Bilboko Burdin Hesia
Bilboko Burdin Hesia[1] —Bilboko Burdinazko Hesia eta Burdinazko Gerrikoa izenez ere ezaguna (gaztelaniaz: Cinturón de Hierro)—[2] Espainiako Gerra Zibilean Bilboren inguruan Txorierri eta Galdakao aldetik eraikitako defentsa-sistema izan zen. Eusko Gudarosteak Francoren armadari bi hilabetez eutsi zion han, nahiz eta teoria militar zaharkitu batean oinarritutako defentsa-sistema horrek diseinuko funtsezko akatsak zituen.
« | «[Bilboko Burdin Hesiak] funtsezko akatsak zituen. Taktika militarraren ikuspuntutik, su egiteko tokien kokapena ez zen egokia, eta inguru osoa babesteko zegoen soldaduen kopurua ere eskasa zen erasoari eutsi ahal izateko. 70.000 soldadu behar ziren tokian, ozta-ozta ziren 30.000 gizon. Baina, batez ere, babes lerro horrek ezintasun nabarmena zuen, 1936. eta 1937. urteetako hegazkineriak eta artilleriak egin zezaketen gerra motari aurre egiteko. | » |
Josu Chueca[3] |
Kokalekua
Artxanda mendiak Bilbon, Gangurenek Galdakaon, Bizkargik eta Gaztelumendik Larrabetzu inguruan osatzen zuten defentsa-sistema hau.
Eraikuntza
Elgetako erresistentzia tokia 1937ko apirilean erorita, Eusko Jaurlaritzak —eta bando errepublikanoak, oro har— Bilbo defendatzeko sistema eraikitzeari ekin zion.
Sistema hura eraikitzeko hamahiru arkitektok, hamabost ingeniarik, hiru aparejadorek eta hamasei kontratistak hartu zuten parte, geroago Talgo trena asmatu zuen Alejandro Goikoetxea ingeniariak eta haren laguntzaile Pedro Murga kapitainak koordinatuta. Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontua 50 milioi pezetakoa zen, 80 kilometroko perimetroa eraikitzeko.
Burdin Hesia 70 zentimetroko lodierako hormigoi indartuaz eginiko 180 bunkergunek osatuta zegoen. Argizagin oraindik ageri dira bunker horietako zenbait. Lubaki txikiak ere bazituen, gehienetan bi lerrotan jarriak.
Balio militarra
Alberto Montaud Noguerol jeneralaren agindupean egina, Bilbo defenditzeko haren eraginkortasuna gero eta kritikatuagoa da. Mota horretako defentsa lerro estatikoa Lehenengo Mundu Gerran Frantziako agintari militarrek erabili zuten, eta Europako armadetako estatu nagusi gehienen gustukoa zen garai hartan, baina defentsa sistema zaharkitua zen jada, artilleria modernoagoaren eta orduan sortu berriak ziren hegazkinen erasoei aurre egiteko ez baitzen aproposa.[2][3][4]
Gainera, Burdin Hesia fetitxe modukoa izan zen: eusko gudariek uste osoa zuten menperaezina zela, eta frankistei aurre egin gabe atzera egin zuten, defendatzeko egokiagoak ziren hainbat posizio utzita, Burdin Hesian babes egokiagoa izango zutelakoan. Eusko Gudarosteko ofizial izandako Joseba Elosegik gogor kritikatu du Burdin Hesia egin izanak eusko armadari eragindako kaltea.[5]
Erasoa eta erorketa
Burdin Hesia egiteko lanak zuzentzen aritu zen Alejandro Goikoetxea ingeniaria Francoren aldera aldatu zen 1937. urtean. Burdin Hesiaren xehetasun guzti-guztiak ezagutzen zituenez, euskotarren aldetik Goikoetxeari leporatu izan zaio hain sendotzat zuten Burdin Hesi hura hain erraz erori izana, eta haren atzetik Bilbo eta Euskadiko azken lurrak ere erori izana. Horrenbestez, Alejandro Goikoetxea traidoretzat gogoratu izan da eusko abertzaleen artean.[6][7] Hala ere, badirudi haren traizioak frankistei ez ziela askorik balio izan Burdin Hesia gainditu eta Bilbo konkistatzeko, ordurako ondo-ondo ezagunak baitzituzten defentsa sistema zaharkitu horren xehetasun gehienak, hegazkinetatik egindako argazkiei esker.[2][4]
1937ko ekainaren 12an frankistek lortu zuten Burdin Hesia gainditzea eta 19an Bilbo bereganatzea.
Erreferentziak
- Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen egiaztagiria, 2012-01-27.
- Mikel ARIZALETA: «El "pacto" de Santoña», Gara, 2007-08-27.
- Josu CHUECA: «Burdin Gerrikoa puskatuta», 36ko Gerra orain.
- Imanol VILLA: «El Cinturón de Hierro», El Correo, 2007-02-11.
- Iñaki EGAÑA: Diccionario histórico-político de Euskal Herria, Txalaparta, 1996. Ikus 146. orrialdea.
- «Jesus Urbieta: "Gerraz oso oroitzapen txarrak ditut baina ahaztu egin behar da, beti ere idealei eutsiz"», Uztarria.
- Iñaki ANASAGASTI: «Desaparece el tren de un traidor», Iñaki Anasagastiren bloga, 2009-10-08.
Kanpo estekak
- Bilboko Burdin Hesia, Sancho de Beurko elkarteak kudeatutako webgunea.
- "Defentsa eraikitzen" artikulua.
- Burdin Hesitik geratzen diren aztarnei buruzko artikulua, Argia astekarian (2007-11-17).