortara dxoateko, sera, ara jentie dxoate san bigerren, edo maixuek-eta dxoaten sien ta urteten auren an Gran Vian eta dxoaten sien, tranbidxek ederto, tranbidxek Begoñara. Begoñekoa paseta san gure Plasa Elitikatik, andik paseta san Begoñekoa. Esetu su tranbidxe?  »
« Larraskituko lekukotza: Errekalden bai, orti danak labrantzak, Eskurtzen danak labrantzak. [...] Egon san jardin bet, Gordonis, kallie, a egon san itxite, palatue ta ifiñite kristelak, eta an egon sien Nabarro, orren koñetu bet, an barruen, an egon sien madarixek eta danak, eta egon sien eta bixiten iru, an soloak, andik gora, danak soloak, bai sarratute ormiegas  »
« Begoñako lekukotza: Se oiñ Otxarkoagan da, baie len gure elixie Begoñakoa ixen da, ni an bautisite an eskondu te dana an in nitzen, Begoñen.  »

Lehen begiratuan XX. mendeko lekukotza hauetako euskarak Mikoletaren liburuan eta Refranes y sentencias bilduman ageri denetik nahiko desberdina dirudi. Izan ere Bilbo aldeko euskarak, beste hizkera askok bezala, aldaketa fonetiko eta bestelako ugari izan ditu mendeetan barrena. Hala ere jarraitasunak ere antzeman litezke XVI-XVII. mendeetako Bilboko euskararen eta XX. mendekoaren artean. Horretarako aski da garai horietan guztietan dokumentatu diren oinarrizko hitz batzuk zerrendatzea, eta zer mantendu den eta zer aldatu den ikustea. Zerrendako berba eta forma hauetako asko ohikoak dira Bizkai osoan eta are Euskal Herriko beste euskalki batzuetan ere. Beste batzuk soilik Bilbo aldean edo gertuen dauden eskualdeetako euskalkietan entzun litezke (batez ere Txorierri, Nerbioi ibar, Arratia eta Orozko aldean). Izenak artikuluarekin jaso dira, bokal elkarketek sortzen dituzten aldaketa fonetikoak hobeto ikusteko:

"Refranes y Sentencias" (XVI. mendean) Rafael Mikoleta (XVII. mendean) Begoña, Larraskitu, Buia (XX. mendean) Euskara batuan
eguzkia eguskia eguskixe (La), eguskidxe (B, Bu) eguzkia, ekia
irargia irargia iretargidxe (Bu), itargidxe (B), itargixe (La) ilargia
erurra erurra edurre elurra
leia, izotza leia leixe (La), ledxe (B), laidxe (Bu) leia, izotza
euria euria eurixe (La), euridxe (B), auridxe (Bu) euria
berarra berarra bedarra belarra
lukia, azeria lukia, azebaria lukixe (La), lukidxe (B, Bu) lukia, azeria
txarria, urdea txarria txarrixe (La), txarridxe (B, Bu) txerria, urdea
txakurra, ora txakurra txakurre txakurra, ora
inurria inurria iñurridxe (Bu), iñaurridxe (B) inurria
ama ama ama ama
aita aita aite (La), aitte (B, Bu) aita
anajea anajea anajie (La), anaidxie (Bu) anaia
- amandrea amandrie (La) amama, amona, amatxi
llobea llobea llobie iloba, biloba
seîâ, umea seiña señie, umie seina, umea, haurra
ulea ullea ullie (B), ulie (Bu) ilea
begia begia begixe (La), begidxe (B, Bu) begia
garria garria garrixe (La), garridxe (B, Bu) gerria
uzena usena usena (La), ixena (Bu) izena
barria barria barrixe (La), barridxe (B, Bu) berria
zaarra, zarra sarra sarra zaharra
txipia txikerra txikerra txikerra, txikia, tipia
andia andia andixe, andidxe (Bu) handia
duztia, guztia dustia, gustia gustixe (La), gustidxe (B, Bu) guztia
berba egin, itz egin berba egin berba (e)in berba egin, hitz egin, mintzatu
ostu ostu ostu ostu, lapurtu, ebatsi
betatu betetu betatu (La), bete (Bu) bete
eroan, eraman eroan eroan eroan, eraman
ifini, ibini imini ifiñi, imiñi ipini, jarri

Ordezkatze prozesua eta biziberritze ahaleginak XX. mendean

Euskararen ordezkatze prozesua Bilbon aspaldian hasi bazen ere, gaztelania XIX. mendean nagusitu zela esan liteke. 1898rako, orduko Euskalzale aldizkariaren arabera, hiritarren laurdena bakarrik euskalduna zen, horien artean sartuz ez soilik Bilbo bertan sortutakoak, baita beste herri batzuetatik iritsiak ere. Miguel de Unamuno idazle eta filosofo bilbotarra egoera horretaz jabetzen zen, eta bere moduan interpretatu zuen: "El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémosle santamente". Garai hartan abian zen industrializazioak eta inmigrazioak gazteleratze prozesua azkartu baino ez zuten egiten.

Urte haietan, beste alde batetik, zenbait euskaltzalek, euskara biziberritzeko ahaleginak egin zituzten. Batetik Resurreccion Maria Azkue aipatu beharra dago: lekeitiarra zen sortzez, baina laster Bilbon kokatu eta euskararen aldeko ekimen mordoa bultzatu zuen bertatik: Bilboko Institutu Probintzialean euskara katedrako irakaslea izan zen hogeita hamar urtez, euskarazko zenbait aldizkari sortu zituen (besteak beste aipaturiko Euskalzale), euskara ikasteko metodoak idatzi,etab. Garrantzia berezia izan zuen Euskaltzaindiaren sorrerak 1919. urtean, Azkue buru zuela hain zuzen. Akademiaren egoitza ere Bilbon kokatu zen. Bestetik Sabin Arana eta berak sortutako EAJ alderdiaren ekimenak aipatu behar dira. Aranak hizkuntzaren estatusa hobetu nahi zuen, baita korpusa arautu ere. Horretarako hizkuntza eredu garbizale bat bultzatu zuen, Lecciones de Ortografía del Euzkera Bizkaíno eta Deun-ixendegi euzkotarra idatziz, besteak beste. Aranaren euskara eredua ("euzkerea") eragin handikoa izan zen Gerraurrean bere alderdikideen artean, batez ere Bizkaian. Nolanahi ere, Azkueren eta Aranaren euskara ereduek sarritan tupust egiten zuten, eta ugariak izaten ziren batzuen eta besteen jarraitzaileen arteko eztabaidak eta liskarrak, ortografia, hizkuntzaren batasuna eta antzeko gaien inguruan. Aldiz denak bat zetozen euskara sozialki bultzatzeko asmoan. Alde horretatik Aranaren ideologiak bultzatuta Bilboko sabindar gazte talde batek euskara ikasteari ekin zion, eta 1911. urtean Euzkeltzale Bazkuna izeneko elkartea sortu zuten. Elkarte horrek Euzko Deya izeneko aldizkaria argitaratu zuen euskara hutsez 1916-1922. urteetan, baita beste zenbait liburu eta testu ere. 1920. urteko Bilboko errolda ofizial baten arabera badakigu une hartan euskara zekitela Bilboko biztanleen %20'8ak (orduko ehun mila biztanleetik hogei mila inguruk). 1929 eta 1936 urteen artean Bilbon Euzkerea kultur aldizkaria argitaratu zen eta 1937an Eguna, euskara hutsezko lehen egunkaria.

Gerraurrean euskararen alde egindako ekimenak frankismoak eten zituen. Industrializazioa eta inmigrazioa ere suspertu egin ziren. Nolanahi ere, frankismo urte haietan Bilbon euskararen aldeko ekimen berriak jarri ziren abian. Gabriel Arestiren ekarpena azpimarra daiteke, besteak beste, literatura arloan egindako lan ugariekin (Harri eta Herri moduko poesia bilduma, adibidez, 1964an). Euskara batuaren mugimenduak ere, urte haietako Bilbon izan zuen gune garrantzitsu bat, Aresti bera estandar berriaren sustatzaile nagusietako bat izanik, eta Imanol Berriatuak zuzendutako Anaitasuna aldizkaria, plataforma garrantzitsu bat. Ikastolen mugimendua garai hartan hasi zen suspertzen eta Bilbon zenbait ikastola sortu ziren. Euskal kantagintza berriaren baitan Bilbon Oskorri taldea sortu zen 1971an.

Gaur egun

Zenbakiak

2015eko Korrika Hurtado De Amezaga kalean.

2001eko datuen arabera, Bilboko biztanleriaren %15.32 zen euskalduna eta %21.15 ia-euskalduna edo izateko bidean: 51.302 elebidun, 71.189 elebidun hartzaile eta 212.485 erdaldun elebakar.

Urte horretako inkesta horren arabera, 15.303 bilbotarrek euskara ama-hizkuntza zeukaten, 8.353 pertsonak euskara eta gaztelania, 304.443k gaztelera bakarrik eta 6.877k beste batzuk.

Euskaraz hitz egiteko gaitasuna, asko handitu da hirian azken urteotan, batuaren hezkuntza zabalduz joan den heinean. 1981ean %6.38 baino ez zen euskaraz zekiten pertsonen kopurua. Dena den, adinaren arabera ezberdintasun handiak daude, 15 urtetik beherako umeen artean euskaldunen kopurua %40 inguru da, baina 40 eta 60 urte bitarteko pertsonetan ez da %5era ere iristen.

Hezkuntza

Euskal Herriko Ikastola Konfederazioaren barruan, hiru zentro daude Abusu, Txurdinaga ("Kirikiño") eta San Adrian ("Urretxindorra") auzoetan. Santutxun, berriz, ibilbide luzea du "Karmelo" ikastolak.

Helduen hezkuntzari dagokionez, euskaltegi sare zabala dago hirian, hala AEKkoak (Indautxu, San Inazio ("Larrako"), Zazpikaleak ("Lizardi"), Deustu ("Matxintxu"), Iralabarri ("Urtats"), Zorrotza eta Santutxu), nola HABEkoak (Zazpikaleak ("Bilbo Zaharra"), Abando ("Gabriel Aresti", "Juan Mateo Zabala", "Ulibarri", "Mondragón Lingua" eta "Bai&Bye"), Indautxu (Labayru), Matiko, eta Deustuko Unibertsitatea).

Elkarteak

Euskara elkarteek gainera auzoetan egindako lana nabarmentzekoa da, 1980ko hamarkadatik gertatutako susperraldiaren adibide direla. Hauexek dira hiriko elkarte nagusiak:

Bertsolaritza, literatura eta musika

Sakontzeko, irakurri: «Bilboaldeko idazleak» eta «Bilboaldeko musika taldeak»

Bertsolaritzak hiriburu bizkaitarrean oihartzun handia izan du historikoki, izan ere Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala bertan antolatu dute 15 aldiz azken 2007 arte. Bestalde, Santutxuko bertso-eskolak ibilbide luzea du, eta hortik atera dira Arkaitz Estiballes eta Urtzi Urrutikoetxea moduko bertsolariak.

Literatura mailan, XX. mendeko euskarazko idazlerik berritzaile eta eraginkorrenetarikoa bilbotarra dugu, Gabriel Aresti alegia. Azken hamarkadetan ugari dira hiriko seme-alabak zein hiriarekin lotura estua dutenak arlo honetan nabarmentzekoak: Andolin Eguzkitza, Patxi Iturregi, Manu Ertzilla, Luigi Anselmi, Andres Urrutia, Juan Ramon Madariaga, Paddy Rekalde, Lutxo Egia, Goizalde Landabaso, Asel Luzarraga, Julen Gabiria, David Tijero, Unai Elorriaga eta Urtzi Urrutikoetxea.

Azkenik, folk musika arloan aipatzekoak dira Oskorriren taldekideak eta Ibon Koteron moduko musikariak. Pop-rockean, bestela, Zea Mays, Idi Bihotz eta Kloratita taldeak eta hiriburuarekin lotutako Rafa Rueda, Txuma Murugarren eta Anje Duhalde abeslariak.

Hedabideak

Auzoetako aldizkarien artean Mahatserriko "Berton", Deustuko "Prest" eta Zorrotzako "Zorrotz-Morrotz" ditugu, alde batetik. Bestetik, "Bilbo Hiria Irratia" katea eta Bilbotik emititzen duen "Bizkaia Irratia" azpimarratzekoak dira. Azkenik, 2009an emititzen hasiko den Ibaizabal Telebista aipatzekoa da.

Euskararen Etxea

Euskararen Etxea euskarari buruzko gune espezializatua da, Bilboko San Ignazio auzoan dagoen eraikin batean kokatua. 2004an zabaldu zen.

Santutxu

Santutxuko bertso-eskola beteranoenetako bat da, Bilboaldeko nagusia dena. Bestela, Asapala Kultur Elkarteak Santutxun du egoitza eta bertatik Berton aldizkaria argitaratzen zuen, besteak beste. Anaitasuna aldizkariak ere Santutxun izan zuen egoitza nagusia.

Gau-eskolako sortzaileetako batzuk (Arg.: Uriola, Joseba Basterra)

Pertsona helduei euskara irakasteko lehenengo gau-eskoletako bat izan zen Santutxukoa 1966an. Euskara modu komunikatiboan eta praktikoan irakasteko Euskalduntzen eta Alfabetatzen liburuak bertan sortu ziren. Ordura arte erabili zen "Euskara ire laguna" liburua agortu zenean, euskara batu berri hura ikasteko metodologia berritzaile bat sortu zuten. Modu autodidaktan, talde-lanean, eta Imanol Berriatuaren gidaritzapean asmatu zuten metodoak arrakasta lortu zuen gero, eta hainbat gau-eskoletan erabili izan zen hainbat urtez. [4][5] Lehenengo gau-eskola haren sortzaileen artean hauek ere ibili ziren: Joseba Arrieta, Patxi Uribarren, Martin Basterra, Joserra Etxebarria, Tasio Erkizia, Joseba Basterra...[6]

Karmelo ikastola ere lehenengoetako bat izan zen.

Ingurune honetan mendeetan zehar Bilboko euskararen aldaera bat ("Begoñako euskerie") egin izan dute bertokoek, bereziki 1960ko hamarkada arte. Iñaki Gaminde hizkuntzalari errekaldetarrak ikertu duen Bilboko euskeraren hiru aldaeretako bat dugu Begoñako euskerea edo euskerie, besteak Buia eta Larraskitukoak dira.[7]

Bibliografia

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Irigoien, Alfonso. (1993). Carta en lengua vasea dirigida en 1683 desde Bilbao por Fermin de Basauiluaso a Joanes de Callo a San Juan de Luz". Euskaltzaindia, Euskera aldizkaria, 259-269 or..
  2. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-27).
  3. «Bilbon esnea saltzen - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-27).
  4. Santutxuko gau eskolak 50 urte. (11:20 -18:40 debora-tartean). Bilbo Hiria rratia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  5. Astiz, Iñigo. (2014). «Batasunari putz egin ziotenak» Berria (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  6. Santutxuko kilometroetan 1965eko 'gau eskolako' irakasle eta ikasleak omenduko dituzte. (Noiz kontsultatua: 2017-12-27).
  7. Iñaki., Gaminde,. ([2004]). Bilbotarron euskararen zuzuan. Asapala Kultur Elkartea ISBN 8460916014..
  8. Kintana, Xabier. (1994). Bilbao, euskararen bizitzan. X. Kintanaren Euskaltzaindian sartzea. Euskaltzaindia.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.