Bilboko Portuaren Agintaritza

Bilboko Portuaren Agintaritza Bilboko portuaren kudeaketaz arduratzen den erakundea da. Agintaritzak, Bilboko itsasadarraren portu jarduera duten kaien ardura dauka, horrez gain, itsasadarraren ertzetako garbiketaz eta mantentzeaz arduratzen da. Gaur egun erakundearen presidentea Jose Angel Corres da.

Historia

Aurrekaria Bilboko Kontsulatua izan zela esan daiteke, merkataritza bultzatzeko eta kontrolatzeko sortu zena. Kontsulatua 1511n sortu zen eta 1829an desegin.

Erakunde berria 1872. urtean sortu zen Bilboko Portu eta Itsasadarraren Obren Junta izenarekin. Bilboko Portuaren Agintaritzaren egoitza Bilboko Campo Volantinen dagoen Olabarri familiaren jauregi izandakoan dago. Dena den, Bilboko portura eramango dute egoitza, 2009an bertan eraikitzen ari diren dorrea amaitzen dutenean.

Agintaritzak XIX. mende amaieran hasitako portuaren zabalkunde lanak zuzentzeko ardura izan zuen. Portugaleteko kai berria eta ondoren eta Galea lurmuturrekoa gero. Azken hau, ezin izan zen burutuko Getxoko burgesiaren presioak zirela eta. 1960ko hamarkadan kanpoaldeko portuaren lanak amaitu ziren. Dena den, 1980ko hamarkadaren amaieran Bilbo Handiak bizi izandako susperraldiaren ondoren, portuaren zabaltze lanetarako proiektua gauzatu zen.

Bilboko portuko agintaritzaren eginkizunak

Eginkizun ekonomikoei dagokionez, portu agintaritzak portuko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak zehazten ditu, eta horiek emandako emakidek sortzen dituzten tasak jaso eta kudeatzea. Portu agintaritzaren esku dago aldi berean elkarteetan parte hartu ala ez erabakitzea.

Azpiegituren alorrean, agintaritzak portuko zerbitzu eremuen erabilera arautzen du, portuaren zabalketa eta etorkizunerako plangintza zehaztu eta portua erabiltzeko baimenak eman behar ditu. Segurtasunaren arloan, agintaritzak portuko zerbitzuen eta poliziaren arauak aurrera eramateko proiektua eta araudia onartu behar du. Araudi horren barnean sartzen dira salgai arriskutsuak edota maneiatzerako orduan, arreta berezia behar dutenak.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.