Bigarren Mundu Gerraren kronologia (1945)
1945

Bonba nuklearrak suntsitutako Hiroshima hiria.
- Urtarrilaren 17an - Sobietar Armadak Varsovia askatu zuen.
- Urtarrilaren 27an - Sobietar Armadak Auschwitz, nazien sarraski esparru handiena, askatu zuen. Orduko 7.000 gatibu baino ez zeuden bertan. Sarraski esparrua irekirik egon zen aldian (1940-1945) 1.100.000 pertsona hil ziren, %90 juduak[1].
- Otsailaren 4tik - 11ra - Jaltako Batzarra: Stalin, Roosevelt eta Churchill Jaltan batzartu ziren, gerra ondoko Europaren antolamendua eztabaidatzeko.
- Otsailaren 14a: britainiar eta estatubatuar hegazkinek Dresden bonbardatu zuten. 22.700 eta 25.000 zibil artean hil ziren[2].
- Apirilaren 1ean - Estatubatuar indarrek Okinawa uhartea inbaditu zuten.
- Apirilaren 28an - Italiar partisanoek Mussolini atzitu eta hil zuten.
- Apirilaren 30ean - Sobietar tropek Reichstag eta Berlingo beste eraikin ofizial batzuk hartu zituzten. Hitler eta Eva Braunek beren buruez beste egin zuten hiri horretako Führerbunkerrean.
- Maiatzaren 7an - Reimsen Alemaniak baldintzagabeko errendizioa sinatu zuen. Errenditzea biharamunean jarri zen indarrean.
- Maiatzaren 8an - Alemaniaren kapitulazioa berretsi zen. Gerra amaitu zen Europan.
- Abuztuaren 6an - Enola Gay izeneko Estatu Batuetako B-29 bonbaketariak uraniozko lehen bonba nuklearra bota zuen Hiroshiman. Bonbak hiriaren %60 suntsitu eta 90.000 lagun hil zituen. Beste asko ondoko hilabeteetan hil ziren, erradiazioen ondorioz.
- Abuztuaren 9an - Estatu Batuetako B-29 bonbaketari batek Fat Man izeneko plutoniozko bonba nuklearra bota zuen Nagasakin. 24.000 pertsona hil zituen (40.000, ondoko egunetan erradiazioen ondorioz hildakoak kontuan hartuz).
- Abuztuaren 14an - Hirohito enperadoreak Japoniaren kapitulazioaren berri eman zuen irratiz. Gerra amaitu zen Asian.
- Irailaren 2an - Tokioko Badian, USS Missouri korazatuan, Japoniaren errenditze ofiziala sinatu zen.
Erreferentziak
- Liberation of Auschwitz Ww2history.com
- Alliierte Bombenangriffe auf Dresden 1945: Zahl der Todesopfer korrigiert Shortnews.de
Ikus, gainera
Kanpo estekak
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.